Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Orixe (1)
Sorkuntzazkoak

Egileak:

    N.Ormaetxea «Orixe»

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Fondo historikoa

Hitzaurrea

Paulo Iztueta Armendariz

Hogeitamar urte eskas. Orixe joan zitzaigunetik belaunaldi oso bat, helduskoa gainera, haz¡ zaigu bitartean euskal kulturan. Eta aldi berean, bizi-legearen ezinbestekoari amore eman beharrez, itzaliz doakigu gerraurreko belaunaldiaren zuzia. Orduko tantai erraldoi gehienak jadanik pikatuak ditu aizkorak. Aspaldi samar, gerria udaberriko izerditan zutela, Lizardi, Loramendi, Lauaxeta, Aitzol. Berrikiagotan, Rikardo Arregi, Aresti, Mikel Zarate, Mirande eta Salbatore Mitxelena sasoikoak salbu, zeuzkatenak emanda, Azkue, Olabide, Oxobi, Orixe, Zaitegi, Andima, Etxaniz, Monzon, Larzabal, Lafitte, Lekuona, Koldo Mitxelena, Justo Maria Mokoroa, etab. Historiaren bilakabidean puntu zerorik ematen ez delako, etorkizunak ez dezake argirik egin tradizioaren kandelarik gabe. Axolagabekeria itsusia izanen litzateke hain urria den euskal kulturaren tradizio hori –eta horregatixe hain preziatua– bere osotasunean berreskuratzeko teman ezpatak ez puskatzea. Txalotzekoak dira xede honen kariaz egindako argitalpenak, autore batzu lehen baino hobeto ezagutzeko aukera bait dugu eskuartean, hala nola, hurbilekoenak bakarrik aipatzeko: Lauaxeta, Loramendi, Lizardi, Aitzol, Jean Etchepare, Gabriel Aresti, Mirande, Salbatore Mitxelena, Manuel Lekuona, Telesforo Monzon, Koldo Mitxelena, Lafitte, Inazio Goikoetxea (Gaztelu), etab. Nolanahi ere, -hau esan beharrekoa da-, argitalpen horiek ez dira guztiak maila berekoak ez lan-bildumaren eta ez aurkezpen kritikoaren aldetik.

Ildo honetatik doa Orixeren Idazlan guztiak argitaratzeko asmo hau ere. Berandu bada berandu, noizbait iritsi zaio bere txanda. Eusko Jaurlaritzaren ekimenari esker, 1988an haren mendeurrena ospatzen zela eta, Jose Mari Aranalde, Gilermo Etxeberria, Xabier Azurmendi, Joan Mari Lekuona eta Paulo Iztuetak osaturiko Ba-tzorde Antolatzaileak orduan hainbat kultur ekintza bideratu zituen akademi mailan nahiz herri-mailan, zehazki Orexa eta Uitziko herrietan, bigarren ekinaldi baterako utziz idazlan guztien argitalpena. Hiru urte pasa ondoren gatoz emaitzarekin jendartera, herri xeheak eta, bereziki, Unibertsitateko disziplina desberdinetan eskolatuak Orixeren aurpegi osoa zuzenean ezagut dezan. Seguru gaude, ez bakarrik hura ezagutu ez zuten gazteek, zaharragoek ere aurkituko dutela zer berririk bilduma honetan. Orixeren sormen-iturria, batean liburu-egile, bestean kazetari, ez da ur-baso batean itotzen den horietakoa. Haren pentsamendua, liburuetan adina, artikuluetan agertzen da eta hortik datorkio, batipat, bilduma honi bere garrantzia. Bestalde, Orixerik gabe, apenas legoke mende honetako euskal kulturaren historia ongi bideratzerik, bera aurkitzen bait da hainbat kultur arazo eztabaidaturen erdian. Kultura diogu, espreski esan, Orixe idazleak, literatura eta linguistikatik haraindi, pentsamenduaren beste eremu zabalago batzu ere ukitu zituelako, folklorikoak nahiz filosofiko-teologikoak. Alde honetatik begiratuta, ez dira asko izango polifazetikotasunean Orixe hautsiko dutenak. Eta jenialtasunean, berriz, gutxiago.

Honez gero, zeurenez juzga dezazun, tomo bakoitzean datorrenaren berri eman behar dizugu.

