También disponible en Euskera: Gaztelu
Descatalogado
Garbiñe y Erkuden (Sobrinos de Juan Inazio Goikoetxea "Gaztelu")
(Tomado del libro). Gazteluren omenaldia Maiatzaren 12an dela eta, liburuxka hau aurkeztea pentsatu dugu, omenaldi honen barnean eta egingo diren ekintzen osagarri. Iruditzen zaigu bere lanak ezagutaraztea dela berarentzat omenaldirik hoberena.
Orixeren omenaldia prestatu zuen taldearen partaideei Gazteluren obra argitaratzea eskatu zitzaien. Talde horrek, gaur egungo euskal idazle ospetsuenetariko batzuk biltzen ditu; horien artean, Juan Mª Lekuona, Luis Mª Mujika, Jose Mª Aranalde, Xabier Azurmendi, Gillermo Etxeberria, Pablo Iztueta...
Idazle horiek Gazteluko udalarekin harremanetan jarri ziren proiektua aurkeztu asmoz. Ideia horrek Udalean oso harrera ona izan zuen; eta omenaldiarekin lotu eta aurrera eramatea erabaki zuten.
Proiektu hori aurrera ateratzeko Gazteluko jendearengan ere ilusio handia ikusi dugu. Gazteluren familia, bere aldetik, Eusko Jaurlaritza, Diputazioa eta zenbait erakundeekin harremanetan egon da laguntza lortzeko, alde guztietatik onartua eta bultzatua izan delarik gure lana.
Esan bezala, isilpean bizitza osoa euskarara eskaini zion poeta horren lana kaleratzea da berari egin diezaiokegun omenaldirik ederrena, jaioterriak eta euskaldun irakurlegoak bere obra ezagutu dezan.
Joan den udan, liburuska hau zela eta, talde horretan sartzeko aukera izan genuen eta berehala elkarlanean hasi ginen proiektua burutzeko asmoz.
Lehenengo pausoa, Donostiako Kaputxinoengana joatea izan zen, bertan Aita Hondarrabia eta Aita Zumarraga bizi bait dira, Ameriketan Gaztelurekin batera izandakoak. Horiek eman ziguten Ameriketan eta hara joan aurretik egindako lanen berri. Hauetariko batzu "Zeruko Argia", "Yakintza", "Eusko Olerkiak" eta Buenos Airesko "Eusko Gogoa"n argitaratu ziren.
Gaztelu "Zeruko Argia" aldizkariaren zuzendaria izan zen Ameriketara joan aurretik. Garai honetan marrazkigintzan ere aritu zen, aldizkari horretan bere eta lagunen idazlanen artean irudiak tartekatzen zituelarik "Goyola" izenez.
Auñamendi argitaletxera ere jo genuen, atzerritik etorri ondoren denbora luzcan hor lan egin bait zuen. Bertan informazio interesgarria lortu dugu. Informazio guztia jaso ondoren Lazkaoko Beneditarrengana joan gara zenbait hu-tsune bete eta bilduma osatzeko asmoz.
Gazteluren obra osoa bildu eta gero, argitaratu eta argitaratu gabeko idazlanak sailkatzeari ekin genion; hori moldatzea ez da batere erraza izan, berak eskuz idatzitako lanak –gehienak argitaratu gabeak– nahaspilaturik zeudelako.
Gazteluk bizitzan zehar egindako lana ugaria eta zabala da, poesia, itzulpena, saioa, e.a. landu zituen, euskaraz ezezik gaztelaniaz ere. Gaztelu poeta zen batez ere, horregatik oraingoz bestelakoak hurrengo baterako utzi ditugu, poesia bait da bere idazlanen artetik adierazgarriena. Bere bizitza osoan zehar egindako lanak, hau da, idazten hasi zenetik idazteari utzi zion artekoen antologia da hemen eskaintzen dizueguna.
Gazte denboran egin zituenekin hasiko gara. Hasierakoak dira landuenak eta gai eta forma aldetik tradizioari lotuak daude; geroago egin zituenetan, aldiz, zenbait aldaketa nabari da, errima librea eta poesia soziala azaltzen delarik. Argi ikusiko da, bestalde, bere poesiaren garapena hasieratik bukaeraraino.
Poesiak argitaratu eta argitaratugabeko lanen artetik aukeratu ditugu. Argitaratuta dauden poesiek izenburuan izartxo bat daramate, orrialdearen beheko aldean aldizkaria, urtea eta orrialdea zehazten delarik. Kronologikoki eratu dugu, idazleak gehienetan datak jartzen bait zituen. Horren arabera, Gazteluren obra lau atal nagusitan antolatu dugu.
Lehenengo atalean Ameriketatik etorri bitarteko lanak jaso ditugu, hots, 1933an hasi eta 1958 artekoak. Pentsatzen dugu bere bizitzan funtsezkoa izan zela urte hori eta bere lanetan ere hala isladatzen da. Hor biltzen dira bere hasierako eta Ameriketan egindako poesiak. Olerki gehienak itsasoz bestalde sorturikoak dira 1935an joan zen eta. Bere gaztetako lana izango da, alegia.
