36
Euskal kulturaren ikuspegi orokorra XXI. mendearen hasieran
LABURPENA. Bilduma hau Euskal Herriko gaikako entziklopedia moderno bat da, mende arteko Euskal Herriko bizitza eta kultura islatzen dituena. Liburukiek, izatez monografikoak, erreferentzia ugariko testu sakonak eta ilustrazio material aberatsak uztartzen dituzte. Testuak gai bakoitzean adituak diren egileek idatzi dituzte, eta ohar zein erreferentzia bibliografikoak agertzen dituzte. Ilustrazio franko daude –grabatuak, argazkiak eta grafikoak– eta horiek gai bakoitzari doi-doi egokitzen zaizkio.
BALORAZIOA. Entziklopedia moderno honetan, deigarria da irudien ugaritasuna. Gai klasikoak jasotzen ditu, baina, horrez gain, lan hauetan hain ohikoak ez diren gaiei buruzko artikuluak eskaintzen ditu, hala nola irratia, telebista, zinea, etnografia gastronomikoa, kantu-liburuak, euskal pop musika, eta abar.
Artikulu irakurterrazak –baina beti ere aski landuak– badira, eta, horiekin batera, baita eduki kultural eta intelektual handiagokoak ere, artea, antropologia, eta abar hizpide dituztenak.
Era berean, entziklopediak irudi sorta oparo eta eguneratua eskaintzen du, asmo nagusi bati jarraiki: XX. mendearen hasierako Euskal Herriaren lekuko izatea.
.
ARGITARATZAILEAREN AURKEZPENA. Bilduma Enblematikoa gaikako entziklopedia moderno bat da.
Euskal Herria bereizten duten naturaren, gizartearen eta kulturaren ikur nagusiak jasotzen ditu. XXI. mendearen hasierako euskal kulturaren kanon bat da.
Modernitateak gaurkotasuna eskatzen du, gaur egun egina izatea, gaur egungo baliabideekin eta gaur egungo edukiekin, iragana berraztertuz eta etorkizunera zabalik, gaur egungo pentsaera lagun.
Testuen eta irudien argitasuna kulturaren ikusmolde sendo eta moderno baten zerbitzura dago. Eta, Unamunorekin bat, ezerk ez dio bilduma honen begirada ikusberari ihes egiten, gizakiarekin zerikusia duen ezer ez baita hutsala: jaten eta edaten eta jolas egiten duen gizakia da, eta lo egiten, pentsatzen eta maitatzen duena, entzuten zaiona, eta lanak irakurtzen eta ikusten zaizkiona, sakratuaz eta profanoaz, bizitzaz eta heriotzaz, hausnartzen duen gizakia. Horregatik, bilduma honek hainbat alor jorratzen ditu: kirolak, literatura, zinea, gastronomia, kantagintza herrikoia, gida turistikoa, musika, jolas herrikoiak, moda, jaiak...
Gai bakoitzean, eta liburu bakoitzean, herrikoia eta jasoa, objektiboa eta subjektiboa, historia eta oraina, hitz idatzia eta irudia uztartzen dira.
Kontsulta eta informazioa, denbora-pasa eta kontenplazioa, horra liburuok eskaini nahi dutena; liburuok, hitz batean, pertsona jantzi orok bere herriaz jakin beharreko guztia, edo etxean eskura eduki beharrekoa, eskaintzen dute.
itzuli gora