GIZONA gizon denez gero kantuz ari zaigu. Khantuz sorthu nGIZONA gizon denez gero kantuz ari zaigu. Khantuz sorthu naiz eta khantuz nahi bizi / Khantuz igortzen ditut nik penak ihesi, Mendiague koplariak zioen bezala. Era berean poesia, bertso neurtuz ala askez izan, gizona bezain zahar dugularik, literatur guztien sorreran ageriz, kantari datorkigu. Herrien haurtzarotik dantza eta musikarekin lotua eta halaxe jarraituko gizadiak dirauno, noski.
Herrialde guztiek izan baitute haurtzaro bat, polliki-polliki moldatzen joan dira beren arau nagusiak, jenio bizi, azkar, argi eta indartsuenek ezarrien arabera. Arau, modu eta era hauek gero eta molde antzetsuago eta harmoniatsuagoz jantziz.
Poesia ere ez da lege honetik at gelditu, eta euskalduna are eta gutxiago. Nola besterik zitekeen bere nortasun adierazgarrien eta nagusientzat emana izan bada, alegia, herri kantari bat garela, Auñamendietatik Kantabriako Itsasoraino doazen muino magaletan kanta eta dantzan ari den herria?
Izenburuaz
Mintza gaitezen, ordea, orokorretik xehetasunetara iraganez bertso eta kanta bilduma honen izenburuaz.
Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak. I. Anonimoak
Alegia, Iparraldeko koplari eta bertsolariez arituko natzaizuela hemen. Baina titulu luzexta hautatu badugu ez da arrazoirik ezean izan. Alde batetik, Lafitteren beste berdintsu bat neukan oroitzapenean; bestetik, jakina da Donostia Santagrazi baino iparraldeagoan dagoela kokaturik, eta egokiago litzatekeela ekialdemendebaldeaz mintzatzea iparralde-hegoaldeaz baino; eta azkenik, koplari hitzak nahas gintzakeelako eta iritzi okerrera eraman. Lafittek dioenaren arabera (La-2,25) ez dira esanahi berekoak, koplari edo koblakari eta bertsolaria, koplariak ez baitu derrigorrez bapatean sortu beharrik, eta bertsolaria alderantziz, loturik dago nahita-nahiez bapatekotasunarekin eta ez zuen askotan (lehen bederen) idazten bere bertsoak, besteak beste, zenbaitetan irakurtzen eta idazten ez zekielako, jakina denez. Noski, bertso eta kanta bilduma honetan zein diren batzuenak edo besteenak ez da erraz jakitea.
Anonimotasunari dagokionez honen esparruan maila ezberdinak direla garbi dago, ez baitute anonimotasun bera ahoz-aho eta aldaera anitzetan iritsi zaizkigun kanta eta bertso askok, edota Eskualduna aldizkarian agertutakoak, ziur bainago gainera bazutela bertan eta izena ezkutaturik plazaratzen ziren bertso politiko zenbaitek egile garaian oso ezaguna. Baina gu nor zen jakitera iritsi ez garenez gero, ikerketa sakonago eta asti luzeagoa (ez duguna) beharko baikenuke hori argitzeko, zaku horretan sartu ditugu, berau eklektiko samarra bilakatu zaigularik.
Era berean, kantu bildumetan egile izenik gabe zetozen hainbat eta hainbat bertso bigarren liburu batetarako utzi ditugu ohartu baikara Monho, Xantxo, Etxahun, Oihanto, Becas, Camoussarry, Elissamburu, Bordaxuri edo Ademarenak zirela. Baina zer ederrago poeta batentzat herri ahots bilakatzera iristea bezalakorik? Areago oraindik, ez dugu uste erabat banatze ,eta ezberdintze hori lortu dugunik.
Zenbat eta gehiago aztertu eta sakondu bertsoen itsas nahasian hanbat eta argiago gelditzen da herri poesia eta jakintsuen poesiaren arteko mugak ilun eta irristakor direla, koblakari / bertsolari, edota olerkari / bertsolari bereizketak erromantizismoaren garaian eta batipat Herder, Schelling, Schlegel eta Grimm anaiekin sortutako kontrajartze haren Naturpoesie l Kunstpoesie ondorio direla. Gero eta nabarmenago ikusten da elite delakoaren eta herri xumearen arteko kontrajartze eta bereizketak ez direla oso zehatzak, eta adibidez, herri kantak asko zor diela herriko apaizei, eta hauek hari. Pentsa dezagun esate baterako, zuberotar pastoralean kanta gre gorianoak duen eragina eta zer ikusia.
XVIII. mende bukaeran argitaratu dugun (U-1) bezalako bertso bildumak egiten hasten direnean, edota XIX. menderdian Chahok bilduetakorik ARIEL-en plazaratzen dituenean zenbait kanta eta bertso (tamalez oraindik argitaragabe eta bahiturik dagoen bere eskuzkiribu aberatsetik hartuta), eta batipat 1870. urtean Sallaberryk bere berrogeitahamarrekoa ematen digunarekin batera egoera aldatzen doakigu. Lehendik baziren kaier eskuzkiribu batzuk, oso bakanak egia esateko, guk dakigunez, ahoz-ahoko tradizioa jasotzen zutenak; baina gero, eta alfabetizazioa ere ugaritzen doanarekin batera bertso eta kanten kaierak ugaritu egingo dira. Horietaz baliatu gara gu ere hemen eskuzkiribuen zerrendan ageri den bezala, galtze arriskutik Chahok hasi zuen erreskate lan hari jarraikiz.
Ez da hemen aurkezten dugun bilduma inolaz ere exhaustiboa, egiteko erabili ditudan bitartekoak ez baitziren ainitzetan presaka eta beste lanei kendutako unetxoak baizik. Osotasun hori lortzeari, bestetik, alor honetan nola bestetan aski zail edo la ezintzat derizkiogu.
Dassancek artikulu batean (D) eskatzen zuen hura ere ez dut betetzen, alegia, ikerle edo argitaratzailea xuberotarra izan zedinaren baldintza, baina hobeto edo okerrago nere ahaleginak aspalditxotik eman ditudala iparraldeko testu ezezagunak plazaratzen inork ez dit ukatuko.
Bilduma, argi dagoen bezala, ez dago burutua baldintzarik hoberenetan, eta beraz, argitasun askoren beharrean aurkitzen dira bertso anitz. Historia aldetik, egileen eta gertaeren kokatze zehatza lortzearren udaletxeetako eta probintzietako artxiboetan ikerketa ugari egin behar baitira; eta hizkuntzan dagokionez 500 bertso horien azterketa xeheak, gramatikak beste liburu bat eskatuko liguke, baina beste baterako utzi beharko dugu hori, edota gramatikagintzan murgildurik dabilenentzat. Noski, argitasun guzti horien ondoren irakurleak, kantariak eta ondorioz entzuleak plazer handiagoz dasta zitzakeen bertsoak Euskal Herriko historiaz eta barne-bizitzaz gehiagoxe ornituz eta jantziz. Baina zehaztasun guzti horien ezean ene ohar eta hitzaurre honetaz baliatu beharko du, eta ez bego gero urrunerako kritikariaren osagarria, ene nahia eta desioa Axularrenaren antzekoa baita, alegia, lehenbaitlehen etor dadila beste saio bat ene xume honen hobetzera. Duda izpirik gabe anitz gelditzen baita egiteko testu argitaratze eta komentatze lanean, eta gure honek ikerlariak kilikatzeko balioko balu pozik geundeke.
Sailkapenaz
Gure lan honetaz mintzo garenez gero egin dugun sailkapenaz arituko gara ondoren.
Hogei sailetan banatu ditugu bost ehun kanta eta bertsoak. Zergatik hainbeste? Hainbat buru bestainbat aburu, dio esaera zaharrak, eta halatsu sailkapenak. Michelek, adibidez, (Mi) honela banatu zituen: chants historiques, chants politiques, légendes poétiques, chants funébres, romances, chants de Montevideo, chansons morales, satires, eta chants diverses. Hau da, bederatzi sail, azken horretan denetik sar daitekeelarik. Bere aldetik M hn-ek (Ma) urte berean (1857) Berlinen argitaraturiko testu xortan ardo eta erotika kantak ere aipatzen dizkigu. Eta Vinsonek (V) geroxeago beste era honetara sailkatzen ditu: chants politiquea, chants d'amour,chansons satyriques et humoristiques, berceuses, eantilénes et formulettes, eta azkenik chants de quéte. Sei, beraz, Michelek baino gutxiago, baina bestalde sartzen zituen haurrenak eta seaskakoak hala nola eskekoak. Halaber, Martin Rectoran Amikuzekoak argitaragabe Baionako Herri Liburutegian duen eskuzkiribuan hamazazpi sail ezberdin ematen dizkigu, aski xehetasun handiz.
