XVI. MENDEA
EUROPAKO beste erresumatan bezalaxe, Letonian eta Albanian, adibidez, Euskal Herrian ere lehen liburua, euskaraz eginik ezagutzen dugun libururik zaharrena, errenazimendu garaian moldiztegiratu zen, XVI. menderditsutan.
Egilea, Beñat Detxepare baxanafartarra; obra, Linguae Vasconum Primitiae; urtea, 1545; inprimatzailea, Francois Morpan; eta hiria, Bordele.
la miraritzat jo dezakegu Pariseko Liburutegi Nazionalean edirena gelditzen den ale bakarra. Hau ez balitz ¡doro, esan beharko ote genuke ez zela izan euskal poetarik XVI. mendean?
Jakin, badakigu eta zehazki gainera izan zirela garai horretan, denboraren botere deuseztatzaileak haien aztarnak galtzen eta desegiten ahalegindu arren zenbait poeta eta hainbat bertso. Areago oraindik, badakigu izan zirela XV. mendeko gertakizunak aipatzen dituztenak eta garaikideak izan behar zutenak, noski, iritsi zaizkigunez zatiño batzuk. Eta ezagutzen ditugu ere XVI. mendeko zenbait poetaren izenak: Amaud de Logras, Joanes Amotegi, Joanes de Amendux, Bertrand de Salguis, Joanes de Larrumbide, Joanes Etchegaray...
Denak XVI. mendean bizi izan zirenak. Beraz, ezagutzen ditugu Beñat Detxeparekin batera zazpi poetaren izenak, tamalez, baten liburu bakartia soilik iritsi zaigularik.
Detxepareren liburuak hogeitahamaika lerro hitz lauz eta bostehun eta larogeita hamabost bertsolerro dauzka. Horien hizkera eta grafia aztertzerakoan Lafon irakasleak ezberdintasunak aurkitzen ditu hitzaurrea, azkeneko bi poema eta beste guztiaren artean, ondorio honetara iritsiz: alegia, gorputza lehenbiziko eta sarrera-bukaerak beranduago idatzi zituela.
Azken bi poemek aitzin-solasean agertzen duen gogoeta nagusiaren haria hedatzen dute, hau da, euskara ordurarte inprimatu
bagea, beste hizkuntzak bezain trebe, gai, duin eta aproposa zela sentimendu goitiar eta sakonak adierazteko: erlijioa, amodioa, justizia eta askatasuna.
Horregatik pozten da Detxepare eta gu berarekin, esanez, euskara jalgi adi plazara, hots, literatura duten hizkuntzen gradora jaso duelako.
Ez dakigu ezer askorik Detxepareren bizitzaz, baina zenbait azterlarik dioenez, badirudi 1518. urtean jadanik Donibane Garaziko bikario jenerala zela eta Eiheralarreko erretore. Mossen Bernat Etchaparere cantuya izenburu duen kantuan bere bizitzaren zenbait gorabehera ematen dizkigu berak, non ikusten denez preso eraman zuten Biarno aldera. Hala bada, politikan sarturiko apeza genuke, alegia, Jean II.a, nafar erregearen kontrakoa, eta Nafarroan sartu espainolen alderdikoa, hauek ezarraraziko zutelarik nonbait Garaziko bikario jenerala Mendicoagaren ordez, eta hala mendekioz Jean II.ak preso sartuko zukeen Paben.
Aitzin solasa etorkiz euskaldun zen Bordeleko Lehet abokatu jeneralari eskaintzen dio, esker onez, argitarapenean izan duen parteagatikan.
Ezagutzen dugun lehen poema-liburuaren iturriak aztertuko bagenitu sakonki (oraino egiteke dagoena) ez leudeke seguruen urruti Gaztelako poetak (gaztelania ezagutzen duela nabarmentzen da zenbait hitz mailegutan), Katalunyakoak eta Probentzakoak, guzti horien artetik Lafonek aipatzen dizkigularik: Bernard de Ventadour, Peire de Corbiac, Peire Cardinal, Raimbaut de Vacqueiras, Berceo, Pedro de Luna, Sem Tob,eta Talaverako artziprestea...
Poeta onei, ordea, zail zaie aurkitzea eraginik, isuriak barne kanaletatik iraganaraztean besteen irakurgaiak iturri berri ezezagun bilakatzen baitituzte.
Hala, egun kritikari gehientsuenak bat datoz aitortzerakoan euskal lehen poeta ezaguna gailurrera iritsi zitzaigula, bere neurtitzetan sekula metrikaren moldeak gogoetaren mugimendua oztopatzen ez duelako, eta sentimendu-pentsamendu sakon-betikoak idazten jakin zuelako hizkera erraz, bizi eta trinko batez.
XVII. MENDEA
Frantziako mende klasikoan euskal poesiari buruzko bi poetika ediren ditzakegu. Bat, El modo breve de la vizcayna poesía y sus versos, Bilbaoko Rafael Micoletak idatzia (1653), eta bizkaierazkoari dagokiona, eta beraz, kontutan hartuko ez duguna, ez bada esateko aipatzen dituela "Lelori lelori" deitu koplak, jadanik Detxeparek erabiliak; eta bestea, Arnaud Oihenartek (1592-1667) bere idazlanetan ageri diguna.
Oihenartek, Maulen jaio eta Bordelen ikasi zituen Legeak eta laister abokatu bilakatu. 1623an Zuberoako jende-xeheak beren sindika, deputatutzat hautatu zuten, eta hauen eskubideak ederki defenditu zituen zenbait urtez.
Donapaleura ezkondu zen 1627an Jeanne d'Erdoy aitoren alaba alargunarekin, honela nobleen erronkan, aitoren seme bilakatu zelarik, eta lehen etsai zituenak lagun bilakatu zitzaizkion Nafarroako Parlamentuan.
Bere idazlanen artean aipagarrienak guretzat hauexek dira: Notitia Utriusque Vasconiae, tum Ibericae tum Aquitanicae...(1638), Les proverbes basques recueillis par..., plus les poésies basques du mesme auteur (1657), eta l'Art poétique basque (1665).
Lehen liburuaren XIV. kapituluan, Singularia quaedam Linguae Vasconice deituan silaben kantitateaz mintzo zitzaigularik euskal bertsoak eta bere eredu latinoak ditu aipagai. Hala Lauda Sion Salvatorem 'Goihets Sion Salbaria'... itzulpenekoak, hala nola azken silaba berez laburrak direnak luzatzen dituztenenak. Adibidez bertsuok:
Uztazu hurrentzera amore maité
Orai partitzeko damu ginauté.
Hemen azken silaba luzatuz, hau bikoiztu egiten du poetak (Detxeparek), ezin onar daitekeen bizioan eroriz. Halaber, gaitzesten ditu Etxeberri Ziburukoaren bertsoak errimatzen dituelako doloraturen eta jakinen, eta hartzen dituelako beste lizentzi gehiegixkoak.
Noski, bere ustez, pundu on batek berdindu beharrak ditu bederen azken silaba t'erdiak; eta, era berean, poeta kaxkartzat jotzen ditu elisioa eta sineresia errespetatzen ez dituzten haiek, italianoek eta espainolek eginen gisara moldatu behar direnez...Beraz, sartu eta, esate baterako, hiru silabadun multzoa bezala kontatu beharko litzateke eta ez lauko bezala.
Patxi Altunaren ustez, Oihenartek idatzitako gutuna Etxeberri Ziburukoa estimu handitan zuen apez bati zuzendurik dago, hau ospe handikoa egin baitzen bere garaikideen artean, zerabilen hizkera oparo-ugariaz, errealismo sakonaz, hala nola itsasoan zebiltzan marinelek kanta zitzaten idazten zituelako.
Baina nabari da, Itsasoko biajetako othoitzak itsasturientzat idatziak diren bezalaxe, beste bertsoak ez direla horientzat bakarrik, alegia, irakurlego berezi batentzat, ez oso kulto, ez oro jakile zen Donibane Lohizune-Ziburu, kostaldeko burgesiarentzat, Axularrek bezalatsu idatziak zituela.
Bertso horietan gainera, XVII. mendeko arrantzaleen bizitzaz ohar argigarri franko ematen da, balearen arrantzaz, naufragio istripuez, arrain mota ezberdinez, etabar, garaiko Euskal Herriko liburuetan alferrik bilatuko direnak, eta, beraz, interesgarriago bilakatzen dituztenak antropologia, historia eta hizkuntza balioenagtik literaturazkoengatik baino.
Bere bertute nagusia, pentsamendu-gogoeten aberastasunsakontasunean datza; hau dela eta Joan Claveriak idatzi zituen laudoriozko kopia hauek:
Alexandreren, Homero
Baino hobeagoa,
Etcheberri darokuzu
Egin liburutxoa. (V-20)
Itzul gaitezen, ordea, mendeak eman zuen, utzi zigun, hobe esatearren, poeta laikoarengana, hots, Oihenartengana.
