También disponible en Euskera: Euskal Literatura
Descatalogado
(Tomado del libro). GAUZA GORDEA, URRE GORRI.- Jose Lasa Apalategi irakasle lizenziatuak liburu polit bat eskeiñi digu oraintsu: «Gure arbasoen jakintza, ots, erderaz esanda, Florilegio de Proverbios y Refranes antiguos» (Zarautz, 1982).159 orrialde. Erriak berez emaniko zituak dira: atsotitz, esaera ta errefrauak, Garibai, Bela, Isasti, Oihenarte, Mogel eta Azkue'ren sortetatik jasoak geienak, denak ezpadira ere. Auen artean bat onela dirakurgu: «Gauza gordea, urre gorria».
Aipatu sorta-osatzaillea, esaera au azalduz, onela ari da gogoetan: «Emen ere, beste edozertan legez, erdiune zeatza artu bear ardatz. Gure bizitzaren ontzi aula, bestelan, zabu-zabuka tirabira egiteko arriskuan errez jarriko litzakigu. Une bakoitzean lasta asko bear da kareletik bota, gure bizi-ontzitxoak alai ta ziur itxas-egin dezan; baiña nun dago, zein da gauza batzuk itxas-ondora bota ta beste batzuk gordetzeko irizpide segurua? Ona emen korapilloa. Baiña bearrezko bai dela, batez ere, oroimena garbitzea, gauza ta pertsona asko aztutzea» (87 or.).
GURE LITERATURA.- Zer aztu ta zer gorde? Gure literatura, egia esan, ez da batzuk uste duten bezin eskasa; ez da gura genukean bezin aberatsa ere. Baiña daukaguntxoa ez dezagun ezetsi, ez nardatu. Ontatik batzuk berria nai dute, beste batzuk zaarra. Zein obe? Leengoz eta oraingoz oretua. Gaurko euskaldunak eskatzen duena. Zarra gibelera utzi ta berria txalo-zartaka artu? Ez da atzerantz begiratu bear, aurrerantz baiño. Berriztu bearra ba-du euskal literaturak, gaur-eguneko gizonaren bizia, irritsak eta ametsak aizatu, gaurko euskaldunaren giro, kezka ta burrukak bizi-azi, munduko literaturaren leena ta oraiña ikasi ta gureari itsatsi...
Begiak ireki ta egia aitortu nai ba'dugu, gure literaturak badauzka zati eder-bikaiñak, aiztu-samar ditugunak, aintziña baten osatuak, geroago mamituak eta bizi geran mendean ekarritako aleak. Bazter utziko aal ditugu oiek denok? Ez gaitezen izan gibelkari. Urte asko dira gerkarrak eta latindarrak beren literatura eder egin zutela, eta gaur berton lurbira zabaleko elertira begiratuz gero, auek ditugu -Homero, Bergilio, ta abar, Dante, Shakespeare, Cervantes, Dostoievski ta besteekin- modan daudenak. Gaurkoak bakarrik aipatzeko, Lizardi, Orixe, Lauaxeta, Zaitegi ta besteak euskal literaturan gaillen ditugu antz-antzera.
NIRE LANA.- Ni urteak dirala ari naiz xede baten gaillur-gain ereiñotza ipiñi nairik. Asmotsua da geienbat gizona, eta oietako xede askodunak garean arren, bat beintzat aurrera eramaten alegindu bearrean aurkitzen. Nire asmoetatik bat, aitor dezadan, aspalditik gero, gure idazleak eta beuron lanak ikasi, aztertu ta saillean jartea izan da. Jakin dezala geroak, gure arbasoak zer arrotu zuten euskal elertiaren barrutian. Urteetan egon nintzan xede ori nola biribildu asma eziñik; lenbizi buruera xee bat zan aidean dardarka, gurari bat gero eta azkenez naitaezko bultzada, egin-bearra. Eta emen doa geroztik, aizeak ur-azalaren barrena daraman ontzia iduri, seigarren liburua dugun gure idazleen istoria.
Nire lana, ba'liteke, dan-danei atsegin ez izatea. Orrela adierazi dute banaka batzuk: nik aipatu bakarrik egiten omen ditut idazleak eta irakurleak geiago nai el du. Nik, baiña, nere bidea artu nuen, J. Vinson'ek eta ortan ari izanak artu zutenez; eta orretan jarraitua naiz, ez bait da egoki bein bide bat artu ta ondoren, zio gabe, beste batera zapart egitea: eztu ori logikak onartzen.