Baina guk, nori jarraitu diogu gurean? Nabarmena den bezala ez da deus berririk zerupean, eta zorrak aipatzea da zuzenena, eta legeak agintzen duena. Argi eta garbi dagoenez, Lafitteren zordun naiz eta Kantu, kanta, khantore liburuaren batipat. Oroitzen naiz gainera, nere esker ona nola ez agertu hemen, duela hogei urte pasatxo Salamankan nintzelarik beraxe oparitu zidala Mitxelena irakasleak, Halaber, bilketa lanean ari nintzelarik ohartu nintzen Lafittek Mendiagueri zion zorraz.
Hona bada, aitortu nerea eta bestearena saiatu, baina salaketa honek ez du inoiz, inolaz ere nere estimu eta esker handia Jipar bat ere guttitzen. Azkenik, amodiozko sailari dagokionez adiskide on daukadan Juan Mari Lekuonaren lan benetan interesgarri bati zor diot (Le).
Badakit, ondo jakin gainera, bertso batzuk agian sail batean baino hobeto leudekeela beste batetan, edo berdin egokiak lituzketeela sail bat baino gehiagoko izenburuak. Hori batez ere nabarmentzen da amodiozko hogei azpi-ataletan, kontutan harturik batipat irizpide ezberdinekin eraturiko sailak direla. Badakit ere Baladak hitza aski hedaturik dagoela Europa aldean eta azken garaietan gurean, baina kontutan hartuz Haritschelhar irakasleak egin oharrak batez ere hitz horrek Frantzian duen esanahiaz eta berezitasunaz, eta gure lana estatu horren parte baten bertsoez ari dela Hiltze, presondegi, eta beste istorio izenburua hobetsi dugu. Nork bere hautaketa.
Sailkapena, beraz, ez dugu egin euskalkien arabera, edo metrika gogoan hartuz, edo kronologia, baizik eta gaiak izanik irizpide nagusi beroien arabera taxutu dugu. Jendetasunezkoekin hasi eta Amodiozkoekin bukatzeko, hauek baitira sailik ugariena nabarmena denez.
Gaiez eta irudiez
Ezaguna da gaur egun gero eta garrantzi gehiago ematen zaiola historian, herrien burutapen, gogoeten, mentalidadeen adierazleei, eta ezin uka dezakegu gure xortan badela bertso zenbait balio digutenak geneukan eman ideia aldatzeko edota zertxobait zuzentzeko.
Adibidez, hor ditugu Iraultza frantsesari buruzko kantak. 1790. uztailaren 12an Apezgoaren Konstituzio Zibila legeztatu zenean Lapurdiko apez asko ukatu egin ziren zinatzera, baina Mauleko kaputxinoen komentuan zeuden fraide guztiek zinatu zuten juramentua. Eta apez zinatzaileen kontra ziri latz eta zorrotzik idatzi bazituen ere Salvat Monhok ez dira falta iraultzaileen aldekoak ( 318, 319...), eta Artxibizko, kardinale eta apez ez juramentatu-en aurkakoak. Hala bertsogilearen begirada benetan adierazgarria da kantatzen digunean nola ikusten dituen Donostiar señore eta señora batzuen emigrazioa 1794 eta 1795 urthetan (331).
Txomin Peillenek Pariseko Igela, euskaldun heterodoxoen errebista hartan zioen bezala, xikitoak artzainek eginiko bertso berdeak dira. Xuberoan olha izena dauka beste herrietan korta izenez ezagutzen dena, eta duela urte zenbait oraino artzainik falta ez zenean olha batetik bestera, ibar batetik bestera artzainek elgarri, holako kobla horietatik botatzen zioten. Ehunka dira xikitoak, baina folklore bildumek baztertzen zituzten, nahiz herri fruituak horiek ere izan. Badute stornelli italdarrekin zerikusirik, hauek bezala distikoak baitira baina hauek gehienetan grazios eta poetikoak badira, haiek, aldiz, gehienetan lohi eta lizun dira. Beraz moral arrazoiengatik izan dira baztertuak, guk literatur irizpideak hartzen baititugu helburu hemen eman ditugu.
Agian ikuspegi ezberdinetarik hiltze istorioen bertsoak ditugu interesgarrienetakoak. Hauek XVIII. mendean bizi-bizi zebiltzan herriz-herri feriaz-feria kantarien ahotan, bertso paperetan, antzerki, biografia eta eleberritan. Sos bitan saltzen ziren bertso paperak gero aldaketa zenbaiten karian ideologia ezberdinetako zerbitzuan idazten diren eleberriak bilaka daitezkeelarik. Hiltzaile, ohoin, bideetako lapurrak hala nola itsasoetatik iritsitakoak, jendilaje horrek izan dute, noski, antzinatik literaturan bere txoko berezia. Zenbaitetan idealizazio mota ezberdinez jantzi eta ornitu direlarik.
Bandolerismoaren fenomenoa arrunta bilakatu zen XVIXVII. mendeetan estatu sortuberriaren bazter urrunenetan, galduenetan, muga ondoan, leku menditsutan eta etnia ezberdinetako jendeek osatzen zuten zokoetan... Batasun politikora sakrifikatu ziren zenbait guttiengoen erresistentziatzat ere hartua izan da, eskubide zahar eta tradizio oraindik zaharragoen defentsa eta berpizte gisara ere. Katalunian, adibidez, gonbaratu izan da bandoleroa Gaztelako pikaroarekin, bandolero eta errepidetako lapurrek sortu zutelarik ere bere kanta errealista izugarriak.
Urkaberakoak ez ezik, presondegian arrazoi ezberdinengatik zeudenen bertsoak ere jaso ditugu atal honetan, hala nola pastoraletatik eroriz la kanta bezala autonomia lortu dutenak, adibidez, Heben girade Aimonen lau seme (307), eta Herraturik nabila (308).
Noski gure xortak eskatuko du Bidasoaz honaindikoekin erkaketa bat baina hori hala nola iturrien eta literatur balioen azterketa bego hurrengorako. Lakarrak eta bere ikertaldeak hain artoski egindako lanari gure ondar alea eskaintzen diogulakoan kontent gaude oraingoz, ohartzen bainaiz Haritschelharren hitz haietaz, Eta orai emanen dudan Etxauzeko anderiaren kantia berriz irakurtzen dudalarik, nago bi kantu horien sujetak direla behar hada presuna bakar bat eta izan ditaikela Ahetzeko edo Hauzeko anderia Etxauzeko anderia zela (...) Dena den badute oraino lan Eskual ikertzalek (U-3, 245).
Amodiozkoak ditudalarik kontutan, Michelek ematen digun berria (Mi, 411) datorkit begibistara, non kontatzen digun XVII. mendeko Le Pays izeneko batek Amsterdamen argitaratutako liburu batean zioenaren arabera, euskaldunen ohituren artean gehien estimatzen zuena, eta mundu guztiak jarraitu beharko lukeena ezkontza aurreko harremanak zirela. Alegia, Joanes Joanarekin maitemindurik bazegoen ez zuela ezkontzaraino itxadon behar, eta urte batez elkarrekin oheratu ondoan Joanesi Joanarekiko esperientzia laket ez bazitzaion, edo alderantziz, eskubide osoa zutela biek aske gelditzeko, eta noski ikusten zela ondorioz zenbait senargai izaniko emazterik haur mordoa aldamenean, hori zela eta bere burua desohore gabe sentitzen zenik.
Ez da harritzeko, bada, Oihenartek 1657. bere poema bildumaren bukaeran ematen digun hiztegitxoan ohaidekari hitza agertzea, erantsiz, oso maiz agertzen omen zela kanta zaharretan. Kanta lizun horien izateaz mintzo zaigu ere Belapeyre XVII. mende bukaeran argitaratu zuen dotrinan, honelaxe, hain zuzen: G(aldera): Xahu eztiren khantoren erraitia eta irakurtzia gaizki deia? I(hardespena): Bai, hori da Jinkoari ogen egiteko bide agerian jartia.
