También disponible en Euskera: Euskal literatura
Descatalogado
(Tomado del libro). LEN-SOLASA
BIDE IBILLIA.-Gauzai gora eragiñik, ba-goaz aurrera. Emeretzigarren gizaldiari ale osoa egotzi diogu, ta alare uts-uneak utzi ditugu oraindik bete bear genituenak. Tontor-gaiñetik obeki ikusi oi dira atzean lagatako bide-makurren utsaldiak. Bidearloa egiñez, egia da, uste baiño geiago ikasten dugu, ta urrengo txandan etzaigu gaitz izango errakuntza oien osatzea.
Onela bide egiñik, euskal elertiaren ederra opa dugu, ez besterik. Onen billa gabiltza. Lenengo literatura eunkiak zer utzi diguten, naiz eta gaiñ-giroki, azaldu dugula ez dago ukatzerik: ortan saiatu gara geure ekiñalean. Euskal idazleak bere gogoa -eta bere erriarena- ñirñirka utzi du dardar-pitxi bezela, bere idatzien ostro artean garreztatua. Bakoitzak bere erara ikusi ta sentidu digu ar-emana izan duen gizartea ta mundua. Ariñak arin eta ertsigo ibilli gara, bear bada, ta ez ditugu beren ertz guztiak egokitsu aitzen eman. Izkera ere onentzat argia dana, arentzat illun zulo duzu; ezta errez guztien aukerara lan egitea. Orrez gaiñera, bakoitzak geure ikus-molde estutik so-egin oi diogu idatziari; emendik sortzen gero, iritzietara jotzean, uste ta gardi ain ezberdiñak.
XIX'GARREN MENDE AZKENA.-Miran izugarri baten aurrean gaude, berriz ere, Une auetako zuri-beltzak, dinbili-dantzak eta goraberak gogotan arturik, nola etzaigu sekulako galdu gure izkuntza? Naiz mugaz andik naiz emendik, euskerak, naitaez jeurtu egiñaz, zokoratu bearra zeukan; gero ta ugariagotuz zijoazten bere onda-tresnak: eskola ta irakaskintza, aldizkari ta egunorokoak, irrati ta zinema, antzerki ta jolasak, gudaritza ta arat-onat ibilteak derrior zekarren euskeraren atzera bearra.
Ingurumariko Laterri-jokabideak ere ba-zuten errua, noski. Frantzia'n, esaterako, 1789'garren urteko naste ta matxiñada egunetatik Estaduak zeukan dana bere eskuetan, esku bat-batean euki ere; etzuen nai eskualde txikien jabetasunik ez agintzaizpirik. Aize-bolada artan guztia zan batera naia, erdira jo bearra: izkuntza berdiña, lege berdiñak, eskubide ta betebear berdiñak danentzako. Izadian dakusgun erako berdin-ezean batasunik etzan aintzat artu nai. Ta jokabide onek, ez izan ezmezik, gauza askoren amilketa zekarkigun ezinbestean.
Euskaldunok ortaz ainbat gauza geneuzkan il-agiñik. Ilten zegoen gure izkuntza. Abando'ko arrano garbalak «Euzkerea ilten dago», deadar egin zuenean, etzan gezurra aren esana, olaxe zegoen eta. Gaxo geneukan geure ele zarra; iltzear noski. Zergatik batez ere? Etsaiez esiturik geundelako? Ba liteke. Baiña besteak beste, eritasun onen sustarrik beiñena euskaldunaren garrik eza zan. Edu onetan mintzatzen da I. Larrakoetxea: «Euskotarrak gure gauzakanako ta batez ere euskereaganako daukagun maitasun-eza da gatxik txarrena. Guk euskerea benetan maite-maite ba gendu, bere barrutiko ta landako zailtasunak gorabera, laster ikasiko geunke ta garai ta une guztietan erabilliko geunke» (Euskera, 1922, 34 orr.).
Mugaz andik, naiz eta azken urteotan, aldakuntza aundi gabe iraun du euskerak. Zergatik berdin iraute ori? «Au -diosku idazle batek- Frantzia'n euskera patois batzuk -gaskoiña ta bearnesa- mugatuta dagoelako da, dudarik gabe; Espaiña aldetik, ordea, auzo zuzen eta arrarte gabeko izkuntza ofiziala du». Gaur-gaur, alare, zein an zein emen, geure berezko arnasa galtzeko arrisku berdintsuak dauzkagu. Alde ta diferentzi au soil-soilki gogorazi dezakegu: an nekazari ta arrantzaleak euskeraz mintzatzen dirala, ta emen, industria ta gaurko erakunde berriak bitarteko, gure eskualdea arrotzez bete zaigula. Beraz, ez XIX'garren gizaldiaren azkenerantza, ez gaur ez ditu egun xamurrak gure izkuntzak.
