También disponible en Euskera: Orixe
Precio: 12 € Comprar
Paulo Iztueta Armendariz
(Tomado del libro). Aldez bederen, III. tomo honetan, Orixe berri bat ezagutzeko parada izango duzu. Hainbat aldizkari eta egunkaritan ("RIEV", "Euskera", "Euzkadi", "El Día", "Euskal-Esnalea", "Eusko-Ikaskuntzaren Deja", "Yakintza", "Gernika", "Eusko-Jakintza", "Euzko-Enda", "Euzko-Gogoa"-n, etab.), luzaroan hautsak janda egon den aurpegi anitzetako idazlearekin egingo duzu topo. Eta badaiteke, harekin beti ados ez bazatoz ere -beharrik ere!-, txundidurak hartua geratzea behin baino gehiagotan, ikusiz haren luma, euskaraz bezala gaztelaniaz, zein arin, zein bizi, zein ausart jolasten den gai hain desberdinetan. Bilduma honen irakurketa are interesgarriago bilakatzen da, ohartzen zarenean. Orixe irakurrita, euskal literaturaren zati jakingarri bat irakurtzen da, la arnasa hartzeko betarik gabe.
Asko bait dira jorratu dituen arloak, artikulu eta saiakeren bilduma honetan sartu aurretik, torizkizu sail bakoitzaren atetik sartzeko giltzak.
I. Filosofia
Orixeren gogoeta filosofikoetan, lau sail edo, agian zehatzago, lau emanaldi dauzkagu:
a) Gogoetak Pentsamenduaz. Wilham Viennot jaunari egiten dizkion gutunetan, Pentsamenduarekin hizketa askatuan dihardu. Jaun hori itsua bait zen, barrutik darion argia azaltzen ahalegintzen da, berak sinesten eta bizi duenaren arabera. Gutun hauek Saubion-dik zuzentzen dizkio Donibane Lohitzunera, 1941 ean. Frantsesezko jatorrizko testua osorik errespetatu da, ezer zuzendu gabe, irakurleak bere hartan jaso dezan.
b) Gogoetak Metafisikaz. Orixek, filosofiaren sustraia hizkuntzan datzala pentsatzen bait zuen, bere gogoeta metafisikoak, igoenak, euskaraz, latinez eta gaztelaniaz egiten ditu, espreski egin ere, euskarak filosofi gaietarako duen gaitasuna erakusteko helburuarekin. Latinezko testuaren hasieran, latinezkoa euskararazkoarekin batera irakurtzeko aholkua ematen du: "Textum vasconum simul percurras, quaeso". Sailkapen-zenbakiak ere bateraturik dakartza: "Numeri marginales cohaerent" .
Apunte gisa egindako orri solte hauek Bidarrain onduak dira, egileak, euskarazko testuaren 1. zati-bukaeran, hauxe bait dakar: "Emendik aurrera len bezalatsu, zen-
bait zuzendu edo aldatu bear geroko utzita. Españolez idatzia ere ikusi dezakezu". Eta gero, data eta lekua: Bidarrain, 1944eko azaroaren 2. lean.
Metafisikari buruzko gogoeta hauek, oraingoan landuago eta sistematizatuago, Guatemala-ko Euzko-Gogoa-n argitaratzen ditu geroago, 1950. urtetik aurrera.
c) Bergson-en inguruan. Badirudi, testutik ateratzen denez, orrialde horiek hitzaldi baterako prestatu zituela, hauek ere euskaraz eta gaztelaniaz. Noiz eta non eginak?
d) Gogoetak Estetikaz. Filosofi gogoetekin harreman hertsian datoz estetikari buruzkoak. Zalantzarik gabe, estetika-saiakera hau du Orixek osoen eta lortuenik. Jadanik Orexan, gerrateaurrean, egina zuen, Euzko-Gogoa-n agertuko den arren. Hemen oinarritzen bait dira haren literatur erizpideak, sail honek horregatik du hain garrantzia handia. Gogoan har, aurrera baino lehen, Orixe literatoaren gibelean, Orixe esteta dagoela eta estetaren gibelean, filosofo-teologoa. Eskolastikak ulertu ohi zuen eran: "Philosophia ancilla Theologiae".