Nik idazle bakoitzari berea emanez, asieratik ara, auxe opildu dut: aurrenik, idazlearen nortasuna -nor dan, zer egin duen- ikusi ta, bigarren, euskeraz aurrera eraman duen lana adierazi: bitartean datoz lanaren estiloari buruzko zerak, iritzi-emateak, bibliografi ta abar. Lar luzatu gabe, gaiñera. Edu orretan, iñork iñoiz euskal Thesaurus bat -Mezenas batek naiz Argitaldari esku-zabal batekosatu gura izango ba'lu ere, or leukake arrobi bikain-bikaiña. Eztabaita ta iritzi zirtziletatik iges egin dut jakiñaren gaiñean, naizeta sarri autore bati buruz ark eta onek zer esaten duten adierazten eman.
MIIN-LUZE ALA AZPI-JALE?.- Beste batzuk aserre dira, itxurapen itxuraz, nik daramakidan jokabideaz. Literaturarik naiko etorri zaizkigu nirearen ostean, euskeraz egin-egiñean, nik erabillitako metoduz, egillez eta lanez, jokatu dutenak, eta ala ere doi-doi aipatu dute nire lana, iguingarri bai litzan; nire bost aleko lana, bosten artean 1990 orrialde biribildu arren. Ez onerako, ez txarrerako, ez aipatu ta kito! Jaeduera orrek badu bere txildorra. Bakoitzak jakingo du zergaitia. Dana dala jokabide zitala danik ez didazu ukatuko. Eta gizabideak eskatzen digu bakoitzari zor zaiona ematea: baita nere liburuai ere. Onakoak, egia aitortzeko, maiz ikusiak gara gure idazleen artean; zazpi griña-buru, ordea, ezagutzen dira aszetika liburuetan, oietatik bati bekaizkeria, iñartsia edo erremiña deiturik.
Naiz mailla apalago baten izan arren, ba-duzu beste bat -bere kasa ez, besteren baten aoz, nik uste, mintzatzen dana- bereak eta bost nire kaltetan bota dituna. Auñamendi'k bere Literatura V'garren alean, sarreran ain zuzen, ederki kakaztu du bere lan bikaiña. Ez dakit, baiña, zergatik nire aurka, nik lagundu besterik egin ez diodan gizona baita. Origatik diot «beste bateren aoz» dala mintzatzen. Garaiz erantzun niin (ikus nere Euskal Literatura, V,400'garren orrialdean) eta ez dut an esana emen ber-esan bearrik.
Auñamendi ala ere etzan naikotu esanaz. Berdin ats-artzen du bere V'garren alean. Barne-aierkundea etzaio oraindik arindu. 323'gn. orrialdean «Renacimiento literario» dio ta 1936'tik 1970'ra zerbait idatzi zuten gizonak aipatzen ditu, aurreko lau liburuetan sartu gabeak noski. Zuzen. Gero, 439'an «Síntesis literaria vasca (1897-1970)» dator, B.E. Lasa'k idatzita, eta ementxe berton, 448'gn. orrialdean, azken urteotako euskal literaturak aipatzean, nireari buruz onela dakar: «Se sigue, casi literalmente, la historia de la Literatura Vasca de Bernardo Estornés Lasa». Egia ete? Idazlearen burmuiñean, bai; ortik kanpo ez. Ikus beza nai duenak eta laister jabetuko da batetik bestera dagoen aldearekin. Jakiña: idazleak eta beuron lanak, berdiñak izan bearko, baiña pentsamentu, adieraztetankera, idazkera, ainbat datu ta zeaztasun, oso bestelakoak. Berak niretik eta J. San Martin'enetik ez aal zituen jaso, itzez itz sarri, zenbait zeaztasun? Leena, ta besteak, borobildu nitzan, ez nituen nik, gaur ere berdin dagit, eskutitz gutxi idatzi! Nere lana oso ta beteago burutzearren, gero.
Ortara ezkero, nik ere esan nezake: Nere MEOE'ren atzetik dabilkit Lasa; nik an jarri nituen idazle, fetxa -baita gaizki daudenak ere- eta oarrak ber-aipatzen dizkit berean; nire bilduma 1954'koa duzu ta 1969'goa aren leen-tomua. Beta eskatzen du ikerlanak eta alako olerki-sorta mamintzean ez nuen bear aiñakoa izan, baiña sail ederra ta barri-oin bikaiña eskeiñi bai egin nien ondorengoai.