IRRINTZI KEMENTSUA.-Egoera onek bultz-eraginda bota zigun Arana-Goiri'k S. O. S. ikaragarria: «Ilten dago euzkera! » Ta etzan su gabeko etxean jauzi deadar ura: izan zuen oiartzuna. Gizaseme errimek osaturiko belaunaldi berri bat sortu zan, edo-ta jaiki zan oiartzunaren otsari erantzunik. Ordukoak dira, adibidez, bi talde auek: Arana Goiri, Azkue ta Kanpion batetik eta Unamuno, P. Baroxa ta R. Maeztu bestetik, beste askoren artean. Seirok argi ta langilleak. Lenengo irurak euskal saillari oratu zioten, beste irurak erdel-zelaia trebe atxurturik. Seirak zeramaten, eta ez motel, euskal arnasa ber-bera.
Bizkaitarrak ditugu iru auek: Arana Goiri, Azkue ta Unamuno. Bizkai'ko Aldundiak irasitako «Instituto Vizcaino» zeritzan Ikastetxe nagusian Aldundiak berak, 188Tan, euskal ikastola bat jarri nai izan zuenean, irurok aurkeztu ziran. Arana Goiri'k 22 urte zituen, Azkue'k 23 ta Unamuno'k ere 23. Eustakio Madina, Pedro Alberdi ta Luis Itza ere auekin aurkeztu ziran. Azkue'k umetatik zekien euskeraz, ederki jakin ere; Unamuno'k zerbait zekíen; Arana Goiri, berriz, euskaldun berri genduan. Azkue'ri eman zioten irakastegia.
«Une ontatik irurok, bakoitzak bere bidea artu ta arexeri jarraituko dio eriotzararte. Erraldoi izena artu dezakete irurok, bakoitzak bere saillean. Iru bizkaitar auek berai dagozkien asmo ta gogaien aldezko burruka iatzak aurrera eramanak dira. Arana Goiri ta Azkue Bizkaia'n geratzen zaizkigu, gaiñazpika ta burrukaldi oiek etxean berton jokatzeko, alegia. Unamuno'k landara jauzi dagi beste ortzi-mugalde batzuen billa. Arana Goiri'k bere aldizkari burrukalari Bizkaitarra sortzen duen urte berean, Azkue'k ere bere Euskalzale (1897) sortzen du, euskal literaturari eskeiñitakoa noski; Unamuno'k, ordea, sei urte lenago irabazia zuen Salamanka'ko Ikastetxe ospetsuan ain zuzen «Gerkar izkuntza ta elerti» irakastegia. Azkue'k, erraldoi gaillena, bizi osoa eman zuen gure Izkuntzari itxasi ta estekatua. Arana, ostera, politika zelaian burrukatzen da. Euzko Alderdi Abertzalea sortu ta kulturazko indar guztiak ekiñean jarri zizkigun» (Auñamendi, Literatura, II, 47 orr.).
BI LANGILLE PORROKATU.-ArkimedeS (287-212) sirakusarraren burdiñ-agak ludiaren ardatzari ikara eragiteko beste indar ba'zuen, gizaseme azkar auek ere euskal erria zataian jaso zutela, edo-ta beintzat jo ta ke ortan alegindu ziranik ezin daiteke ukatu. Aueri esker daukagu gaur ere zutik gure izkuntza. Miingain zolia dantzaratuz zer asko esan oi ditugu, baita funtsik gabeko ta egitik urrutixe daudenak ere sarri. Baiña egiari berea itzuli nai dionak, ez gurarik ere, au aitortu bear du: Azkue ta Arana'gatik izan ezpalitza, euskera onezkero Araba'n, Errioxa'n eta Naparru bealdean bezela geneukan, lurpean ondo eortzia.
1) Azkue.-Euskaldun genduan jaiotzetik. Baiña eliz-karrera bitartean eta gero, gure izkuntzaren barru-barruraiñoko ezkutuakin jabetu zan, eta lekeitiar argi onek bere bizitza luzean egin zigun lana ikaragarria izan zan. Ona aren lan-moltzo bat: Euskal Izkindea, «Euskalzale», «Ibaizabal», Iztegi nagusia, Euskal kantutegia, Euskalerriaren Yakintza, ainbat irakurgai, antzerki, opera, musika, esaera bildu; labur: euskal erri osoa arakatu zigun onek zeuzkan arri-pitxi baliotsuenak jaso ta aurren urren ipiñirik. Oni, A. Donosti'ri ta beste batzui eskerrak, eztira dagonekoz gure gogo bereziaren agerkai ugariak betiko itzali. Euskal literaturan iñor txalogarri baldin ba'dugu, Azkue zanari ezin uka genezaizkioke merezi ditun esku-zarta beroak.
