Euskeran ere aukera duzu: Historia del Arte Vasco
Prezioa: 90 € Erosi
Juan Plazaola (lehenengo tomotik jasota)
Oker ez banago, Euskal Herriko artearen (arte plastikoak, esan nahi dut) bibliografiak ez dauka bere baitan oraindik bere historia osoa eskuliburu bakar batetan laburbildu dezakeen lanik. Baditu, bai, Euskal Herriko artearen ondoz ondoko aldi historikoak nolabaiteko egokitasunez estali nahi dituen taldelanak, garai ezberdin bakoitzean adituak diren historialari batzuen elkarlanaren bitarteko, nahiz eta era honetako elkarlanek nahitaezko metodo eta sentiberatasun desberdintasunak berezo dituzten mugak azaltzen diren. Baieztapen honek,orrialde hauen egilea, bere irakurleei, unibertsitateko ikasleak izan, nahiz arte gaietan zaletuak edo eta herri honek kulturaren maitale soilak izan, ikuspegi panoramikoa eskaintzearen saiakera ausarditsua zuritzera behartzen du.
Liburu honen jatorrizko arrazoia oso xumea da: Egileak idazteko garaia iritsi dela uste izatearena da, alegia. Eraikin baten oinarriak jarriak daudela ikustean, zaila da eraikitzen hasteko tentaldiari eusten. Eta Euskal Artearen Historia baten oinarriak jarriak daude. Irakaskuntzan eta ikerkuntzan adituak direnen artean asko dira, alorreko ikerketetan saiakerekin, agirien bila ibiltzearekin, beren hausnarketa aztertzaile eta laburpenekin eta beroien argitalpenekin, euskal arte historiaren prestaketan parte hartu dutenak. Aldez aurretik esan beharko litzateke, kronologiari gagozkiolarik, prehistoriaren oinarriak jarriak zeudela XX. mende inguruko gure arkeologo eta antropologoen eskutik.
Baina, XX. mendeko 70 eko hamarkadaz geroztik euskal lau hiriburuetan Unibertsitate eta Arte Ederren Eskolak sortzea izan zen, Euskal Herriko artearen muina zenaren laburpen bati bederen, forma bat eman ziona. Doktore-tesiak egiteak eta beren argitaratzeak, arte munduko zenbait alderdi tekniko eta geografikoetan trebatutako aldizkarietan azaldutako lanekin batera, izugarri areagotu zuten gure ezagutzaren alorra eta ikasle gazte askoren langintza honen diziplina saiakeran murgiltzeko gosea esnatu zuten.
Esan bezala, Goi-mailako Ikasketen delako guneak kokatu zirenetik, gure prehistoriaren ikerketa metodologiko eta guztiz zientifikorako oinarriak jarriak ziren. Ikertzaile talde sonatua osatzen zuen hirukote honek –T. De Aranzadi, Joxe Migel Barandiaran eta E.Eguren- aurretik eginiko halako lanaren ondoren, hauen ikasle izandako Jesus Altuna eta Joan M. Apellanizek jarraitu zuten gogo biziz. Laster, maisu bilakaturik, ikerketarako gero eta talde gehiago bultzatu zituzten, prehistoriako ikerketen alorrean jada ezagunak egin zaizkigun ikerlarien izenak agertzen zirelarik: L. Peña Basurto, A. Llanos, J.J. Vegas Aranburu, Amalia Baldeón, T.Andres Perez, S. Corchon, Patricia Caprile, eta abar.
Baina, arkeologia alde batera utziz, artearen benetako historian sartzen saiatzen bagara, XX. mendean, sortu ahal zitekeen “euskal eskola” baten inguruan soinu asko egiten zen une batetan, arte modernoaren gaien aldizkarietako kroniken holako garrantzi berriaren ondoan, profesional gutxi ziren, gure ondare zahar artistikoarekiko zaletasun beroak artxiboetako pergaminoen hautsak astintzera bultzatuko zituenak. Hain zuzen ere, horregatik izan behar dute bereziki estimatuak ikertzaile: Felix Lopez del Vallado, Fidel Fita, Julio Altadill, Tomas Biurrun, Francisco Sesmero, J. Ybarra eta Berge eta beste hainbat gehiagoren lanak. Osasuntsu zahartu diren lanak baitira. Gure udal artxibategi asko, bertan behera utziak izateak, beren hondamenak eta askoren desagertzeak, saritan ikertzaile txalotu hauek, agirietan oinarritutako frogen hautaketa eta epaietan baino estatikazko sena eta hezitako sentiberatasun batetan gehiago oinarritzera behartzen zituzten.
