Prezioa: 14 € Erosi
Euskal Herriaren egoerari eta bilakaerari buruz idazten du Xabier Barandiaran soziologo, ikerlari eta idazle ataundarrak liburu honetan. Berria egunkarian argitaratu dituen artikuluak bilduta eskaintzen dizkigu, eta herrigintzari, euskalgintzari eta euskal gatazka deiturikoari buruz gogoeta egitera bultzatzen gaitu. Gehiago esango nuke, zirikatzaile lana egiten du Xabier Barandiaranek lan honetan. Izan ere, moralismo merkerik gabe, gaien alderdi desberdinak maisutasunez azaleratzen dizkigu eta pentsatzen jartzen gaitu. Artikuluetan barrena adierazten denarekin ados egon edo ez, ezin da ukatu Euskal Herriaren egoera eta bilakaera ulertzeko argudio, irizpide eta ideia ugari ematen dituela. Liburua osatzen duten artikulu guztietan hausnarketarako puntua jartzen digu Xabierrek.
Gizarte ikerlarion beharretariko bat izaten da egunerokotasuna aztertzea, baina epe luzerako joerak eta etorkizuneko tendentziak ahantzi gabe. Oso ondo uztartzen ditu Xabier Barandiaranek helburu bi hauek liburuan. Izan ere, Euskal Herriaren gaur eguneko argazki gardena ateratzeaz gain, etorkizunari buruz hitz egiten digu. Hori dena euskal nortasunaren egoerarekin eta etorkizunarekin arduratuta dagoela inola ere ezkutatu gabe. Unibertsitateetan lan egiten dugun ikerlari eta irakasleon zorretariko bat da gure azterketa, gogoeta eta iritziak plazaratzea, gizarteen eta gizakien egoera eta bilakaera argitzeko helburuarekin. Horrekin batera, euskaraz idazteko zorra ere badaukagu, nire ustez, ikerlari euskaldunok.
Xabier Barandiaranek trebetasunez kitatzen ditu zor bi hauek liburu honetan. Izan ere, ekarpen oso baliagarria eskaintzen digu gaur eguneko Euskal Herriaren joera politiko eta sozialak ulertzeko, eta gainera euskaraz idatzita. Euskara jatorrean idatzita egon ere.
Gai asko aurkituko ditu irakurleak liburu honetan; hori bai, guztiak gune jakin batzuen inguruan: euskal gizartea, erakundeak eta gizarte harremanak, batez ere. Soziologo bezala, Soziologiak aztertzen dituen gaiei buruz idazten du Xabier Barandiaranek; abiltasunez eta zorroztasunez idatzi ere.
Liburu interesgarria, atsegina eta irakurterraza da. Iradokizunez betea. Euskalgintza, herrigintza eta euskal gatazkari buruz interesatua dagoen edonork gustura irakurriko duena. Ziur gustatuko zaizuela.
Patxi Juaristi Larrinaga Markina-Xemeinen, 2004ko azaroaren 15ean
itzuli gora