Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Antzerti 75 urte ondoren

Egileak:

    I.Gereñu

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Zerbitzuak

Hitzaurrea

ANTZERTI ETA BERE TESTU-INGURU HISTORIKOA

Antzertik, 1932. urteko urtarrilean ireki zituen begiak lehen aldiz Labayen jaunaren gogo eta lanaren ondorioz eta bere lehen aroak II. Errepublika garaiko bost urtetako bizi iraupena izan zuen, 1936an gerrate zibilak bere izatea deuseztu zion artean. Urte haiek erreparatuaz ulerkorra bihurtzen da izparringi honen izatea, Euskal Herriaren historia kontuan hartuaz gero euskarak eta euskal kulturak bizimodu indar berritu bat sentitu baitzuten urte haietan, euskara eta euskal kultura gizartearen egunerokortasunean eraiki baitzen eta euskal antzerkiek ere, jaiegunetako bizimoduan kartel ugari bete baitzituzten.

Euskaldun izate eta sentitzea berpizten joan zen XX. mende haserako urte haietan eta mende berriarekin batera, igarotako mendean –XIX.ean– euskal herritar ezagun bihurtu zen Sabino Arana Goiri jaunaren garbizaletasun pentsamenduaren ondorengoak, nazioaren aldeko borroka euskaltzale batean murgildu ziren abertzaletasun sustapena landuaz. Horretarako, Euskal Herrian Batzoki edota Euskal Etxeak eraiki ziren hainbat herritan, partaideek elkarte moduan kultura suspertzearren bilkurak ospa zitzaten. Era berean, gizartea euskalduntzearen aldeko bizimolde bati ekin zioten herrixka gehienetan, jaialdi eta saio ezberdinak, eskolak eta kurtsoak, hitzaldi nahiz irteerak... antolatuaz.

Antzertiak ere izan zuen halako tartetxo bat, herri batzuetan tarte handia gainera, euskal hizkuntza eta kulturari bultzada emateko bide bezala erabili baitzen antzertia, herri baten ohiturak eta egunerokoak agerian jartzeko baliabideak eskaintzen baitzituen, herri xumeari literatura kaleko hizkeraz jasotzeko aukera paregabea ematen baitzion, eta orotara, antzertiaz gain, euskal kulturako beste gai batzuez ere gozatzeko parada baitzen gainera (dantza, musika, bertsoak...) festa saioa. Garaiaren askatasun irrikak, euskaldun gogoaren garrak indartu eta gerrate zibilaren aurreko sei urteetan kaleak euskaldun kultur zaleez jantzi zituen, kultura politikaren ardatz bihurturik, kultura borrokaren bide indartsuenetzat onarturik. Euskal kulturak bultzada handi bat jaso zuen eta behingoagatik, Euskal Herriko giro batzuetan, ezkutuko eta ahazturiko kontuak kalera irteteaz gain, modan ere jarri ziren, euskal intelektualen presentzia nabarmendu zelarik, idazle, kritiko, politikari nahiz legegile... ikusle eta entzuleen kopurua era nabarmen batean haziaz.

Jakina da antzertiak bazuela arrakasta ezagun bat Euskal Herrian aldez aurretik, gogora ditzagun bestela Donostiako eta Bilboko Victoria Eugenia eta Arriagako programak adibidez. Baina ordurarte burgesiaren eta goi mailako gizartearena zen artearen ideia, euskaldun herritar xumeen artean ere maiz dastatzeko aukera izan zuten gerra aurrean; honenbestez, mendialdeko herrixka ttikienetan ere antzertiak izan zuen bere txokoa, inguruko herrietako taldeen presentzia edo herriko zaleen artean osaturikoarekin bestela. Konparaketa eginez gero, kontuan hartzekoa da herrixketako taldeak talde amateurrak zirela batik bat –profesional ezagun oso gutxi batzuek ere izan ziren arren–, eta ez atzerritik etorritako konpainia ospetsu eta liluragarriak, konpainia ongi osatu eta finkoak. Baina gogora dezagun hobby eta afizio eran Euskal Herriak garai honetan antzertia denbora pasa eta dibertimendu moduaz gain, propaganda bezala ere era zabal batean eskaintzen zuela eta ondorioz, ezin utz daiteke alde batera, talde hauen borondate eta gogoa, euskal teatroaren taularatzeak iganderoko ohitura bihurtu baitziren herri batzuetan, «profesionaltasun» handia erakutsiaz eta nolabait ere euskal antzertia normalizatuaz.