Historiagile, abokatu, kritikari eta poeta zen mauletar honek bi poema liburu argitaratu zituen, antza denez, baina tamalez lehena eta bigarrenaren zati bat bakarrik ezagutzen dugu. Lehena, 1657. urtean argitaratua, Gaztaroko neurthitzak izenburua duena eta Parisen moldiztegiratua, eta bigarrena Eguiateguik dioskunez,
1664.ean Paben plazaratua, Zahartzaroko neurthitzak izenburuarekin.
Lafitteren ustez estilo berezia du Oihenartek, esan nahi da, kontzeptista, zehatza, trinkoa, jakituriak, garbizaletasunak, neurriaren esturak ezkutatzen dutelarik zertxobait barne esanguratsu eta bizi-bizia. Argia, Joana, Lau Karbariak, Leihopeko serenetek meritu handikoak dira, ezpairik gabe, eta bere eragina (oraindik aztertzeke ere) XX. mendeko zenbait poetarengan (Arana, Lizardi, Mirande) ez da gutiestekoa. Halaber, ikerketa berezia mereziko luteke Catulo, Tibulo, Marot...hala nola bere Poetikan aipatzen dizkigun autoreak eta herri-kanta bereganatzerakoan hartzen dituzten moldeek.
Bernard Gazteluzar (1619-1701) olerkaria Ziburun jaioa dugu. Jesuitetan sarturik 1656. urtean Baionan predikari eta arimazain bezala ageri da, eta 1686an Paben Eguia Catolicac Salvamendu eternalaren eguiteco necessario direnac, izenburuko 503 orrialdedun liburua argitaratu zuen. Aitzin-solasean ohar interesgarriak ematen dizkigunez hona hemen batzuk:
Iduritu zait hainitz deboten artean, batzuek huntan gustu hartuko dutela, guztiz marinel debotak; eta, hek printzipalki konsideraturik, deliberatu dut liburu hunen egitera (...) Ezen nola plazer hartzen baitute latinez Elizako himnoen kantatzeaz (segur naiz) atsegin gehiago izanen dutela beren eskaraz errateaz, aire berean eskaraz eman dut; eta gainerako bertsuen airea komunzki guztiek badakite.
Hala bada, beste ziburutarrak bezala marinelen kanten oroitzapenean idazten zizkigun bere bertsoak, eta hauek ez dira inolaz ere guttiestekoak, ez balin bada ere orrialde guztietan berdin gora hegaldatzen, eta ez badu beti distira beraz argitzen ere. Honen lana epaitzerakoan ere ez da baztertu behar, aitzitik oso kontutan eduki behar dugu norentzat ari zen bertsotan. Beste askoren artean Frantses Xabierren azken orduei eskainitakoak benetan miresgarritzat ditugu, eta horregatik sartu ditugu gure bilduman. Beste gogoeta eder anitz ere baditu jende-moeta askotaz: erretor, apez, ezkongai, kargudun, aitoren seme, ehiztari, soldado, mediku, irakasle, marinel, aberats, erromes, laborari, artzain, langile, espos, guraso, gazte, xaharrez... Hauek oro hala nola burutu zituen itzulpenak irakur ditzake egun, Akesolok egin argitaldi berrian.
Dena den, Gazteluzarren poesiarik hoberena ez da aurkitzen itzulpenetan, ustekabeko gai ohargarrietan baizik, eta Lafittek dioenez Axular bezain miresgarria dugu, non ez den gorago ezarri behar, hain baitu euskara laino, bero eta jori. Hitz guttiz esateko, XVII. mendeko poetarik finena.
Ezer gutti esan dezakegu, ordea, Etxeberri-Oihenart-Gazteluzarrez kanpo, Aphezte, Argaignarats, Baguarie, Claveria, Darhetz, Guillentena, Haramburu, Harizmendi, Hirigoiti, Materre, Olce, Pouvreau-ren bertsogintzaz. Poema batzuk, exenplu gisara bildu ditugu eta aitortu beharrean gaude, beren goiti-beheitiekin ez direla batere gutxiesteko, eta areago, ez direla itzulpen huts, benetazko poeten lanak baizik. Gehienek erlijio edo laudoriozko koplak idatziarren euskara jori, aberats eta eder batean idatzi zuten, benetan oso gertu eta eguneko egiten zaigun euskaran, alegia, Lapurdiko XVII. mendeko euskara bizi eta dotorean, hain trebe eta ongi eskola eta konpainia eder hark landu zuen hartantxe.
XVIII. MENDEA
Ez dira garai onak poesiarako ekonomi unen beheraldiak, zioen Lafittek, eta oroitaratzen zigun nola Utrech-eko itunak (1713) Iparraldeko marinelen hondamendia ekarri zuen, bale eta bakailu arrantzaleek arrantza lekuak galdu baitzituzten.
Gogoeta hau behin eta berriro berridatzi dute literatur kritikariek beren historietan. Berdin ere Mitxelenak, baina honek eransten zuen ez zela harreman estuegirik izan behar nahitaez maila ezberdinekoak ziren fenomenuen artean, alegia, ekonomia eta literaturaren artean.
Esplikazio mekanikoegiak, sinpleegiak kritikatu dituzte halaber Lasagabaster eta Azurmendik, eta antza denez, balirudike Utrech-eko itunak baino gehiago unkitu zituela apez euskalzaleak 1789.go Iraultzak. Hamabost poeta bertsogile ezberdin XVII. mendean aurkitu baldin baditugu, hamabi topatu ditugu hemezortzigarrenean, hauetarik erdiak laikoak direlarik. Beraz, ez dugu ikusten guk halako beheraldi nabarmenik Barrokoaren mendetik Neoklasizismoarenera iragaiterakoan, zenbait ikur bereziren agertzearena baizik. Euskalkien aldetik XVII. mendean batipat lapurtar klasikoarena bada, XVIII.ean bostna zuberotar eta lapurtar aurkitzen ditugu, hala nola bi baxanafartar; polliki-polliki, beraz, bere nagusitasuna Lapurdi galtzen doalarik. Poeta guztien lanak, gainera, mendearen bigarrean partekoak bezala data ditzakegu.
Lehen egile ezberdinen bertso bildumari eskaini nion sarreran nioen bezala, XVIII. mendearen bigarren partean, 1773.ean hain zuzen, Daguerre apezak eraiki zuen Larresoroko Seminarioa. Bertako irakasle izan ziren hiru idazle ageri ziren bilduman: Martin Duhalde, Bernard Larregi eta Jean Robin.
Beraz, bilduma 1798koa denez, alegia, daukagun eta ezagutzen dugun bertso-kanta bildumarik zaharrena, esan nahi da XIX. mendekoak ziren Iztueta, Chaho, Michel, Duvoisin, Salolaberry... etabarren bildumak baino lehenagokoa dela, eta honengatik folklore biltzaileen lehen garaia atzeratu beharrean aurkitzen garela, hots, XIX.etik XVIII.era.
Th. Percyk bere ingeles poesia zaharraren bilduma 1765. urtean eman zuenez eta J.G. Herderrek herrialde guztietakoak 17781779 urteetan, esan dezakegu oker handirik gabe Pirineetako bazter honetan taxutu eta moldatu zena ez zebilela oso urrutitik, biltze uneari dagokionez, bederen, hots, euskaldun zenbaiten literatur kezkak ingeles eta aleman zenbaitenenekin bateratsu zihoazela.
Argitara eman dugun eskuzkiribu honetan aipatu hiru apezen bertsoez aparte beste bi laikoenak, ere agertzen zaizkigu, alegia, Otsamendi Arrosakoa eta Jakes Bordenaverenak, zeinen bizitzaz eta lanez ohar benetan argigarri eta estimagarriak eman dizkigun duela gutti Jean Baptiste Orpustan irakasleak.
Martin Duhalde (1745-1804), Uztaritzen jaioa, Toulouse-n teologian doktoretu eta apeztua, Larresoroko seminarioan irakasle izan ondoren Baionaratua. Hil eta gero argitaratu zen bere lan hau: Meditacioneac gei premiatsuenen gainean... (Baiona, 1809), eta bertako aitzin-solasean honelaxe aipatzen da egilearen bizitza: haren bizia, iztudioaren ta obra-onen artian partaiatua (...) persekuzione baten frogantza luze ta gogor batzuen ondoan, onhetsia, maithatua....
Lafittek esaten digunez, Iraultzak legeztatu zuen Apezen Konstituzio Zibila zinatu ez zutenen apezetarikoa izanik erbesteratu beharrean aurkitu zen Hernanin eta Oiartzunen biziz, eta herri hauetan beste desterratuei anitz zerbitzu on eginez.
Bilduman agertzen den poema Zublet eta Zuaznabar andere noblearen ohoretan idatzia. Eskerrak daroizkitzut dio lehen bertsolerroak, eta noski, esker onez eskainia du Duhaldek lagundu zion andereari.
Bernard Larregi (+1793), etorkiz donibandar zen hau Uztaritzen eta Arraunzen apez egon eta gero, Basusarri eta Aiherrekoa izan zen, 1793.ean erbestean hil zelarik.
