LABURPENA. Euskal Herriko herrialde bakoitza izatez ezberdinak diren bi liburukietan aztertzen da. Batak gehienbat geografia fisiko eta ekonomikoaren inguruko gaiak aztertzen ditu, eta besteak, berriz, ondare arkeologiko eta artistiko-arkitektonikoaren ingurukoak.
Herrialde bakoitzari dagokion lehen liburukian, honakoak jasotzen dira: ibaia-bailara ingurunea Euskal Herri osoan, ikuspegi geomorfologiko zein ekologikotik, eta nekazaritza, hiri eta industri erabileretarako gizakien egonleku moduan. Ur horniketa, poluzio eta saneamendu arazoak.
Lurraldearen integrazioa errepide eta treneko komunikabideen eta energi sareen bidez. Arkeologia industriala: errotak, burdinolak, zentral elektriko txikiak.
Eta herrialde bakoitzari dagokion bigarren liburukian, ostera, honakoak biltzen dira: artearen inguruko gaiei buruzko monografiak, batik bat arkitekturakoak. Ibilbide xehea, gida modukoa, ondare historiko eta artistikoan nahiz paisaiaren ondarean barrena, ahal den neurrian ibaiari lotutako inguruneen arabera banatua, eta modu horretara lurraldeka aztertua.
BALORAZIOA. Bilduma honek "Mendiak" sortarekin hasi eta "Itsasoa" izenekoarekin jarraitutako Euskal Herriari buruzko ikuspegia osatzen du. Honakoan, Euskal Herria ibaia-bailara ingurunetik abiatuta ezagutzen eta ulertzen da.
"Mendiak" bilduman ingurune horretako jarduera nagusiak agertzen ziren: artzaintza, basogintza eta baita nekazaritza ere; horrez gain, denbora-pasa joandako bisitari ugarien eragina ere nabarmentzen zen.
"Itsasoa" sortan, ingurune horretan arrantza eta merkataritza gailentzen zirela erakusten zen. Marinel-historiari arreta berezia eskaintzen zitzaion, eta hondartzen erabilera nahiz kirol-nabigazioa azpimarratzen ziren aisialdiko jarduera gisa.
"Ibaiak eta Haranak" bilduman, nekazaritza eta industri jarduerak zein hiriko bizimodua nabarmendu ziren ingurune horietako alderdi azpimarragarrienak bezala. Aipatu erreferentziez gain, bisitariari informazioa gida artistiko moduan –batik bat arkitektonikoa– erabiltzeko argibideak eskaintzen zaizkio.
.
AURKEZPENA. "Ibaiak eta Haranak" bilduma "Mendiak" eta "Itsasoa" izenekoen osagarri da, eta hiruok, elkarrekin, Euskal Herriko ingurune guztiak hartzen dituen osotasun bat moldatzen dute. Gai nagusia Euskal Herriko ingurunea da, entziklopedia moduan paratua.
"Mendiak" sortak ingurune hori aztertzen du, eta, bereziki, artzaintzaren esparru ekonomiko eta kulturala. Mendia, gainera, aisialdirako gure gune nagusia da.
"Itsasoa" bildumak kostaldea eta itsasoa bera ditu hizpide. Eremu horietan arrantzaren jarduera harrapari handia burutzen da; kostaldetik eta itsasotik, ozeanoa bide, Euskal Herria munduarekin harremanetan jartzen da, gaur egungo merkataritzako jarduerak eta gure oroimen historikoak berak erakusten dutenez. Itsasoa, bestalde, aisialdirako gune garrantzitsua da, gaur egun eta etorkizunera begira.
"Ibaiak eta Haranak" sortan Euskal Herriko eremu guztiak barne hartzen dira. Izan ere, ura-malda binomioan ingurune guztiak sartzen dira. Ura, oro bustitzen duelarik eta plano inklinatuetatik lerratzen eta sartzen delarik, paisaiaren modelatzaile nagusia da, eta ingurunearen erabilerak baldintzatzen dituen eragilerik behinena. Era berean, ingurunearen irudi orokor adierazgarria taxutzen eta iradokitzen du, espazioa emarien euskarri gisa –fluxu horiek, finean, energetikoak dira– ulertzen laguntzen diguna. Ura, "giltzarri hidrikoa", zibilizazio eta kulturaren iturri da.
Beraz, "Ibaiak eta Haranak" bildumaren hizpideak ura, ibaia, bailara, nekazaritza eta industri nahiz hiri erabilerak, ibaia bera eta hark hartzen dituen eremuak dira. Halaber, bideak, komunikabideak, eta orotariko emari sareak ditu aztergai, ingurunearen integraziorako osagai garrantzitsuak diren heinean. Bildumaren funtsa, gida eta oinarri moduan dagoen ideia nagusia, honakoa da: espazioa emarien eta harremanen euskarri nagusia dela. Eta hori da, hain zuzen ere, gure espazioa irudikatzeko, hura ezagutu, pentsatu eta imajinatzeko, "Ibaiak eta Haranak" sortak aurkezten den kultur proposamena.
itzuli gora