Egi osoa esateko, etzegoen bakarrik; ba-zuen talde bat, elite bat, txikia lendabizi, gero azi ta ugarituaz joan zana. Ar itzazu gogoan «Euskalzale» ta «Ibaizabal» agerkarietan datozten idazle apalak. Eredu bi naikoa dituzu: Txomin Agirre ta Kirikiño. Oeri esker, gure euskera, kinka larrian zegoen arren, bere aspaldiko gaiñ-oskol bada-ezpadakoa erantzi ta bere-berea zuen erritar soiñeko ñabar dotorez apaintzen asi zan: euskal joskeragatik diot au batez ere.
Euskal joskera. Asiera-asieratik azaltzen zaigu Azkue joskera ta itzurren giarraren jabe; Lekeitio'n, bere amaren magal beroan ikasia etzuen nunbait galdu ezertan ere, eliz-ikasketak lateraz ta espaiñeraz osatu zitun arren. Agirre'k orobat itzurren ona du, baiña len-idatzietan ba-zitun bere okerrak, gerora zuzendu ta uxatu zizkigunak. Kirikiño'k,, aldiz, erdel-kutsutik urrutiratua ibillita ere, etzigun beti jagon euskal belarriak nai lukean lango itz-joera goxoa. Gauzkan giro-ingurutik aldera egitea, egiazki, etzaigu xamur-bera.
2) Arana Goiri.-Sabino Arana Goiri dugu beste aldetik euskerea gaizkatu ziguna. Politika izan zan bere arazo apartekoa; bere erria bizirik atera nai izan zuen. Izan ere, erauskiñez betea, beraldi gorrian aurkitu zuen, erakunde, oitura, ele ta beste zer guztietan; aurretiko guda ta iskanbillak lurra jo-azoteraiño ondatu zuten bere sorterria, Bizkaia, Euskalerria. Oraindik ba-zuen alare arnasa, ta arras orri eragin bearra zeukan osorik itzali ez zedin: bizi-naia azkortu, erakundeak berriztu, izkuntzari lengo azku ta bizkortasuna txertatu. Arbasoengandiko sena utzi ta erakunde berriakin aldatuz zijoan Bizkaia: goierrietatik bera jatsi zitzaizkigun baserritar mordoak; kanpotik etorriak ere, pilloka zebiltzan Somorrostro'ko meatz-zuloetan langille. Industri lana ugaltzen asi zan Bizkaian. Emeki ta atsaren gaiñean, len lugintzan eta artzaintzan ari zan erria, industri-arazoari buru-belarri sartua gertatu zan. Aldaketa au gogotan izanik, sortazi ta zabaldu zitun Arana'k bere asmo ta ekintzak.
Entzun idazle gazte batek ontaz dioskuna: «Ez da aski Arana Goiri gizaseme jeinutsu, langille nekegaitz, burrukalari kementsu zala esatea. Aren eragiña, ziurki, berdintsua izan ote zan gutxiago edaturik beste puntuetan ere? Txaho bera jeinutsua izan zan, baiña uritar mandatu bat aldarrikatu zuen Ipar euskal erriko landa-eremuan». Ez, ala fede. Txaho'ri etzion iñork jaramonik egin. Arana'k, ordea, ikus nolako gudarostea duen atzetik gaur dan egunean ere.
Idazle berberak darrai: «1890'an ipif i dezakegu biribilketa aundia: Bilbao'k bere Boltsa iras¡ ta bere lenengo langilleen oporraldia ikusi zuenean, Sabino'k bere lenengo aberzale artikuluak argitaldu zitun, ain zuzen. 1893'an bota zuen deadar au: «Euzkadi da euzkotarren Aberria». Berak asmatu zuen gaiñera euskal erria adierazten duen «Euzkadi» itza. Berak margoztu zuen euzko ikurriña. Berak sortu zuen, 1895'an, Euzko Alderdi Abertzalea. Berak korapillatu zuen zazpi euskal probintzi bakoitzaren nortasuna ta alkar-lokarria: «Bizkaia azke Euzkadi azkean». Muga gabea duzu aren kazeta ta literatura lana. Maiz joan zan igeska Ipar euskal errirantza. 1903'an il zan, 38 urteko, bere etenbako burruka ta espetxe-egotez co ta ezindua. Erotzat euki zuten lendabizi bere adiskideak; baiña auek Euzko Alderdi Abertzalean jarraitu zuten, Sabino'ren slogan au goiburu zutelarik: «jaun-Goikoa eta Lege-Zarra» (J. L. Davant, Tempes Modernes, 1971-72, 241 orr.).
