Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Bilduma Euskal Herriko geografia

8


Irakurri aurkezpena

Aurkezpena

LABURPENA. Bilduma hau Euskal Herriko geografiaren tratatu bat da. Alor ezberdinetako EHUko Geografia Departamentuko irakasle adituek idatzia da.

8 liburukiz osatutako bilduma, gai bakoitzari dagozkion koadro, grafiko eta argazkiekin ilustratua.

Lanaren argitalpenak EHUko Geografia Departamentuko irakasleen kolaborazioa du berme. Obra moldatzerakoan, argitaratzeko unean ziren irizpide zientifiko eta teknika berrienak jarraitu dira.

.

AURKEZPENA (Guillermo Meaza Rodríguez eta Eugenio Ruiz Urrestarazu. Obraren zuzendari eta koordinatzaileak). Hainbat urte joan zaigu Euskal Herriko Unibertsitatearen Geografia Sailean Euskal Herriko Geografia bat prestatzeko ideia sortu zenetik. Denborak aurrera egin ahala, ideia hura proiektu bihurtu zen, eta «Euskal Herria bere Paisajeetan. Zeiharrezko Aire-argazkien Interpretazio Geografikoa» obraren argitalpena izan zuen estraineko emaitza. Hauxe izan da, gainera, irakurleak eskuartean duen Geografia honen aurkezpen gisako alea.

Argitalpen-proiektu honek asmo zabalak ditu, ezbairik gabe, gure herri honetan zientzi eta pedagogi arloetan dagoen hutsune nabarmenetako bat bete nahi baitu. Gure inguruaren ezagutza gaurkotua eskaini nahi digu, bai lurraldeari bai giza ingurune eta ingurune fisikoari dagokienean, zenbait aletan eratuta honako eduki hauen arabera:

- «Inguru natural abiotikoa: erliebea, klima eta urak». Lurralde-esparrua aurkeztu eta Euskal Herriari buruzko geografi azterketen aurrekariak iraizean analizatu ondoren, erliebe, klima eta uren azterketari ekiten zaio. Alderdi hauetako lehenak egitura, litologi eta modelatu-alderdiak hartzen ditu, zona osoa artikulatzen duten unitate handien definizioarekin jarraituz. Klimari buruzko azterketak faktore baldintzatzaileen eginkizuna interpretatzen du, elementuen analisia burutzen eta klima-lurraldeen sailkapen eta definizioari heltzen dio; azkenean, Klimatologia historikoarekin zerikusia duten alderdiei ekiten zaie. Ale honen amaiera uren analisiak ematen digu, hala kontinental, azaleko eta lurrazpikoenak nola itsasokoenak.

- «Inguru natural biotikoa: lurzoruak, landaredia eta fauna». Lurzoruen, landarediaren eta faunaren ezaugarriak eta espazio-banaketa aztertzen dira, sistemako beste elementuekiko elkarrekintzan diharduen unitate integratutzat harturik betiere. Parte hartzen duten faktoreak zehaztu ondoren, lurralde biogeografiko nagusiak mugatzen dira, erabilera eta interes naturalistikoari eta, hala egokituz gero, paisaje biotikoaren unitateen babesari buruzko azken kontsiderazio bat emanez. Ale honen bukaeran Geografia fisikoaren eta Giza geografiaren arteko zubi moduko atal bat dugu, zeinean euskal lurraldeko inguru naturalak giza iharduerarekiko ageri dituen potentzialitate eta mugak gaingiroki aipatzen diren.

- «Populazioa eta hiri-sistema». Demografiaren alderdi desberdinek, bai banaketak bai joera nagusiek, azken aldi honetan izan duten bilakaera argitu ondoren, populazioaren ezaugarrien zehaztapenera jotzen du testuak, iharduera ekonomikoen eta berauen dinamika natural zein espazialaren aipamen berezia eginez. Biztanleria hau maila desberdineko kokalekuetan banatzen da lurraldean zehar, eta kokaleku horien zergatia argitzea da, hain zuzen ere, liburuaren bigarren zatiaren xedea. Orrietan zehar populazio-guneek hiri eta herri sare hierarkizatu bat nola eratzen duten azaltzen da, bere azpisistema guztiez, lehenagotik izandako bilakaerak eta duten oinarri ekonomiak banakatu baititu.