1. SORKUNTZAZKOAK Lehen tomo honetan, Orixeren sorkuntzazko idazlanak datoz, lehenik, poesian eta, segidan, prosan egindakoak. Poesien artean, bi bakarrik izan dira liburu gisa argitaratuak: Barne-Muinetan eta Euskaldunak. Beste guztiak poesia solteak dituzu, epeka sailkatuta dakartzagunak: a) Jesuitetan egon zen epealdikoak (1915-1922), b) Bilbo eta Orexako egonaldian egindakoak (1923-1938), c) Amerikan onduak (19501954), d) Amerikatik herriratuz geroztikoak (1954-1961) eta, azkenik, e) egilea bera hilez geroztik argitaratuak. Epealdi bakoitzeko poesigintzak du, zalantzarik gabe, bere nortasuna, bakoitzak bere berezitasun, bakoitzak bere xarma. Orixe klasikoaren urak, klasikoak izanik ere, ez ziren ur geldiak. Hala ere, darien heldutasunagatik eta duten barne-batasunagatik, Amerikako poesiek beste oihartzun bat izango zuten, beharbada, baldin liburu batean argitaratu izan balira bere garaian. Egilearen gogoa ere horixe izan zen, Jokin Zaitegiri 1951-IV-6ko gutunean agertu zion bezala. Baina, liburu batean ordez, Euzko-Gogoa-ko zenbaki desberdinetan barreiaturik argitaratu ziren eta hor egon dira lo. Salbatore Mitxelenaren "Bizi nai" poemaren antzera. Eta zentzu batean dolu da hala gertatu izana, zeren, nahiz eta gutun berean "Baru-Mendian" eta "Getsemani" poemek ez zutela asetzen aitortu, izanen bait da kritikaririk Amerikako poesi sorta hori Barne-Muinetan bera baino gehiago ederretsiko duenik. Orixek J. M. Mokoroari egiten dion gutunean (1951-IV-29an), Jokin Zaitegiren eritzi hau irakurtzen da: "Ogeitamar bertso berri egin ditut Ameriketan, eta urtearen azkenerako liburua atera nai liket Zaitegik. Arriturik dago. Orain arteko nere lanak 'autsi' omen ditut orrekin. Sekulan ez omen da Euskalerrian olako bertsorik egin. Laus Deo". Jokin Zaitegi ez zebilen hain oker.

Bestalde, euskarazko poesiez gain, badu gaztelaniaz, latinez eta hebraieraz egindakorik ere. Horiek guztiak, ez 1. tomo honetan, baizik eta IV. tomoan aurkituko dituzu, Patxi Altunaren "Orixek Jesusen Lagundian emaniko urteak (1907-1923)" artikuluan, hain zuzen. Beude bertan garaiko hezkuntza jesuitikoaren eredu gisa, horren parekorik nekez kausituko bait da beste Ordena eta Kongregazioetan edo Diozesietako Seminarioetan. Nekezago, noski, Unibertsitatean. Ez da behar adina azpimarratu izan pedagogia jesuitikoaren literatura greko-latinoarekiko atxekimendu mendez-mendekoa, Orixe baitan biziki nabarmentzen dena.

Prosan lau liburu dauzkagu: Santa Kruz Apaiza, Leoi-Kumea, Quito-n arrebarekin eta Jainkoaren billa. Lehen biak, zein baino zein herri-hizkuntza xume-aberatsagoan eta narratiba ernegarriagoan eginak, aproposak dira edozein irakurlerentzat; baina egin, bereziki, lehena hiztun herritarrentzat eta bigarrena haurrentzat egin zituen. Azkeneko beste biak, gaiaren aldetik kideak, literatur trataeraren aldetik dira, batipat, desberdinak.

Azkenekoa, ulerterrezago, seguraski; ez horregatik, aberatsago sinbologiaren aldetik.

Poesien sailean, nahasketarik egon ez dadin, gaztelaniazko itzulpenak zeintzu norenak diren argitzea komeni da. Orixek berak egina du Euskaldunak, Barne-Muinetan eta "Itzai zekena"-ren itzulpena. Inazio Goikoetxea "Gaztelu" ri zor zaio Auñamendi argitalpenean (1972) datozen beste poesia solte guztien itzulpena, baita Orixek ohargabean itzuli gabe utzitako Euskaldunak poemako pasarte labur batzuena ere. Azkenik, Luis Maria Mujikak itzuli ditu bilduma batean argitaratzeke zeuden besteok; "Maite", "Arrese ta Beitia", "Me¡-katu beltza", "Kontrabanda", "Idorreria", "Nere eun oberenak", "Elurren zuriak". Honez gero, gaztelania darabiltenek dastatu ahal izango dute Orixeren poesia.