Bero-bero, amo xortek zintzurra eta barrena gori-gori ipini ondoren lagun artean hamaika bertso gordin, lizun, likits eta lohi kantatzen ziren Santagrazitik Hendaiaraino. Noski, gordinkeria huts ziren bertso eta kanta horiek ezin zitezkeen liburuetara iragan apaizen eltzean egosi, txukundu, orraztu, dotoretu, karnustu eta piperra kendu gabe araztasunaren izenean, edo besterik gabe beraiek egin bildumetatik baztertzen zituzten. Gu, fideltasunari, egileari aldarea eraikitzen saiatu gara, eta aldaeren erkaketak benetan gauza bitxiak erakusten dizkigu.
Aspaldi mintzatu zitzaigun Peillen (Gure Herria 1962) amodiozko baratzez, amodio eskolez, eta maitearen izenez (txoria, lilia, izarra). Gabilondok bere aldetik (Ga, 62) mutil maitale eta neskatxaren harremanez ari zaigularik azken honen kalifikatzaile multzoak aipatzen dizkigu hiru sail eginez:
1.- Egurats-kalifikatzaileak (izarra, elhur, lanhape)
2.- Landare-kalifikatzaileak (lilia, larrosa, mertxika, pipirina, jirofleia ... )
3.- Animali-kalifikatzaileak (usoa, txoria, erresiñula, pabua, kaila...)
Azken gogoeten artean dioelarik, erromantzeek mundu autonomo, buru-aski eta aberatsa osaturik, halako ikerketa estruktural batez bahetzea onartzen dutela frogatzen bide duela.
Halere, uste dugu iruditegi hori hela eta aberats daitekeela aurkezten ditugun poemekin. Neskatila, neskatxa, birjina, anitzetan dendari denaren eta mutil gaztearen, goarda ere anitzetan denaren harremanak ehize bat bezala aurkezten zaizkigu eta erretorika berezi batekin, Petrarcaren edo Espainiako errenazimenduaren lirikan bezalaxe errepertorio ezagun, errepikatzen diren irudi la beti balio berdineko batzuekin.
Alde batetik usoa, usoñoa, urzo aphala, urzo xuri, pollita edota urzo koloma; eta bestetik ehiztaria, xaflaxa edo esparberaren (gabiroia), belatxaren irudia hartzen duena. Bestetan otso / ardi kontrajartzeaz baliatzen da bertsogilea, dela poeta eskolatua, koplaria edo bertsolaria.
Landareak edertasunaren adierazgarri direnez hor ageri dira neskaren irudi: jirofleia, briolina, elhorrria, lilia, lilittoa, arrosa, mertxika, erramua, ezpela, ejipzia...
Izenlagun maizenak bestalde hauek ohi dira: ederra, eijerra, ederrena, xarmegarria, amultsua, graziusa, paregabia, gaztia, unesta, karioa, arraroa, floratua, agrablea, kapablea, kharinosa, eskolatua, pollita, ernea, amorosa, preziusa.
Beraz, izenlagun kalifikatzaile guzti horiek neskatxaren dohainak adierazten dizkigute, bere kalitateak, hiru hauetan labur daitezkeenak: dontzeilatasuna, fideltasuna eta eztitasuna.
Neskatil gaztearen pintura horietan finkaturik ez da duda egin zuela bere Mariarena Elissamburuk.
Iruditegi horretan badira zenbait irudi esanahi erdi estaliak dituztenak ere, hala nola: urzo aphala, urzo tortoilak, gizon gazteak utzitako neskatx malerusa adierazten du (371); erresiñuletak, ongi burututako amodioa; oilanda, okerbidetik dabilen neska; arraina, ain gira, hegazterre-isatsa edota hegalpeko-luma... delakoek lehen floria.
Bilduman zehar nabainiena da andereari buruzko iritzia ez dela anitzetan amodiozkoetan bezain ideializatua, goretsia, irri eta ziri frango sufritu behar baitute koplariaren mingain zorrotzaren puntatik, batipat honek mespretsu edo abandonorik pairatu badu.
Harriederrez, arrosa buketez, ilargi ekiez, argi eta ilunez, elurraz eta suaz, bortaz eta leihoaz, libertateaz eta kaloiez, hala nola beste hainbat irudiez luza mintza gaitezke baina aurkezpen gisako honekin aski beharko dugu oraingoan.
Bertso moldeez eta musikaz
Bertso bilduma honetan era anitzetako bertso moldeak aurki ditzakegu, molde nagusiak eta molde txikiak, silaba kopuru berdinak eta ezberdinak dituzten bertsolerroak, beraz, bertso edo ahapaldi xit ezberdinak. Polimetria dugu nagusi, beraz. Baina gauza aski jakina den bezala, eta Haritschelharrek (H-1, 483) ongiaski adierazten digunez Etxahunen bertsogintza aztertzerakoan laukoak dira jaun eta jabe euskal poesian. Lauko handiak, hamar, hamahiru eta hamabost silabakoak, eta pundu mota hauen arabera taxutuak:
lOAA--;13AABB;13AAAA;15AABB;15ABAB....
Halaber eta Oihenartek esaten zigun bezala bada bertsomolde benetan euskalduntzat jotzen diguna eta maiz ageri zaiguna, alegia Berreterretxen Khantorean agertzen zaiguna, eta kopla zaharren neurri tradizionala dena, berresaten digunez Luis Mari Mujikak (Mu, 623), alegia:
8a8a10-8a.
Aipatu Lekuonaren artikuluan ere badira egitura metrikoen adibide batzuk, gure bildumari dagozkionak, baina falta dira noski bat edo beste, hala nola berezi xamartzat jotzen dugun hauxe:
2a4b4b6a /2a4b4b6a/3a6b3a6b/2a4a5a5a.
Hau da hamasei pundukoa eta zenbait bi silabaduna.
Bertso moldeen etorkiaz mintzatu zitzaigun Oihenart aspalditxo baina baita ere XIX. mende bukaeran Adema kalonjea, zeinen lana (A) dagoen Lafitteren Koblakarien Legea izeneko liburuttoaren sorreran. Hark aipatzen dizkigu eredu latinoak hala nola, Ennius, Ovidio, Virgilio, San Agustin, San Ambrosio, Santo Tomas, San Bernardo, San Buenaventura, eta Adam de San Victor, zenbait adibide emanez, hona ekarriko dugularik bat, gonbaratuz bertso latinoak eta euskarazkoak:
Martyris egregi
Triomphos Vicentii
Celebrat Ecclesia
Qui certanti praefuit
Vires armas praebuit
Regi laus et gloria.
Nafartarren arraza
Hila ala lo datza?
Ez dut endelgatzen
Belzunze bizkondia
Hain gerlari handia,
Ez baitzaut mintzatzen,
Hori zaut gaitzitzen.
Bestalde, aipatzen dituen eredu euskaldunak, Iparragirre, Otxalde, Elizanburu eta Barbier ditugu. Azkenik ondoren emango ditugun hederatzi arauok ematen dituelarik euskal bertsogintzaz:
1) Euskal bertsogintzak ez du onartzen bertso askerik eta pundu gaberik segidan.
2) Euskal poesia orok bertsotan eratua behar du izan, errepikarekin ala gabe, kantatuak izango direnak aire ezagun baten arabera, honek arautzen dituelarik neurriak eta erorketak. Euskaldun askok ez dakite bertsorik egiten ez bada kantari.
3) Euskal bertsoa silaben kopuruaren arabera taxutzen da eta ez da silaba luze edo laburren bereizketarik. Hiatusak (diptongoa egiten ez duten bi bokal ezberdinen topaketak) ohartzen dira hemistikoetan (bertsolerroaren erdi bakoitzan), baina elisioak ahalik eta gutxien eta bi bokal berdinak topo egiten dutenean bakarrik eta helburu bereziren batekin.
4) Punduak ez doaz soilik bina, kopla osoan barna berdin joan behar dute eta, berdin diolarik honen luzerak.
5) Bi pundu ezberdinak gurutzatuak daudenean, era berean jarraitu behar dute bertso akabera arte. Pundu aberastasuna oso bilatua eta maitatua da euskaldunen artean.
6) Bi edo hiru bokal segidan hainbat silaba ezberdin osatzen dute. Bukatzen denean pundua ea, ia, oa, ua, ea bikoteetan ezin da errimatu la ez oa ez ua bikotearekin, ez eta alderantziz.
7) Bi bertso ezberdinek ez dute izan behar pundu berdineko, ez eta hauek diferentzia eskaseko izan.
8) Hamar silabatik gorako bertsolerrotan geldiunea derrigorrezkoa da, bi bertsolerro ezberdin bailiran, eta Mendebaldekoen artean bi bertsolerro ezberdin bezala idazten dira.
9) Esan bezala, bertso bakoitzak duen bertsolerro kopurua doinuaren, kantaren airearen arabera izaten da...