«Nere langaitzat teatro aukeratu nuan euskeraren alde zerbait egoki bururatzeko labur eta zuzenena nerizkiolako. Bereziki euskera mintzatua, euskera itzeginari indar emateko ustez. Kalean galtzen, mututzen zijoan eta dijoan arabera Teatroa izan zitekean gorde leku mintza bide ta ikastola kaletar erdelzaleei euskaletzeko gogoa emango ziena. Euskaldun arrunta irakurle eskaxa dala esan oi da. Liburu ta paper gutxi irakurtzen dituala. Teatroaren bidez ordea, nekerik gabe jolasean bezela ikusi ta entzunez eman bear zaio falta duan aizkurri ta jakia, eta auek bereganatzeko gogoa, jangurea. Euskeraz gaztetan ikasi zutena besterik ez zekitenak pozik teatrotik irteten ikusi ditut guzia jaso ta ulertu zutelako. Guretzat Teatroa kulturazale eta jolasbide izan bear du problematika larriegietan sartu gabe. Au da experientziak erakutsi diguna. Euskal Teatrora jendea etor arazteko gogoko zaiona eskeini bear diogu».

Hau zela eta, Marzelino Soroa, Toribio Alzaga eta beste baten baten bidea ikasirik, Euskal Erria, Euskal Esnalea, Euskalerriaren Alde, Yakintza... aldizkariek antzertiari eskainiriko orrialdeak ezagututa, Gregorio Mujikak Euskal Antzertiaren alde eginiko lana goraipaturik, Antonio Maria Labayenek argi ikusi zuen euskal antzerkiarenganako bultzadaren beharra eta hartarako euskal antzertiari eskainiriko aldizkari baten nahia agerian jarri zuen. Honez gain, dagoeneko igaroa zen euskal antzertiaren lehen historia laburra idatzi zuen . Izparringiaren nahiaz bestalde, euskal testuak sortu eta antzeztu zitezen sariketa edota txapelketa baten beharra ere jakinarazi zuen behin eta berriz tolosarrak eta azkenean Antzerti izan zen sariketaren gotorleku, arduradun eta bultzatzaile nagusia. Hala,1934. urtean lehen aldiz euskal antzertiaren eguna sortu eta hiru urtez ospatu zen, aldizkaria eta beste hainbat eta hainbat konturekin batera espainiarren arteko gerrak deuseztu zuen arte.

Aldizkaria Labayen jaunaren eskuetan jaio zen, Labayenen herrian, Tolosan hain zuzen ere. Herri honek ere izparringia gerta zedin aukera paregabeak eskaini zizkion egileari, azken finean Tolosa ezaugarri paregabeetan bizi baitzen bere nahiaren betetzea egi bihurtu ahal izateko. Tolosa herri handi euskaltzalea zen oso, mende erdi bat lehenago besterik ez Gipuzkoako hiriburu izandakoa hain zuzen ere. Tolosak bertan erlijio nahiz musika elkarteak, zinema eta antzokiak, dantzaldi eta sindikatu mugimenduak bizi zituen bere egunerokoan eta kultur mugimendua izugarria zen. Kokaleku bikaina izandakoa da mendeetan zehar eta industriak sekulako garrantzia izan du, adibide argia Antzertin bertan publizitate moduan ageri den Elosegitarren txapela da. Tolosako industriaren ogibide nagusiena papergintza izan da ordea XVIII. mendeko krisi latz baten ondorioz, eta papergintzaren eraginez, inprentek, liburu nahiz aldizkariek ere izan zuten bere sorterri eta bizileku Tolosan. Baliabide hau kontuan harturik, herri honetan euskal kultura maite zuten intelektualek beren euskara zabaltzearen eginkizun garrantzitsu bat papergintzaren laguntzaz gauzatu zuten. Eta horren erakusgarri da eskuartean jasotako Antzerti aldizkari hau.

