Prezioa: 12 € Erosi
Paulo Iztueta Armendariz
Hasierako aurkezpen orokorrean emanik daude bigarren tomo honi buruzko ohar nagusiak. Hemen, han esanak zerbait gehiago zehaztu eta itzulpengintzaz gogoeta batzu egitera mugatuko gara.
Zergatik lehen tomoan sorkuntzazkoak soilki eta bigarren honetan itzulpenak soilki, zatiketa hain garbi eginda? Galdera honek sailkapen-erizpidea azaltzea eskatzen du.
Gauza nabaria da Orixeren itzulpen-lanen gorputz trinkoa bezain zabala, nabaria den bezala autore edo liburuekiko egiten duen hautaketa. Itzulitako idazlanak oro klasikoak dira, eta horien artean, bereziki, erlijiosoak. Tormes'ko itsu-mutilla eta Mireio liburuak eta Horazio, Virgilio, Maragall, Baltasar Alcázar eta abarren poesiak, zerbait izanda, ezer gutxi dira baldin alderatzen badira Jainkozko biziera, Urte guziko Meza-Bezperak, Agustiñ Gurenaren Aitorkizunak, Itun Berria, Salmutegia, Benito Santuaren Erregela, Officium parvum, Joan Gurutzeko nahiz Fray Luis Leóngoaren poesiekin eta. Orixeren itzulpenak, beraz, klasikoak dira eta, gainera, erlijiosoak neurri handi batean.
Hautaketa horrek sustrai oso errotuak ditu Jesuiten Eskolan. Eskola honek, Eusko Pizkundea goraka zetorren garaian, zehazki 1918-1936 epealdian zehar, garrantzi handia eman zion literatur obra klasikoak, batipat greko-latinoak, euskaratzeari. Arrazoia zen beste hizkuntza modernoek halaxe egin zutela eta euskarari ere, naziohizkuntza moderno bilakatzekotan, beste hainbeste egitea zegokiola. Uste zutenez, Antzinateko literatura klasikoan aurkitzen zen euskararen normalkuntzarako iturririk sendoena. Eta Biblian. Olabide, Joakin Zaitegi, Andima Ibinagabeitia eta Gaizka Barandiaran, batzu aipatzeko, aski izen dituzu joera horren norakoaz jabetzeko.
Orixe ere Eskola horretakoa baino gehiago, Olabiderekin batera, sortzaile izan zela esanda, agian hobeto asmatuko genuke. Harentzat, obra klasiko profanoak nahiz erlijiosoak, lehenengoak kalitatearen eta bigarrenak edukinaren aldetik sagaratuak zirenez gero, gaurkotasunez gantzutuak zeuden. Modaren froga aspaldian gainditua zuten. Bestalde, klasikotasunak euskararen berrikuntzarako suposatzen zuen bermeaz aparte, konbentziturik zegoen euskal irakurlegoaren baitan literatura erlijiosoak zuela arrakastarik gehien eta, beraz, genero hori landu behar zela (Euzkadi, 1927). Horrela pentsatuta, ez da harritzekoa Orixek hain maila pribilejiatuan jarri izana, batetik, itzulpegintzaren beharra eta, bestetik, obra klasikoen eta testu erlijiosoaren garrantzia.
Geroago, noski, Orixeren ikuspegi horiek oso zalantzan jarriko dira. Euskararen indarberritzeari dagokionez, Koldo Mitxelenak itzulpenetan baino gehiago sinetsiko du berezko obretan (Egan, 1960); Federiko Krutwig-ek, era berean, literaturagintzan ihardutea baino beharrezkoago dela pentsatuko du hizkuntza tekniko-zientifikoa lantzen hastea (Egan, 1962).
Harez gero, urte batzu pasa dira. Zer geratzen da? Orduko aukerek, oinarrizko planteamendua ukitzen ez duten aldaketa batzu salbu, indarrean segitzen dutela. Gaurko liburugintza begiratzen bada, ageri da, batetik, itzulpenen gorakada nabarmentzen dela azken urteotan, batipat gazteei zuzendurikoetan eta, bestetik, literatura baino gehiago lantzen direla irakaskuntza, euskara eta orotarikoetan sailkatutakoak (Jakin, 1990).
Arazoa ez da jadanik itzulpena ala berezko lana lehenetsi, hizkuntza teknikozientifikoa ala literatura. Aukera guztiok, gerrate aurreko eta ondoko historian alternatiba-itxuran planteatu zirenok, era harmoniatsuan kabitu ezinik ez dute egungo euskaragintzan. Guztiok beharrezko direla ukatzea, daramagun praxia bera ukatzea izanen litzateke. Gehienez ere, elkarren arteko oreka gordetzean legoke zeregina, hor erizpideak markatu beharra.
Inor bada, Orixe izango da sorkuntzazko lanak eta itzulitakoak, biak, modu berezi batez landu zituena. Balantzak itzulitakoen alderago jotzen badu ere, orekari nahikoa ondo eusten dio.
Orixeren itzulpenak nolakoak diren jakin nahi baduzu, gehiago badira baina, irakur ezazu, lehenik, Andima Ibinagabeitiaren eritzia (Orixe. Omenaldi, 1965) eta, gero, Xabier Mendigurenena, IV. tomoan datorrena. Ikuspegi kritikoa izan dezazun, osagarriak gertatuko zaizkizu. Gure aldetik, esaten badizugu askotan ez dela erraz antzematen Orixe noiz den itzultzale eta noiz sortzaile, garrantzitsuena esanda uzten zaitugu. Hemendik aurrera, irakurle, zurea da haren itzulpen-ekarpena barrutik eta zeure kontura epaitzeko ordua.
itzuli gora