1775. urtean argitaratu zuen Testament caharreco eta berrico historioa, eta bertan esaminatzaileek (Salvat Etchart, Getariako erretorea; eta Saint-Martin, Donibaneko apeza) laudorioz betetzen dute, bigarrenak honela dioelarik: Behin ere ez dire ahantziko Jaun hark eman dittuen kantiko gozo eta xarmagarriak.
Kantikez at idatzi zituen beste kantu eta bertso zenbait, hala nola Beltzuntzeren heriotzari buruzko azken bi bertsoak, eta D'Estaing jaun kontearen Laudorioak. Lehena 1762. urtekoa eta bigarrena 1794 koa. Azken honen zatitxo bat ematen zigun Chahok euskal poesiagintzaz mintzo zitzaigunean, aipatuz, nola bertso ederretan idatzi zituzten kondearen garaipenak, azken egunak gilotina pean bukatu aurretik:
Angelesak ditugu ikharan sarthuak,
Ikusteaz Frantsesak hunen nausituak,
Itsasoko errege zioten zirela,
Egun ikhas bezate mintzatzen bertzela.
Jean Robin (1738-1821), Donibane Lohizunen jaioa, liburu eta bertso zenbaiten egile dugu ere. Liburuen artean Urthe Saindu Jubilaueco Othoitzac... (1776) Baionan argitaratua, eta berak kopiaturikoen artean Miserereren komentario bat, Anima penitent..., eta bi mila orrialdetik gora dituen erlijio eleberri baten itzulpena, Marinen Virginie delakoarena, non Larramendiren eragina nabarmena den lehen orrialdeetan. Badirudi Uztaritzeko seminarioan gelditzen direla oraindik gaur Robinek eskuz idatzitako beste lan asko.
Gure bilduman bereak bezala eman ditugu bertso hauek:
Altxa dezagun boza eta kanta gora (XXVIII-108)
Non othe naiz ni aurkhitzen (XXVIII-107)
Senperen egin dute besta bat handia (XXVIII- 107)
Setiatuak gabeaz (XXVIII-105), eta
Zer egin zaye koplari zaharra (XXVIII-106)
Azken bi hauek argitaratu genituen jada gorago aipatu bilduman, eta andereen moden kontrako ziriak eta eztenkadak dakartzate. Hain bertso biziak dira Chaho liluratuta eta txundituta utzi zutela, honek Europako herri literaturetan zail zela horrelakorik aurkitzen esaten digularik, benetazko obra ederrak direla, maisu-lana, chef d'oeuvre bat direla azpimarratuz, eta gure ustez iritzi hori besteei ere badagokie.
Salvat Monho (1749-1821) Izturitzen jaio zen, Donibane Lohizunen haz¡ eta apezbidean sarturik 1769. urtean koroa eman zion apezpikuak, 1773.ean orden ttipiak hartu eta 1774.ean apeztu.
Azkainen urte batzuk eman ondoren Bardozera iragan zen 1790. urteko irailean eta 1791.eko urrian utzi behar izan zuen bere plaza Mentaberri, apez zinegileari. Haserre biziaren suak harturik honen aurka idatziko ditu bere bertso iheskor gehienak, piéces fugitives, Lafittek deitzen dituen arabera. Beraz, Iraultza Frantsesak sorrarazi zituen kanta multzoetarik bat Monhorena dugu. Eta honen bertsoen artean ez dira falta, esan bezala, apez arnegatu, zinegileen kontrakoak, hala nola Lapurdik 3. Estaturako hautatu zituen Dominique Garat "Zaharra", eta Dominique-Joseph Garat "Gaztea"ri buruzkorik.
Bidenabar Garatetarrez mintza gaitezen.
Hiru anaiak, Domingo, Domingo-Jose eta Leon Uztaritzeko mediku baten semeak ziren. Leon Lapurdiko bailian abokatu izan zen. Domingo "zaharra" 1735.ean jaio zen eta Domingo-Jose "gaztea" 1749.ean. Biak Bordelen abokatu, Lapurdiko hirugarren estatuko ordezkari bezala hautatuak Estatu Jeneraletan eta Nazionearen Asanbladan, euskal Foruen deuseztearen aurka beren ahotsa altxatu zuten ozenki Parisen. "Zaharra" erlijio ordenen kentzearen alde ageri zen, baina apezgoaren konstituzio zibilaren aurka eman zuen bere boza. Konbentzio garaian erbesteratua izan zen Montauban aldera, baina Robespierre-ren erorketaren ondoren itzuli zen eta Izualdiaren biktimak ordaintzeko eratu zen iker-taideko buru izendatu zuten Uztaritzen, eta gero Udaletxeko administrazio-buru.
Domingo-Jose, ideia aintzinazaleagoen aldeko zen, Iraultza aurretik jada Parisen bizi zen, eta abokatu lanak utziz literaturara jo zuen, aldizkari anitzetan parte hartuz, Lizeoan hitzaldiak emanez, eta garaiko filosofo eta idazleen adiskidantza eginez. Lege Biltzarreko partaide izan zen eta Dantonen ondoren Justizia ministran hautatu zuten (1792.go azaroan) eta gero Barne Arazoetako Ministran (1793.go martxoan). Louis XVI. aren heriotzaren aurka izan arren honi bere epaia irakurri beharrean aurkitu zen. Halere lortu zuen Konbentzioarengandik hiru eguneko epea heriotzerako presta zedin erregea. Izualdiaren garaian preso egin zuten, baina Robespierre erori eta askatu zuten. 1795. urtean Frantziako Institutuko partaide hautatu zuten Direktoriaren pean. Zaharren Biltzarrekoa eta Napolin enbaxadore gertatu zen. Napoleonek, aldiz, senatore, konde eta Ohorezko Legiodun izendatu zuen. Borbondar erregeak iritsi zirenean Akademiatik igorria, baina 1832.ean berriro onartua, Basusarrin hil zen 1833. urtean.
Joanes Betri Garat "zaharra"ren semea, Bordelen jaioa (1764) bere garaiko kantaririk ospetsuenetakoa izan genuen. Direktoriapean zerabiltzan jazkera bereziak eta ahoskatzen zuen erre berezia sinesgabeek imitatu egiten zuten. Parisen hil zen 1823. urtean, baina bere kantak Pariseko gortean eta Marie Antoinette- ren aintzinean harrera handia ukana zuten: Txori kantatzaile, Argizagi ederra, Gaztetasunak bainerabila, Salbatore gora da, Kaila kantuz, Adios ene maitea, Aitarik ez dut, Mendian zoin den eder.... Frantziako orfeoa deitua izan zen.
Baina itzul gaitezen Salvat Monhorengana. Honek gorroto handiz aipatzen dizkigu Basa-apezpikua eta apez zinegileak oro, hauen artean bereziki Mentaberri eta "Tiso"ren semea, Jean Etxezahar. Bi hauen kontra dira, hain zuzen, bertsuok:
Eskandala izigarri
Dugu Bardotzen ikusi,
Mentaberrik dauku herria
Partitu eta nahasi.
Eskandala izigarria
Tiso zuten predikari,
Bardotzeko Luther berria,
Eta ez aditu nahi. (XXVI-93)
Gertakizun nahasi haien artean aipagarri da nola apez mugatiarrek muga iragaiten zuten eta ezkongaiak hala nola haur jaioberriak ezkondu eta bataiatzen zituzten Irunen, Urdazubin eta mugako beste herri anitzetan. Ondorioz zenbait pertsona espioitzat hartu zituzten, batipat Espainiari gerra deklaratu ondoren (1793. martxoaren 7an) eta Izualdiaren garaian Madalen Larralde Sarako neskatxa fusilatua izan zen. Hau dela eta ehun urte beranduago Maulen Abbadie jaunak antolatu Lore Jokoetan gaia beraxe izango da, alegia, Madalen Larralde, garaile Ortzaitzeko apeza, Laurent Diharassari (1848-1902) gertatuko delarik.
Aipa ditzagun, ordea, beste hiru bertso ortzaiztar Iraultza aitzinekoak.
Otsamendi Arrosakoaren (1766) bertsoak hain ongi aztertu eta ikertu ditu Orpustan irakasleak bibliografian aipatu artikuluan bertara bidaltzen dudala irakurlea. Dena den, esan beharrean gaude koplari baxanafartar honen izena genukeela lehenetarikoa, lehena ez bada, astolaster egile eta koplari ezagunen artean. Bertso biltzaileak ez dirudi sobera laket zuenik honelako ohiturak eta are gutiago estimatzen bertso gordin eta piperdun hark, azpi ohar batean honelaxe epaitu baitzuen, nimphe potagere d'un poéte apprentif, alegia, ikasten ari den poeta baten emaitza kaxkar bat.
Gure aldetik ez dugu uste Orpustanekin batere gutiesteko denik ez Alegiako aphezpikua (XXVII-104), ez eta ere Jakes Bordenaverenak bezala ematen ditugu Haran eder Hortzaitze narrik ez duzuna (XIX-72), eta Partiada tristea Hortzaitzetik (XIX-73).