- «Landa eta industri espazioak». Euskal lurraldeko produkzio-espazioen artean, landari dagokiona ikuspegi orokor batetik aztertzen da, nekazaritzaren ohiko iharduerak eta paisajeen itxura, esangura eta egituraketa aldarazten duten berriak bilduz. Bere aldetik, industri herentziak eta tradizioak Euskal Herriko hainbat area bereiztea ahalbidetzen dute. Jarauntsitako elementu hauei beste batzuk gehitu behar zaizkie gaur egun, produkzio-birmoldaketa batetik eta doiketa eta sustapenerako politika publikoak bestetik, industri egitura aldarazi baitute, honen kokatze-arauekin batera, Europako Merkatu Bakarrarekin eta nazioarteko konkurrentziarekin harreman estuan.

- «Hiriak eta zerbitzuak». Aurreko ale batean hiri-sistema aztertzen den bitartean, oraingo honetan barne-ikuspegitik azter-tzen dira hiriak, beren muinetik bertatik alegia. Barne-egitura analizatzen da, egitura hau baldintzatzen duten faktoreekin eta etorkizuneko joerekin batera. Hiri garrantzitsuenetako hiri-sek-tore desberdinetan zeharreko ibilbidea egiten da, historia baten eta planeamendu zehatz baten emaitza diren morfologia eta eginkizun desberdinetatik zehar. Hiri-eremuekin estuki loturik, zerbitzu-mota desberdinen ezaugarriak eta zerbitzuok kokatzeko ereduak argitzen dira. Lur, aire zein itsasotiko garraio eta komunikazio-sareen deskripzioak eta eginkizunek ixten dute ale hau.

- «Lurralde-eredua eta ordenazioa». Euskal Herriko lurraldean elkarren ondoan ematen diren lurralde-ereduen tipologiaren sintesi bat da neurri batean. Elementu geografikoen kokapenak, eta berauen artean ematen diren harremanek, espazio bakoitza definitzen duen lurralde-egitura bat itxuratzen dute. Lurraldearen ordenaziorako politikak eta ekintzak, egituraketa horretan eragiten duten izaera geografikoko eragile bat dira, maila desberdinetan ematen den banaketa politiko-administratiboa bezalaxe. Obra honen amaierak, Euskal Herriak Europan eta lurralde zabal hori egituratzen duten ardatz nagusien testuinguruan kokaturik duen eginkizun geografikoaren argibidea ematen digu.

- «Euskal Herriko Atlasa». Obra honen azkeneko dokumentua. Bertan biltzen dira, eskala desberdinetan, aztergai dugun lurraldeari buruzko informazio kartografikoa -orokorra eta tematikoa-, grafiko eta testuetan oinarriturik.

Obra honen prestaketan ikertzaile eta aditu talde zabal bat aritu da, Euskal Herrikoak eta kanpokoak izan direlarik bertan, baina guztiak ere, zalantzarik gabe, gure errealitate geografikoaren ezaguera sakona dutenak izan dira. Guzti-guztiei gure eskerrona agertu nahi diegu, eta baita lan itzel hau behar bezala burutzen lagundu duen pertsona eta erakunde orori ere.

Talde-lan orotan legez, medioaren pertzeptzio eta espezializazio desberdinak dituzten pertsonak bildu dira, eta ondorioz interpretazio eta estilo aniztasuna nabarmen-nabarmena da. Ez da, ez horixe, horretatik inolako kalterik sortu, oso bestela baizik, ikuspegi eta eskema operatiboen tipologia aberastean errealitate geografikoa forma anitzez ikusteko aukera ematen baitio irakurleari. Eta gauzak horrela ikusiz, proiektuaren zuzendaritza eta koordinazioa beregain hartu duten pertsonek ez dute aukera hori galarazi, inondik ere, egileen autonomia zeharo errespetatu baizik.

Amaitzeko, orain aurkezten ari garen obra hau adituari zein publiko orokorrari baliogarri gertatzea nahi dugula esatea besterik ez zaigu falta; poz berezia hartuko dugu irakaskuntzan, bere maila desberdinetan, erabiltzeko modukoa gertatzen bada, euskal lurraldearen giza errealitate eta errealitate fisiko konplexua argi eta garbi erakusteko bide egokia baita.

itzuli gora

Bidali orri hau lagun bati

Erosi 8 bilduma hau

Prezioa: 696€

Erosi

(Ordaintzeko eta bidaltzeko era)

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003