2. ITZULPENAK

Hitz neurtuetan, batetik, goratzarreak datoz, hasieran Jesus'en Biotzaren Deya-n argitaratu eta gero, aldaketa batzu tartekatuz, Urte guziko Meza-Bezperak-en sartu zituenak. Bestetik, Gazteluren Muxika ixilla-tik jaso dira Fray Luis León-goaren eta Joan Gurutzekoaren poesiak; Horazio, Virgilio, Maragall eta Prudentziorenak, berriz, Orixe. Omenaldi bilduman argitaratutako Andima Ibinagabeitiaren "Orixe euskeratzalle" artikulutik.

Liburuetan, badu zerbait itzulirik: Tormes'eko itsu-mutilla, Mireio, Agustiñ Gurenaren Aitorkizunak, Itun Berria, Salmutegia, Benito Santuaren Erregela eta Urte guziko Meza-Bezperak. Itzulpen guztien artean, erabiliena eta ezagunena, seguraski, azken hori izango da. Hala ere, horrelako liburu batek duen izaera bereziagatik, ez zaigu egokia iruditu bilduma honetan sartzea. Goratzarreak bakarrik hartu ditugu bertatik.

Officium parvum ere itzuli zuen, Lazkaon egon zenean. Aita Isidor Baztarrikak adierazi zidanez (Gutuna, 1989-11-17), argitaratu aurretik berak aztertu gogo luke. Bestalde, Urte guziko Meza-Bezperak bilduman sartu gabe geratu den bezala, hau ere, neurri batean, antzeko arrazoiengatik geratu da kanpoan.

Poesiekin egin den bezala, gure asmoa zen itzulpen-lan horiek beren jatorrizkoen testuekin batera argitaratzea, hala eginez gero, askoz hobeto agertuko bait zen itzultzailearen beraren lana. Baina asmoa, oraingoz bederen, handiegia iruditu zaigu. Ametsa bedi amets, une historiko hornituago batek haragizta dezano.

Dena dela, ohargarri da Orixek itzulpenari eman dion tokia. Oro har, artikulu eta itzulpen txikiak kontatzeke, poesi eta prosa-liburuetan, zehazki, zazpi ditu sorkuntzazkoak eta beste zazpi itzulitakoak. Sorkuntzazkoak eta itzulitakoak orrialdeka zenbatuz gero, ordea, nabo la gertatzen da itzulpenen aldeko joa.

Zifra horiek ez dira kasualitate baten ondorio. Bai zera! Itzulpenerako zeukan talentua aipatzen da. Bego. Baina horretarako trebetasuna edukitzeaz aparte, bazegoen tartean beste zerbait gehiago ere. Eta da, Jesuiten Eskolak oso garbi planteatuta zeukala hizkuntza landugabe baten normalkuntzan obra jasoen itzulpenek zuten garrantziaz. Orixek, eskola berekoa izaki, ondo zekien euskara, landua bilaka zedin, hasperen luzeko obren beharrean zegoela. Xede horri begira, Biblia eta kultura klasikoa baino zerjasoagorik?

3. ARTIKULUAK ETA SAIAKERAK

Hirugarren tomoaren antolaketak eman du lanik gehien, dena bait zegoen egiteke. El Día eta Euzkadi-ko artikuluak banan-banan fotografiatu beharrak sekulako lana eta lata eman du. Badaki honetaz zerbait Xabier Azurmendik, berak eraman bait du ardura hori. Bihoakie hemendik gure esker-aitorpena eginkizun honetarako beren bibliotekak adeitasunez ireki dizkiguten Bizkaiko Diputazioari eta Lazkaoko beneditarrei.

Artikulu barreiatuen bila, arretaz miatu dira Orixeren aztarna usmatu izan den aldizkari eta egunkari guztiak. Baita artxibo pribatuak ere. Hala ere, ahaleginak ahalegin, ez litzateke batere harritzekoa izanen lanen bat edo beste bilduma honetatik at geratzea. Zurginek esaten duten bezala, habe zaharretan, iltze guztiak kenduta ere, beti geratzen omen da bat.

