También disponible en Euskera: Kintoak
Descatalogado
PATRI URKIZUREN AITZIN-SOLASA. Hona hemen Gatz-Errota delako batek idatzitako eleberri ezezagun bat, KINTOAK, Baserritarra (1) albistarian 1904. urrian hasi eta 1908. abuztuan bukatua eta LXXXI kapituluxkatan emana.
Tamalez ez ditugu eskuratu aldizkariaren ale guztiak eta honegatik hasierako lehen bost kapitulutxoak falta zaizkigu. Ez Gipuzkoako Diputazioko liburutegian ez eta Lopez Mendizabal tolosarrarenean (2) ez ditugu aurkitu hasierako zenbakiak. Zergatik, beraz, eman Baserritarrari 1904ko jaioturtea? Donostian ere argitaratzen zen nekazarien aldizkari batek orduan eman ziolako hain zuzen ongietorria, alegia, Gipuzkoako Nekazaritza deituak, bertako arduradun zen Ignazio Nuñez de Arizmendik honelaxe baitzioen:
Il ontan azaldu zaigu errebista berri bat izena duena Baserritarra gure lagun urko On Leon Olalquiaga duela zuzendalle. Errebista au da terramako albistaria. Gañera bertzotan eta zelebrekeritan bere buru zein dan esaten duan modukua dator eta onela egiten da beraren irakurtzea edo leitzea txit atzeginezkoa (3).
Baina nor dugu Gatz-Errota delako hori?
Ez dugu aztarrenik ediren ez Jon Bilbaoren Bibliografietan ez eta Juan San Martinek (4) ematen digun ezizenen zerrendan, eta beraz, zalantzak eta dudak sartu zaizkigu egileaz. Nor ote? Istorioa hornitzen duten irudiak zinaturik daudenez gero, eta hauek Victoriano Iraolarenak izaki, berea ote Kintoak? Bestalde, bada Baserritarran sail bat Berritxuqueriac izenekoa eta Gatz-Errotak berak zinatzen duena, eta nola Gipuzkoako Nekazaritzan agertzen diren beste Berritxukeriak Ignazio Nuñez de Arizmendirenak diren, biak pertsona bat ote? Ez dirudi, grafiaren ezberdintasunari so bagagozkio. Azkenean ohartu ginen Euskal Erria aldizkaria miatuz bazela 1907. urtean Elgoibarren ospatu ziren XXVI. Euskal festen Euskal-Itz Jostaldien sarituen artean GatzErrota delako bat, eta hau Santiago Ezenarro zela, Elgoibar-ko Eleizatxoak deitu bertsoekin saritua (5).
Beraz, eta beste aztarnarik ezean hauxe joko genuke Kintoak eleberriaren egiletzat. Santiago Ezenarro, bertsoegile eta hitz-lauzko zenbait lanen idazle Baserritarra aldizkarian.
Jakina den bezala, egunoroko bizitza egunkari, astekari eta albistarietan agertzen ohi da nabarmenik, liburuetan baino areago, eta duela ehun urte ere halaxe zen. Euskal eleberrigintzaren hastapenak, Duvoisin, Elizanburu, D. Agirre eta beste zenbaiten fruituak aleka, zatika, plazaratu ziren, foiletoien gisara, eta hala gertatu zitzaion ere Kintoak gureari.
Lehen kapituluxkak falta zaizkigunez gero sarrera biziago egiten zaigu, antzinakoek zioetenaren arabera, in medias res, saltsan berehala pulunpatzen gara eta hor ikusten ditugu gure mutilak soldadoxka eginbeharrean Espainiako gudalostean eta tailatzen.
Gertakuntza ohizkoa da. Gure Sukalde, Martolo eta Pello badoaz munduan zehar, lehendabizi Cadiz alderantz, eta hemendik itsasuntziratuz Lapikozarko islara (Ez ote ariko 1898ko Cubako gerraz?). Eta halere, ez zaie gure guduegileei umorerik falta. Egoera zailetan hauxe baita salbatzaile bakarra. Hablar en cristiano (LXV) esaten dietenei gaztelaniaren trufa egitea bezalakorik ez baita. Umore beltzaren ttanttak ere ez zaizkie noizpehinka falta, Ikusi al dezute zeinen errez egiten diran itxasuan entierruak? (XXXV).
Hitz-jokotan eta hizkuntzaren ahalmenetan oinarrituriko umorea. Latina, gailegoa eta gaztelaniaren erabilera desegilean, hain zuzen. Hona bestea: Laguntzaileak erantzun zion: Sei libera solomo. Ta apaizak: Amen (XXXV).
Esan bezala foiletoiaren teknika eta egilearen noizpehinkako agertzeak ohizkoak dira. Hala kapitulu bukaeretan esaten denean: Orain ilabeteko geian esan zan bezela (XXXVIII), edota, Auberi utzi egin bear diogu orain egun batzuetan, eta beste biak, Pello ta Sukalde, jakin bear degu, nola dabiltzan, bapore Sagunton (LXIX)...
Soldadoxka egiten ari direnak, eta munduan zehar sakabanatuak dabiltzan euskaldunak eta pilotariak maiz egin izan dira elkarren lagunak, ekintza bereziarekin, umore onean, eta aitortu beharrean gaude euskal eleberri gutxirekin egin dugula hainbeste farre. Garaiko irakurleak, hau da, Etxekoak deitu bati ere gauza beratsua gertatuko zitzaion, noski, irakurgaia bukatutakoan honakoa bidali baitzuen Baserritarrara.
Gatz-Errotari
Baserritarren irakurliak daude ikusten danez Gatz- errotarik gabe, gelditu egin zizaiolako uraren faltez.
Gatzak on iten dio Baserritarrari t' uran paltik dagonik orai ez diruri. Notiborikan gabe ez egon ba geldi, negu luzian egin saio bat edo bi. Kepe aristo crático de los Duques y Marqueses por los kintos tan práctico unos txalos ya mereses (6).
Hona bada, hasieran genioen bezalaxe beste eleberri bat, mende hasieran idatzia umore onean. Irrifarre eragin dagizula eta une on batzuk igaro itzazula opa dizu prestatzaileak.
volver arriba