«XIX.mendearen azken hiru hamarkadetan euskal literaturak hasi zuen gorantzako bideak Tolosan izan zuen gune garrantzitsuenetakoa. Eusebio Lopezen inprenta zuen ardatz nagusi. Bertan ikusi zuten argia Gerra Zibilaren aurretik euskeraz idatzitako liburu, orri, aldizkari eta egutegi gehienak. Izan ere, Tolosako abertzaletasunaren ezaugarririk nabarmenetakoa, euskara eguneroko komunikazio hizkuntza izan zedin egin zuten babesa eta indarra izan zen, Euskal nazioaren hizkuntza zela ahaztu gabe, jakina».

PARTAIDEAK

Tolosan ireki zituen lehen aldiz begiak Antzerti aldizkariak, Tolosan, garai hartan euskaldun zaleek osatutako Euskalzaleak taldeko partaideen artean hura gauzatzeko eta bultzatzeko ahalmena zuten intelektual eta langileak biltzen baitziren. Euskalzaleak taldea Nikolas Ormaetxea «Orixe», Jose Ariztimuño Olaso «Aitzol», Doroteo Ziaurriz, Joxe Maria Agirre «Lizardi», Isaak Lopez Mendizabal eta Antonio Maria Labayen bezalako izenek osatzen zuten , besteak beste. Guztiak lagun zituela Labayen jaunari aspalditik zetorkion aldizkaria sortzearen ideia eta nahia, bere hitz hauetan agertu zuenez:

«Ta naiezkoa degun beste gauz bat, antzerkiak argitaratzea da. Lenago Mujika Gregoriok Izarra sailaz egin zuana jaraitu bear degu. Ilean bein edo aliketa maizen antzerki zar ta beriak irari arazi. Ta lan au ondoena “erebista” eran aldizkingi bat sortuta egingo litzake. Arpidedunak bilatu ezkero gauza ereza da, ta lenbailen betor. Uste ez degun zaletasuna dago eritan euskal antzertirako ta, bazkun, eliz bilera, batzoki ta lagunarteak beti gose ta antzerki berien eskean ari zaizkigu».

Eta nahi eta ideietatik ekintzetara igaro zen, eta sortu egin zuen Antzerti izparringia, sortu eta zuzendu, baita idatzi, antolatu eta zabaldu ere. Labayeni zor zaio orotara aldizkari honen izatea, bera izan baitzen eskuartean dugun liburuaren egilea. Izen ezagun honez gain ere bada beste izenik Antzertiren egileen artean ordea, dramagileak hain zuzen ere, hots, antzerkiak idatzi, euskaratu edo moldatu zituztenak.

«Duela 50 urte sortu genuen Antzerti teatro aldizkari xumearen sortzaile izan nintzen».

Hala eta guztiz ere, «Lizardi» eta Isaak Lopez Mendizabal bere lagunen laguntza ere jaso zuen Antzertiren sormen eta gauzatzean Labayenek, dramagile bezala aritzeaz aparte lehenengoak izenburua jarri baitzion aldizkariari, bigarrenak aldiz bere inprentan landu eta pilatu baitzituen aleak. Hauez gain ere izan zuen beste hirugarren baten laguntza, eta ez makala gainera, Antzertiko gainazaletako marrazki esanguratsuaren egilea izan baitzen Jon Zabalo «Txiki» grafista ospetsua.