Geure zalantzak izan ditugu artikulu hauen aurkezpena egiteko orduan: gaika sailkatu ala kronologiaren arabera. Azkenean, sailkapen tematikoari eman diogu lehentasuna hemen. V. tomoaren azken partean dakargun bibliografian, ordea, Orixeren ekarpen osoa ordena kronologikoan emana aurkituko du irakurleak. Honela, bi erreferentziok elkar-osagarri gertatzen dira.

Tomo honi dagozkionak, bada, lehenik gafaren arabera sailkatu ditugu eta gero, gai bakoitzaren barruan, kronologiaren arabera. Guztira, zazpi atal dituzu:

1. Filosofia

2. Literatura

3. Linguistika

4. Folklorea

5. Erlijioa

6. Politika

7. Pedagogia

8. Soziologia

9. Hitzaurreak

9. HITZALDIAK

Sailkapen hau ikusita, esan behar den lehen gauza da zer alor ez zuen ukitu Orixek. Sortzaile, itzultzaile, pentsalari, zer ez da izan?

Amerikano etxeratu berria bere bizitzaren ilunabarrean ezagutu genuenok, eskura geneuzkan haren liburuak zaletasunez irakurliak bait genituen, uste genuen zerbait ezagutzen genuela. Lekutan geunden! Gure harridura handia izan da, espantuzkoa, ikustean haren lanaren erdia baino zertxobait gehiago bakarrik ezagutzen genuela, ezezaguna bait zitzaigun aldizkari eta egunkarietan idatzi zuen asko eta asko. Ez da ahaztu behar Orixeren kazetari-lana, 1917az geroztik, etengabekoa izan dela. Eta gainera, udaberriko euri gozoaren antzera, ugaria eta donario onean zeriona.

Areago: kuriositatea piz dezakeen pasarterik ere kausituko du irakurleak, agian beste ¡non baino gehiago, polemikarik sutsuenak kazeta-orrialdeetan ezkutatuta egon bait dira. Lekuko aparta da Orixe, eztabaida garrantzitsu guztietan partaide izan zen eta. Zuzenean ez bazen, zeharka. Eta nolako bizitasunez! Gure aurrekoak ez ziren gu baino kamutsagoak zirtoan eta ziztadatan. Ez, halafede! Irakurriak irakurri ondoren, inoiz pentsatu izan dugu oraingoak inozo samarrak eta aingeruegiak ez ote garen ere.

Ohartzekoa da, halaber, Orixek artikulugintzan sarrera handia ematen diola gaztelaniari. Guztira, 393 artikulu inguru ditu, eta horietatik euskaraz 130 eta gaztelaniaz 263, hurrenez hurren, % 33,07 eta % 66,92, argitaragabeak eta hitzaurreak barne direla. Lizardiren aldean asko, zeren honek 1927-1933 epealdian zehar egindako 109 artikulutatik 64, hots, % 58,7 euskaraz idatzi bait zituen. Aitzolen aldean, ordea, gutxi, honen 1930-1936 epealdiko kazetari-lan gehiena (% 96,4) gaztelaniaz egina bait dago (Aitzol: Idazlan guztiak, 1, 286). Alderakizun hauek, portzentaia hutsak emanda, ezer gutxi argi dezakete, bakoitzaren kasua ere desberdin da eta. Kuriositate hutsez diogu hau. Gaztelaniarako joera horren zergatikoez ezer esatera ez bagoaz ere, bego zifren konstatazioa bere larrugorritasunean, norbaitek arrazoiak ikertu eta ondorioak atera nahiko balitu ere. Batzuetan -ez beti- gogoz kontra ere gaztelaniaz idatzi behar izan zuen. Euzkadi-ko lankide izan zenean, adibidez.