Euskal Artearen Historiako bibliografiaren egoera modu deigarri batetan handiagotu eta argitu da, unibertsitateak eta Arte Ederretako eskolek ikerketa jardueran erritmo normala iritsi zutenetik. Gaur egun ehunka dira, bai ertilari, lan, estilo eta gure iraganeko artearen altxorrari dagozkion alderdiez burutu eta burutzen ari diren doktore tesiak
Gure antzinako historiari dagokionez, biltzarrek, taldeko lanek, doktore tesiek eta liburu eta aldizkari berezituetako argitalpenek jada uzta ona emana dute, Blas Taracena, J. M. Blazquez, eta abarren merezimendu handiko lanen ondoren Mª Anjeles Mezquiriz, J. Rodriguez Solis, Ignacio Barandiaran, Juan Carlos Elorza, Amalia Baldeon, J. L. Tobie, Milagros Esteban, A. Llanos, Eliseo Gil Zubillaga, I. Filloy Nieva, A. Iriarte, J. C. Labeaga eta abarren ekarpenak iritsi ziren. Eta lan hauen bidez, antzinako Baskoien lur honetan arte jarduerak izan zuen ustekabeko hedadura eta bazterreratzekoa ez den kalitatea egiaztatu ahal izan da.
Era berean, mende ilunen zeruertz historikoa, bisigodo, asturiano eta merobingio erreinuen artean hesitutako Baskonia batentzat Kristautasunaren argia pixkanaka egunsenti izaten hasi zena, Agustin Azkarate, J. Alberto Monreal Jimero, J. J. Sayas Abengoetxea, Latxaga, eta beste aditu askoren sakonera handiko ikerlanei esker izan da argitua.
Erdi Aroko arteari dagokionez, Araban Micaela Portilla eta S. Andres Ordax, Nafarroan Concepción Garcia Gainza, Bizkaian J. Anjel Barrio Loza, eta Gipuzkoan Mª Asunción Arrazola eta Manuel de Lekuona egileak benetako eskola sortzailetzat har ditzakegu, eta honek ez du esan nahi beren maisu lana Erdi Aroari buruzkoa bakarrik izan denik, izan ere, beraienak dira goi mailako beste Errenazimendu eta Barrokoari buruzko ikerlanak ere. Zorionez, beren lana eskuzabalez bultzatua izan da Araban, J. Martinez Marigorta, Dulce Ocón Alonso, Lucia Lahoz, J. M. Gonzalez de Zarate, J.J. López de Ocáriz, Ruiz de Loizaga, G. López de Gereñu; Bizkaian, Kosme Mª de Barañano, J.Gonzaléz de Durana, A. Santana Ezkerra, Agustin Gómez Gómez; eta Gipuzkoan, J.Erentxun, L.P. Peña Santiago, I. Zumalde, Juan San Martín, Edorta Kortadi eta beste zenbait egileren lan eta argitalpeni esker. Nafar Erreinu zaharrari dagokionez, Erdi Aroko arteaz bereziki jantzia dena, Iñiguez Almech eta J. Esteban Urangaren bost liburukik osatzen duten Nafarroako Erdi Aroko Arteari buruzko funtsezko lanak, ondoz ondoko ikertzaile ugari aurkitu du, hara non, J.M. Jimeno Jurio, M.C. Lacarra Ducay, Clara Fernandez Ladreda, J. Martinez de Aguirre, Soledad Silva y Verastegi, Mercedes de Orbe Silvatte, M. Molero Moneo, eta abar.