ANTONIO MARIA LABAYEN

Antonio Maria Labayen Toledo edo Andoni Miren Labaien Toledo –garbizalekeriari jarraiki erabiltzen zuen izena–, Tolosan jaio zen 1898. urteko abenduaren 1ean eta 1994ko urriaren 14an hil zen bere jaioterrian. Karmen Sasienea izan zuen emaztegai eta bi seme izan zituzten: Ramon eta Martin. Goi mailako Komertzio ikasketak burutu zituen Zaragozan. PNV EAJko partaide izan eta II. Errepublika garaiko azken urteetan Tolosan alkate egin zuten; baina gerrate garaian erbestea zela eta, Saran finkatu eta bertan frantsesa eta alemana ikasi zituen. Bibolin jolea eta musikan iaioa ere ba omen zen gizona, mendizale izateaz gain, eta 70. hamarkadan Euskaltzaindiako kide egin zuten. Bere zaletasunik gorenak ordea, euskaltzaletasuna eta antzertia izan ziren bereziki, eta horien aldeko borrokan jardun zen bizi osoan idatzi ugari argitaratuaz. Bazituen biografia nahiz kritikak, artikulu zein ikerketak, entseguak, itzulpenak... Aipatu gaiei zegozkienak eta baita beste hainbat gaiei buruzkoak ere, hala nola Tolosa eta musikari zegozkionak adibidez. Eskuraturiko idatzi guztien artean, antzertia gaitzat darabiltenak aukeratu eta honako Antonio Labayenen zita hauek gogora ekarri nahi nituzke...

«Teatro jardunlari jakintsuen arabera Teatroa lehen-lehena antzertia da, ots, zerbaiten antzera egiña. Beraz euskaraz Antz erti izena ongi emana dauka. Ain zuzen izen hori Lizardi Jaunak asmatu zuan: Gizonak jardunean ari dirala agertzen den joku bat: ekin eta egikeran mugitzen dabiltzala.. Drama izenak griego izkeran ori adierazi nai du, antza ematea, ez da ordea imitazio utsa izan bear antzertia, artea den ezkero...»

Hara hemen, Labayen jaunarentzat antzerti hitzaren sustraiak eta esanahiaren deskribapena. Eta hara, antzertiaren beharra norainokoa den bere ustetan, esaldiaren sakontasuna kontuan hartuta:

«Antzertik diraun bitartean eria bizirik dago».

Begiaztatu bestalde antzertiak zer nolako garrantzia izan zuen euskal gizartean II. Errepublika garaian eta zer nolako erantzuna eman zuen ikuslegoak antzezpenen aurrean:

¿Qué aceptación ha tenido nuestro teatro por parte del público?

¡Muy entusiasta! El pueblo euskaldun sencillo de los pueblos acudía contento a las representaciones periódicas que se daban, especialmente en los «batzokis» de los pueblos. Hubo fechas en las temporadas de 1931 a 1936 en las que se celebraron representaciones de más de 18/20 funciones teatrales euskéricas con gran asistencia de gente. Igualmente se celebraron concursos».

JOXE MARIA AGIRRE — «XABIER LIZARDI»

Joxe Maria Agirre –«Xabier Lizardi» ezizenez– 1896. urtean jaio zen Zarautzen eta familia osoarekin batera Tolosara lekualdatu zen gazte-gazte zelarik. Bere azken hatsaren berri Antzertik ere ematen du, bere heriotza zela eta omenaldi ttiki bat eskainirik aldizkariak berak 14 15. zenbakian. Bankuan aritu zen lanean eta bitartean Zuzenbide ikasketak burutu zituen, baina bere afizio eta ofizio nagusiena poesia edo olerkigintza izan zen. Horretarako hizkuntzaren menpekotasun argi bat behar zuen eta izan ere noski, adibidetzat, «antzerti» hitzaren eta eskuarteko aldizkari honi izena eman dionaren asmakuntza.