II. Literatura
Literatur idazlanetan, sailok nabarmentzen dira, batipat:
a) Euskal literaturaren historia laburra. Lan hau, sistematizatua, Euskal-Esnalea elkarteak 1927an saritutako Euskal literatura'ren atze edo edesti laburra izeneko saiakeran aurkitzen da. Baina gai hori bera, la gehiena, lehendik landua zeukan, 1924. urtean zehar, Euzkadi egunkarian gaztelaniaz argitaratutako artikulu solteetan. Bera da euskal klasikoak era kritikoan ezagutzera ematen lehena, egun errazegi ahazten den datua.
b) Kritika-artikuluak. Lanok, 1924ean hasi eta gerratea hasi arte, urtez-urte eginez etorri zen Euzkadi eta "El Día" egunkarietan. Gero ere bai, baina gutxiago "EuzkoGogoa", "Egan", "Jakin", "Karmel"-en eta. Esan behar da, eginkizun honetan ere, pera izan genuela aitzindari. Gerrateaurrean, Lauaxetak Bide Barrijak (1931) argitaratu zuenez geroztik zehazki, zabaldu zen literatur kritikagintzaren esparrua, orduan sartu bait ziren eztabaidan luma berriak, hala nola: Lauaxeta, Jauregi, Lizardi, Barrensoro, Aitzol eta. Poesia herritarra ala landua egin, ala biak aldi berean, hemendik zihoan arazoaren funtsa. Modernotasuna eta klasikotasunaren arteko tirabirak dexentez geroagoko kontuak dira. Mirande, Txillardegi eta Aresti beste belaunaldi batekoak ditugu, beste testuinguru historiko bati erantzuten diotenak. Lehenengoak, gainera, Euskal Herriarekin zerikusi arras gutxi duen Parise handian idazten du. Puntuok danak kontuan hartzekoak dira gerrateaurreko modernotasunaz hitz egiterakoan.
c) Argitaragabeak. "El Día"-ko zentsurak, Lizardi gehiegi goresten zuela eta, saskira bota zizkion artikuluak dira. Zortzi artikulu ziren guztira, baina bat falta da,
bigarrena, hain zuzen. "Lizardi Ameriketan"en ("Euzko-Gogoa", 1950) artikulu horietan Kristau-Ikasbideaz mintzatzen dela esaten bait du, litekeena da eskuratu ez dugun bigarren artikulu horretan ihardutea gai horretaz, besteetan, ia osoki, Altubez eta Lizardiz ari bait da. Uste izan da orduko idazleek aho batez onartu eta aupatu zutela Lizardi. Artikulu hauek irakurri eta gero, bestelakorik ere pentsa daiteke. Puntu hau argitzean edo, nahiago bada, harrotzean datza artikulu argitaratu gabe hauen garrantzia.
d) Hitzaldiak. Durangon 192, lean eta Donostian 1928an emandakoak dituzu horiek. Gaia, bietan, esaterako berdina duzu: euskal olerkiak. Horietan aztertzen ditu euskal bertsogintzari dagozkion punturik nagusienak, hala nola: erritmoa, neurria, errima, kantatzeko bertsoaren eta irakurtzekoaren arteko bereizketa, etab.
Literaturaz, esan dezagun garbiki, erizpide arras fermuak zeuzkan, oso eginak. Egunkarietako literatur kritiketan eta hitzaldietan agertzen dituen eritziak, azken finean, Estetikari buruzko saiakeran landutako tesi klasikoen aplikazio koherente bat besterik ez dira.
III. Linguistika
Zalantzarik gabe, sail hau du Orixek zabalena. Hasieratik bukaera arte, beti landu zuena. Honez gero esan beharra dago, hizkuntzan bertan, beronen gramatikan alegia, aurkitzen dela, ez bakarrik filosofiaren lehen iturria, baita literatura berarena ere. Horregatik du Orixeren euskarak duen indarra. Ez da bakarrik, uste izan den bezala, euskara asko zekielako, hizkuntza bera edergaitzat zeukalako baizik. Horregatik, batipat.