Garai modernoetan sartzean ikertzaileen zerrenda biderkatu egiten da. Eta aipaturiko talde buruzagien ( C.Garcia Gainza, M. Portilla eta J. A. Barrio Loza) ondoan gogoratu beharrezkoak dira Errenazimendu eta Barrokoko gure ondare artistiko zati handi bat estaltzen zuen ilunpea argitzen lagundu duten eta ezagunak zaizkigun P. L. Etxeberria Goñi, J. Velez Chaurri, Mª Isabel Astiazarain, J. Manuel Gonzalez Cembellín, A. Santana Ezquerra, Ignacio Cendoya eta Julen Zorrozuaren izenak.
Azken mendean sartuz gero, euskal arte garaikideari buruzko ikerketak zenbat jendek egin eta argitaratu duen aipatzea bera ere ezinezkoa gertatzen da. Multzoa handia da, eta ia denak monografiko modukoak. Biografi ikerketak, lanen azterketak, ohar kritikoak, erakusketa katalogoak, baina baita, gure garaiko euskal artista ezagunenei buruzko doktore tesiak ere ugari dira.
Aipatu ditudan egileek argitaratutako lanen ondoan, badugu gaur, Eusko Ikaskuntzak ( Agustin Gómez Gómez, Luzia Lahoz, Arantza Cuesta, Pedro Pérez, Raquel Sáenz, Rosa Martín Vaquero eta bereziki, Julen Zorrozuaren lankidetzarekin) bultzatutako bibliografi bildumez osaturiko tresna preziatu bat, eta baita, gure lurralde eta elizbarrutiko ondare artistikoaren katalogoak ere, erakunde publiko nahiz pribatuek babestutakoak: orain arte ergitaratutakoetan, Nafarroako Monumentuen Katalogoko bederatzi liburukiak eta Arabako zortziak; hauei, Euskadiko Monumentuen Katalogoak erantsi behar zaizkie, bereziki hiru lurraldeetako bakoitzari eskainitakoak, baita Nafarroako Arteari zuzendutako sortak eta abar eta abar ere.
Uste osoa izanik, sarritan, aspaldiko arte lanak gorputz mutuak izan ohi direla, beren garaiko gizon emakumeen historiak bizierazten eta hitz eginerazten ez badiete, kapitulu bakoitzean, aipatutako lanak ingurune sozio-politiko baten inguruan kokatzen saiatu naiz. Gai honetan, asko izan dira beren lanekin lagundu didaten historialariak, azken berrogeita hamar urte hauetan Euskal Herriko Historia orokorrak ere bultzada eta garapen bereziak ezagutu baititu. Ezin hemen gogoratu gabe utzi, ospetsuak diren Euskal Herriaren historialariak, hara non, J.M. Lacarra, L. Vázquez de Parga, A. Mañaricua, J. Goñi Gaztanbide, Adrian de Lizarralde, Jose Anjel García de Cortázar, Pierre Narbaitz, J. Zabalo Zabalegi, J. M. Jimeno Jurio, Jose Luis Orella Unzue, Ignazio Arozena, M. Goyenetxe, Beatriz Arizaga, Rosa Ayerbe, Elena Barrena, eta abar. Aurrekoen antzera, ia bukaezina izan daitekeen zerrenda honek erakusten du zein libre zegoen bidea laburpen lan bat saiakera egiteko prest egon zitekeenarentzat.
Sentitzen dut eta barkamena eskatzen, gure historiaren eta ondare artistikoaren ezagutza ugariagoa eta zehatzagoa den kultur lanbide honetan partaide izan diren egileen zerrenda bat aurkezten saiatzean, zalantzarik gabe, aipatzeke utzi ditudanei. Baina saiatu beharra neukan jendaurrean eta argiro eskertzen, Euskal Artearen Historiaren Laburbildura apala izan nahi duen lan hau, jakin gabean agian, burutzen saiatu direnak.
SARRERA
Badira jada hogei urte, Euskal Herriko arteari buruzko elkarlan bati hitzaurrea egiten ari nintzaiola, arte eta euskal bi hitz hauek elkartzeak zentzurik ba ote zuen galdegiten niola nire buruari.