IV. ORIXE: MENDEURRENA (1888-1988)

Orixe hil eta aski berehala, 1965ean, Euskaltzaindiak Orixe. Omenaldi bilduma plazaratu zuen, 19 lankideren 15 artikulu berri zekartzala. Argitalpen hartako Koldo Mitxelenaren atarikoan, Orixe egunen batean harrimenez eta espantuz aurkituko zela protetizatzen zen. Eta hein handi batean halaxe gertatu dela esan behar da, IV. tomo honetan argitaratzen den hitzaldi-bilduman, oro har, Orixek aise gainditzen bait du belaunaldi berrikoen kritika-errebalida. Gai guztietan ez da lore harentzat, bereziki filosofi eta gramatika-lanetan. Hala ere, kritikak kritika, haren etxean harlandu gehienek zutik diraute. Hartzekoa askoz gehiago du uztekoa baino. Eta haren ideologia kontserbadorea eta estetika klasikoa ez badira gustagarri, euskara hutsagatik bakarrik beharko luke izan irakurgarri. Axularren Gero den bezala.

Bilduma honetan, 1988ko mendeurrena zela eta, 1987an EUTGk eta 1988an Batzorde Antolatzaileak bideratutako hitzaldi akademikoak jasotzen dira. Baita, Donostiako Irakasle-Eskolak antolatuta, 1989ko udan Orixeri eskainitako Ikastaroan egindakoak ere. Hitzaldiok batasun organiko ezin hertsiagoa dute eta, batera ekarriz, ikertuari buruzko ikuspegi osoagoa erakusten dute Gilermo Etxeberria izan da testuen bilketaz eta hizkuntz orrazketaz arduratu dena.

Guztira, 27 lan dituzu irakurgai, 20 lankidek burutua. Ikertzaile hauek, J. M. Aranalde, Santi Onaindia eta Patxi Altuna salbu, beste guztiak Orixe. Omenaldi (1965) bilduma-zerrendan ez datozenak dira. Honek esan nahi du egungo kritika akademikoak aintzakotzat hartu duela Orixeren mota askotako ekarpena eta, zenbait urtez ahaztuxe egon den arren, berriro eman zaiola dagokion lekua.

V. ORIXE ETA BERE GARAIA

Azken tomo honen helburua, labur esanda, Orixeren ekarpen osoari Nere testuinguru historiko eta soziologikoa ezartzea izan da, haren pentsamenduaren mezua ulergarriago gera dadin. Bertan hiru liburuki hateratzen dira: Bizi-urratsak lehen liburukian, Orixe gizona aztertzen da; Orixe eta gizarte-ingurua bigarren liburukian, ikuspegi soziologikotik gogoematen da Orixeren ekarria: Orixe mistikariaren bizipen erlijiosoa hirugarren liburukian, egilearen aurkezpen orokorra egin ondoren, Quito-n arrebarekin saiakera ikertzera mugatzen da lana. Bakoitzaren xehetasunak bertan datozenez gero, ez du balio han esanak hemen errepikatzeak.

Bestalde, Orixeren jatorrizko testua transkribatzeko orduan, zailtasunik izan da, ezaguna bait da haren anarkia ortografi kontuan. Erizpide gisa, osotara errespetatu da haren jatorrizkoa. Baina beti ez da posible izan. Euskaldunak poemaren kasuan, adibidez, moldiztegi-arrazoiengatik soilki, Justo Maria Mokoroaren edizioan (-) episemaren zeinua daramaten kontsonanteak bikoizturik eman dira; ez hala bokalak, bistan diren arrazoiengatik.

Honenbestez, nahiz eta aurkezpen orokor honetan esan gabe utzi ditugunak askotxo izan, irakurlea Orixeren orrialdetan zehar zuzenean barneratzeko moduan dagoela uste dugu. Bidean doala, oztopo edo ezinulerture n bat gerra balekio, argitasun bila joan daiteke azken bi tomoetara. Hauetan laguntza probetxuzkorik aurki baleza, izan dadila guztion onerako.

Bukatu uitzin, eskerren atalean, guztiz aipatzekoak eta aupatzekoak dira, batetik, Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta, bestetik, Etor argitaletxearen kemena, bost tomo hauek, guztira bost mila orrialdetik gora, ez bait ziren kaleratuko haien babesik gabe. Eta azkenean, atea ixteko, garbiki aitor dezagun gure asmo onen batelak pott egingo zuela baldin azken txanpan lagundu izan ez bagintuzte Patri Urkizuk, Luis Maria Mujikak, Lazkaoko beneditarrek eta, bereziki, Tolosako sakramentinoek zuzenketa-lanetan. Eskerrak zuei ere, gure eta Orixeren partetik.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003