Etabar. Baina argi eta garbi dago gure bildumako zenbait bertsok ez dutela betetzen Ademak eskatzen zizkion baldintza guzti hoiek. Bestetik, anitzetan bertsolerroak hobetzeko tentazoa izan arren edo baten bat falta zenean asmatzeko eta horrela erregulartasunari hala nola gure dohai poetikoei jarraitzeko, ez gara tentaldian erori, orijinalari, eskuzkiribuak eskatzen duen, zor zaion errespetuari eutsi baitiogu.
Esan bezala, ez dira gure bertsomoldeak eta doinuak orijinalak adibidez, kanta izpiritualetako batzu De tout un peu melodia ezagunaren arabera kantatzen da, zein eguberritako kanta okzitano baten doinua den, beamesez ere abesten dena. Hona hiru hizkuntzetan emanik moldea:
Dechem droum!
Nou-m biengues troublala cerbéle
Dechem droumi!
Tire en daban, sey trouncami
N'ey pas besoun de sentinéle
Ne n'ey que ha de ta noubéle
Dechem droumi!
Dans ce portrait
Ne vois-je pint la jeune aurore
Dans ce portrait,
Amis, qui ne s'y me prenchoit?
C'est donc Hébé, Venus ou Flore
Non; c'est Eglé, plus belle encore
Que son portrait. (U-1,75)
Urthe luzez,
Nahi ginduke bizi zaitan,
Urthe luzez,
Ez zaizkiguzu hil hotzez,
Kafea dautzugu emanen,
Zurekin guk ere edanen,
Urthe luzez! (4)
Nola pasatzen ziren batetik bestera? Nork nori kopiatzen zion? Lertxundik dioen bezalaxe (Le, XXVII), kantikak idazten zituzten apaizek (Larregi, Monho, Goihetxe...), hala nola bertsolarien "turba multa"k, koplari multzo piloak, zirkulazioan zeuden bertso eta doinuak hartzen, harrapatzen zituzten aurkitzen zituzten bezalaxe eta gero beren gisara, modura beimoldatzen.
J. Oroz irakasleak ere kanten nondik norakoaz ari zaigularik eta beraien arteko eraginez, hauxe dio hain zuzen: La relación entre canciones es a veces tan estrecha que resulta evidente para cualquier ojo o cualquier oído: la popularísima canción URZO ZURZA, ERRAZU e.g. encuentra correspondencia exacta en el cancionero francés, o en el alemán, por no citar otros; la canción navideña, que no es de las más tradicionales, 01 BETHLEEM figura con texto francés de tema muy diferente en un cancionero de mediados del siglo XVIII, y también se canta con texto gascón navideño (Or).
Dena den hainbat kanta liburuetatik harturik, bildu ditugun ehun eta hirurogei doinu horiek, ez dira dudarik gabe denak, muestra xume bat baizik eta berriro atarían adierazi dudanez eskerrik beroenak eman behar dizkiot Lezoko organojole eta lagun dudan Patxi Intxaurrandietari eskaini didan laguntza ezin hobeagatik.
Hizkuntzaz eta edizioaz
Jakina denez kantuen hizkuntza gehientsuenetan solasarena, elkarrizketarena da, eta hau da bere ezaugarririk nagusiena. Mintzo direnen harreman honetatik, ordea, sortzen dira arazo frango, bai gaiaren aldetik bai hizkuntzarenetik. Zubererazko testuak, hizki gaitza dela batzuetan, laburdurak direla besteetan, ez dira oso ulerterrazak, baina beraietan datza ere zenbait balio garrantzitsu, hala nola errealismoa, freskotasuna, arintasuna, etabar.
Hizkera hori transkribitzerakoan arazorik sortu zaigu eta horiexek nola erabaki ditugun aipatuko dugu ondoren.
Lehenik fonetika-ortografia arazoez arituko naiz.
1) Frantses ortografiaren arabera idatzirik ikusten dugu eskuzkiribuetan /u/ fonema,
2) Arazorik sakonenetakoak xubererak duen seigarren bokalak, alegia /ü/ delakoak sortzen ditu. Antzina, baina ez oso aspaldi, bereizketa frantsesaren arabera egiten zen /u/, /ü/ bereizketa, alegia,
Inoiz ü - i>ü - ü; eta i - ü>ü - ü ematen delarik ere: bürdüña (burdina), xümür (zimur), üthürri (ithurri), ürrütx (urritz)...
Bereizketa propio horiek direla eta beste batzu ere kontutan harturik berezi zituen Mitxelenak erronkariera eta zuberera, hark ez duelarik ez hasperenik ez seigarren bokal hori, ondorio honetara iristen zelarik, acaso no haya sido inoperante en esa divergencia la presencia del bearnés al Norte y la del aragonés-castellano al Sur.
Zein da, beraz gure hautua? Haritschelarrek, adibidez, Etxahunen testuen argitarapena egiterakoan ortografía eta puntuaketa orijinalaz egin zuen, testuarekiko errespetu handia adieraziz. Baina eskuzkiribu ezberdinak ditugunean begibistan, daukagun anarkia izugarria da, hala berdintsu gertatzen delarik moldiztegiratuekin, eta, beraz, denak berdintze asmoz oro lardaskatu beharrean eklektizismoaren joera hartu dugu, eta honela ü mantendu dugu jadanik zuten testu haietan, besteak zeuden eran laga ditugularik.
3) Frantses ortografiaren eraginaz ere zenbait diptongoren bigarren bokalak dieresia darama, hots, bi pundutxo zeramatzanean gainean kendu egin ditugu, hala: ar, aü>ai, au (gai, derauzket)...
4)
5)
6) Belarri ondo hezientzat bizio itsusia iruditzen zitzaion yeismoaz mintzatu zitzaigun Peillen (Pe, 1-8), argitzen zigularik <11> idatzi behar zela, ahoskatzen zenez gero. Hala Pello eta ez Peyo. Oilar, hoili, tahaila...
7) Gogoeta berdintsuak egin dezakegu <ñ>-ri buruz, zein erabili behar den soilik ttipierazle, hitz espresibo zenbaitetan eta toponimoetan: ñimiño, andereño, ñau, ñañua, Iruñea, Urruña...
8) Jakina da ere nola
9) Halaber
10) Azkenik, beste bi xehetasun grafiez: a)
Guzti honetatik ateratzen den jaidura beraz orekarena da, alegia, Euskaltzaindiak eman arauak errespetatuz alde batetik eta bestetik euskalkien berezitasunak, hala nola eskuzkiribuenak.
Morfologiari dagokionez esan behar da orokorki ixte eta laburtze joerak direla nagusiak. Hala:
1) - o>- u: ardu, zokuan...
2) - on>- un: huna...
3) - e>- i: batian, ohian, itxian...
4) -si->-so: kaus(i)tu...
5) eg->-O: egin>ein>in...
6) -r->-O: zi(r)ade, etxe(r)at, sastifatu(r)en, ha(r)i, gi(r)a... 7) -al->-i: N(a)iz, z(a)itut, J(a)inko...
8) aditz laguntzaile hasiera > 0: (zit)zaitan, (zit)zaion, (di)tu, (di)tuzte...
Ematen dira ere era pleonastikoak, adibidez, genitibozko bi morfema itxatxirik edukitzea bata bestearen ondotik: izanenko.
Zenbait hitzen polimorfismoa ere oso nabarmena; da, esate baterako joan aditza, era hauetan ager dakiguke: juan, juran, jun, gan eta fan.
Joskeraren berezitasunik ez dugu aipatuko luzexko joko bailiguke, eta beude fonetika-morfologia argitasun ohartxo hauek aipamen huts gisara, orain hiztegi kontu zenbait aitatzera noalarik.
Beste hizkuntzetatik hitzak eta esamoldeak hartzerakoan, bereganatzerakoan, bertsogileak ez ditu dauden-daudenean hartzen, ezagutzen duen hizkuntzaren lege fonetikoetara egokitzen baizik, bere belarrian arruntak diren beste hitzen doinura hurbiltzen ditu, asimilatzen, horrela etimologi bereziak sortuz, hala nola: eskupeta, ilo tina...
Frantsesetik baino areago hartzen zituen xubererak gaskoinetik edo Nafarroako erromantzetik, jakina den bezala, Lhanderen hiztegira begirada bat ematea besterik aski litzatekeelarik honetaz ohartzeko, edota Peillenek laister argitaratuko duen lan luze sakon batera. Baina frantsesetik hartuak ere ez zaizkigu falta, exenplu batzuk ezarriko ditugularik ondoren: alle fripon morpion (oha, lapur, kukuso), akote (á cóté, aldamenean), aptsan (ausente), auments (gutxienez), cher (maite), juje (epaile), krinolinak (puntila mota), malerus (zorigaizto), Mussiu (jaun), parle sacre jurniblu (par le sacre jour du Blu (dieu), jainkoaren izen santuagatik), sustout (batipat), xangrin (pena)...