Gure herriko artearen historiaren lehen saiakera haren ondoren ez dira gutxi, galdera bera, nahiko aurrez aurre eginaz azaldu diren liburu eta aldizkariak. Ondorioa etsiarazlea izan da beti. Puntu honetan nahiz beste askotan euskaldunak iritzi berekoak izatea, iritsi ezinezkoa dela onartu behar da.
Oraintsu arte euskal artearen historiaren kontzeptua arraza ideiaren abiapuntutik osatu behar zela pentsatzen zuenik ez da falta izan. Etniazko deituriko eragileak, euskal izaera ikertu, aztertu eta definitzerakoan erabakitzaileak izan behar zuten. Euskal artisten arrazaren eraginari buruz, mende honen lehen hamarkadatan Juan de la Encina, Carmelo de Etxegarai, Tomas de Elorrieta .... bezalako idazle serioek hitz egin zuten. Etniaren nagusitasuna giroan arnasten zen garaiak ziren, nahiz eta germaniar nazismoaren amets gaitzesgarriak bazkatuko zituen arraza desberdintasunei buruzko Gobineau Kondearen ikusmolde fundamentalistak onartzen ez baziren ere.
Baina, argi dago arraza baten osagaietan, badenaren, izango denaren edo gizonak egingo duenaren arrazoi, froga edo interpretapenak, metodologikoki hutsean salto egitea suposatzen duela. Arraza kontzeptua argi eta garbi defini badaiteke, iluntasunaren eta nahasmenduaren arriskua nahi ta nahiez sortzen da, historiari eta zehazkiago euskal herriaren historiari atxikiz zentzu zehatz bat eman nahi zaionean. Horrela ulertu ahal izateko, aski da prehistoriatik hasi eta piriniar eskualdean bertako biztanleek bat bestearen atzetik nozitutako akulturatzeen ezaguera oinarrizko bat izatea. Ez da erraza, kanporik zetorren herri uhinen aurrean gure geografiako eskualde bakoitzean etnia sinbiosiak zein mailatako indarra iritsi zuen mugatzea. Egia da behintzat, oso desberdina izan zela gure herriko zenbait ibarretan. Erantsi diezazkiogun oraintsu arte gure biztanleriak ezagutu dituen inmigrazioak, eta ezin zehaztua gertatuko zaigu arraza hitzak gure kasu honetan adierazi dezakeena. Ondorioz, delako printzipio horrek gure saiakera historikoaren alorra mugatzeko ez digu balio.
Bestalde, nabarmena da euskal izenlagunak mugatzen duen zehaztapena ez dela homologarria espainiar artearen historia edo italiar artearen esanahia irakurtzen dugun harekin. Edozein irakurlerentzat delako izenlagunek gaur estatu edo elkarte politikoek okupatutako Espainia edo Italia deituriko herrialdeen erreferentzi argi eta zehatza dute. Eztabaidagarria iruditu dakiguke, baina hor dago jazoera: espainiarrik ez da harritzen ARS HISPANIAE sailak bisigodoen arteari kapitulu bat eskaintzean; eta Milango edo Siziliako unibertsitateko edozein ikasleri bistakoa deritzo Andre Chantel-ek bere Italiako Artean Ravennako bizantziar arteari buruzko kapitulu bat sartzea. Onar dezagun, irizpide “politiko” hori hartzeak ez badu oztoporik aipatutako adibideetan, baina delako jarrera hau gure tokian askoz onargaitzagoa izango litzateke. Arrazoi politikoetan oinarritzeak ez luke zentzurik – bai gertakari bezala, eskubide bezala, nahiz borondatezko gurariak bezala erabili- jakina den bezala, behin besterik koroa bakar baten (Nafarroako Santxo Handiaren) menpean elkarturik egon ez ziren lurraldeetako artearen azterketa bateratu batek.
