Fedea, aberria, eta gizabanako-mailako maitasuna dira Auñemendiko Loreako mataza ehotzen duten hiru osagai nagusiak. Riktrudis protagonista eta Portun eragile dituztela, kristau-fedea/"fede zarra", frankotarrak/euskaldunak aurkakotasunek, Portunek eta Adalbaldok Riktrudis maitatzeak eratzen duen maitasun-triangeluaz lagundurik sortutako korapiloek, Adalbaldoren heriotzarekin eta Portunen kristautzearekin aurkituko dute oreka bernia.
Agirrek histori liburutan ikasitakoa hartu zuen abiapuntu eleberria burutzeko, baina garaiko giro historikoaren azterketa xehea alboratuz, gatazkak oso modu gardenean eta muturrekoan, ñabardura eta aringarririk gabe aurkeztuz, une horretako gizarte-harremanek erakus zezaketen konplexutasunean sakondu gabe, aldaketa historiko baten berri ematera jotzen du: kristautasunaren garaipena jentiltasunaren aurrean. Riktrudisek hezurmamitzen duen kristautasunaren edertasunak Portun liluratzean erdietsitako garaipena da, euskal buruzagiak "fede zarretik" kristau-federa egindako bidaian irudikatutako garaipena.
itzuli gora