Hiru bertsuok 1766. urtekoak dira, eta XVIII. mendeko emaitzen artean ez dira batere arbuiagarri, adibidez, Bordenaveren bertso hau:
Uso tortoila samurra,
Presta hidak hire nigarra,
Ikus dadin ene pena
Bihotzean zein den barna. (XIX-73)
XIX. mendeko kaierrak irakurtzerakoan, batez ere, zuberotarrak zirenak, ohartu nintzen bazutela kanta zenbaitek hala-nolako fabrika marka berezi bat, azken bertsoan agertzen zena eta gutti gora behera honela zioena:
Khantore hoiek dira Barkoxen hüntürik,
Berset hoiek dütügü Barkoxen hüntürik,
Honek, Dassance-k aipatutako hura...á l'occasion du quel fut chanté une charmante poésie qui fleure bon elle aussi 1'école barcusienne..., eta Villasantek idatzitako " Donibane Lohizuneko idazle eskola XVII. mendean" artikuluak bultzatu naute laister argitaratzeko den idazlantxo bat egitera, hots, Barkoxeko koplari eskola XVIII-XIX. mendeetan.
Eta, noski, lehen lehenik galdera multzo bat pilatzen zait lurraren puntan. Nor dira barkoxtar horiek? Ba ote zuten maisurik, edo aitzingidaririk? Non ziren eskolatuak? Zer idatzi zuten, edo hobeto galdatua legokeena, zer kantatzen zuten? Eskola bat osatzen ote zuten, benetan?
Galdera guzti hauek, noski, erdizka baizik ez dut erantzuterik izan.
XVIII. mendeko bilduman bost izen zuberotar aurkitu eta ipini ditut. Alex Arotxa, Balere Artxu, Jusef Eguiateguy, Dominique Haritchabalet eta Beñat Mardo.
W.F. Humboldt-ek Euskal Herritik 1801. urtean egin zuen bidaian harturiko oharretan Zuberoaz ere mintzo zitzaigularik, zuberotarrak euskaldunen arteko italianoak direla azpimarratu ondoren hau esaten zuen hemen ere ez da batere arrotza bapateko bertsogintza edozein gairi buruz.
Beraz, bertsolaritzak bizirik zirauen XIX. mendeko hasieran Zuberoan jakintsu famatu hark zioenez, eta bertsolari haien artean bazen bat ospe handikoa, eta llenen artetik gailendu zena: Beñat Mardo.
Louis Dassancek, euskal kantaren kronika egin nahirik ari zitzaigunean galdera hau egiten zuen: Nor izan zen lehen koplari ezaguna? Eta ematen digun erantzuna hauxe da: Beñat Mardo, barkoxtarra.
Baina, zer dakigu Mardotaz? Ezer gutxi. Jadanik Agosti Chaho atharraztarrak honek hontzen zituen bertsoez zioen, alegia, hogei liburutan ez ziratekeela sartuko edozein unetan eta aitzakirekin ematen zituen saioak jasotzeko estenografo bat han gertatu izan balitz. Horien guztien ezean, bai Sallaberryren kaierretan, bai beste zenbaitetan sakabanaturik edirenik bildu ditugu bereak bezala jotzen zitugun zortzi kanta hauek. Hona lehen bertsolerroen zerrenda:
Ni deitzen nük Beñat Mardo, Barkoxe Baxabilako, (XXV-80)
Idiarte ñaphurra / Aspaldian hala da, (XXV-81)
Jaun barua Uharten, nahi denian Zalgizen, (XXV-82)
Etxebarne, Etxegoihen, Elixalt eta Allende, (XXV-85)
Adiskide eli batek baziela junta, (XXV-86)
Jaon baruak aspaldin / xederak hedatü zütin, (XXV-83)
Garruzeko jainak, plazer baduzie, (XXV-84)
Ihautiria huilantzen / Maltesak orhitzen, (XXV-87)
Lehen bertsoan koblaka ari delarik Montseñako Kontea deitu koplari batekin, honek honela ihardesten dio:
Hi tailur hizan bezala, ni zintzarri egile.
Sastrea genuen, bada, Beñat Mardo, janzkigile, baina fama eta sona handikoa nonbait, zeren kanta honen oihartzunez eta eraginez hain zuzen, onduko zuen seguraski Mattinek bukaera hau duen beste hura:
Ni laborari nago, zaude deputatu.
Interesgarri deritzot ere erkatzeari beste lehia batean izan ziren bi koblakarien hiru aldaerei, alegia, Beñat Mardo eta Idiart Zalgizekoaren arteko eztabaida eta bertso-gula adierazten digutenei:
A
Beñat, esker dereiat,
Hirur kalota batiat.
Hire sagarroi larrukoaz beharrik batere eztiat,
Ihauretako begira ezak, joaiteko ohiarat,
Petirikin lotzerat.
A'
Beñat, esker dereiat, hirur perruka batiat,
Hihaurentako begira itzak sagarroien larriak,
Eta egin kailota bat juaiteko oherat
Eta ez neskatiletat.
A"
Beñat, esker dereiat,
Hirur perruka badiat,
Sagarroi larruz eginik, eta
Hire begiratzen tiat.
Argi eta garbi gelditzen zaigu hiru aldaera horietan gai berak bertso-molde ezberdinetan ageri zaizkigula. Bestetik, bildu ditugun zortzi kanta horietarik hiru irri eta ziri alorrekoak dira, beste hiru mahai kantak, eta bi amodiozkoak. Hauetarik batek aitoren semeek hain gogoko ohi zuten txori-ehiza aipatzen digu, eta besteak ezkontza batetako ohizko kanta. Arbotiko prima eijerra 1757. urtekoa, Jean de Jaurgainek dioenez, Amaud-Jean d'Uhart-eko zalduna eta Maria dela Plaza primaren arteko ezkontzaren okasioarekin ondua; eta Garruzeko jainak, plazer baduzie, 1769. urtekoa, Berdeco jaun medikuaren ezteietan abestu zena, Margarita Basterretxe barkoxtarrarekin ezkondu zenean.
Mardo XVIII. mendeko bigarren partean eta Etxahun XIX.eko lehenean izan ziren, noski, izen, sona, ospe eta fama handiena lortu zuten koplariak, jarraile batek, Prima gazte ezkuntgeia eta Indianua izenburua duen istorio batean honela kantatzen baitigu:
Berset hoiek dütüzü Barkoxen hüntürik,
Mardok eta Etxahunek ideia emanik,
Hoier jarraikitia primantzaz ukhenik,
Egiliak eztizü beste hüntarzunik.
Beraz, Beñat Mardo, Museña, Alexis Arotx, Idiart Zalgizekoa, Piarres Topet-Etxahun, Dominike Haritxabalet, Mardo-Etxahunen jarrailea eta zenbait artzai anonimo, besteak beste, genituzke Barkoxeko koblakari eskola osatzen zutenak.
Umore eta fineziaz jantziak, mihi zorrotz jostalariez ornituak, izpirituz beteak, balirudike mende oso bat betetzen zuketela Mardo eta Etxahunen koplari garaikideak, Barkoxeko eskolak, Antoine d'Abbadieren Lore Jokoak XIX. menderdian hasi aintzin.
XIX. MENDEA
Nork ez du ezagutzen biziaren latzak, krudelkeriak eta malurak hain bortizki astindutako Piarres Topet Etxahun (1786-1862) barkoxtarraren bizitza trixtea? Erromantizismoaren garaian erromantikoena hala zenik jakin gabe, hainbeste tinta isurarazi du Etxahunen bizitzak, elaberri, antzerki eta pastoraletan ez dezakedala la ezer berririk erants, batipat Jean Haritschelarren tesi eder hobezinaren ondoren.
Berrogeitahamarren bat kanta gelditu zaizkigu bere lan oparoetarik eta bildumara pasa ditugunak sei soilik izan dira:
Barkoxerik Baionara juitez huntzen düt bi kopla, (CXXV-358)
Bi berset tristerik huntzen tüt,sujet beitüt ikhusten, (CXXV- 357)
Egun Barkoxen beita, (CXXV-356)
Maria Solt eta Kastero, (CXXV-355)
Mus de Clerice jauna, badüzü denbora, (CXXV-353)
Oi, laborari gaxua, (CXXV-354)
Haritschelharrek hiru sail nagusitan ataltzen dizkigu Etxahunen bertsoak: autobiografikoak (CXXV-353), zirikatzaileak (354,355,356...) eta zirkunstantziazkoak (357,358...)
353an bere bizitza malerusa kontatzen digu, 354ean ofizioen kritika latza ematen, 355ean egundaino hain ezagun den astolastenetako kanta bat ontzen, 356an haserre gorrian Barkoxeko apaizaren kontra asaldatzen, 357an hiltze deitoragarri bat kontatzen eta 358a Chaho famatuari eskaintzen. 1849. urtean, hain zuzen, hainbeste mundu kurritu ondoren hainbeste desgrazia pairatu eta jada hirurogei urte dituelarik bertso saltzaile bezala bizitza irabazteko asmotan:
Egin dit hanitx kantore, azken untik, aldiz, zure, Nahiz inprima ditzatazun, jar nadin haren saltzale, Bizia irabaz dezadan, ezarri gabe eskale.