Zenbaiti atsegin zaion bezala, proposa genezake ( entzumen modernoari gustagarriago gerta dakion) etnia kontzeptua kulturarenarekin barneratzea edo baita identifikatzea ere. Hain zuzen ere, sarritan hitz egiten da etniko-kulturalaz, Euskal Herriko erroak, jatorria, garapena eta gizon emakumeak ukitzen dituzten zentzu guztiak aztertzeko orduan kontuan eduki beharrezko osagai bezala. Helburu honekin neurtu izan da, herri baten kultur nortasun baten ikuspunturik, berezko hizkuntza baten jabe izateak duen garrantzia, bereziki euskara bezalako hizkuntza hain desberdina denean. Baina, aztergai honen ikuspuntua ere ezin daiteke aurrera atera oztopo sendorik gabe. Gure inkestatik kanpo utzi beharko al genituzke “lingua navarrorum” ohoragarria dagoeneko hitz egiten ez den geografi eskualde haiek? Iraganera begiratzen badugu, hain zuzen ere, artearen “historia” egin nahi genukeenez, historia bera da euskaldunen herriaren mugak ere, etengabeki atzera eginaz, mugikorrak izan direla erakusten diguna. Aragoien, Errioxan eta Gaztelan, filologoek kontu handiz bildu eta aztertzen dituzten euskal izenak aurkituz joan da toponimia, itsasoak, milurtetako atzera egitean gure estuarioetan utziz joan den iktiolito eta numulito horiekin paleontologoak egiten duten bezala.
Zailtasunak gehitu igiten dira kultura kontzeptua errealitate hain zehatza den euskal hizkuntza horretara mugatzen ez bada, eta zenbaitzuk euskal nortasuna deituriko horren euskal kulturaren osagai erabakitzailea izatea nahi bada. Ezin ukatu baitaiteke kultura –edozein herri historikoren kultura- bera dela historia, hau da, mugimendu eta aldaketa.
Astakeria litzateke euskal izaera betiereko esentzia eta ia platoniko bezala hartzea. Zeren, gizonak, zioen Ortegak, Dilthley-ri jarraituz, “ez du izaerarik, daukana historia da; zeren historia izate baten, osagaiez, erabatekotasunez, mugimendu eta aldaketa” den izaera bat da. Voltaire bera ere horretaz konturatzen hasi zen, historialariaren egitekoari buruzko bere hausnarketetan, kontseilu ematen ziolarik, gertaera txikien pasadizozko alderdiak alde batera utzi eta hel zekiola ohiturak eta mugimendu politiko, sozial eta ekonomiko handiak aztertzeari, baina beti ere fenomeno dinamikoak bezala begiztatuz: “Les changements danz les moeurs et dans les lois seront enfin son grand projet”.
Etniko-kulturala irizpidea, Juan de la Encinak defendatzen zuen bezala, zentzu oso zehatz batetan hartzen bada, eta batez ere, herri baten kultura osagai dinamikoen multzo bat bezala ulertzen bada, historialariarentzat oso emankor eta azken batean, estimulagarri izan daitekeela uste dut, garai bakoitzean euskal artearen ezaugarrien trazuak arrotzen saiatzea. Erromaniko artea eta gotiko artea gizarte kristauren adierazpide bezala, bere ideologia, bere kultura eta mende jakinetako bere historiaren baldintza sozio-ekonomiko bezala ikasi badugu, a priori ez da ikusten inolako arrazoirik trazu jakin batzuetako komunitate izaera mende luzeetan erakutsi duten giza taldeen arte historia baliogabetzeko. Herri baten benetako arte historia egiteak, gutxi edo gehiago iraunkorrak eta sakonak diren, beti historikoak izan behar badute ere, bere ezaugarrien bata bestearekiko zentzua argitzea eskatzen du, bizitzako beste alorretan kanporatzen direnak: familiako ohituretan, bere gizarteko ohituretan, bere erlijiozko ohituretan, politikoki bere burua gobernatzeko eran, eta abar, beti ere, herri guztietako kulturaren izaera aldakorra, ukaezina bezala onartuz.