Idazle beronek gero, ura bere bolura eraman nairik, baiki, Arana'k ez duela gizarte iraultzarik aitatzen dio. Etzanik, baiña, ezin aitatu iñolaz ere. Abandoarrak bere asmoen eginbide barruan Bizkai osoa artzen zuen; Bizkai osoa -edo-ta nai baldin ba'duzu, Euskalerri osoa- onek zeuzkan auzi ta korapillo guztiekin: lur, lege, ekandu, elerti, musika, dantza, lugintza, gizarte guzi, arrantzale, artzain, egurgin, meatzetako langilleri ta abar. Erri osoa, itz batez, eta onentzako nai zigun gogo zuen jabetza ere. Jabetasun gabe, zer balio dute gaiñerako guztiak? Gaurkoan, damuz, txaramel gisan pellokeri asko esan oi ditugu; bat auxe, iñondikan ere: «Urlia burgesa duzu». Arana'k ez omen zion sozial arazoari indarrik eman. Gaiok, egia esateko, belar berriak ziran orduan; baiña ikus bere idatzietan nola orrazten ditun.
Gatozen, baiña, geure arlora. Arana Goiri euskaltzale ageri zaigu milla eratara. 1884'garren urtean, Barzelona'n ikasle zala, euskeraz ikasten dabil Van Eys'en eta A. Kanpion'en gramatikak esku artean ditularik. Opa zuena irixteko naimen izugarria zuen eta epe laburrean jabetu zitzaigun bere asaben izkuntzarekin. Iraultzaille zetorren politikan bezela euskal elertian ere. Bide berrien billa zebilkigun atseden gabe: bide berriak nai zitun euskerarentzat, gogaiz, biotz-zirraraz, iztegiz, idazkeraz, poesi-neurkeraz, azal ta barne berriztatua ikusi nai zuen gure ele zarra. Rizal filipindarrak bere erriarentzat opa zuena, orixe bera nai zuen Arana Goiri'k ere Euskalerriarentzat, Unamuno'k dioskunez.
Laburzki: «Eragille bizi ta azkar baten aurrean gaude. Galduriko denboraz berriz jabetu nai luke, ta gutxitan so dagi gibelera. Aren luma urduriak 322 lan ta 22 idazti jaurtiki dizkigu 16 urte laburrean. Damakigun ugaritasunak ederki margozten digu zer-nolako gizona genduan: edesti, politika, izkuntza, kistar gogo, apolojetika, sozioloji, eskugo politiku ta laterriarteko, irakaskintza, agiriko bazkunak, demografi, auteskundeak, albistak, berri-kritika ta kronika, antzerti ta olerki, polemika ta eztabaida, auek danok astindu zitun gizona» (Auñamendi, Literatura, II, 50 orr.).
INGURUKO IZARÑOAK.-Zeru zabaleko izar disditsu auen biran ba-dira beste txikiago batzuk ere; J. Urkixo ta A. Kanpion, bi bederen, ixillik utzi eziñak; Urkixo bilbotarrak eta Kanpion iruñarrak, izan ere, ederki jokatu zuten bakoitzak bere egitekoan. Bizkaitarrak iker-lanari ekin zion aunitz euskal liburu zahar aztertu ta argitara emanez; edesti-lana zitzaion eder napartarrari, ta ezin obeki aizatu zitun ainbat artxibutako agiri ta paper austuak, makiñatxo bat kondaira-pitxi eurotatik jaso ta liburu marduletan gorpuzturik.
Bi auen artean, erdel idazleak ba'dira ere, merezi dute aipamen arin bat beintzat Antonio Trueba'k, Bizente Arana'k eta Hermili Oloriz'ek ere. Berdin, nai-ta kanpora begira, len aitaturiko M. Unamuno, Pio Baroxa ta Ramiro Maeztu ere euskal gaiak kezkatuta bizi izan ziran. Euskal idazleak gero aztertuko ditugu.
EUSKAL IRAKASKINTZA ESKOLETAN.-Egungo egunean mordoxka batek aitortu nai ezta ere, neurri eder batean beintzat, Elizak eutsi izan dio, ta eusten dio, euskerari, Interesgarriak dira gai ontan «Constituciones Synodales antiguas y modernas del Obispado de Calahorra y La Calzada» (Madrid, 1700) deritzan liburu mardulean datozen erabakiak. Or duzu baita lekuko euskal literatura; geien bat eliz-gizonak idatzia da. Len eta orain Elizak izan duen indarra ezin da ukatu. Aurrerantzean? Berdintsu bear luke izan. Bataiatuok osatzen dugun bazkuna, ots, Eliza, gure ezpirituaren eta soiñaren gidari da; erri zintzoak bere biozkada ta eskariak -kanta ta otoitz- euskeraz zuzendu bear ditu Egillearen aulkirantza. Oraintsurarte olan jokatu ez ba'du ere, onik aurrera euskeraz egingo ditu Elizak bere elizkizunak ere, ta onek, eutsi ez-ezik, bultzada ederra emango dio gure mintzairari.