Muker izatea ez duzu doain ona. Auñamendi'k, ordea, bereari eusten dio V'gn. liburuan, esan dugunez. Bere lanak dakazki batez ere, erderazkoak eta J.I. Goikoetxea'k euskeraz jarriak. 513'an «Autoría» diño, eta 518'an «guerra aurreko ta osteko idazle punterengo batzuk; 37 idazle ageri dira guztiz sail onetan, eta ni gerra aurretik eta gero, 50 urtetik gora euskal idazle, «Karmel» -beronen zuzendari 12 urtetan- eta «Olerti» -sortu ta zuzendu 10 urtetanaldizkarietan lan egin arren, eta ainbat liburu -MEOE, «Iru poema», «Onbidea», «Gure bertsolariak», «Jolasketa», «Enbeita oleskaria», «Gure Urretxindorra», «Bergili'ren idazlanak osorik», «Goiznabar» (150 pesi ditun olerki-sorta), «Lamiñak», «Egoitzak»... argitara ekarria izanik ere, ez du merezi izan izendapen azaleko bat ere. Jokabide tristea, egiazki.
IXILTZE LARRIA.- Maltzur-zidorrik badu gizonak begiko ez zitzaizkionak bide bazterrean, aztuta bezela, uzteko. Aspaldidanik jokabide ezagun bat dugu ori. Izterbegiak ixil-sastakaiz zokoratu oi dituzte itzal-egilleak, iñoren bizkar gora igo nai dutenean berezikien.
Gizona berez duzu txibiz. Artisten artean ere ez da gutxi edatua gaitz au. Antonio Valverde «Ayalde» kexaz agiri zaigu Donostia'n eman zuen itzaldi baten, gero «Egan»-en (1960) eta bere liburu eder «Ibar ixillean» (157 oí.) azaldutakoan. Regoyos, Ribadesella'n jaioa ta biotzez irundar sentitzen zana, margolarien artean, inpresionista sortzaille ta eskolakoa zan emen inguruan. Pio Baroja'k artaz esan zuen: «Nik ez det ezagutu pintorerik Regoyos bezin gatzdun eta azkarrik». Ala ere, etzan ongi artua izan, arenizadi-bazter, bodegoi, giza-irudi ta argazkiak etzioten ezer esaten ordukoai. Aren margo-laukiak, il zanean, la arbuiatuak izan zirala esan bear. Gerora, baiña, ego-zabal dabilkigu aren entzutea. Valverde'k onela: «Guk, oraingo eta emengo Arte-zaleok gero eta maiteago dugu Regoyos-en izen eta oroimena. Ezagutzen ari da, pixkanaka, artista aren izaera umil, alai eta atsegiña, aren Arte fiñ ta jakintsua, baita ere -eta euskaldunok eztugu aztu bear- Rogoyosek gure Eusko-lurrari zion zaletasun eta maitasuna».
Arroak atzera eragiten digu, umillak erakar. Egiazko artistak geienez apal lau ta alaiak izan oi dira. Edozer gauza kantatu oi dute, edo pintatu. Regoyos-ek, adibidez, txoko bat margozten digu, aza batzuk, arrantza-sare batzuk eguzkitan, alper bat soro-barrenan, gatz-ontzi bat, eguzki-printzak, orma zaar bat, piku berde bat; gauza apalak, ezerezak, berez eder etziranak ere edertasunez jantzirik uzten zizkigun. Eta Valverde'k: «Inpresionista utsa izaki eta, argia bakarrik zuen gai pintagarria. Bañan emengo argia, apal, goxoa». Orobat esan dezakegu, Gurutzeko Jon Deun espaiñar olerkari gaillena lez, aspaldian erdi-azturik dauden gure olerkari askogatik ere.
Jardunbide orrekin kalte ez txikiago dakarkiogu geure erriari, eta denona dugun, euskerari. Ezer ez dana goretsi ta zerbait duguna ixil-azteak nasketa izugarria dakar errian, ez bait dakigu orrela zein dan alea ta zein dan agotza. Euskal idazle ta olerkarien artean maiz utzi ditugu bazter, zoritxar aundiz, benetan baliotsu izan ditugun, edo-ta gaur ere ditugun, gizaseme argi ta langilleak, bizitzarte osoa Euzkadi'ren alde eman dutenak, bat ere oroitzapen gabe, eta ez azturik sarri beren-beregi naitara baizik.