Bada Etxahunen bizitzan, hainbeste pundu Haritschelharrek argitu ondoren, oraindik ilun gelditzen den zenbait. Hala bat, nongo eskolan ikasi zuen poeta erromantiko honek eta zein irakasle izan zituen. Bestea, bapateko koplaria zenentz.
Badirudi bere bertsoak buruerrotan baratxe-baratxe lantzen eta ontzen zituela, kopia batean honelaxe baitio:
Etxera hel eta kolpia sueinatu nian,
Gero aldiz hoiek kopiatu nütian,
Ohiala juan, Logale beinintzan,
Jeiki argi azkorrian,
Hoien kantatzera, arrebari bortha aitzinian.
Honelaxe bada, lehenik idatzi eta gero kantatu egiten zituen, eta bide mota hori eginez, dira hain tinko eta bete, hitz alfer gutxiko, tiroak bezalako, bere ateraldi eta bertsoak.
Eta euskal Verlaine-tzat jo izan dena ez zen lotsa apezen aurrean bere bertsoak hobesten baitzituen hauenekin gonbaratuta, 1853. urteko sarian gertatu zen bezala:
Etxahun Ziberoan, Athillo Lapurdin,
Bürüzagi direnak kantore gitin,
Ezpeikirade beldur apezik jin dadin,
Ereman deikienik hartan Uskal Herrin,
Jokatüren deregü hek plazer direnin.
Etxahun eta Athillo, Etxahun eta Otxalde, XIX. mendeko lehen partean koplari bikoterik famatuenak izan ziren, apezen beldur ez zirenak, eta hauei desafioka zebiltzanak, Xenpelarrek Iparragirreri botatzen zizkion modukoak eginez.
Baina Xarrittonek dioen bezala, Athillo hori bezala XIX. mende hastapeneko beste bertsolari zenbait, hala nola Amezket Sarakoa, Putxuna Hazparnekoa, Karranka Isturitzekoa edo Lohiotar Kanbokoa, beste ezagunagoen artean, mende hori bururatzean, Jose Mendiaguek, Buenos-Aires-etan, 1990.an argitaratu zuen Zazpiak bat izeneko kantu liburuan.
Aipatu koplari horietarik Amezketen bertso batzuk topatu nituen Hiribarrenen paperen artean eta hemen eman ditugu (XXV, 122-123), eta bada besterik ere Duvoisinen eta beste zenbaiten eskuz-kiribuetan agertzen zaizkigunak, hala nola, Farin, Tomberreca, Xantxo Luzaidekoa, Dominike Deskerra... bildumara pasa ditugunakirakurleak Basta ditzan. Baina, mintza gaitezen, soilik garrantzitsuenez.
Joanes Etxeto "Katxo" (1819). Hazpandarra dugu, Etxahunen garaikoa ere, eta hau bezalaxe pelegrinoa omen. Xarrittoni jarraikiz, Hazparneko misionestegian bizi ziren Garat, Deiheralde, eta beste hazpandar misiolarien oihartzunak lirateke Katxoren bertso famatu haiek:
Nahi balin bagira hil-eta salbatu (LXXVII-223)
Katxorenak, beraz, eta ez Etxahunenak edota Borddelenak uste izan den legez. Baditu ere beste batzuk hala nola Bettiri Santsi, Miseriari, eskainiak. Azken gai hau, behin eta berriro XIX-XX. mendeko bertsogileek darabiltena eta bilduma-erkaketa-ikertzea mereziko lukeena.
Bordaxuritar hiru ditugu aurkitzen koplarien artean. Martin Larralde (1782-1821), galeretan higatu zena, ondoko bertso ospetsuon egilea:
Mila-zortzi-ehun eta hamabortz garrena,
Ni Ahazparnen preso hartu nindutena,
Plumaieneko premu, orok dakitena,
Galeretan higatu beharko naizena.
Haritschelharrek aitortzen zuen gisara ez dago zalantzarik Etxahunek Martinen bertsoak ezagutzen zituela Ahaide delizius huntan ontu zuelarik 1849.ean. Kanta benetan bortitz eta garratza, oraindik egun-egungo kantariek maite eta abesten dutena.
Bigarren bordaxuritarra, ilobaren hitzetan, osaba burjes, diru furnitzalea, Bernardo Larralde-Bordaxuri (1771-1853) dugu. Jada 1819an Hazparnen eman ziren misioen ohoretan kanta bat ondu zuena, eta urte batzuek geroxeago 1845.eko irailaren 9an Harizperen jauregira joan zelarik Louis Philippe erregearen seme bat, Nemours-eko kondea honen omenetan ere zenbait bertso asmatu zituena, hala nola hurrengo urtean Baionatik pasa zelarik Montpensier-eko dukeari ondu zizkionak. Laudoriozko kopia horiez aparte ere idatzi zituen beste zenbait amodiozko Duvoisinen- paperetan ageri direnak (ala ilobarenak, ote?).
Hirugarren bordaxuritarra Jean Baptiste Larralde (18041870) dugu Donibane Lohizunen mediku bezala kokatu zena, eta Abbadieren zenbait sariren irabazlea.
Hiru hazpandar hauen bertsoei darien umorea, alde batetik eta garraztasuna bestetik dira adierazgarririk berezienetakoak. Halaberetsu Hazparnen gaindi eta barne askotan ibili zen Otxalde bidarraitarrarenak.
Joanes Otxalde (1814-1897) koplariaren bertsoekin liburutto eder bat paratu zuen Jules Moulier "Oxobi"k. Guarda bihurria, libertimendurako lanerako baino zaletuagoa, Ameriketan barrena ibilia, baina laister aspertua, festaz-festa eta herriz-herri kantari ibiltzen gogokoagoa zuen Otxaldek beste ezer baino, umorea eta piperra ez zitzaiolarik falta Kanboko tobera batean bota zituen bertsootan ageri denez:
Perveris, creveris, cerveris,
Euskaraz ala latinez berdin trebe niz,
Orai bainiz emaztegai bat harrapatzekotan
Ikusten nauzue debruen lanetan.
Ameriketako bidaia egin zuelarik badirudi bertan topatu zuela Hazparnen jaiotako (1845) guarda seme eta bertsozale porrokatua zen Jose Mendiague, honek honela baitzioen egin zion gonbite batetan:
Portu-Ruiz-en bizi naiz, fabrika batian,
Ikustera jin zaite, nahi duzunian,
Nahiz okupatua nagoen lanian,
Eguna galduko dut jiten zirenian,
Esperantzan nago, joan den aspaldian
Jartzen naizenian,
Zerbaiten ikasteko zure aldian.
Eta ikasi eta idatzi zuen, bai, Mendiaguek bertso ederrik, taxutu zuen bilduman eman zituenak (CIX-292-316), beraxek 1900. urtean Buenos Airesen Zazpiak bat-Euskaldun kantuak deitutako liburuxkan emanak.
Piarres Ibarrart (1838-1919) Jatsun jaioa dugu, Migel Ibarrart aitona zaharraren etxean, eta aitaren izenik ez baita agertzen paperetan amaren izena hartu zuen. Gauza guti dakigu esposatu arteko bere goiti-beheitiez, baina jakin, badakigu nola soldadoxkan zegoelarik haren boza ederraz harriturik aintzindariek teatrorako bidea har zezan bultzatu nahi izan zuten, eta nola bizi modu horri harroxko eta eroxko zeritzon ezetza eman zion. Baita ere, nola soldado denboran, lan-arte luzeak zituztelarik (zazpi urtekoa baitzen garaiko soldadoxka) izan zuela astirik liburuak irakurtzeko eta erdaraz trebatzeko.
Behin, kabalkada batez Baigorriko gazteek gonbitaturik bertara joan zen bertso kantatzera, eta leiho gibeletik erretor-bikarioak entzuten baitzeuden, haren ahotsaz liluraturik Baigorrin xantre gelditzea eskaini zioten. Baietza emanik bertan 44 urtez bizi izan zen, azkenean karraka higatu, erkastu, kraskatu eta dardarikatsu batez kantatzen zuela, Lafitteren epitetoak erabiliz irudian.
Semeak gazterik hil baitzitzaizkion, bihotz-minak harturik gauez, loa ezin bilduz, jeikitzen zen eta luma harturik idazten zituen beré bertsoak, petroliozko kriseilu baten argi dardartipean.
Gazte denboran bertsolari moduan ibilia zen festaz-festa, zintzarrots, tobera eta kabalkadetan, baina xantre sartuz geroztik ez zen gehiago plazetan agertu, are gutxiago toberetan, Barnetxe jaun erretoreak debekatu egin baitzion. Beraz, adixkideen artean bazkaltiarrak alegeratzeko, ala bataio edo ezkontza egunetan, okasio berezitan koblatzen zuen soilik.