Hizkuntzarenean, lau sailok ditu aipagarrienak:
a) Gramatika. Gramatikarik egin, ez zuen egin. Hala ere, gramatika batean etorri ohi diren atalik nagusitsuenak landu zituen, hala nola: euskal azentua, euskal morfologia, hitz-elkarketak, hirugarren pertsona edo haren izenorde erakuslearen eta bere adjektibo posesiboaren arteko bereizketa eta beste hainbat xehetasun gehiago. Baina guztietan, batipat, gehien sistematizatu zuena euskal aditzari buruzkoa izan zen, Martin Oiartzabalekin batera, El acento vasco-n (1963) argitaraturik eman zuena. Kritikak, bestalde, Orixe gramatikariaren bitxikeria ohartuak astintzen ditu gehien. Patxi Goenagaren artikulua lekuko.
b) Etimologiak. Ofizio honetan ere egiten ditu bere sartu-ateratxoak, Euzkadi egunkarira egiten dizkioten galderei erantzunez. Baina artikulutxo hauek, gutxi izateaz aparte, erizpide sistematikorik gabe burutuak dirudite. Handizka esanda: aldian aldiko burutazioak nola eman, hala. Horregatik, harik eta kritikak Orixe etimologistaren lana zehaztu arte, arlo hori zerbait ukitu zuela esatera mugatzen gara hemen.
c) Hizkuntzaren filosofia. Gaurko filologoek esaten dutena, aspaldi esan zuen Orixek: alegia, filosofia gramatikan oinarritzen dela. Beraz, hizkuntza bat gramatikaren aldetik zenbat eta aberatsago, orduan eta gaituago filosofiarako eta, oro har, gogoeta abstraktuetarako. Intuizio hori bait dauka bere kabuz burutua, ahalegin guztiak egingo ditu frogatzen euskara, gramatikari dagokionez, grekoa eta latina bezain aberatsa -are aberatsago- badela. Zentzu honetan, adierazgarriak dira haren Lati-iz-
kuntzaren joskera eta Composición gramatical griego-vasca saiakerak, hurrenez-hurren 1966 eta 1971n argitaratuak. Euskararen harrobiak asko eman dezake bai lexikogintzan, hitz-elkarketarako dituen ahalbideei esker, eta bai sintasian, lehen eginkizunean grekoa duela eredu eta bigarrenean, berriz, latina. Erizpide hau aplikatu zuen Metafisika eta Estetika landu zituenean. Arazo honetan, bi maila bederen bereizi behar direlakoan gaude: gauza bat da pentsamendua hizkuntzan oinarritzen dela baieztatzea -eta honetan Orixe gaurko filologoen aurretik zebilen- eta beste bat, hori onartutzat emanda, hizkuntza tekniko-zientifikoa -disziplina guztietakoa- lantzeko nolako erizpideak erabili behar diren zehaztea. Eta azken puntu honetan, noski, Orixeren buruzki olde indartsua jaikiko da gerrateondoan. Dena dela, Orixeren alderdi hau oso gutxi aztertu du kritikak.
d) Euskararen batasuna. Arazo honek zerikusi zuzena du aurrekoarekin eta, oro har, Euskaltzaindiaren bilakabide historikoarekin. Gauza jakina da, jadanik 1920an hasita, Orixek jarrera kritikoa izan zuela euskararen batasunarekiko eta berori bultzatu zuen erakundearekiko. Urte luzez uko egin zion Euskaltzaindiko izateari. Eta euskaltzain izendatuz geroztik ere, bereari eutsi zion. Ziur gaude, atal honetako Orixeren pasarteak irakurrita, ilun-gune dexente erdi-argituko direla. Gure ezjakintasunaren basoan, ehiza altxatu besterik ez du egiten.