ISAAK LOPEZ MENDIZABAL

Isaak Lopez Mendizabal edota Ixaka, 1879.urtean jaio zen Tolosan. Salamancan Filosofia eta Letretan lizentziatu eta Madrilen doktore egin zen. Gerora Zuzenbide ikasketei ekin zien eta bigarren doktoradutza lortu zuen. Gerra Zibilaren ondorioz erbestera irten eta Donibane Lohitzunen lehenik, Argentinan ondoren, urte mordoska igaro zuen. Bere zaletasunak legeak, irakaskuntza, politika eta argitaratze lanak izan ziren batez ere, musika, mendizaletasuna eta eskiaz gain. Baina honek ere euskaltzaletasuna zuen lehengaitzat eta euskararen alde lanean aritu zen bizi osoan. Horretarako, euskal gramatikari, historiari, legeei, erlijioari... buruzko liburuak idatzi zituen eta haurrentzako famatu bihurtu zen Xabiertxoren egilea izan zen. Antzertiari dagokionean, antzerki obra batzuek ere idatzi zituen, Antzertik argitara dakarren moduan.

Sendi honen izena ordea lehenagotik da ezaguna aipatu modura, Ixakaren jaiotza baino urte batzuek lehenago jada inprimaketa lanetan murgildu baitzen. Bere aita zenak 1750. urtean ireki zizkion ateak Tolosako Zerkausi ondoan orain gutxi arte izan den inprenta liburudenda ezagunari eta diotenez, euskal kulturarekin erlazioa zuten liburu gehienak argitaratzen omen ziren bertan. Ixakak jarraitu zuen bere aita-aitonen ogibidea eta Antzertik Ixakaren irargi honen azpian izan zuen bere izatea.

JON ZABALO – «TXIKI»

Juan Zabalo Ballarin edo Jon –«Txiki» izengoitiz ezaguna–, 1892. urtean jaio zen Manchesterren –familia euskalduna bazen ere–, aitaren beharrak zirela eta. Umetatik marrazkigintzan bere ahalmena erakutsi zuen baina bizkarreko elbarritasun batek jota, etxetik ateratzea eragotzia ziotenez eta goi mailako ikasketak ezin ikasi zituenez, bere ahalmena gogoki landu eta kartelgintzan eta marrazkigintzan elaire bihurtu zen. Bere kartelik ezagunenak Eusko Alderdi Jertzaleak (PNV EAJ). Estatutuaren aldeko kanpainarako burutu zituenak dira. Abertzale izan zen berau ere beraz eta Ingalaterrara joan beharra izan zuen erbestera gerra garaian, bera han jaiotakoa izanik, aukera izan baitzuen horretarako, sendi osoak Ameriketara alde egin zuen arren.

Kartelez gain haatik, bere estiloa zehaztuko zuten zuri beltzeko karikaturak landu zituen, prentsan inprimatzeko egokia zen estiloa; hartara, gerra aurreko urteetako Euskal Herriko grafistarik ezagunena bihurtuaz. Bere karikatura eta irudi txisteak egunkarietan argitaratzen zituen eta Xabiertxo Ixakaren liburuaren gainazala ere berak diseinaturikoa da. Antzertin ere izan du parte handi bat «Txiki» k, azken finean, agertzen diren bi marrazkiak bereak baitira, lehenengo aleko Toribio Alzagaren «Aterako Gera» obrarekin kaleraturiko marrazkia eta ospetsu egin den gainazal bakoitzeko eta guztien marrazki ezaguna bestea, liburuki honen azalean ere agertu duguna, bere zuri beltz estiloan biak ere.

ANTZERTI BERE BAITAN

Antzerti izenaren esanahia argitua izan da aurreko atalean, bada ordea, jende askoren artean eta ezjakintasunaren eraginez sarritan entzuten den galdera edo itauna: Antzertia ala Antzerkia?