Baina, esan bezala bertsu aipagarrienak etxean eginak ditu hala nola Mococain jaun bikarioak eskaturik haren txapelaren ohoretan idazten dituenak, eta Michelengo zubia zubi famatua (XCIII250) bezala ezagutzen direnak.
Etxepare medikuak bere Buruxkak liburuan Ibarrartez ari zitzaigula honako iritzia eta irudia uzten digu:
Ezagun da zer koblari den; erran nahi dut hoberenetarik dela, ez baita orobat Eskual-herrian nehor nausitzen zakonik, non ez diren Elissamburu eta Zalduby. Gozoak dira haren bertsuak; asetzen daukute beharria; ez datxikie elhe alferrik; baditeke ez duten bihotzari min egiten atseginarekin edo beren argiaz liluraturik uzten izpiritua; bainan hunkitzen gituzte gure gizontasunean.
Gonbaratuko banitu Etxahun-Otxalde-Ibarrart iturritik dariten urekin, barkoxtarrari ur pozoindatua larioke, bidarraitarrari surik gabe lirakikeen ur bihurri-gazia eta Jatsuarrari ur baretsu-gozoa.
XIX. mendeko hamaika bertsolari, koplari edota poeta gehiago eman baititugu bilduman (XXIX-CXXXI), zehazki esanda, ehunda hiru, eta nola denen berri ematerik ez dugun une honetan, hots, luzeraren hersturak eraginik ohar batzuk besterik ez ditugu gehituko ezagunenak diren poetez hala nola 1853. urteaz geroztik Antoine d'Abbadiek antolatzen zituen bertso lehiaketez.
Jean Baptiste Camoussarry (1815-1842) sortzez ziburutarra dugu, marinel familia batekoa, apeztu ondoren urte batez Larresoroko seminarioan irakasle gisara egon zen (1838-1839), eta gero hiru urtetan Donibane Garazin (1839-1842). Baina, osasunik ez izaki eta Ziburura itzuli zen ama alargunaren ondora, bertan hogeita zazpi urte zituela heriotza iritsi zitzaiolarik.
Camoussarryk ez zituen batere gogoko "Basa-koplariak" Jean Haritschelharrek lehenik, eta gero Lupe Artolak bere poema guztiak argitaratuz erakutsi diguten bezala. Koplakarien gaitzeste honen adierazgarri ditugu, adibidez, bertso hauek:
Boza makur txar batekin,
Bertsu txarragoko batzuk,
Aire lele batzuekin Kantatzen ohi dauzkiguk.
Ikara hadi, tristea!
Laster bahoa tonbarat,
Ikusak hire zortea!
Kantaz hoa ifernurat. (XLVIII-149)
Bazuen trajeriaren zentzu berezi bat Camoussaryk nabarmenM, baieta ere auhenetarako ixurkia, adibidez, Eri baten liraren auhenak deitu poeman, baina goi-maila jotzen du ene uste apalez Marinela bezalako poema askeetan. Euskal literatur historietan aurrerantzean erromantizismoak eman duen poetarik handienetakoa bezala kontsideratu beharko da, duda izpirik gabe, Camoussarry gazte malurusa.
Martin Hiribarren (1810-1866) azkaindarra, 1833an apeztu ondoren Urruñara bidali zuten, eta urrengoan Bardozera, bertako erretore izendatu zutelarik 1839an, eta azkenean 1865.can Baionako ohorezko kalonje, istripu batez hil zelarik berehala.
Hiru liburu argitaratu zituen eta bai hitz neurtuz bai hitz lauz artikulu multzo eder bat idatzi zuen, obra osoak mereziko lukeelarik edizio on bat. 1845ean Iruñako festak, Ariel-en argitaratzen hasi zen, 1853an Eskaldunak poema luzea eta Montevideoko herriak eta 1858an Eskaraz egia prosa eder batean.
Chahoren laguna, hona hemen eskeini zizkion bertsoak Eskalduna poema epikoan:
Gizon jakin, zuzena, bethi ohorezko,
On galdez dabilana bihotzez herriko,
Atharraztik ilkhitzen Chaho jakinsuna,
Beira balu fedea, Eskaldun lehena.
Beste zenbait idazle eta bertsogileren irudia ere utzi zigun hala nola Martin Goyhetche (1791-1859) urruñarrarena, zeinez zioen:
Jende hoberena da hango populua,
Lumako ere badu seme bat hautua,
Goyhetcheren alegiek buru seinalatzen,
Damurik ez direla perla hoik prezatzen!
Eta Senpereko Adema anaiak, mediku-poetaz besteok:
Adema bi anai dire seinalatzen,
Nahiz diren gazteak, biek distiatzen,
Biek badute gaindiz izpiritu ona.
Epikoa, eta lirikoa baino areago dugu Hiribarren poeta didaktikoa, baina ez dira batere ahantzekoak bere ziri bertsoak bertan ageri baita izpiritu zorrotz eta zirikatzailea, errimarako erraztasuna eta hiztegi aberatsa.
Gratien Adema (1828-1907) senperetarra, mediku semea, Larresoron ikasia, eta hemen Camoussarryren ikasle izan ondoren bertako irakasle bilakatua. Sei urte Hazparnen, hogeitahamabi Bidarrain, zortzi Atharratzen, eta azkenak Baionako katedraleko kalonje bezala eman zituen, 1890az geroztik.
Elissambururen ikaskide izanik elkarrekin ontu zituzten zenbait bertso, adibidez: Primadera, Betiri Sants, Zumalakarregi...
Alegilari porrokatua, eliz-kantiken egile zuharra, ez dira gatzik gabekoak moldatu zituen hainbat eta hainbat kanta profano, nola: Martin eta Kattalin, Hitzuntziak, Mehetegiko xakurra...
Politika arloan bere ikaskide Elissambururen areno, Errepublikaren aurka moldatu zituen bertsoek adierazten diguten bezala, gure artean ezagunago eta maiteago dugu Gaude Euskaldun deitu bertsoengatikan, alegia, honela hasten direnen bitarteko:
Zazpi Euskal Herriek bat egin dezagun,
Guziak beti beti gauden gu euskaldun.
Antoine Thompson d'Abbadie (1810-1897) Dublinen jaioa dugu aita euskaldun eta ama irlandes batengandik. Aita, Michel Abbadie, Iraultza frantsesaren garaian erbesteratu beharrean aurkitu zen. 1820. urte inguruan Frantziara itzuli eta Toulousen egonen dira urte batzutan, bertan bere batxiler ikasketak burutu zituelarik Antoine-k. Hemen beste irakasleen artean Fleury Lécluse, hebraiera eta grekera irakaslea izan zuen maisu, eta honi bere aitak pagatu zion Manuel de la langue basque (Toulouse 1826) liburuaren argitarapena. Halaber, oso euskaltzalea zenez, Darrigol animatu zuen bere ikerketa lana, Analyse raisonnée du systéme grammatical de la langue basque aurkez zezan Parisen Volney sarara. Aurkeztu eta baita irabazi ere sana, Michelek bere poltsikotik ordainduta inprimatu zelarik.
Parisera 1828. urtean bizitzera doazelank Abbadietarrak, hemen lagun kuttun egin zuen Antoinek Joseph Augustin Chaho (1811-1858) atharraztarra, eta elkarrekin argitaratu zuten zubererazko lehen gramatika, Les études grammaticales sur la langue euskarienne (Paris, 1836).
Chaho, Antoinek Afrika esploratzen zuen bitartean hamabi urtez, Baionara jaitsi zen, eta hemen 1844. urtean ARIEL, hau da, magiaren eta irudimenaren aingeru mezularia, gazeta, sortu zuen 1851. urterarte, alegia, estatu kolpearekin debekatua izan zen arte iraun zuena, euskal kantari eta bertsoei leku ederrik emanez.
Antoine Afrika aldean hizkuntza etiopiarren eskuzkiribu multzo aberatsenarekin egin ondoren Frantziara itzuli zen eta jada 1851. urtean pilota partidu famatu bat antolatu zuen Urruñan, berak esku huska ere jokatzen baitzuen. Eta pilotariak saritzeaz gain, okasioarekin moldatu ziren bertsoak ere argitaratu eta saritu zituen.
1853. urtea izango da, ordea, Concours de Poésie, delakoen hasiera. Lehen gaia, Ameriketara zoazenak. Irabazlea B. Celhabe gertatu zen, Montebideorat juailiak deitu bertsoekin.
Epaileen irtzia, ordea, ez zen batere Etxahunen gustokoa izan eta ondorioz ziri-bertsook bota zituen:
Celhabe Bardozeko, apez arnegatak,
Apezek gure koblak zuri eman eta
Jarri izan zira koblarien aita.
Plajiogiletzat salatzen zuen beraz, Etxahunek Celhabe.