Gaztelaniatik hartuak ere ez dira falta, esan bezala, batez ere baztandarra den eta XVIII. menderdikoa Hauxe da ikasketako mandoaren traza deitu bertsoan, edota Donostiar batzuen emigrazioa 1794 & 1795 urthetan agertzen digun LXV bertsotako poema luzean. Hona batzuk: adios, alaja, asunto, dama, destierro, doña, fulana, kansatu, kariño, karakho, kuidado, likore, limoi, lotu, marino, nikero, primero, suzeditu, sustu, vamos...
Etzaizkigu falta ere bertso elebidunak, hala nola, Je suis a la montagne ardiekilan (255), eta Chers amis commencons bertsuen kantatzen (256), XIX. mende hasierakoak. Bertso elebidunen ohitura honek badu gainera tradizio oso zaharra, trobadoreengan aurki baititzakegu horrelakorik, esate baterako Amaut eta Alfonso X.a. Gaztelakoak bakoitzak bere hizkuntzan bertsu eskatologikook osatzen dituztenean Du pet qui fait marcher les navires (Itsasontziak abiarazten dituen puzkerraz).
Literatur balioez
Ikuspunduaren garrantziaz mintzatu izan da askotan eta eztabaidatu epaiarekiko duen zerikusiaz. Eta egia ezin uka, hainitz balio hemendik edo handik begiratzen diren heinean heien balioak aldakorrak gerta dakizkigukeela, eta askotan interesatuak izaten direla iritzi deitu objetiboak. Adibidez, orijinaltasuna edo imitazioa hartzen badira izan eta neurritzat oso ondorio ezberdinetara irits gaitezke.
Badakit, bestetik, iturriak edota kidetasunak adierazterakoan nork bereari eutsi nahi izaten diola, eta harreman-eraginen arazoa la beti irristakorra eta ezin erabakia. Hala, ezaguna da dantza, amodioa, kanta, errezitatua, batera edo bestera bai herri erromanizatuetan, bai eslaboetan, bai Asiakoetan edo Afrikakoetan hala nola euskal lurraldean, eman direla, eta beraz, gizona danik gizon lleno maitasun istorioak, plazerezkoak, sufrimenduaren arantzaz garraztuak edota etsipenezkoak izan, unibertsalak direla. Amodio zoriontsu ala zorigaizto, andere aldakor eta mespretsuegile, gizon ezfidelak betidanik orotan aurkitzen ohi baitira, esan genezake zehazki ere herri kanta betidanikoa dela, herri bakoitzaren nortasuna bertan isladatzen eta azaltzen zaigula, eta bazter guztietan sortzen dela bapatera eta berezirik.
Hamaika eztabaida ezberdin izan da iturriez, adibidez, erromantzeenez, eta bada dioenik keltar izpirituaren ondorioak direla, baina-bestetik Chahok alderantzizkoa zioen. Dena den, inork ez die ukatzen baliorik, orijinalak ala imitazioak izan, inspirazioz jantzirik ez daudenik, amas goitiarrak jota benetan eder ez direnik.
Kanta herriaren senetik, barne muinetarik, berez, sortzen denaren ideia, aski mistikoa izanagatik, ez da gutiestekoa. Herriak, hitzaren zentzurik nobleenean, bere oroitzapenen gordailuan, konzientziaren kutxan gordetzen ditu kanta eta bertsoak, errefrau eta esamolde bereziak, bizi duen munduaren era berezi baten adierazle eta izpilu.
Ofizio ezberdinetako jendeak, artzain, laborar¡, irule, marinel, soldaduek beren lantegietan, hala nola beren bide luze eta arriskuz beterikakoetan kantatzen zuten erromesek, bizitzaren, lanaren edota bide luzeraren aringarri eta entretenigarri, beren goitibeheitiak, arazo eta sentimenduak adierazten zituzten.
Umore eta fineziaz jantziak, mihi zorrotz jostalariaz omituak, izpirituz beteak, hitzek txanpainaren txinpartak dantzan bailirean, hizkeraren inpresionismorako joerari eutsiz (bustidurak, aliterazioak, esklamazio-harridurak...), irudimen mundu aberats bat sortzen dute. Bertsoz-bertso hitzak irrigaitzez ozpinduak, hizkera bizi, mailegu eta guzti, anakoluto eta beste era ezarrunten multzo eder bezain interesgarri bat osatzen doaz.
Hainbat eta hainbat elementu heterogeneoz osaturiko bilduma baitugu eratu, batzuek zaharrak benetan, besteak haien arabera moldatuak, hauek zaharrak baina ikutuez apainduak eta hobetuak, haiek benetan berrixeagoak, denak berdin epaitzea ezinezko zaigula.
Orotarik bada, beraz, bilduma nahasi, eklektikoa, maila arrunta eta kultoaren arteko gurutzaketa ugari dituen honetan, bertsogileak tradizioa beretuz berritu, hartuz bermoldatu egiten baitzuen honi bere nortasun berezia txertatzen diolarik.
Gorago esan bezala, batzutan ez zen erraz jakitea kanta baten bi aldaera ezberdin ziren edota bi kanta diferente, eta ez dakit, egiaz, asmatu dugun aurkezpen erarekin. Baina fideltasunaren ohoretan eskuartean geneukan eta ediren genezakeen zaharrena ematen saiatu gara, lehenik, eta ohar-aldaera kapituluan interes berezia zuten aldaerak.
Epaitzeko unean ez da bakarrik kontutan hartu behar gelditu zaiguna, bidean galdu eta iritsi ez zaiguna ere, baina izan zitekeenaz ohartu behar dugu.
Bertso eta kanta onak eta txarrak. Ederrak eta kaxkarrak. Ezagunak eta argitaragabeak. Denetik bildu ditugu, eta hala batzuk hobetsiak izan litezke eta, gaitzetsiak besteak; denak, ordea, euskal nortasunaren adierazle, Euskal Herriko parte garrantzizko bat, bere arima eta izpirituaren zatitxo bat dezu, irakurle. Gogoz eta bihotzez opa dizut, umore onean kanta eta Basta ditzazula.
Lezon, 1991. maiatzaren 9an.
LABURDURAK ETA BIBLIOGRAFIA
A) Eskuzkiribuak
A-L Ansola (Marianne), Ortzaize; Labeguerie (Marianne); 1856
BI Borthiri Iribarne, Larrañe
BS Baratce Sagardoy (Michel), Santagrazi
C Carricaburu (Ana), Larrañe
CH Cherbero (Rose), Barkoxe
Dub Dubarart, Baionako Euskal Erakustegiko Liburutegia
Dul-B Duleau (Battitta), Larrañe
Dul-P Duleau (Pierre), Larrafle
Duv Duvoisin (Jean Baptiste), Pariseko Liburutegi Nazionaleko
Fonds Celts et Basques, eta Baionako Euskal Erakustegiko
Liburutegia.
E-E Epherre-Etxeber
Etx Etxecopar (Dominique), Tarbes 1908
L Lope Oholegi (Jean), Barkoxe
S Sallaberry
Z Zubirri
B) Liburu, artikulu eta aldizkarienak
A Adema (G.) "Zalduby", "Quelques régles de la prosodie ou art poétique basque", Eskualduna (aurrerantzean E), 608.z., 1899. II. 10.; 611. z., 1899. III. 3; 613. z., 1899. III. 17.; 616.z., 1899. IV. 7.; 620.z., 1899. V. 5.; 624.z., 1899. VI. 2.; 631. z., 1899. VII. 21.; 636. z., 1899. VIII. 25.; 644. z., 1899. X. 20.
Ai Aintzina, Baiona 1943.
Arr Arratia (J.M.), Cancionero popular del País Vasco, Auñamendi, 56, 59, 88, 89 z., Donostia 1968-1971.
Azk-C Azkue (R.M.), Cancionero popular vasco, Barcelona d.g.
Azk-EJ - Euskalerriaren Jakintza. Literatura popular del País Vasco, IV., 3.ed. Euskaltzaindia, Bilbo 1989.
B Boucher de Crévecoeur (M.E.), Les souvenirs du Pays Basque et des Pyrénées en 1819 et 1820. Goetschy, Paris 1823. B-B Bozas (R.) & Bombín (L.), El gran libro de la pelota.