Antzer «ti» da izena aldizkariari dagokionean, baina antzer «ti» da eta ez antzer «ki» hitza beraren esanahiari dagokionean ere. Gaur egungo kaleko hizkerak galdua du ia atzizki honen bereizketa eta bere erabilera. Kaletarrok sinonimotzat onartzen ditugu bi atzizkiak, baina Antonio Maria Labayen jaunak orain ia hiru hamarkada argitu zion bien arteko ezberdintasuna kultur kontseilaritzaren zuzendariari «Antzerti itza Teatro Osoa edo «Arte Teatral» bezala erabiltzea dagokiola eta Antzerki banako edo puska bat denean» azalduaz. Hau da, «antzerti» arte teatrala denean, bere osotasunean, erabiltzen da; «antzerki» aldiz, pieza teatralari, hots, antzerki obra bati dagokionean. Beraz, egun ia bereizten ez den atzizki honek azaltzen du «Lizardi» k ezarririko izenburuaren, Antzertiren, esanahi zehatza.

Antzertiren lehen aroa 1932ko urtarriletik 1936ko ekainera arte kaleratu zen, gerrate zibila hasi bitartean hain zuzen ere, Antonio Maria Labayen tolosarraren eskutik. Urte hauetan 54 zenbaki argitaratu ziren Isaak Lopez Mendizabalen irargi etxean eta 8 pezetako ordainketa burutzen zuten bazkideek –harpidedunek– urtean, aldizkaria etxean jaso zezaten. Izparringian ikus daitekeenez, ale bakoitza bi atal ezberdinetan bereizten zen: Ileko Beriak edo Jakingariak alde batetik, 25. aletik aurrera atalak izena eta presentzia aldatu zuenez aipatzen dira bi izen, –baina ohar modura 8. eta 9. jatorrizko aleak ez zuela Ileko Beriak sailik argitaratu azaldu nahi dut–, eta antzerkiak bestetik. Hala, 54 zenbakietan zehar 46 obra aurki daitezke non euskal kultura, bertsoak, musika eta dantzak, erlijioaren inguruko bizimodua, baserrietako nahiz tabernetako giroa, diruaren eta gizarte maila ezberdinen arteko ohiturak nahiz iskanbilak aurkezten dira; modu honetan garaiko euskal gizartearen eta bere mintzoen islada argia bilakatuaz eta Antzertiren euskaltzaleen berpiztearen nahia beteaz. Ileko beriak edo Jakingariak atalak ere, garaiko antzerki zaleentzat interesgarri ziren berriak agertu ohi zituen: Euskal Herrian bertan errepresentatutako obrak izendatu eta batzutan kritikak eginaz, Euskal Herritik kanpo gertatutakoak ere ahantzi gabe; euskaldun idazleei animoak eta aholkuak eskainiaz, aktoreak goraipatu eta haien lana eskertuaz, Euskal Antzerti Egunari buruzkoak aipatuaz, testu nahiz antzezkizunen sariketen berri emanaz...

«Gerraurreko antzerti aldizkari honetan era guztietako antzertiari buruzko albiste eta berriak agertuko zaizkigu. Errusian, Flandesen, Bretaina Handian, Frantzian, Espainian eta Euskal Herrian egiten ari zen antzertiari buruzko notiziak. Hileko gora beherak, etxeko zurrumurruak, antzeztaldeen asmoak, arazoak eta hauentzat aholku jakingarriak. Ipar ekialde eta hego mendebaldean euskal antzertizaleak antolatzen ari zirena. Irrati bidez ere, nola euskel antzerkiak hedatzen ziren Beorlegi eta Egilegorren ahotsen medioz asteazken gauetan zortziterdietatik bederatziak bitartean, etabar, etabar,...

Baina ez zen albisteleku edo teoria soileko aldizkaria, bertan lau urte t´erdiren buruan, 54 aletan hain zuzen, 46 antzerki irakur baititzakegu. Horietatik zenbait gaztelaniatik, frantsesetik, alemanetik edo grekeratik itzuliak. Alzaga, Lizardi, Nazabal, Orkaiztegi, Arostegi, Lopez Mendizabal, Lafitte, Amonarriz, Markiegi, Zaitegi, Arotzena, Karraskedo, Urkia, Arzelus, Zubimendi, Tene de Mujika, Barriola, Lekuona anaiak, Gorostidi, Erkiaga, Leunda eta Labaienen luma zorrotz eta izpirituz ornituetatik jalgitako antzerkiak».