Antziña-antziñatik, orrez gaiñ, erriaren izkuntza erabilli zuen Elizak erlijio irakatsiak eliztarrai ematekoan. «Begiramen oni bi gauza dagozkio. Bata, erriak bere-berea duen izkuntza erri orrentzat zer dan jakitea, au da, bere pentsamentu ta barrukotasunaren tresna adierazle alegia. Bestea, egin maillari dagokiona da, irakaskintzak duen elburua alik eta zeatz indartsuen aurrera eraman al izateko. Norbere izkuntza erabillirik, izan ere, lotsa ta begirunea izanik, lotsa izaten ere irakatsi egin oi da, barru-barrutik ulerkoi ta adi-errez mamiki egiñaz». Au da gizona osorik azi ta kulturatzea. Ta erabillitako joera oni eskerrak, Eleizaren lana aipagarri ta onurakor izan danik ezin dezakegu ezetsi. Aspaldidanik euki ditugun irakats-textuak, nork egiñak dira Elizak ezik? Beragandik irtenak dituzu ainbat dotriña, era askotakoak, erria gorputz eta arima eskolatzeko elburu ta asmoz osotuak. Euskal erriko monastegi ta lekaretxeak ez dina kardaba ontan nagi ibilli.
Entzute zabala artu zuen aldikada baten eskoletan euskeraz egiten zuten gaztetxoai jarten zien ereztunak. Baiña aldia istillu ta makur askoren zentzarazle dugu, ta atzenez, ele biko eskolak, saio bezela beintzat, sortzen asi ziran. Noizkoak dira olako eskolak? Bana-banako xeetasunetara beratu gabe, Bilbao'n, Berriotxoa doatsuaren Ikastetxean asi ziran, Azkue zanaren leia berariz, lendabizi euskeraz ere irakasten. Ondoren, 1905'an batez ere, oiu gogorrak bota zitun «La Patria» asterokoak elebitsuko eskolak eskatuaz; ontan Euzkeltzale Bazkunak lan goragarria burutu zuen. 1908'an, Itziar Amaren eskolako umetxoentzat euskera utsezko ikastegi bat jarri zan. Donosti'n geneukan beste bat, Muñoa jaunarena, entzute aundikoa.
Orrelaxe, ark eta onek bultz-eginda, urterik urte eusko arnasa sutazi ta bero iraunazoteko alegiñak egiten ziran. Etzan oindio Euskaltzaindirik, baiña euskera jagon eta kezkatan jarri nai ziguten. Beingoan diogunez, alkarte ta agerkari moltzoak sortu ziran or-emen, eta auen lana ere etzan exkaxa izan. Tolosa'n (1908) sortu zan «Euskal Esnalea»-k, adibidez, «Gora euskera maitagarria! » zuen titulo ordeko bezela, ta zenbat bultzada egindakoa dugun an eta emen; beronek sakatuta irasi zan,1915'garrenean, euskerazko katedra edo irakastegi bat Gazteiz'ko Apaizgaitegian; baita beronek zuzendu zien, 1917'an, euskal irakaskintzari buruzko idazki agiri bat Euskalerriko ikastetxe guztietako nagusiai.
Eta zirikada oneri esker, erdel egunerokoak ere euskal atalak beren orrietan sartzen asi ziran: «Euzkadi» (1913), «Diario de Navarra» (1915) ta abar. Bizkai'ko Aldundiak bere lantoletatik irteniko agiri guztiak euskeraz ta erderaz izan ditezela erabakitzen du (1917), eta bideetako araudia ele bietan argitaratzen digu. Labur, euskal giro bizia sortuaz doa.
ALKARTE BERRiAK.-Ludian ez gaude bakarrik. Eta eginkizun garrantzitsu bati saka egiteko, alkar gurutzatu bearra dugu, batasunak indarra dagi ta. Beraz, euskal erriaren onezko lanar¡ atxikirik zebiltzanak ere, bildu ta alkartu nai zituzten beren kemenak. Eta, udaberrian kimuak adarretan bezela, bazkuna berriak jalgi ziran nainun, zazpi probintzietan noski. Alkarte auek, bataz beste, euskeraren onetan burutu zuten lana etzan iñolaz ere urria izan.