Artearen historialari batentzat, gai honi heltzerakoan, arazorik gutxiena duen metodologia jarrera, lanaren esparrua zehaztea izaten da, geografiak eskaintzen dion errealitate saihestezin eta aldaezinean finkatzen baita. Euskal artearen baliokidea Euskal Herriko artea edo Artea Euskal Herrian litzateke. Hain zuzen ere, Herri hitzak erreferentzia topologikoa, in recto tartekatzen duela dirudi. Euskal artea, zentzu honetan, gaur Euskal Herri deitzen diogunaren mugen barruan historikoki egiten edo kokatzen denari deitu diezaiokegu. Zehaztapen honek, lehen begirada batetan, kalterik gutxiena dakarrena eta politikoki berotasun txikiena pizten duena iruditu arren, ez du kontzeptuetan aho bateko adostasunik eskaintzen, mendeetan zehar, lur hauetako mugak eta askok Euskal Herria deitzen diogun jende taldeak, beti berak ez direla izan kontuan hartzen bada.
Halaz ere, arazorik gutxiena eskain dezakeela dirudien metodo honen aplikapenean ere ez dugu fundamentalistak izan nahi. Baliagarri deritzogu, kulturalista irizpide hau erabat ez baztertzea, beti ere, euskal kultura eta identitatea kontzeptuak ez mitifikatzearen aldera. Claudio Sánchez Albornoz historialaria euskal herriari buruz ari zen, hain zuzen ere, honako hau idatzi zuenean, “ herrien idiosinkrasia, mendera ezinezko tenperamentoa, zeinarengandik sortzen diren bere joera eta ohitura nagusiak ia batere aldatu gabe irauten dute, aldien aldaketa sakonetan zehar; eta txinpart bat aski izaten da, erabat itzali gabeko suteak bizteko. Aski izaten da historian, herri batetan lehendik emanak izan diren antzeko gertakariak sortzea, bere nolakotasun, sena, zaletasun eta ohitura zaharrak esnatuak izan daitezen”.
Sánchez Albornoz bera bezala, nazionalista izaera leporatu ezin dakiekeen arte historialariak, izatez ez baitira euskaldunak ere, “euskal gotikoaz” hitz egiten dutenean, edozein ikerlari zintzok, XVI. mendearen bigarren erdialdeko arkitekturaren “euskal era” hori bereizten duten ezaugarrien interpretapen bat emateko tentazioak izango ditu, arrazoizko tentazioak gainera. Arte kritikariak XX, mende hasieran “euskal pintura” batetaz hizketan hasten direnean, eta ez kontraesanik gabe, edo 50.eko hamarkadan, gure lurreko eskultore taldea nazioarteko estimuaren eszenaurrera irten eta “euskal eskolaren” bere proiektua aldarrikatzen ikustean, bistakoa da historialariak gertakari hauei arretaz begiratu eta arrazoi objetiboak aztertu nahi dituela eta ez esanahi handirik gabeko gertakari modura gutxiestea.
Jakinaren gainean gaude, gure iragan historikoaren arte emaitzetan euskalduntzat har daitekeena finkatuko lukeen trazuen bilaketan, zuhurtasun handiz ibili behar dela. Lehenik eta behin trazuen ( tekniko, estilistiko edo edukierazko) elkarrekikotasunik baden baieztatu beharko litzateke. Bigarrenez, frogatu egin beharko litzateke (batez ere denborazko tarteak jarduera soziak urri bat eskaintzen duenean alderaketak egiteko elementuan artean) trazu horiek objetiboki zehatzak eta behar adinako iraupenezkoak ote diren; eta azkenik, inkesta, delako trazu estetikoen eta garai bereko euskal kulturaren beste ezaugarrien arteko ahaidetze semantikoa ikusiz egin beharko litzateke.
Jarrera guztiz zientifiko batek bultzatu zituen gure antropologo Juan Mª Apellaniz eta Jesus Altuna, madeleiniar animalien kontaketa sail handiaren barruan, Ekaingo zaldi bikainen trazu bereizgarriak begiratu eta azpimarratzera. Baina ezer gutxitarako ditugu beren ondorioak euskal plastikaren ezaugarriak ematerakoan, zeren badirudi Eneolito garaira arte ez zela osatu gerora euskal gizona deituko zen biologia mota ere.
Iritsiko ote gara – galdegiten nion neure buruari orain urte batzuk- Gastiaingo hilarrian, Berdungo zeramika arruntetan, edo Iruñeako karolingio nekropolietako orratzetan euskal hatsa sumatzera? Gaur gaurkoz erantzuna ezezkoan dago. Baina horregatik ez da bidegabekoa gure galdera.