XIX. bigarren menderdi osoan (1853-1897), hau da, Antoine d'Abbadieren heriotzeraino ospatu ziren Lore-Joko hauek. Poeta sarituen artean besteak beste hauek ere ageri direlarik: B. Celhabe (1853), Dussaut (1854), Jean-Baptiste Larralde (1855-1859), Louis Ithurbide (1857), Betiri Olhondo (1863), Otxalde (1868), Etxeberri (1869), Ibarrart (1884), Jean Baptiste Elissamburu (1855, 1858,1860,1862)...
Azken honetaz zertxobait esan beharrean gaude bere heriotzaren mendeurrenean aurkitzen garenez.
Jean Baptiste Elissamburu (1828-1891) saratarra dugu. Bertsoez aparte eleberri ttipi baten egilea ere bada, Piarres Adame, (1888), zenbait kritikarien iritziz, XIX. mendeko euskal literaturaren gailurra dena.
Bestalde, Pedro Mourlane Michelena irundarrak zioenez, Elissambururen bertsoak Agustin Iturriaga hemaniarrarenak baino askoz garbiago, arinago eta indartsuago lirateke. Konposizioaren artean, egituraketarena ongi menderatzen duela, eta gehiegikeriak gaitzesten dituela nabarmentzen zaio, oharkabean simetriarantz jotzen baitu, oreka bilatzera, ekonomia. Anakreontiko xamarra, ez omen, criticus dixit, poeta amoroso horietakoa un amoroso algo poeta baizik. Alegia, lasai-lasai, basoerdia eskuan amodioari kantatzen dioten horietakoa.
Mitxelena errenderiarrak, aldiz, Justin Larrebat (1816-1869) gaskoinarekin gonbaratzen du, arin, delikatu, xuabea, Lamartinen modukoa, malenkoniatsu aurkitzen duelarik.
Kritikariek zernahi diotelarik, nork gure artean ez du bozkarioz eta sentimenduz beterik kantatu eta aho betez dastatu, Ikusten duzu goizean, Sor-lekua utziz geroa, Iragan besta biharamunean, Urrundik ikusten dut... bezalako bertso paregabeak? Hegoaldean ere, ez dago batere dudarik Iparraldeko poetarik ezagunena eta kantatuena izan dela.
Jakina den bezala, baina gutxitan aipatzen dena da, politikan errepublikazale zela, Otxalde, Etxahun eta Chaho bezala, eta ez dira ere batere gaitzestekoak bere bertso politikoak, adibidez Lehen eta Orai-ko bertso hau bezalakoak:
Ala dadila aberats, ala pobrea,
Gizona gizonaren duk haurridea,
Eta gu goratzeko, bertzeen apaltzea,
Gure anaiari duk laido egitea.
Bada, beraz, hor gogoeta sendo eta esamolde trinkorik.
Jean Baptiste Duvoisin (1810-1891), Duvoisin kapitainaren heriotze mendeurrena ere ospatzen dugularik, beude zenbait hitz, batez ere honen kritika lanez. Lore jokoetan epaile gertatu zelarik urte oro idazten zuen sarituen eta aurkeztuen berri emanez, Le Courrier de Bayonne deitu gazetan. Halaber RIEV-en argitaratutako bere gutunetan benetan ohar interesgarririk aurki dezakegu.
Adibidez, 1858. urtean Joseph P(alassie) ezpeletarraren bertsoez ari zaigularik, honen desoreka azpimarratzen digu, zazpigarren bertsoan lortutako gailurra eta ederra gordetzen ez duenez besteetan. Dena den, etorkizun eder, ospetsu bat iragartzen dio. Tamalez, bilduman eman dugun poema bakarra (CXIX-347) ezagutzen dugu.
Komentatzen digu ere, nola M. Gazteluberri delako batek Haritza eta erramua deitu poeman (LXIII-173), benetazko betegintzarreak lortu dituen, nola haren kantatzeak eskatzen zuen hamabi abeslari on eta orkesta oso bat, une hartan lortu ezinak zirenak, eta nola, noski, saririk gabe gelditu zen, baldintzetariko batek tradiziozko doinu baten arabera moldatutako bertsoak eskatzen zituelako. Komentariogilearen ustez, autokritikaria dena kasu honetan, baldintza honek jenioen hegalak motz zitzakeen, eta beraz, honi oztopo, kate, muga, baldintza guttien ipintzea litzateke hoberena poesiarentzat.
Hamar urte beranduago, 1868.ean, hain zuzen, Mauleko notar¡ eta bertsobiltzaile zen Sallaberryri idaztean komentatzen dio nola Saran urte hartan aurkeztutako bertsoen artean lehenago egindakoak baino askoz ere hobeagoak edireiten ahal ziren, eta beraz, hoberenak bilduz mereziko luketeela liburuxka batean inprimaraztea, eta ahanzturaren putzu ilunetik argitara ateratzea. Ehun urte pasa eta egiteko horretan ari gara oraindik hemen.
Euskaldunen aita deitzen zioten Antoine d'Abbadieri garaikideek, eta ez zen izan gutxiago, ezen Lapurditik hasi eta Baxanabarre, Zuberoa, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiara hedatuz eta zabalduz Lore Jokoak beraiekin pizten joan zen euskalzaletasuna eta euskaldun izate-sentitzearen harrotasuna.
Zazpiak bat esatea ez zen oihu huts bat haizeratzea, helburu zehatz, sentimendu eragile eta motor bizi baten egitasmoa piztea, martxan jartzea baizik. Berarekin eta bere bame suaz kilikatu eta bultzaturik idatzi eta kantatu zuten XIX. mendeko poeta, koplari eta bertsolari gehientsuenak, pizkunde eten eta geldiezina gertatu zelarik euskal literaturaren esparru zabalean, bertso eta kanta horien bitarteko.
XX. mendekoez, bere gailur, eta haran, erreka-zulo eta itsasoez,higidura eta etenaldiez, hala nola aitzin-solas bi hauetan gaingiroki edo aipatu ere ez ditugunez, III. alean arituko gatzaizkizue, bi lehenen zuzenketak jaso ondoren, luzexta-sakonxeagoa izan nahi duen azken solasean.
Lezon,1991. ekainaren 3an
BIBLIOGRAFIA
ADEMA, G., Poemas. RIEV, II: 83-89, 90-94, 203-213, 284-296, 410420, 602-610, 757-774; III: 106-109, 226-233, 396-400.
AKESOLO, L., Idazlan guztiak. Edizioaren prestatzaile: Julen URKIZA, 2Vs, Larrea, 1989.
-, ed. de Joannes ETCHEBERRI de Ciboure, Noelac. (Bordele, 1645). San Sebastián, Sociedad guipuzcoana de editores, 1970.
-, ed. de Bernardo GASTELUZAR, Eguiac Catolicac salvamendu eternalaren eguiteco necessario direnac. Bilbao, Euskaltzaindia, 1983.
ALTUNA, P., Versificación de Dechepare. Métrica y pronunciación. Bilbao, Mensajero, 1979.
-, Linguae Vasconum Primitiae. Edizio kritikoa, (Bordele, 1545) Bilbao, Mensajero, 1980.
-, Manual devotionezcoa (1. zatia). Joannes Etxeberri Ziburukoa. Edizio kritikoa. (Bordele, 1679). Bilbao, Mensajero, 1981.
-, Ivan de Tartas, Onsa hilceco bidea. (Orthez, 1666). Edizio kritikoa. Deustuko Unibertsitatea, 1987.
-, "Oihenarten metrika", FLV XXXII, 1979,269-285.
-, "Etxepare herri poeta", Euskal linguistika eta literatura: bide berriak. Deustuko Unibertsitatea, 1981, 321-341.
ALVAREZ, J.L. "Txillardegi", Atsotitzak eta Neurtitzak: Oihenarte (1592-1675). Donostia, Irakur sail, 1971.
ARANA GOIRI, S., Obras Completas. Buenos Aires, Sabindar Batza, 1965. ARGAIGNARATZ, P., Devoten breviarioa. (Baiona, 1665). Ed. fac-simil, Hordago, 1978.
-, Avisu eta exortationea probetchosac bekhatorearentcat. Bordele, Milanges, 1641.
BARBIER, J., & DUFAU, C., Kantatuz. GH, 1921-1926.
CHAHO, J.A., Biarritz entre les pyrénées et lOcéan. Itinéraire pittoresque. Bayonne, A.Andréossy, 1855.
DARANATZ, J.B., "Correspondance du capitain Duvoisin", RIEV, XIX: 58-70, 280-286, 425-433, 449-492; XX: 152-181; XXI: 70-97, 334-368; XXII: 44-73, 310-377.
DARANATZ, J.B., "Jean de Tartas", RIEV, 18, 1927, 295-297.
DASSANCE, L., "Chronique de la chanson basque: A propos de Beñat Mardo", GH, 1967, 289-296.
-, "Documents ayant appartenu á J.D.J. Sallaberry et destinés par son petit-fils au Musée souletin de Mauleon", GH, 1971, 15-19.