IV. Folklorea
Orixerentzat, herritasuna edo, nahiago bada, naziotasuna folklorean datza. Ez da kasualitatea, bada, poema nazionala egin behar eta, berori folklorean oinarritu izana. Baina Euskaldunak poemako elementu folklorikoak ez zituen bat-batean asmatu Orexako bakardadean. Bai zera! Ordurako hainbat folklore-gai argitaratuta zeuzkan Bilboko Euzkadi egunkarian, modu batera edo bestera poeman agertzen direnak: euskal jokuak (aizkolariak, korrikalariak, palankariak), nekazal lanbidea (lihogintza, ikazkintza, nekazaritza, artzantza), euskal ohiturak (erromeria, dantzak). Eta abar. Dantzaren azterketari eskaini zizkion artikulurik gehien, ondorio sistematizatuagoak gero "Dantza Nagusia" (1965) izeneko lantxoan bildu zituenak.
V. Erlijioa
Hemen, Jesusen Biotzaren Deya-n argitaratutako artikulu batzuez gainera eta horien gainetik, izpiritualitate jesuitikoaz dihardutenak eta "El trato con Dios" saiakera-zatia dira azpimarratu beharrekoak.
Orixek berak esana da, nahiz eta bera Konpaniatik ohildua izan, bere barruan jesuita batzu baino jesuitago sentitzen zela. Ez zeukan esan beharrik ere, aski bait da artikulu horiek irakurtzea jesuitak nola defendatzen dituen ikusteko.
Saiakera mistiko horren berri zehatza IV. tomoan datorkizu eta, bertara igortzen zaitugu zer den eta zer asmo zuen jakin nahi baduzu.
VI. Politika
Sail honetan datozen artikuluak, karlismoaz diharduten lauren bat salbu, Santa Kruz Apaizari buruzkoak dira, Euzkadi egunkarian argitaratuak 1928an. Esan dezakegu hamabi lantxo horiek Santa Kruz Apaiza liburuñoaren gaztelaniazko bertsioa direla, aldaketa handi-handirik gabe izan ere, kontakizun berberak edo antzekoak aurkitzen bait dira bi iturrietan.
VII. Pedagogia
Ezer gutxi du pedagogiaz idatzia. Osta-osta bost artikulu. Baina horiei bere leku berezi hori eman diegu, argitasun handiz planteatzen bait du gaztelaniazko alfabetakuntzak euskaldun haur baserritarrari dakarkion kalteaz. Pedagogiaren kontrakoa da, dio, haur bati lehen ikasketak hizkuntza arrotz batean ematea.
VIII. Soziologia
Orixeri, El Salvador-en, Filosofia, Literatura eta Soziologiako eskolak emateko eskaintza egin zioten (Gutuna J. M. Mokoroari, 26-11-1950). Ufa! Soziologiaren izena entzun orduko, aitarenka hasten da, eskaintza onartzekotan, bere burua Marx, Rousseau eta Hegel-en konpainian ikusten bait zuen. A ze lagunartea!
Zergatik, beraz, hemen soziologiaren sail hau? Arrazoia sinple hutsa da: Orixe baserriaren kantari erromantikoa izan zela esan izan bait da, eritzi oker hori kontrastatzeko dakarzkigu lau artikulu horiek. Horietan, batetik, baserri-gainbeheraren zergatikoak aztertzen ditu eta, bestetik, baserri-kausaren defentsa milintatea egiten Bizkaiko Diputazioaren aurrean. Zalantzarik ez da Orixek oso ondo ezagutzen zuela baserritarren egoera eta ikuspegi arras errealista zeukala. Besterik da hiri- burgeseria nazionalistak baserriaz zeukan ikuspegiaz galdatzea.
IX. Hitzaurreak
Inori atarikoak egiten ez zen hainbeste estenditu. Soilki lau autore dira haren sarrera daramatenak: Lizardi, Loramendi, Zaitegi eta Gaztelu. Azken hau, berarekin, koegile. Guztiak batera ekartzea iruditu zaigu egokiena, nori zer esaten dion hurbiletik ikus dezagun.
Azkenean,' idazlan guztiak urtez-urte sailkatuak aurkituko dituzu, gaztelania-euskara nahaste. Bakoitzaren data eta iturria, idazlan bakoitzaren buruan dauzkazu ezarriak.
Orain utz gure esanak eta zoaz barrura.
volver arriba