B-D Barbier (J.), Dufau (C.), Gure Herria, Baiona 1920-1939.
Chah-1 Chaho (J. A.), Voyage en Navarre pendant l'insurrection des Basques (1830-1835), Paris 1936.
Chah-2 -Chants Basques, Trilby, Baiona,11-VIII-1844.
Chah-3 - Biarritz entre les Pyrénées et L'Ocean. Itinéraire pittoresque. Baiona 1855.
Chah-4 -Histoire primitive des euskariens-hasques. Langue, poésie, moeurs et caractére de ce peuple, Baiona 1847.
Char-1 Charritton (P.), Pierre Broussain, sa eontrihution aux études basques (1895-1920), CNRS 1985.
Char-2 - "Iparraldeko bertsolari eta olerkariak XIX. mendean", XIX. mendeko olerki-bertsogintza, Labayru, Bilbo 1990, 9-87.
D Dassance (D.), "Documents ayant appartenu á J.D.J. Sallaberry", Gure Herria ,1971.
Do Donostia (J.A.), "Souvenirs des Pyrénées (Recuerdo de los Pirineos). 12 canciones vascas escogidas y anotadas por Madame la Villéhélio", Boletín de la real sociedad vascongada de amigos del país, Donostia, 1954, 309-337.
G Gailop (R.A.), "Collectanea Vasca. L'albadaka de Larrau", Gure Herria, 1930, 443-452.
Ga Gabilondo (J.), "XVIII. mendeko lirika herrikoiaren sinbologiaz azterketa estrukturala", Egan, 43, 1984, 7-68.
GA Goyenetche (A.), Eskualdun kantaria, Baiona 1898.
GH Gure Herria, Baiona 1920 ss.
H-1 Haritschelhar (J.), Le poéte souletine Pierre Topet-Etchahun (1786-1862). Contribution á l'étude de la poésie populaire basque du XIX siécle. Amis du Musée Basque, Baiona 1969.
H-2 -"Urrugne (1851-1961). Contribution á I'histoire de la pelote", Gure Herria,1963,1993-205.
H-3 -"Baigorriko zonbait kantu", Gure Herria,1963, 243-256.
I Ithurriague (J.), Un peuple qui chante. Les hasques. Edimpress, Paris 1947.
K xx, Kantika saintiak Zuheroko euskeraz, Baiona 1897.
Ka Kantuz, Recueil de 120 chansons populaires hasques. Paroles et musique par Paul Etchemendy et Pierre Lafitte. Elkar 1984.
Kan Lerchundi (G.), Kantikak, Belloc 1948.
KE xx, Kantika espiritualak, d.g.
KKK Lafitte (P.) & Dassance (L.), Kantu, kanta, khantore , Cordelier, Baiona,1967.
La-1 Lafitte (P), Euskal Literaturaz, Patri Urkizuren edizioa, Erein, Donostia 1990.
La-2 - Le Basque et la littérature d'expression basque en Lahourd, Basse-Navarre etSoule, Aintzina, Baiona 1941.
La-3 - "Atlantika-Pireneetako sinheste zaharrak", Gure Herria, 1965, 22.
Lak Lakarra (J.) et al., Euskal Baladak. Antologia eta azterketa , Donostia 1983.
Le Lekuona (J.M.), "La lírica popular vasca en el siglo XVIII", Congreso de literatura (Hacia la literatura vasca), II Congreso Mundial Vasco, Castalia, Madrid,1989, 495-527.
Li Estornes Lasa (B.), et al., Literatura, IV, Enciclopedia general del País Vasco, Auñamendi, Donostia 1978 ss.
Ma Mñhn (C.A.F.), Denkmaeler der baskische sprache..., Berlin 1857
Me Mendiague (J.), Eskualdun kantuak, Zazpiak bat, Buenos Aires 1900.
Mi Michel (F.), Le Pays Basque, sa population, sa littérature, et sa musique, F. Didot, Paris 1857
Mu Mujika (L.M.), Euskal lirika tradizionala, Kriselu, Donostia,1985.
O Oihenart (A. d'), L'Art poétique basque (1665), avec une introduction de Pierre Lafitte. Baiona 1967.
Or Oroz (Fr.J.), "Reminiscencias de una canción occitana en el cancionero vasco", Fontes Linguae Vasconum 40, 1982, 501- 502.
P-1 - Peillen (Tx.), Igela, euskaldun heterodoxoen errebista, Paris,1963,163-173.
P-2 - "Eske pertsuen bilduma", Gure Herria,1962, 74-96.
P-3 -Zuberoako itzai-argiak (Euskarazko jakilegoak), Elkar, Donostia 1988.
Ri Riezu (J.), Flor de canciones populares vascas, Sendoa, Donostia 1982.
Sa Sallaberry (J.), Chants populaires du Pays Basque, Lamaignére, Baiona 1870.
U-1 Urkizu (P.), Bertso zahar eta herri zenbaiten bilduma (1798), Durangoko Udala 1987.
U-2 - Astolasterrak. Hurbiltze saioa eta Testu Bilduma, argitaragabea.
U-3 - "Albadak, xikitoak eta erran zaharrak", Anuario de Filología Julio de Urquijo, VII,1973,104-117.
V Vinson (J.), Le folklore du Pys Basque. Les littératures populaires de toutes les nations. Maisonneuve, Paris 1883.
X Xaramela, Elkar, Donostia 1985.
Z Zavala (A), Frantziako iraultza eta Konhentzioko gerra bertsoak, Auspoa 202, Donostia 1989. aiz eta khantuz nahi bizi / Khantuz igortzen ditut nik penak ihesi, Mendiague koplariak zioen bezala. Era berean poesia, bertso neurtuz ala askez izan, gizona bezain zahar dugularik, literatur guztien sorreran ageriz, kantari datorkigu. Herrien haurtzarotik dantza eta musikarekin lotua eta halaxe jarraituko gizadiak dirauno, noski.

Amis, qui ne s'y me prenchoit? C'est donc Hébé, Venus ou Flore
Non; c'est Eglé, plus belle encore
Que son portrait. (U-1,75)
Urthe luzez,
Nahi ginduke bizi zaitan,
Urthe luzez,
Ez zaizkiguzu hil hotzez,
Kafea dautzugu emanen,
Zurekin guk ere edanen,
Urthe luzez! (4)
Nola pasatzen ziren batetik bestera? Nork nori kopiatzen zion? Lertxundik dioen bezalaxe (Le, XXVII), kantikak idazten zituzten apaizek (Larregi, Monho, Goihetxe...), hala nola bertsolarien "turba multa"k, koplari multzo piloak, zirkulazioan zeuden bertso eta doinuak hartzen, harrapatzen zituzten aurkitzen zituzten bezalaxe eta gero beren gisara, modura beimoldatzen.
J. Oroz irakasleak ere kanten nondik norakoaz ari zaigularik eta beraien arteko eraginez, hauxe dio hain zuzen: La relación entre canciones es a veces tan estrecha que resulta evidente para cualquier ojo o cualquier oído: la popularísima canción URZO ZURZA, ERRAZU e.g. encuentra correspondencia exacta en el cancionero francés, o en el alemán, por no citar otros; la canción navideña, que no es de las más tradicionales, 01 BETHLEEM figura con texto francés de tema muy diferente en un cancionero de mediados del siglo XVIII, y también se canta con texto gascón navideño (Or).
Dena den hainbat kanta liburuetatik harturik, bildu ditugun ehun eta hirurogei doinu horiek, ez dira dudarik gabe denak, muestra xume bat baizik eta berriro atarían adierazi dudanez eskerrik beroenak eman behar dizkiot Lezoko organojole eta lagun dudan Patxi Intxaurrandietari eskaini didan laguntza ezin hobeagatik.
Hizkuntzaz eta edizioaz
Jakina denez kantuen hizkuntza gehientsuenetan solasarena, elkarrizketarena da, eta hau da bere ezaugarririk nagusiena. Mintzo direnen harreman honetatik, ordea, sortzen dira arazo frango, bai gaiaren aldetik bai hizkuntzarenetik. Zubererazko testuak, hizki gaitza dela batzuetan, laburdurak direla besteetan, ez dira oso ulerterrazak, baina beraietan datza ere zenbait balio garrantzitsu, hala nola errealismoa, freskotasuna, arintasuna, etabar.
Hizkera hori transkribitzerakoan arazorik sortu zaigu eta horiexek nola erabaki ditugun aipatuko dugu ondoren.
Lehenik fonetika-ortografia arazoez arituko naiz.
