Prezioa: 12 € Erosi
Paulo Iztueta Armendariz
Hiru liburuekietan barrena nahikoa luzatu bait naiz, labur esango ditut esatekoak. Labur eta argi, irakurketa hasi orduko inor iparra galduta gera ez dadin.
Orixez zerbait jakin nahirik liburu honetara hurbilduko diren gehienak, seguraski, filologia eta literaturatik etorriko dira. Apika, zu ere ban, irakurle. Normala ere bada hala izatea, oraindik sortzear bait dago Literatur Soziologiako ikastekak euskaraz egin dezakeen ikasleria.
Hasiera-hasieratik jakinaren gainean jartzen zaitut, engaina ez zaitezen: lan hau ez da Orixeren azterketa ez literarioa ez filologikoa eta ez horrelako ezer. Ez dator haren baliabide formalak, literatur estiloak eta antzeko gaiak harrotu eta kritikatzera. Ikerlan hauek, bere espezifikotasunean, talde-lanean egindako beste liburu batean aurkituko dituzu, beste tomo batean, argitalpen orokor honen barruan. Nire hau, berriro diot, osoki soziologiaren ikuspuntutik gogoemana dago eta hortik abiatuta egiten ditut neure kultur eta literatur gogoetak. Bigarren liburukian, bereziki hor-, kultur eta hezkuntz soziologiak leku handia betetzen du, jadanik gauza onartua bait da, zein neurritan ez badakigu ere, gizarte-inguruneak nahiz hezkuntzak nabarmenki parte hartzen dutela pentsamenduaren zein edozein motatako sorkuntzaren eraikuntzan. Beraz, orain arteko filologi eta literatur ikerketen alboan, elkar-osagarri gisa, ekarpen soziologiko hau eskaintzen zaizu.
Hiru liburukiz osaturiko idazlan hau nola pentsatua dagoen ere argitu behadizut. Hasieran, urrunagoko asmorik gabe, Orixeren Quito'n arrebarekin aztertzera mugatu nintzen eta, lehen ahalegin horren emaitza gisa, Quito'n arrebarekin irakurriz argitaratu zen 1988an. Urte honetan ordea, Orixeren mendeurrena ospatzen zela eta, hegal zabalagoko proiektuak sortu ziren, Orixe Unibertsitatera eta herri xehera eramateko asmotan. Xede horri erantzun zioten haren omenez Orexa eta Uitzin egindako herri-ekintzek eta Euskal Herriko bost hiriburuetan (Donostia, Iruñea, Bilbo, Gasteiz eta Baionan) emandako hainbat hitzaldik. Ordukoa da haren idazlan guztiak argitaratzeko erabakia ere. Honela, Orixe bere osotasunean berreskuratu nahi zen. Orixe gizona, idazlea, pentsalaria eta mistikaria.
Horregatik, nire hasierako eskema dexente aldatu beharra izan dut. Quito'n arrebarekin irakurriz liburuan, lan monografikoetan ohi den prozeduraren eskabidez, Orixe gizona eta Orixe mistikaria bakarrik ikertzen nituen, ez haren kultur eta literatur sorkuntza. Hori horrela, Orixeren idazlanak irakurtzera doanak haren pentsamenduaz ikuspegi orokor eta koherentea izan dezan, horregatik batez ere, ezinbesteko iruditu zait haren obra osoaren aurkezpena testuinguru sozio-historiko zabal baten barruan egitea. Honek ekarri dit plangintza berri bat asmatu beharra. Azkenean, hiru liburuki atera zaizkit, hirurak erabat autonomoak eta, aldi berean, erabat elkarosagarriak. Triptiko hau honela banatzen da:
Lehenengoa, Bizi-urratsak deitua, hertsiki azterketa historiko-biografikoa da eta bertan, funtsean, Quito'n arrebarekin irakurriz-en jadanik argitaratua jasotzen dena dator, bi atal berri erantsita: "Etxean (1954-1961)" eta "Emazteki baten oroitzapenean". Ziurki badu zer osaturik, agian baita zer zuzendurik ere. Betoz argibide berriak, ederraren erreinua egiaren dirdaiarena bait da.
Bigarrena, Orixe eta gizarte-ingurua, izenburuak berak adierazten duen bezala, Hezkuntz Soziologiaren hegitik egindako azterketa da eta bera duzu obra osoa funtsatzen duena. Liburu honetan ikusiko duzu, seguraski harridura handiz, Orixeren produkzioa zenbat koloretakoa den eta haren pentsamendua zein gizarte-motatan eta zein pedagogi eskolatan sustraitua dagoen. Sustrai horien bila, ardura bizia ezarri dut Orixen ekarpena testuinguru sozio-politiko eta kultural zabal baten barruan kokatzen. Baldin atalen batean edo, erdi-galduxe sentitzen bazara, bota iezaiozu errua zu behar bezala gidatzen asmatu ez duen egile honen dorpeziari.
Hirugarrena, Orixe mistikariaren bizipen erlijiosoa izenpean, Quito'n arrebarekin liburua-i buruzko lan monografikoa da, Orixeren pentsamendu erlijiosoa aztertzeko egindako hurbilketa-saioa. Izen-aldaketa dela eta, nahas ez zaitezen, esan behar dizut liburuki hau jadanik argitaratua den Quito'n arrebarekin irakurriz liburu bera duzula, handik bigarren zatia kenduta. Horra hor, bada, hiru liburuki, elkarren osagarri gisa burutuak. Lehenean Orixeren bizi-zokoak miatzen dira, bigarrenean haren ekarpen intelektual eta literarioa eta hirugarrenean, era espezifiko batez, haren sorkuntza gehien nabarmentzen duen pentsamendu teologiko-mistikoa.
Ez noakizu ezer gehiago zehaztera, irakurle. Liburuki bakoitzak du bere hitzaurrea eta, zoaz bertara zuzenean.
Eta bukatzeko, ez zaituztet ahazten mila modutara lagundu nauzutenok eta Orixeren artxiboa dokumentu pertsonalen eta elkarrizketen bidez aberastu duzutenok. Oharretan aipatzen bait zaituztet, har ezazue guztiok nire eskerronik zintzoena. Eta eskerrak, bereziki, Orixe berreskuratzeko plangintza guzti hau ahalezko egin duen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Idazkaritza Nagusiari eta Kultur Sailari.
itzuli gora