DEDIEU, H., "Etienne Materre, franciscain francais, écrivain d'expression basque", BMB, n° 76, 1977, 97-105.
DORRONSORO, J., Bertsotan (1789-1980). 2 Vs, Donostia, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea, 198 1,ss.
EGIATEGI, J., Lehen liburia edo filosofo huskaldunaren ekheia. (1785).
Ed. de Tx. PEILLEN, Bilbao, euskaltzaindia, 1983.
ELIZANBURU, J.B., Piarres Adame (1888). Ed. de 1. SARASOLA, Donostia, Elkar, 1986.
-, Bere bizitza ta lanak. Su vida y obras. Ed. de A. LABAYEN, Zarauz, Auñamendi 124,1978.
ELIZANBURU, M., Frantziako hirur errepublika ixtorioa laburzki. (1890). Ed. de G. FRAILE, Donostia, Erein, 1988.
ETCHEBERRI, J., Manual devotionezcoa. edo ezperen, oren oro escuetan erabiltceco liburutchoa..., Bordele, Millanges, 1627. Noelac eta berce canta espiritual berriac..., Bordele, Millanges, 1630.
Eligara erabilceco liburua..., Bordele, Millanges, 1636.
ETXAHUN, P. T., Bertso bilduma. Zuberoara-batua. Ed. de X. ARBELBIDE, Donostia, Elkar, 1987.
-, Etxahun'en bertsoak gipuzkeraz. Ed. de J. ETXAIDE con la colaboración de J. MIRANDE, Zarauz, Itxaropena,1969.
-, L'oeuvre poétique de Pierre Topet Etchahun. Ed. de J. HARITSCHELHAR, Bilbo, Euskera, XIV-XV,1970.
ETXARREN, J.B., "Euskal literatura Baxenafarren", Euskera, XVIII, 1976, 259-269.
ETXAMENDI, J., "Bordel", Bordel bertsularia. Ed. de J. M. SATRUSTEGI, Tolosa, Auspoa, 1965.
ETXEPARE, B., Linguae Vasconum Primitiae. Bordeaux, Morpain, 1545.
ESTORNES, X (et al.), Literatura. 5 Vs.,San Sebastián, Auñamendi, 1969-198 1.
HARAMBURU, J., Debocino escuarra, mirailla eta oracinoteguia. Virginaren debocinoa, marinelena, eta san Francesen heren ordena, berce anhitz..., Bordele, P. dela Court, 1635.
HARITSCHELHAR, J., Le poéte souletin P. Topet-Etchahun (17861862). Contribution á l' étude de la poésie populaire basque du XIXe siécle. Bayonne, Amis du Musée Basque, 1969.
-, Le poéte souletin Pierre Topet-Etchahun (1786-1862). Contribution á l'étude de la poésie populaire basque du XIXe siécle. Bayonne, Société des
Amis du Musée Basque, 1969.
-, "Simbólica amatoria: los nombres de la mujer amada en la canción popular vasca", Estudios de Deusto, XX, 1972, 9-23.
-, "En tomo a la balada", Congreso de literatura (Hacia la literatura vasca). II Congreso Mundial Vasco. Madrid, Catalia, 1982, 461-495.
-, "L'anti bertsolarisme dans Basa Koplariari (1838) de Jean Baptiste Comoussarry (1815-1842). Donnée sur l'étude des mentalités au XIXe siécle", RIEV, San Sebastián 1986, 97-112.
HARIZMENDI, C., Virginaren officioa. Office de la Vierge, en vers basques. Bordele, 1658. Ed. fac-simil de la de 1901, Donostia, Hordago, 1901. HIRIBARREN, M., Eskaldunak. Baiona, Laserre, 1853. -, Eskaraz eguia. Baiona, Laserre, 1858.
HUMBOLDT, W.F. von, Los Vascos. Apuntaciones sobre un viaje por el País Vasco en primavera del año 1801. Zarauz, Auñamendi, 1975.
IBARRART, P., Koblak. Ed. de P. LAFITTE, Baiona, Herria, 1948.
JAURGAIN, J., "Quelques légendes poétiques du Pays de Soule", La Tradition du Pays Basque. Paris, 1899, 368-383.
LABAYEN, A., "Elizanburu. Bere bizitza eta lanak", Egan, 1965, 1-4.
LAFITTE, P., "L'oeuvre des protestants dans la littérature basque avant et aprés Licarrague", Arnaud Salette et son temps. Orthez, Per Noste, 1984, 201-207.
–, "Bemat Etxaparekoa", Herria, 1967, 23-X.
–, "Eresiak hamabortzgarren mendean", Herria, 1968, 18-1.
–, "Axular'en liburuaz", GH, 1956, 341-344.
–, "Oihenart handiaren letra balios bat", Herria, 1964, 6-VIII.
–, "Bernard Gazteluzar olerkaria (1619-1701)", GH, 1974, 9-14, 69-76, 161-176.
–, Eskualdunen loretegia (1645-1800) (sic). Bayonne, 193 1.
–, Le basque et la littérature d'expresion basque en Labourd, Basse-Navarre et Soule. Bayonne, Le Livre, 1941.
–, La littérature basque. Bayonne, Mende Berri, 1968.
–, Euskal Literaturaz. Ed. de P. URKIZU, Erein, Donostia, 1990. LAFON, R., "La littérature basque", Histoire des Littératures III. Litératures frangaises, connexes et marginales. La Pléiade, Paris 1958,1530-1543.
–, "Sur la versification de Dechepare", BRSVAP, XIII, 1957, 387-393.
–, "Notes pour une édition critique et une traduction frangaise des poésies d'Oihenart",BRSVAP,1955,155-173.
–, "Notes pour une édition critique et une traduction frangaise des "Linguae Vasconum Primitiae" de Bernard Dechepare", BRSVAP, 1952, 139-180.
LAPHITZ, F., Bi saindu heskualdunen bizia: San Inazio Loiolacoarena eta San Franzizco Zabierecoarena. Baiona, 1867. Ed. de J. PIKABEA, Elkar, Donostia, 1986.
LARRE, E., "Ipar Euskadiko bertsulariak", Jakin, 14-15, 1980, 30-38. LARZABAL, M., "J.B. Elissanburu eta Oxalde, bi gorri", Ekaina, 15, Bayonne, 1985, 155-167.
LERTXUNDI, G., Kantikak. Urt-Bayonne, 1948.
MANTEROLA, J., Cancionero Vasco. 3 Vs. San Sebastián, 1887-1880. MATERRE, E., Doctrina Christiana. Bordele, P. dela Court, 1617. MICHEL, F., Le Pays Basque, sa population, sa littérature, et sa musique. Paris, F. Didot, 1857.
MICHELENA, L., Historia de la Literatura Vasca. Madrid, Minotauro, 1960.
–, Sobre Historia de la Lengua Vasca. (Selección de artículos). Ed. de J. LAKARRA con la colaboración de M.T. ECHENIQUE y B. URGELL. 2T. ASJU 10, San Sebastián 1988.
MICOLETA, R., Modo breve de aprender la lengua vizcayna (1653). Edición de E. S. DODGSON, Sevilla, P. Diaz, 1897.
MOURLANE, P., "Los poetas en lengua vasca. La poesía vascongada en el siglo XIX", I Congreso de Estudios Vascos. Bilbao, 1919, 621-643.
OIHENART, A., Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae,..., Paris, S. Cramoisy, 1638.
–, Les proverbes basques recueillis par..., plus les poésies basques du mesme auteur. Paris, 1657.
–, L'Art Poétique Basque (1665). Ed. de P. LAFITTE, GH, 1967. ONAINDIA, S., Mila euskal olerki eder. Larrea, 1954.
–, Las cien mejores poesías de amor de la lengua vasca. Bilbao, La Gran Enciclopedia Vasca, 1975.
–, Euskal Literatura. 5Vs, Bilbao, Etor, 1972-1977.
ORPUSTAN, J.B., "Trois poémes basques du XVIIIe siécle (1766) sur la vallée d'Ossés", Hommage au Musée Basque, Bayonne, 1989, 531-573.
OXALDE (1814-1897). Ed. de J. MOULIER "Oxobi", Bayonne, s.d.
PEILLEN, Tx., "Amodiozko baratzetan", GH, 1962, 74-96.
SALABERRY, J., Chants populalres du Pays Basque. Bayonne, Lamaignére,1870.
TARTAS, J., Ontsa hilceco bidia. Orthez, Rovyer, 1666.
–, Arima penitentaren occupatione devotac. Orthez, Rovyer, 1672. URKIZU, P., Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1798). Durango, 1987.
VILLASANTE, L., Axular. Mendea. Gizona. Liburua. Jakin, Oiñati, 1972.
"Donibane Lohizuneko idazle eskola XVII. mendean", GH, 1973, 129-141.
Historia de la literatura vasca (1961). 21 ed. rev. y completada, Oñate, Aránzazu, 1979.
–, "La literatura vasca escrita", El libro blanco del euskera. Bilbao,
Euskaltzaindia, 1977, 181-198.
itzuli gora