Bizkaia'n, lenen, euzko alderdiak lan izugarria egin zuen, «Euzkeltzale Bazkuna» bere inguruan sorturik baitik bat. Zail duzu neurtzeko alkarte onek gure izkuntzaren alde osotu zuen lana: bultz-indar bikaiña noski euskerak garai artan zeukan egoera gordiña dardaratzeko.
Alkarte au Bilbao'n jaio zan, eta beronen bazkide guztiak euskal ikasleak izan ziran, euskeraz itz-egin eta batak besteari euskal idazkiak bialduaz alkar sututzen zutenak. Lenengoz Bilbao'ko «Euzko Gastedi»-ko aretoan alkartzen ziran, neska ta mutil; gero ba-zuten toki aparta beren lanetarako. Gazte auek, lokarri estuz baturik, lan txalogarria osotu zuten; kantu, jolas, dantza, millaka liburuxkak argitara emanez, eta erriz erri eskola asko antolaturik. Onetan Emakume Abertzale Batza'k eta «Euzkel-Laguntza»-k laguntasun berebizikoa eman zien.
Ona laburzki «Euzko Pizkundia»-k euskeraren alde burutu zuena: a) Aldizkariak. Lenengo «Euzko-Deya» argitaldu zuen aldizkingi bezela; euskera utsez; bizitz aberatsa izan zuen. Geroago, au laga ta beste bat, ederragoa, atera zuen: «Euzkerea». Txairo agertu zan, bigarren aroan batez ere. Beronen eskuetatik ateratzen zan baita euskal egutegi eder bat ere, ormarakoa, 20 urtetan, utsik egin gabe argitaldu zana. b) Liburuak. Idazti mordoa argitara zigun; ona batzuk: 1) «Método gradual para aprender el euzkera», iru mailletakoa, iru idaztitan; liburu auxe ornen dugu euskaldun berri geien egin duena; 2) «Euzkel-abestijak», iru idazti abestiz ta bi loreskin-ereskiz; idazti bakoitzak 25 kantu dauzka, bizkaieraz, gipuzkeraz, laburderaz, naparreraz, zubereraz; 3) Sei euskal ipuin: «Zorijonaren jauregija», «Luki eskela ta Ander otzana», «Koldobika ta Jon», «Margarite'ren ames ixukorra» ta «Amesak»; 4) «Loyola'ko Iñaki Deuna»; 5) «Bijar Doniane'ra»; 6) «Santson»; 7) «Sobre la unificación del euzkera»; 8) «Ipuiñak»; 9) «Lekobide»; 10) «A todos los vascos»; 11) «Abertzale Aberri-saltzailliak»; 12) «Afijos, prefijos y sufijos»; 13) «Tratado etimológico de los apellidos euzkéricos». d) Antzerkiak. Ainitz teatru-lan, argitaratu ez-ezik. Bilbao'n eta Bizkai'ko errietan antzeztu zitun. Auek, esaterako: 1) «Olerkari bijak»; 2) «Txomin Arrayo»; 3) «Meza barrija»; goizean, meza ostean batez ere, zabaltzen zituzten orriak eta arratsaldean antzokia bete egiten zitzaien. e) Euskal sariketak. Igandetan erriz erri joan oi ziran euskal giroa arrotuten; sarri eratu oi zituzten sariketak, euskeraz irakurri ta idazten ondoen zekiten neska-mutikoen artean.
Euskaltzaletasun au, ariz ariz, mugaz emendiko lau probintzietara zabaldu zitzaigun, an eta emen ekintza ta jaialdi berdintsuak ugarituaz, eta geure izkuntzari eusteko garra aziagotuaz. Bidaso'z bestaldetik ere an dugu «Eskualzale Biltzarra», 1901'an Ondarribi'n ernetakoa; makiña bat lan begiragarri osatu digu 74 urte auetan. Begira, alkarte au sortu zanean bildu ziranetatik batzuk: M. Landerretxe, Guilbeau, Grazian Adema. A. Kanpion, J. Urkixo, Ahetz-Etxebar, J. K. Gerra, Isaak Lopez-Mendizabal, Serapio Muxika, ta besteak. Urrengo urtean, 1902'an, Sabino Arana Goiri'k, antxe, Ondarribi'n, aurkeztu zuen berak euskerarentzat nai zuen idazkera (ortografia) berria: orduan mugaz andikoen erruz atzerazia ta urte batzuk geroago Euskaltzaindiak ere beretzat artua nunbait. Alkarte onek, d'Abbadie jaunak asiriko Euskal Jaien ardurea izanik eta, mesede aundia egin dio gure izkuntzari.