Atal hori SAGAR-LORE olerki sortak osatzen du gehienbat. Aipatutako antologi txiki hori Gazteluk berak moldatu zuen, berak aukeratutako poesiekin. Horregatik, idazleak finkaturiko ordena mantendu nahi izan dugu, nahiz eta erizpide kronologikoa eten.
Ameriketatik etorri ondoren sorturiko lanaren berri eman dugu bigarren atalean, 1959tik hasi eta 1979 arte, urte horretan poesiak egiteari utzi bait zion. Atal horretan, zenbait poesia fetxarik gabe daude, eskuizkribu edo originaletan datarik azaltzen ez delarik. Baina ez da zaila izan bere kronologia zein den asmatzea, kuaderno txikitan idatzita zeudenez, aurreko poesiaren datak eta ondorengoarenak adierazten bait digute noiz idatzi zituen gutxigorabehera, nahiz eta egun zehatza ez jakin. Hemen ere Gazteluk egindako hautaketa errespetatu dugu, 1970tik 1972 artekoa berak egin bait zuen. Pentsatzen dugu poetak berak bildutako poesiak aurkeztea dela egokiena.
Besteak ez bezala, hirugarren eta laugarren atala ez daude kronologikoki eratuta. Hirugarrenean fetxarik gabeko poesiak daude. Ezin izan ditugu besteen artean kokatu bakarka zeudelako eta inolako erreferentziarik gabe. Horiek hiru sailetan banatu ditugu gaien arabera: Aldia, Heriotza eta Gaua. Laugarren atalean, Gipuzkoako Aurrezki Kutxak Irunen 1970 eta 197 lean egindako lehiaketan saritutako zenbait lan eskaintzen dizkizuegu.
Esandakoa laburtuz, poesiak hautatzerakoan bi erizpide jarraitu dugu: alde batetik, berak egin zituen hautaketak edo antologiak gorde ditugu, SAGAR-LORE eta 1970-1972 tartekoak, alegia. Gainerako olerkietan kalitateari begiratu diogu, eta ederrenak edo gure eritzian kalitate handienekoak berezi ditugu.
Aipatzekoa da, poesia bakoitzaren bertsio bat baino gehiago aurkitu dugula zenbait kasutan, zaharrenen artean lau eta bost ber-tsio diferente jaso dugularik, "Ele Ama", "Atzerrian errimin" poesietan, besteak beste. Harrigarriena da, hainbat kasutan publikatu eta gero ere egiten dituen aldaketak, hiru eta lau aldiz berregiten ditu. Hala, guk beti azken bertsioa eman dugu liburuska honetan. Ondo ulertzen ez diren hitzen aldaketak bakarrik jarri ditugu oharretan, bestela luzeegia gertatuko litzatekeelako. Aldaketa edo notatxo horiek publikatutako bertsioetatik hartu ditugunean izartxo batez berezi ditugu.
Aipatu behar dugu "Ele Ama" eta"Aberriari"olerkietan Gazteluk zenbait hitz ezezagunen itzulpena gaztelaniaz jartzen digula; horiek ere zenbakien bidez jarri ditugu.
Ikusiko duzuenez hainbat poesi izenbururik gabe dago. Gazteluk, askotan, poesia egin eta gero asmatzen zuen izenburua, beste kasutan, publikatzerakoan arduratzen zen arazo horretaz. Batzutan izenburuak ere aldatu egiten zituen, bertsio bakoitza, zenbaitetan, izenburu diferenteekin agertzen delarik.
Gaua dugu poeta honen konstantea, Gazteluk berak argitzen digu horren zergatia: "Nere olerki gehienak, obe esan guziak, gau aldian sortuak dira. Esaera zahar batek dioen bezala, 'gaua, gogaieren ama' omen da, eta gaizki edo ongi hori gertatu zait neri. Beiak edo ardiak bezala, auznartu behar izaten ditut egune ko ikasiak.
Norbaitek enana dauka poesiak gutxi irauten duela. Ala ere, bere lanak irautea nahi izaten du poetak. Geroak esan beza nere olerki ok iraungarri diran ala ez".
Lantzen dituen gaien artean aberria, Jainkotasuna, amodioa... ditugu lehenengo garaian; beranduago heriotzaz, aldiaren iraganaz, gizarteaz arduratzen da gure poeta.
Gaztelu poesia egile izateaz gain itzultzaile trebea dugu. Itzulpengintzan lan ugari egin du: "Musika ixilla", hiru poema epiko, antzerki bat, zenbait idazleen poesiak,e.a. Bestelako lanak ere egin zituen: hiztegia, euskal azentuari buruzkoak, bi irakaskuntz liburu, zenbait saio eta irakurgai, e.a.
Gure helburua liburu erabilgarri eta erraz bat egitea izan da. Oraindik poesia eta lan asko gelditzen da argitaratu gabe. Gure ondorengo eginkizuna, bere obra osoaren bilduma egitea izango da.
volver arriba