1) Frantses ortografiaren arabera idatzirik ikusten dugu eskuzkiribuetan /u/ fonema,
2) Arazorik sakonenetakoak xubererak duen seigarren bokalak, alegia /ü/ delakoak sortzen ditu. Antzina, baina ez oso aspaldi, bereizketa frantsesaren arabera egiten zen /u/, /ü/ bereizketa, alegia,
Inoiz ü - i>ü - ü; eta i - ü>ü - ü ematen delarik ere: bürdüña (burdina), xümür (zimur), üthürri (ithurri), ürrütx (urritz)...
Bereizketa propio horiek direla eta beste batzu ere kontutan harturik berezi zituen Mitxelenak erronkariera eta zuberera, hark ez duelarik ez hasperenik ez seigarren bokal hori, ondorio honetara iristen zelarik, acaso no haya sido inoperante en esa divergencia la presencia del bearnés al Norte y la del aragonés-castellano al Sur.
Zein da, beraz gure hautua? Haritschelarrek, adibidez, Etxahunen testuen argitarapena egiterakoan ortografía eta puntuaketa orijinalaz egin zuen, testuarekiko errespetu handia adieraziz. Baina eskuzkiribu ezberdinak ditugunean begibistan, daukagun anarkia izugarria da, hala berdintsu gertatzen delarik moldiztegiratuekin, eta, beraz, denak berdintze asmoz oro lardaskatu beharrean eklektizismoaren joera hartu dugu, eta honela ü mantendu dugu jadanik zuten testu haietan, besteak zeuden eran laga ditugularik.
3) Frantses ortografiaren eraginaz ere zenbait diptongoren bigarren bokalak dieresia darama, hots, bi pundutxo zeramatzanean gainean kendu egin ditugu, hala: ar, aü>ai, au (gai, derauzket)...
4)
guna izan arren Lapurdin eta Zuberoan kontsonante horien ahoskatze erak ezberdinak direla.
5)
adibidez,
natzen zuela ikusiz hitzaren bukaera -i zenean, testu orijinalaren arabera eta euskalkiaren berezitasuna zaintzearren: etsayik, etziyen, gayik, uriya, muriya...
6) Belarri ondo hezientzat bizio itsusia iruditzen zitzaion yeismoaz mintzatu zitzaigun Peillen (Pe, 1-8), argitzen zigularik <11> idatzi behar zela, ahoskatzen zenez gero. Hala Pello eta ez Peyo. Oilar, hoili, tahaila...
7) Gogoeta berdintsuak egin dezakegu <ñ>-ri buruz, zein erabili behar den soilik ttipierazle, hitz espresibo zenbaitetan eta toponimoetan: ñimiño, andereño, ñau, ñañua, Iruñea, Urruña...
8) Jakina da ere nola
9) Halaber
10) Azkenik, beste bi xehetasun grafiez: a)
Guzti honetatik ateratzen den jaidura beraz orekarena da, alegia, Euskaltzaindiak eman arauak errespetatuz alde batetik eta bestetik euskalkien berezitasunak, hala nola eskuzkiribuenak.
Morfologiari dagokionez esan behar da orokorki ixte eta laburtze joerak direla nagusiak. Hala:
1) - o>- u: ardu, zokuan...
2) - on>- un: huna...
3) - e>- i: batian, ohian, itxian...
4) -si->-so: kaus(i)tu...
5) eg->-O: egin>ein>in...
6) -r->-O: zi(r)ade, etxe(r)at, sastifatu(r)en, ha(r)i, gi(r)a... 7) -al->-i: N(a)iz, z(a)itut, J(a)inko...
8) aditz laguntzaile hasiera > 0: (zit)zaitan, (zit)zaion, (di)tu, (di)tuzte...
Ematen dira ere era pleonastikoak, adibidez, genitibozko bi morfema itxatxirik edukitzea bata bestearen ondotik: izanenko.
Zenbait hitzen polimorfismoa ere oso nabarmena; da, esate baterako joan aditza, era hauetan ager dakiguke: juan, juran, jun, gan eta fan.
Joskeraren berezitasunik ez dugu aipatuko luzexko joko bailiguke, eta beude fonetika-morfologia argitasun ohartxo hauek aipamen huts gisara, orain hiztegi kontu zenbait aitatzera noalarik.
Beste hizkuntzetatik hitzak eta esamoldeak hartzerakoan, bereganatzerakoan, bertsogileak ez ditu dauden-daudenean hartzen, ezagutzen duen hizkuntzaren lege fonetikoetara egokitzen baizik, bere belarrian arruntak diren beste hitzen doinura hurbiltzen ditu, asimilatzen, horrela etimologi bereziak sortuz, hala nola: eskupeta, ilo tina...
Frantsesetik baino areago hartzen zituen xubererak gaskoinetik edo Nafarroako erromantzetik, jakina den bezala, Lhanderen hiztegira begirada bat ematea besterik aski litzatekeelarik honetaz ohartzeko, edota Peillenek laister argitaratuko duen lan luze sakon batera. Baina frantsesetik hartuak ere ez zaizkigu falta, exenplu batzuk ezarriko ditugularik ondoren: alle fripon morpion (oha, lapur, kukuso), akote (á cóté, aldamenean), aptsan (ausente), auments (gutxienez), cher (maite), juje (epaile), krinolinak (puntila mota), malerus (zorigaizto), Mussiu (jaun), parle sacre jurniblu (par le sacre jour du Blu (dieu), jainkoaren izen santuagatik), sustout (batipat), xangrin (pena)...
Gaztelaniatik hartuak ere ez dira falta, esan bezala, batez ere baztandarra den eta XVIII. menderdikoa Hauxe da ikasketako mandoaren traza deitu bertsoan, edota Donostiar batzuen emigrazioa 1794 & 1795 urthetan agertzen digun LXV bertsotako poema luzean. Hona batzuk: adios, alaja, asunto, dama, destierro, doña, fulana, kansatu, kariño, karakho, kuidado, likore, limoi, lotu, marino, nikero, primero, suzeditu, sustu, vamos...
Etzaizkigu falta ere bertso elebidunak, hala nola, Je suis a la montagne ardiekilan (255), eta Chers amis commencons bertsuen kantatzen (256), XIX. mende hasierakoak. Bertso elebidunen ohitura honek badu gainera tradizio oso zaharra, trobadoreengan aurki baititzakegu horrelakorik, esate baterako Amaut eta Alfonso X.a. Gaztelakoak bakoitzak bere hizkuntzan bertsu eskatologikook osatzen dituztenean Du pet qui fait marcher les navires (Itsasontziak abiarazten dituen puzkerraz).
Literatur balioez
Ikuspunduaren garrantziaz mintzatu izan da askotan eta eztabaidatu epaiarekiko duen zerikusiaz. Eta egia ezin uka, hainitz balio hemendik edo handik begiratzen diren heinean heien balioak aldakorrak gerta dakizkigukeela, eta askotan interesatuak izaten direla iritzi deitu objetiboak. Adibidez, orijinaltasuna edo imitazioa hartzen badira izan eta neurritzat oso ondorio ezberdinetara irits gaitezke.
Badakit, bestetik, iturriak edota kidetasunak adierazterakoan nork bereari eutsi nahi izaten diola, eta harreman-eraginen arazoa la beti irristakorra eta ezin erabakia. Hala, ezaguna da dantza, amodioa, kanta, errezitatua, batera edo bestera bai herri erromanizatuetan, bai eslaboetan, bai Asiakoetan edo Afrikakoetan hala nola euskal lurraldean, eman direla, eta beraz, gizona danik gizon lleno maitasun istorioak, plazerezkoak, sufrimenduaren arantzaz garraztuak edota etsipenezkoak izan, unibertsalak direla. Amodio zoriontsu ala zorigaizto, andere aldakor eta mespretsuegile, gizon ezfidelak betidanik orotan aurkitzen ohi baitira, esan genezake zehazki ere herri kanta betidanikoa dela, herri bakoitzaren nortasuna bertan isladatzen eta azaltzen zaigula, eta bazter guztietan sortzen dela bapatera eta berezirik.
Hamaika eztabaida ezberdin izan da iturriez, adibidez, erromantzeenez, eta bada dioenik keltar izpirituaren ondorioak direla, baina-bestetik Chahok alderantzizkoa zioen. Dena den, inork ez die ukatzen baliorik, orijinalak ala imitazioak izan, inspirazioz jantzirik ez daudenik, amas goitiarrak jota benetan eder ez direnik.