Eta Donosti'n? Ez daude lo. 1887-88'garren ikastaroan euskeraz erakusten asi ziran ango Institutoan; Jose Gaspar Oregi apaiza dute irakasle, Maria Kristina erregeñari ere, euskal asi orraziak beintzat, irakutsi zizkiona. Geroago, 1896'an, alkarte errikoi bati asiera ematen die Donosti'n bertan: «Euskaldun Fedea», M. Soroa teatrugillearen inguruan eratua. Euskal antzertia girotu zuten batez ere, Donostia'n eta errietan. Aipa ditzagun ortan saiatu ziran auek: Pepe Artola, Ramos Azkarate, B. Mokoroa, J. Elizondo, S. Baroxa, R. Illarramendi, T. Altzaga, B. Iraola, Ganboa, J. I. Uranga, Gorostidi, E. Gorostiaga, ta abar. Teatru-saioa bukatzerakoan, olerki ta bertso-lanak ere irakurtzen zituzten, entzuleen adimenak ñirñirtu ta biotzak xixurkaturik (Euskal-Erria, 1896, 1, 212 ta 318 orr.).
Euskal literaturakin ba-du zer-ikusia gure bazkune batzuk goiburu bezela erabillitako ikurritzak ere. Gure kondairan ezaguna da lendik Gipuzkoa'n, Araba'n eta Bizkaia'n batez ere bertoko lege, eskubide, elerti ta goraberak ikasi ta jakiñazteko Konde Peñaflorida'k sortu zuen Euskalerriko «Adiskideen Alkartea»-k, XVIII'garren gizaldian ain zuzen, erabilli zuen «IrurakBat» ezaugarria. Geroago, 1890'an lez, Iparragirre'ren egunetan, karlista gerra ondoren, «Laurak Bat» egin zan, Nabarra'k ere, beste iru probintziekin batera, bere euskal balioak zaindu nai zitulako. Azkenez, 1897-8-21'an, billera aundia ospatu zan Donibane-Lohitzune'ko Udaletxean, angoen eta emengoen artean noski, euskal erria osatzen duten zazpi erkietakoak an bildu ziralako, «Zazpirak Bat» artu zuten ikurtzat, aurrerantzean guztion kemenak bateratu ta euskal gauzen alde alkarrekin lan egiteko zin egiñik.
ALDIZKARIAK ETA EGUNEROKOAK.-Emeretzigarren gizaldiaren erditik onuntza eta ogeigarren onen asieran bere biziko garra sentiduten zan Euskal erriak bizkar gaiñ zeukan sorta nekegarria astindu ta gauzak orekan jarri nairik. Konta ezin-alako zerrenda duzu bitarte ortan Bizkaia'n bakarrik bizitza izan zuten aldizkari ta egunerokoak: 225'tik gora, danak zenbatzera ezkeroz. Ona Euskalerri guztitik banaka auek:
-Irurac Bat (Bilbao, 1850-1882). Karlistak ateratzen zuten. 1882'tik aurrera Lau-Buru zeritzan, Iruña'ko egunerokoa. -El Noticiero Bilbaino (Bilbao, 1875-1936).
-Euskal-Erria (Donosti, 1880-1918). 79 ale. Jose Manterola'k sortu zuen, eta 1893'tik Donosti'ko Euskal Lore Jokuen Batzarra'ren aldizkari biurtu zan. Zuzendariak: Jose Manterola (1880-1884); Antonio Arzak (1884-1904); Frantzisko Lopez Alen (19041910); Adrian Loiarte (1910-1918).
-El Vasco (Bilbao, 18841898). Eguneroko katolikua.
-Eskualdun (Baiona, 1887). Astekaria, euskeraz eta frantsesez. 1904'an izena aldatu zioten: Eskualdun Ona. 1908'tik aurrera berriro ere, lengo tituluz, ots, Eskualduna, irten zuen. Errepublikatarren aurkakoa zan. Louis Etxeberri'k sortua. Luzaro beintzat Hiriart-Urruti kalonjea izan zan zuzendari; gero, 1925'an Adema kalonjea, ta arrezkero Saint-Pierre.
-Bizkaitarra (Bilbao, 1893-1895). Zuzendari: Arana Goiri.
-Euskal Herria (Los Angeles, 1893-1898). Larunbat guztiez agertzen zan Kalifornia'ko euskaldun berriketaria. Zuzendari: J. P. Goytino. Asteroko onen bilduma osoa Paris'ko «Bibliothéque Nationale» dalakoan aurkitzen da, J. Bilbao'k dioskunez.
-Euskalzale (Bilbao, 1897-1899). Iru ale. Astean asteango albistari edergarriduna. Zuzendari: R. M. Azkue. 1899'an, irailletik aurrera, euskeraz ta erdereaz atera zan, goitikoen aginduz.
-La Patria (Bilbao, 1901-1903). Gero, Patria asterokoa (Bilbao, 1903-1906).
-El Correo Vasco (Bilbao, 1899).