Euskal ikonografian sumatu dira – gure kutxatan, ateburuetan, inpostetan edo bataiarrietan ikus daitezkeenak- badirela irmotasunez azaltzen diren zenbait irudi figuratibo eta geometrikoak. Baina, marrazkiak Euskal Herritik oso urruti dauden beste alderdietan ere azaltzen dira eta arketipo unibertsalei erantzuten diela esan daiteke. Bereizi ote daitezke beraz, irudi horietan bertan, euskal eskulangileak delako diseinuei ematen zien ñabardura edo berezitasunik? Litekeena da, baiezko erantzun bat indar subjektibo batek eragindakoa izatea eta ez adierazpen kritiko bategatik.
Garai historiko zehatzetako artearen aurrean, historialariari tankera honetako galderak gero eta premiazkoagoak iruditu dakizkioke, eta testuinguru historiko zehatz bati buruz bildu daitekeen agiri idatziak zenbat eta ugariagoak izan, orduan eta premiazkoagoak. VIII-IX. mendeen abagunean, Liebanako Dohatsua deritzan monjeak Apokalipsiko bere ikuskariei eite harrigarria ematen zien, estilo bat sortuz – idatzi, eite eta margo-, zenbait mendeetan Sartalde kristau osoko Dohatsu sonatuen artean zabalduak izango zirenak. Euskal historialari batek jakin nahiko lukeena da, bi mende beranduago bere patrikatik eta euskal jatorrikoa izan zitekeenetik zer jarri zuen beste monje batek Saint Sever sur-l`Adour santutegi sonatuko idazmahaian eskuidatzi ospetsua kopiatzean, bere miniatura zoragarriak “Stephanus Garcia Placidus” izenez izenpetuz, edo baita euskararen eta gaztelerako erromantzeen arragoa izan zen Donemiliaga Kukula errioxar santutegian gorderiko eskuidatzien marrazkilariak zer jarri zuen.
Euskaldunak al ziren, Santxo Handiaren ondorengoek, XI.mende erdian Loarrera, gazteluko elizaren kupula zoragarria eraikitzera eraman zituzten harginak? Euskalduna al zen, “San Juan de la Peñako Maisua” edo “Iruñako Klaustroko Maisua”? eta hala baziren, beren euskaldun sentiberatasunetik geratu al zen ezer arku haien lerroetan eta kapiteletako fauna eta floran harrapatuta? Horregatik, derrigorrezko galdera bat datorkigu gogora: Zientzia gizon bat lanean jartzeko adinako garrantzia ba ote du saiakera honek, artearen, nahiz kulturako beste alderdi guztien globalizazioa saihestezinezkoa dirudien garaiotan?
Honek eta honen antzeko beste galderek zirikatu dezakete Euskal Artearen benetako historialari bat. Eta zirikadura gero eta larriago eta garaiezinago egiten da gure ondare historikoaren alor bakoitzean, diakronikoki eta geografikoki hitz eginda, historia guztiz zorrotz, aztertzaile eta deskribatzailea jada burutzen ari dela ikusten dugunean.
Euskal artearen historiaz ezin has naiteke idazten, orain urte batzuk jadanik egin nuen oinarrizko ohar bat egin gabe. Euskal Herria gaur neurriz txiki den herri bat da, geografia estu samarrekoa. Bestalde, nahiz eta milaka urtetako izaera duen, Euskal Herriaren denbora historikoa data berrietakoa da. Iragan honen historialariak, beste herrialdetakoekin alderatuz, agiri urriak ditu. Horrela beraz, hain misteriotsua den herri baten ikerketa zailagoa gertatzen da, orain arte beste kultur estetika ikerketetan erabili diren kontzeptu eta metodoekin heldu nahi badiogu.
Zintzotasunez bederen, orain urte asko ez dela, “euskaldunok pentsamendu eta plastiko balioak sortzeko eta zabaltzeko jenio hilezkorra goiengo mailan dugula” pentsatzen zutenen baikortasun suharrarekin ezin gaitezke bat etorri.
