También disponible en Euskera: Jose Mendiague (1845-1937)
Descatalogado
(Tomado del libro). PIARRES XARRITONEN AINTZIN-SOLASA. Aitortu dut lehen ere –ikus ene Euskaltzaindian sartzeko hitzaldia, EUSKERA XXXI, Bilbo, 1986-2, 278. orrialdea– aspaldiko kontuak baditudala xuritzeko Jose Mendiague-kin eta honek 1900.ean, Buenos Aires-en argitaratu zuen ' ZAZPIAKBAT. ESKUALDUN KANTUAK" deitu kantu liburuarekin.
Kantu liburu hori bazen gure etxen, Hazparne Ehulateian –ez dakit nondik etorria– eta neguko arrats luzeetan, liburu horretarik ditugu ikasi amarekin, haurride guziek, supazterrean, gure lehen euskal kantuak. Kantu horietarik hainitzak Jose Mendiague-k sinatzen zituen eta euskaltzaletasuna maiz nabari zitzaien. Horra zergatik haurreko oroitzapen goxoenek sustatzen ninduten aspaldian beihalako kantutegiaren eta haren egilearen berri zehatzagoen bilatzera eta biltzera.
Lehenik Hazparneko bereko Mendiague-tarrak, Henri, Jean eta Odette hiru anai-arrebak bereziki, adinez hurbil bainituen, horiekin harremanetan jarri nintzen, eta jakin nuen horrela, 1930 irian, Jose Mendiague osaba xaharraren berriak izan zituztela Hazparnen, haren alaba batek Montevideo-tik ekarririk. Bestalde "Guarda" -tarrak baitziren Mendiague-tar guziak Hazpandarrentzat, jakin nuen ere, berek erranik, izaitez guarda izana zela Jose Mendiague-n aita, François Mendiague, ziburutarra, Hazparnen kokatu zen familiako lehena.
Baionako bulegoetan aski aise eskuratu ditut François Mendiague guarda ohiaren paperak, eta horrela berraurkitu haren eta haren familiaren gora-behera eta harat-honat larrienak; bainan Montevideo-ko berriekin eta berriketariekin lotzeak eman dizkit lanak: Han gaindi bizi den Justo Garate edo hemen diren Jean Haritschelhar, Peio Ospital, Michel Etcheverry eta beste adiskide asko behar ditut eskertu ene ihizi partida honetan partehartu dutelakotz gogo handiz. Eta bihotz guziaz eskerrak emaiten dizkiet denei. Bainan erran behar dut bos-pa-sei urte bederen iraun duela gure ikerketak... debaldetan. Azkenean, 1991eko urte hastapenean, Albert Chabagno, nere aspaldiko lagunari esker, harremanetan sartu naiz Martin Ospitaletche, Montevideoko jaun abokat gazte ta jakintsuarekin; harremanetan letraz eta telefonoz; bera buruz-buru, hemen gaindi, agian laster ikusteko menturan. Geroztik ilunbetarik atera naizela zait iduri; hain aspaldian igurikatzen nituen xehetasunak eta paperak eskuratu ahal izan baititut. Eskerrak Albert Chabagno-ri eta Martin Ospitaletche-ri!
Laguntza horiei esker menturatzen naiz oraikoan, ETOR argitaletxearen kondu, Aitzol-ek bere garaian sumatu zuen bezala ("Euzkadi", 1934-XII-11) gure bertsolari handienetarik izan den Jose Mendiague-n bizia eta bertsoak aurkeztera.
volver arriba