-Euzkadi (Bilbao, 1901-1915). 12 ale. Iru illabetetik beingo aldizkaria: Jakidi, Erri ta Elerti. Sabino Arana Goiri'k sortua. 1902-1904'ra debekatua. Illabete biñakoa: 1910-1914; eta illerokoa: 1915. Irugarren aroan, ots, 1910-1915'ra, Eleizalde'tar Koldobika'k zuzendu zuen.
-Ibaizabal (Bilbao, 1902-1903). Zuzendari: Kirikiño, Azkue'k lagunduta. Bizkaieraz eta gipuzkeraz. Igandeetan irtetzen zuen, Bilbao'ko Dendari kalean, 19 zenbakian; Juan Jose Astui'ren irarkolan.
-Euzkotarra (Mexiko,1907-1908).1908'an galazo egin zuten, eta Azkatasuna izenarekin argitaldua izan zan; baiña au ere debekatua izanik, Nueva Orleans'en agertu zan zenbaki bat beintzat, euskeraz, erderaz ta inglesez.
-Euskal Esnalea. Lenengo alkarte bat izan zan, 1908'an irasia; gero aldizkari bezela agertu zan Tolosa'n, 1908-1909, 20 zenbaki. 1910'an Donostia'n atera ziran 21 eta 22'garren zenbakiak, alkartearen berri ta aurrerantzean aldizkari biurtuko zala aitzen emanaz. Urrengo urtetik, ain zuzen ere, Euskalerriaren Alde erderaz ta Euskal Esnalea (Donosti, 1911-1931), euskeraz, biak alkarrekis atera ziran. 331 zenbaki. Bion zuzendari: Gregorio Muxika. Ospetsua izan zan onek, 1910'an, atera zuen Esku-Egundiya, berton parte artu zuten idazleengatik batez ere.
-RIEV (Revista Internacional de los Estudios Vascos - Revue Internationale des Estudes Basques) (Paris-Donosti, 1907-1936). J. Urkixo'k, euskal iker-lanerako baitik bat, sortu ta zuzendu zuen aldizkaria.
-Bizkaitarra (Bilbao, 1909-1913). Asterokoa. 214 zenbaki. Onen ordez, Euzkadi egunerokoa atera zan 1913'tik aurrera.
-Euskalerriaren Alde (Donosti, 1911-1931). 21 ale. Zuzendari: G. Muxika. Au il zanean, ordea, J. Ariztimuño'k Yakintza bi-illerokoa asi zuen.
-El Pueblo Vasco (Bilbao, 1910-1936): -Arabarra (Gazteiz, 1912).
-7aungoiko-Zale (Zornotza, 1912-1936). Apaiz talde batek ateratzen zuen, Gabriel Manterola buru lez zala. Dozenaka Iiburuxkak ere argitaldu zizkigun, errian aipu aundia arturik. 1932'tik 1936'ra Ekin izenarekin.
-Euzkadi (Bilbao, 1913-1937). Egunerokoa. Abertzalea, euzkel atal eder bat zekarrena. 1913'garreneko zezeillaren lenengoan irten zuen lenengo zenbakiak, eta 193Tgarreneko bagillean azkena.
-La Tarde (Bilbao, 1914-1937).
-Euzko Deya (Bilbao, 1916-1922). Ikurra: Jaungoikoa eta Lagizarra. Euzkéltzale Bazkuna'k aterazi zuen. Bigarren aroan (Bilbao, 1921-1922) Euzko Gastedija'k atera zuen. 12 ale.
-Catequesis (Bilbao, 1917). Bilbo'ko apaizentzat, erderaz ta euskeraz.
-Hermes (Bilbao, 1917-1922). Zuzendari: Jesus Sarria.
Beste asko dira oraindik aipagarriak. Baiña oraingoz aski. Nekez neurtu al izango duzu, bear bezela, agerkari auek garai artan egin zuten lana. Berariz lez aitatu barik utzi dugun napar ausarten «Revista Euskara» (1878-1883) aldizkaritik asi ta aipatu ditugun «Euskal-Erria» «Eskualduna», «Euskalzale», «Ibaizabal»-tik zear, «Euskal Esnalea», RIEV, «Euskalerriaren Alde», «Euzkadi», ta «Jaungoiko-Zale»-k batez ere, karlatar «guda zapalgarriaren ondoren», gure mende aul eta lausotuaren lozorroa astindu ta pizkunde bidean jarteko, ez izan dudarik, artez ta bulartsu jokatu bear zan. Orrelaxe egin zuten, agiri danez, gizaseme gazte ta kementsu aiek, langille zintzo ta porrokatu aiek. Ba al gera gauza beste arenbeste egiteko?
volver arriba