Beraz badu zer irakurri eskuarteko aldizkari honek, badu funtsa, badu mamia. Irakurleak irizta dezala gainentzekoa.

JATORRIZKO ANTZERTI GAUR EGUNERATZEAK DAKARTZANAK...

Aldizkari ia ahantzi bat gaur egun kaleratzearen saiakera bat da honako hau beraz, ahalik eta ondoen eginiko saiakera bat. Badira ordea akatsak liburuaren baitan. Hala, argitalpen faksimilerako materiala jatorrizko egituraketari zehatz jarraituaz prestatu da, hobe esanda, bertatik eskaneatua izan da, jatorrizko horretan zeuden hutsak ere bertan utziaz. Erabilitako argitalpen originalaren egoera eta konposaketa dira, garaiko aurrerakuntza eta zailtasunak kontuan harturik, hori berrargitaratzeko arazo teknikoak sortu dituztenak beraz, eta era berean, argitalpenaren hutsen errudun.

Bestalde, liburuki ezberdinez baliatu gara aldizkariaren argitalpen oso bat egin eta baieztatu ahal izateko. Aurkitutako liburukien artean, Tolosako Udal Artxiboko (T.U.A.) liburukia batetik –bertan ale guztiak daude bata bestearen atzean, orrialde batzuek falta diren arren–, eta Koldo Mitxelena (KM) Kultur guneko liburuki ezberdinak bestetik –liburuki hauek urteka bananduak daude ia kasu guztietan, baina bada hiru urte liburuki batean bildutakorik ere– erabili dira. Guztien artean, batik bat T.U.A. ko liburukiarekin lan egin da faksimil hau burutu ahal izateko, nahiz eta KM Kultur guneko liburuki ezberdinak ere kontuan hartuak izan diren, eta kasu batzuetan berauek osagarri moduan erabiliak ere bai.

Antolamenduari dagokionean, jatorrizko aldizkariko aleen ordena banan bana kontuan hartu da liburuki hau osatzeko. Hala ere, aleen arteko ezberdintasunak direla eta, eta irakurlegoari errazago nahiz erosoago izan dakion liburuki honen erabilera, aurkituriko aleen sailen jatorrizko ordena zertxobait aldatu da kasu batzuetan eta zenbaki guztietako atalek orden berdin bat jarrai dezaten saiakuntza egin da. Aldaketarik nabarmenena Ileko Beriak edo Jakingariak atalak jasan du. Jatorrizko liburuxka eta ale banako bakoitzaren erosotasuna zela medio, aldizkariko atal hau lehenengo eta azkeneko orrialdeetan banatzen zen, hau da, gainazalaren atzealdean zati bat, antzerki obra jarraian eta atzean berriz berrien saileko beste orri bat, aldizkariaren hasiera eta amaia beteaz. Izparringia eguneratzean aldiz, ale guztietan orden bera errepikatzearren eta arreta irakurlegoaren erosotasunean gainjarririk, Ileko Beriak Jakingariak ataleko orrialde guztiak batuta, jarraian, ale bakoitzaren hasieran kokatu dira.

Aipatu atal honen azalen –lehen eta azken orriak– izatea zela eta, ale bakoitzaren orri berezi hauek kolore ezberdinetakoak izan ohi ziren beti, aldi bakoitzean kolore batekoak gainera (berdeak, urdinak, horiak, arrosak...), inolako jarraipenik gabeko koloretakoak. Hemen, bere izate berezi hau jaso nahi izan da eta beraz, ale bakoitzaren ordena behar izandakoan aldatu zaien arren, beren esentzia mantendu eta orrialde hauei gris antzeko kolore bat eman zaie.

