También disponible en Euskera: Antton
Descatalogado
(Tomado del libro). PATRI URKIZUREN AITZIN-SOLASA. Jean Pierre Irachet (Bidarrai, 1921), Bidasoaz haraindiko idazlearen Antton (1946) elaberria aurkeztera gatoz hitzaurretxo honetan, mugaz honaindian la ezezagun den idazle honen obra aurkeztearekin zubi berri bat eraiki nahi dugularik bi aldetako euskaldunen artean.
Bidarraitarra, Elixaldean sortua, ez da euskal idazle bakarra bere herritarren artean. Bada Piarres Charrittonek erakusten digun bezala (1) beste idazle eta bertsolari bidarraitar zenbait historian zehar. Horien artean Ñarro (-1815-), Oxalde (1814-1897), "Oxobi" (1888-1958), Barnetxe (1941-1986), eta Larre (1926), obra ederren egileak denak.
Bidarraien bazen kontari eta kantari anitz, ederki anitz istorio eta anitz kanta kontatzen eta kantatzen zekizkitenak, esaten zigun behin Jean Pierrek bere Buclose, Landetako misiotegian. Hori izan zen, noski, bere lehen eskola, eta beretik edoski zuen gogoz. Gero, Uztaritzen egin zituen apez ikasketak Lafitte ukan zuelarik irakasle. Soldadoxka gaztetxo eginik, itzulitakoan bere irakasleari laguntza eskainiz hasiko zaigu idazten Herrian La Sota eta Monzonen diru laguntzari esker 1945. urtean Lafitte argitaratzen hasi zen astekarian. Hemen Chailhar, Piarre Iparla, eta Otto Pierre ezizenez emango ditu bere artikuluak, pilota partiden berriak, eta aldizkariaren bazterrak betetzearren elaberri bat aldizka emango 1946. urtarrilaren 24ean hasi eta urte bereko abuztuaren 4ean bukatuz.
Lan bat nahi baduk aise egin gogotik egin zak, esaten zigun Iratchetek eta dudarik gabe gogoz heldu zion Anttonen historia kontatzeari.
Euskal elaberrigintza urria eta beranta, nekez hasi omen zen eta horrelako leloak aski zabalduak daude. Halere, bere urritasuna eta guzti emango genuke ez dela batere ondo ezaguna. Honen adierazgarri lirateke, esate baterako, euskal literaturaren historietan, ez elaberrigintzarenean (Garate (2), Otegi(3)) ez dela inoiz aipatzen aurkezten gauden Antton elaberria, ez eta Kintoak (1905) edota Don Juan (1910), laister berrargitaratuko ditugunak.
Genioen bezala, 1946. urtekoa dugu Antton, eta urte berekoa da ere J. A. Irazustak (4) Buenos Airesen plazaratutako Joañixio, alegia, erbestean tolosarrak bere istorioa moldiztegiratzen zuen bitartean, barnean, Baionan hain zuzen, bidarraitarrak aldika ematen zigun bere kondakizuna.
Eta biek darabilkiten gaietan bada ere parekotasunik. Adibidez, bi protagonistak egiten dhuztelarik Ameriketako joan-etorria, aberasturik itzultzen dira sorterrira. Mota hau, hau da, Ameriketako elaberriak deitu direnak ez dira faltan euskal narraziogintzan. Hor ditugu, Patxiko Txerren (1980), Jaioterri maitea (1910), Polli eta Pello (1910) eta Ardi Galdua (1918), eta itsasoaz bestaldeko abenturak ez dira soilik narraziogai izan, poesian eta antzertian erabiliak izan baitira.
Baina Anttonen hari nagusia ez da Ameriketako gorabeherak kontatzen dizkiguna, hiria eta herriaren arteko oposizioa aurkezten diguna baizik. Argumentua honelaxe laburbilduko genuke. Antton, Airemendiko premua, Marixanez maitemindurik dago, baina sute izugarri batek hartzen du jaiotzen ikusi zuen baserria, eta hau berriz eraikitzearren, aitak bultzaturik, Ameriketara doa, sosak biltzera. Uzten du andregaia, eta badoakigu Ameriketara. Hemen bi urteren buruan (1937-38) aberats bilakatzen da, baina bigarren gerrate handia 1939. urtean pizten delarik, etxera itzuli beharrean aurkitzen da desertoretzat jo ez dezaten. Bitartean Marixan ez da gehiago herritar, hiritar bihurtuko baitzaigu. Gerrara joaten denean Antton, elkarri gutunak gurutzatzen dizkiote. Euskaraz Anttonek, frantsez farregarri batean Marixanek. Harremanak hozten doaz urruntasunarekin eta azkenean Marixan, eman hitza janez, beste batekin ezkonduko da. Antton frentean dago, eta bere adiskide kuttun duen Battita hil egingo zaio, gerra amaitzean honen andregai zen Kattalinarekin ezkonduko zaigularik. Gerraondoan gosea nagusitzen da hirian, eta apezen gomendioz herrietan hirietako haur pobreak hazten dituzte karitatez. Airemenditarrek ere, giristino zintzo gisara haur bat hartzen dute haztekotan, Marixanena suertatzen zaielarik. Jakiten du Anttonek norena den hura, eta gorrotoari ez mendekioari lekurik utzi gabe, abandonatu zuen gaztetako andregaia, ametsez beterik hirira joana zen Marixan gomitatzen du Andremendira. Hau, Baionara itzuliz, bere miseriaren beha eta baserriko ondasun-pakeak ikusirik, ganberarat joan zen eta han nigarrez, orhoitzen zen bere haurkeriez.
Nabari zaio noski, elaberri honi prediku aireñoa, euskara, herria, eta ohitura onak abandonatuz hiri hantuste eta fantesia hutsez beterikakora doan andere buru arinaren kritikan. Alabaina, dituen balioen artean ez da ttipiena narrazioaren erritmo arina, euskararen (lapurtar-basanafarrera) aberastasun eta bizitasuna, eta bidarraitarraren umore aparta.
Gure edizioan egin dugun aldaketa bakarra egun Euskaltzaindiak eman arau ortografiazkoetara makurtzea izan da, idazlearen beste berezitasun guztiak errespetu handienaz mantenduz.
Ia ezezagun eta Herria astekariaren orrialdeetan la izkutaturik zen elaberri eder honen irakurketak atsegin dagizula. Besterik ez du desio Jean Pierre Iratchet, idazle on horren bitarteko honek.
Patri Urkizu
Lezon, 1990. azaroaren l7an.
OHARRAK
(1) P. Charritton, "Bidarrai, euskara eta esukaltzaleak", Euskera, XXXIII, 2, aldia, 1988, 2, 561-567
(2) G. Garate, Euskal elaherriaren kondaira, 2 Vs, Gero, Bilbao, 1983.
(3) K. Otegi, Pertsonaia euskal nobelagintzan, Mensajero, Bilbao, 1976.
(4) J. A. Irazusta, Joañixio, Ekin, Buenos Aires, 1946
volver arriba