Auetan bi Jokin Zaitegi ta Andima Ibiñagabeitia ditugu, ale onetan aipatzen diranak. Ez bata ez bestea ez dira izan gure literaturan bear aiña goratuak. Aizu bekit beiñola Gaztañaga'tar Jesus'ek «Goiz-Argi»-n idatzitako lorreak emen berriztatzea. «Milla eratara -dio Zaitegi'z ari dala-, baiña... bazterturik utzi izan dugu. Eta alperrik dira orain, il dan ondorengo al-eneak eta zotiñak. Nork esan lezake, bear aiña lagundu dionik? Zaitegi'ri ta arek bere eskuz zeraman lanar¡ zor zitzaion aiñean lagundu dionik, nor ausartuko da esaten?».
Ez duzu au aizeak deraman orbela, egi-egia baizik. Onela jarraitzen du Gaztañaga'k: «Geiegikeriak jalkitzen ari geranik uste ez dezan iñork, Mitxelena'ren itz batzuk aldatuko ditugu: «Zaitegi'gan, askok -ni beintzat orietakoa nauzute- idazle landua, ikasia, ikusten dute, euskaltzale sutsuaz gaiñera: antziñakoengandik datorkigun jakinduri aberatsaren ondorengoa, aspaldiko jakinzale eta jakintsuen ondarea euskeraz azaldu eta zabaldu nai duen burulangille bizkorra» (Egan, 1963). Eta ala ere ez da izan... ez dute egin «euskaltzain», ez osoko ta ez laguntzaille ta ez oorezko. Adibide txiki bat da, il ondorengo jarrera ta jokaerek zuzendu eziñekoa» (1979, iraillak, 8,18 or.).
Zerbait, orraitio, egin dala aitor dezakegu: Jokin Zaitegi (Donosti, 1981) 225 orrialdeko liburu bikaiña, gaur Eusko Jaurlaritzan kultur arduradun nagusia dan Josemari Velez de Mendizabal'ek aren bizitza ta lana¡ buruz idatzia ta argitaratua, gure gurariak betetzekoa da.
Berdin esan genezake Andima Ibiñagabeitia, elantxobetar jakintsuagatik ere. Orain berton irakurria dut: gudu osteko euskal isazleetatik, euskera jatorra ikasi ta lumaz erabilli opa dutenak, Orixe, Zaitegi ta Andima irakurri ta ikasi bearra dutela. Ortan nago ni ere. Irukoitz au ez dala edozelakoa. Izango dituzte beren akatsak, eta gaur, kritika egiteko diot, oien billa gabiltza, zuzatan bezela, arduratsu. Baiña, oroar, nekez idoro oberik.
Ibiñagabeitia'z baiña ezer idatzi ote dugu? Euskeraz makiña bat lan eder burutu ondoren, Karakas'en il zan 1967'an. Adiskide miña nintzan arena; ainbat idazki ditut nere paper gordetakoen artean. Joan zitzaigunean, aren omenez -Orixe'ren omenez bezela- liburu mardul bat ateratekotan nengoan, baita aren illobari Karakas'era idazti ere osabak zeuzkan lan batzuk eskatuz. Ez nuen erantzunik izan. Arek zituen lan batzukin -biolojia ta abar- eta «Gernika»-n eta «Euzko-Gogoa»-n eman zizkigunekin, bilduma eder baten atera nai nituen. Etzan bete nere asmua, eta oraindik ere egiteke dago lan ori.
Ederto, txit ederto zekien euskeraz Andima'k eta aren lumatik irtena beti dugu jakingarri. Liburuen iritzi-emateari dagokionez, ez da oindio ura lakorik gurean agertu.
OARRA;- Elerti kondaira oni asiera ematerakoan, sei-zazpi liburu izango zirala idatzi genduen. Esku artean daukazuna duzu, irakurle, seigarrena. Ontan laguntzaille izan ditugun guztiai, biotzez, eskerrik beroenak, artutako mesedeari esker ona zor zaio-ta.
Zazpigarrenarekin amaitiko dugu EUSKAL LITERATURA au, azken urteotako idazleak oro aintzat arturik. Asko dira gaur-egun idazten dutenak, naiz-ta nortzuk diran sarri ez jakin, izen-ordez idazten dutelako. la korapillo au askatzen dugun al danik eta ondoen.
volver arriba