Ileko Beriak – Jakingariak atalaz gain, antzerki obrez aparte, tarteka agertzen diren beste atalen ordenari dagokienez (sariketak, aldizkariak aurretik argitaratutakoak, Ixakarenean argitaratutako liburuak...), bakoitza ageri tokian laga da, ezen eta aldizkariak berak hilerokoan orden ezberdina erabili ez badu behintzat. Kasu hauetan, ale gehienek mantenduriko ordena jarraitu da batik bat edota egungo irakurlearen erosotasuna kasu oso bereziren batean.

Jatorrizko aleen eta eskuarteko liburuki honen artean bada beste ezberdintasun bat, neurriari dagokiona hain zuzen ere. Jatorrizkoaren neurri bera mantendu da orrialde bakoitzean, beren hizki eta tamaina diren bezalakoak argitaratuaz. Egungo liburukiaren orrialde eta argibideak jartzearren bestalde, orriak zertxobait handitu dira. Hau da, jatorrizko orri bakoitzari pittin bat goian eta beste pittin bat beheran gehitu zaizkio azalpenak egungo irakurlegoari luzatzeko.

Argibide hauetan, ezker aldean alearen zenbakia eta zegozkion hilabeteak eta urtea aipatzen dira, garaiko hilabeteen izenak mantenduaz. Eskuin aldean aldiz, Ileko Beriak Jakingariak edota orrialdeari dagokion obraren izena eta bere egile edo euskara itzultzaile denaren izenak ezarri dira. Aldizkariak berak azaltzen du jatorriz norena den antzerki bakoitza, eta itzulia bada, nork itzulia den. Itzulpenaren moldaketak zirela medio eta aldizkariaren nahi euskaltzalea kontuan harturik, itzultzaileen izenak egokiagoak iruditu eta garai hartako euskal izenak ezartzearen erabakia hartu da eskuin alde horretan.

Atal honi amaiera emateko, jarraian agertzen den aurkibidea kronologikoki ordenatua dago eta izenburuen berezko izateari eutsi zaio garaiko grafia errespetatuaz.

AMAITZEKO

Gomuta ugari ekarriko dizkio gogora gainazalaren gain begirada batek jende batzuei, ia ahantziriko edo gutxienez bazterrean gorderiko aldizkari hau mugimendu euskaldun eta antzerkizale baten adierazle nabarmen bihurtu baitzen II. Errepublika garaian. Eta azal honek, bere izate sinpleak jasorik duen esanahiak, historiaren zati pottolo samar bat bete zuen joan den mendeko euskaldunen artean.

Oso gutxi akaso aldizkaria eskuartean inprimatu berri ezagutzeko aukera edukitakoak izango zarete, beste batzuek berriz, etxekoek, liburutegi edota hemerotekek gordetako aleak arakatzeko paradaz gozatuko zenuten ziur aski, baina izango da Antzerti izena ezagun egiten zaionik baina sekula ezagutu ez duenik, guztiz ezezaguna zaionik ere, azken finean, egungo bizimoduan hazi eta hezi garenontzat urrun geraturiko kontuak baitira.

Baina seguru jokatuko nukeelakoan nago, euskal kulturan amorratuak nahiz antzerki eta errepresentazio zaleak, neuk bezalaxe, benetan eskertuko dutela liburu batean lan honen existentzia egungo izatean. Horrexegatik eta guzti horiei, oroitzapenak berpiztu diezazkienei edota interesgarri litzaiokeen edozein irakurleri, hau da, begiak kuriositatez jantzi dituztenei, eskaini nahi diet gozoki berreskurapen hau.

Eta Antzertiri Zorionik beroenak eskaini nahi dizkiot bestalde, eta era berean, Antonio Maria Labayen jaunari omenaldi ttiki bat. Zorionak, 75 urte igaro ondoren oraindik ere halako zirrara bat sortu eta dastatu arazten duelako askoren artean aldizkariak; zorionak, euskalduna izan zen historia bat gogora ekarri arazteko aukera eman digulako eta zorionak batez ere, euskal antzertiaren alde egindako lan bikainagatik.

ZORIONAK BADA ANTZERTI ETA ONGI ETORRIA BERRIZ ERE GURERA!!

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003