Artea, sartaldeko zibilizazioan bost mendeetan oinarritutako artea, bere zentzu zorrotz eta zehatzean hartzen badugu, gure gabeziaren aitormen zintzo eta apal bat ezinbestekoa dugu, eta bat-bateko sentimendu honen susmoa, euskal herriaren benetako Literaturaren eta Artearen Historia ezin eraiki izanaren eta eraiki nahi ez izatearen oinarrian dago.
Oraintsu arte, oso hedatua zegoen iritzia zen euskalduna ez zela poeta eta ez zegoela inolako euskal literaturarik, literaturaz beti ere, literatura kultu eta idatzia ulertzen baitzen. Literatur kontzeptu estu hau utzi eta gure erromantzeen e bertsolarien etorria balioztatu behar izan dugu konturatu ahal izateko badela, beste edozeinek haina balio duen euskal literatura bat.
Hemen jardun nahi dugun arte plastikoekin antzeko zerbait gerta dakiguke. Euskal arteak, eskulangintzan mila urteetako bizia eta errealitatea hartu du. Euskaldunaren sormen plastikoa egunoroko bizimoduari loturik dago. Mende askotan sormen saiakera honek gogor egin dio, beste herrietan bezala, jarduera “bitxi” bat, pribilegiozkoa, ia esoterikoa eta bizitzako funtsezko esperientziatik at legokeen zerbaitetan bihurtzeari, Euskal Herrian hain sustraitua izan den familia eta gizarte bizitza horretatik bereizitako izaerazkoa izateari.
Chueca Goitiak Errenazimendua Euskal Herrian gaiari buruzko bere ikerketa hastean, iradokizun hau idatzi du: Baskoniaren benetako estiloa sakona, oinarrizkoa eta jatorrizkoa da; paisaia baten, arraza baten eta gizarte baten barruan idatzia dago; Florentzian bezala ez da jeinu buru batzuen oinarri gainetan finkatzen. Ez da Historia, Izaera baizik.
Gaur egun, teknologia garapen zorabiagarriak eragindako kultur krisialdi batetan murgilduta gaudelarik, badira historiaren filosofo eta artistak, arteak bizitzarekin uztartu behar duela diotenak. Eta hain zuzen ere, lanbidez ertilari diren askok ez digute lanez hitz egiten “bizikizunez” baizik. Bizikizunean bilatzen da artea; egunoroko gauzen artean kokatzen da. Bizikizun estetikoak, objektu estetikoa ordezkatzen du. Espazioak gauzakia ordezkatzen du. Urbanizatzaileak eraikilea. Artea “ekologia” bihurtzen da. Eta Marchall McLuhan soziologo ezagunak umorez idatz dezake: “Artea zerorrek egin dezakezun guztia da”. Eta horrelako isekarik gabe beste askok esan du: “Edozer izan daiteke artea”( R. Rauschenberg).
Alegia, Errenazimendu garaian hasitako abentura handia Sartaldean ixtean, “jenioekiko gurtza” amaitzean, arte esanahiak bere profilak berriro ere, garai batean bezala bizitzarekin bat egiteko ezabatu egiten dituela ziurtatzean, egunorokoa sakonki bizitzearen bizikizunarekin, konturatzen gara euskaldunak ia ez duela bere estetikaren filosofia zuzendu beharrik, euskaldunaren jarduerak ez duela bizitzara eta egunerokotasunera itzuli beharrik, ez baitzen inoiz beraietatik irten.
Euskaldunaren eragingarritasun plastikoa tradizionalki bizitzari loturik egon izan da... Eta heriotzari. Bere artea ateburuak, hilarriak, kutxak, uztarriak, katiluak eta argizaiolak lantze horretan gauzatu zen. Haize-orratzak, aldabak, sarrailak eta bere gurutzeak burdinez lantzean.
Eta, nire hausnarketa honetaraino ekarriz, konturatzen naiz Euskal Herrian artearen historia kontatzeak izan dezakeela zentzurik agian, pentsatuz, aldi berean Euskal Artearen historia ezagutzen lagunduko dudala.
itzuli gora