Kanta herriaren senetik, barne muinetarik, berez, sortzen denaren ideia, aski mistikoa izanagatik, ez da gutiestekoa. Herriak, hitzaren zentzurik nobleenean, bere oroitzapenen gordailuan, konzientziaren kutxan gordetzen ditu kanta eta bertsoak, errefrau eta esamolde bereziak, bizi duen munduaren era berezi baten adierazle eta izpilu.
Ofizio ezberdinetako jendeak, artzain, laborar¡, irule, marinel, soldaduek beren lantegietan, hala nola beren bide luze eta arriskuz beterikakoetan kantatzen zuten erromesek, bizitzaren, lanaren edota bide luzeraren aringarri eta entretenigarri, beren goitibeheitiak, arazo eta sentimenduak adierazten zituzten.
Umore eta fineziaz jantziak, mihi zorrotz jostalariaz omituak, izpirituz beteak, hitzek txanpainaren txinpartak dantzan bailirean, hizkeraren inpresionismorako joerari eutsiz (bustidurak, aliterazioak, esklamazio-harridurak...), irudimen mundu aberats bat sortzen dute. Bertsoz-bertso hitzak irrigaitzez ozpinduak, hizkera bizi, mailegu eta guzti, anakoluto eta beste era ezarrunten multzo eder bezain interesgarri bat osatzen doaz.
Hainbat eta hainbat elementu heterogeneoz osaturiko bilduma baitugu eratu, batzuek zaharrak benetan, besteak haien arabera moldatuak, hauek zaharrak baina ikutuez apainduak eta hobetuak, haiek benetan berrixeagoak, denak berdin epaitzea ezinezko zaigula.
Orotarik bada, beraz, bilduma nahasi, eklektikoa, maila arrunta eta kultoaren arteko gurutzaketa ugari dituen honetan, bertsogileak tradizioa beretuz berritu, hartuz bermoldatu egiten baitzuen honi bere nortasun berezia txertatzen diolarik.
Gorago esan bezala, batzutan ez zen erraz jakitea kanta baten bi aldaera ezberdin ziren edota bi kanta diferente, eta ez dakit, egiaz, asmatu dugun aurkezpen erarekin. Baina fideltasunaren ohoretan eskuartean geneukan eta ediren genezakeen zaharrena ematen saiatu gara, lehenik, eta ohar-aldaera kapituluan interes berezia zuten aldaerak.
Epaitzeko unean ez da bakarrik kontutan hartu behar gelditu zaiguna, bidean galdu eta iritsi ez zaiguna ere, baina izan zitekeenaz ohartu behar dugu.
Bertso eta kanta onak eta txarrak. Ederrak eta kaxkarrak. Ezagunak eta argitaragabeak. Denetik bildu ditugu, eta hala batzuk hobetsiak izan litezke eta, gaitzetsiak besteak; denak, ordea, euskal nortasunaren adierazle, Euskal Herriko parte garrantzizko bat, bere arima eta izpirituaren zatitxo bat dezu, irakurle. Gogoz eta bihotzez opa dizut, umore onean kanta eta Basta ditzazula.
Lezon, 1991. maiatzaren 9an.
LABURDURAK ETA BIBLIOGRAFIA
A) Eskuzkiribuak
A-L Ansola (Marianne), Ortzaize; Labeguerie (Marianne); 1856
BI Borthiri Iribarne, Larrañe
BS Baratce Sagardoy (Michel), Santagrazi
C Carricaburu (Ana), Larrañe
CH Cherbero (Rose), Barkoxe
Dub Dubarart, Baionako Euskal Erakustegiko Liburutegia
Dul-B Duleau (Battitta), Larrañe
Dul-P Duleau (Pierre), Larrafle
Duv Duvoisin (Jean Baptiste), Pariseko Liburutegi Nazionaleko
Fonds Celts et Basques, eta Baionako Euskal Erakustegiko
Liburutegia.
E-E Epherre-Etxeber
Etx Etxecopar (Dominique), Tarbes 1908
L Lope Oholegi (Jean), Barkoxe
S Sallaberry
Z Zubirri
B) Liburu, artikulu eta aldizkarienak
A Adema (G.) "Zalduby", "Quelques régles de la prosodie ou art poétique basque", Eskualduna (aurrerantzean E), 608.z., 1899. II. 10.; 611. z., 1899. III. 3; 613. z., 1899. III. 17.; 616.z., 1899. IV. 7.; 620.z., 1899. V. 5.; 624.z., 1899. VI. 2.; 631. z., 1899. VII. 21.; 636. z., 1899. VIII. 25.; 644. z., 1899. X. 20.
Ai Aintzina, Baiona 1943.
Arr Arratia (J.M.), Cancionero popular del País Vasco, Auñamendi, 56, 59, 88, 89 z., Donostia 1968-1971.
Azk-C Azkue (R.M.), Cancionero popular vasco, Barcelona d.g.
Azk-EJ - Euskalerriaren Jakintza. Literatura popular del País Vasco, IV., 3.ed. Euskaltzaindia, Bilbo 1989.
B Boucher de Crévecoeur (M.E.), Les souvenirs du Pays Basque et des Pyrénées en 1819 et 1820. Goetschy, Paris 1823. B-B Bozas (R.) & Bombín (L.), El gran libro de la pelota.
B-D Barbier (J.), Dufau (C.), Gure Herria, Baiona 1920-1939.
Chah-1 Chaho (J. A.), Voyage en Navarre pendant l'insurrection des Basques (1830-1835), Paris 1936.
Chah-2 -Chants Basques, Trilby, Baiona,11-VIII-1844.
Chah-3 - Biarritz entre les Pyrénées et L'Ocean. Itinéraire pittoresque. Baiona 1855.
Chah-4 -Histoire primitive des euskariens-hasques. Langue, poésie, moeurs et caractére de ce peuple, Baiona 1847.
Char-1 Charritton (P.), Pierre Broussain, sa eontrihution aux études basques (1895-1920), CNRS 1985.
Char-2 - "Iparraldeko bertsolari eta olerkariak XIX. mendean", XIX. mendeko olerki-bertsogintza, Labayru, Bilbo 1990, 9-87.
D Dassance (D.), "Documents ayant appartenu á J.D.J. Sallaberry", Gure Herria ,1971.
Do Donostia (J.A.), "Souvenirs des Pyrénées (Recuerdo de los Pirineos). 12 canciones vascas escogidas y anotadas por Madame la Villéhélio", Boletín de la real sociedad vascongada de amigos del país, Donostia, 1954, 309-337.
G Gailop (R.A.), "Collectanea Vasca. L'albadaka de Larrau", Gure Herria, 1930, 443-452.
Ga Gabilondo (J.), "XVIII. mendeko lirika herrikoiaren sinbologiaz azterketa estrukturala", Egan, 43, 1984, 7-68.
GA Goyenetche (A.), Eskualdun kantaria, Baiona 1898.
GH Gure Herria, Baiona 1920 ss.
H-1 Haritschelhar (J.), Le poéte souletine Pierre Topet-Etchahun (1786-1862). Contribution á l'étude de la poésie populaire basque du XIX siécle. Amis du Musée Basque, Baiona 1969.
H-2 -"Urrugne (1851-1961). Contribution á I'histoire de la pelote", Gure Herria,1963,1993-205.
H-3 -"Baigorriko zonbait kantu", Gure Herria,1963, 243-256.
I Ithurriague (J.), Un peuple qui chante. Les hasques. Edimpress, Paris 1947.
K xx, Kantika saintiak Zuheroko euskeraz, Baiona 1897.
Ka Kantuz, Recueil de 120 chansons populaires hasques. Paroles et musique par Paul Etchemendy et Pierre Lafitte. Elkar 1984.
Kan Lerchundi (G.), Kantikak, Belloc 1948.
KE xx, Kantika espiritualak, d.g.
KKK Lafitte (P.) & Dassance (L.), Kantu, kanta, khantore , Cordelier, Baiona,1967.
La-1 Lafitte (P), Euskal Literaturaz, Patri Urkizuren edizioa, Erein, Donostia 1990.
La-2 - Le Basque et la littérature d'expression basque en Lahourd, Basse-Navarre etSoule, Aintzina, Baiona 1941.
La-3 - "Atlantika-Pireneetako sinheste zaharrak", Gure Herria, 1965, 22.
Lak Lakarra (J.) et al., Euskal Baladak. Antologia eta azterketa , Donostia 1983.
Le Lekuona (J.M.), "La lírica popular vasca en el siglo XVIII", Congreso de literatura (Hacia la literatura vasca), II Congreso Mundial Vasco, Castalia, Madrid,1989, 495-527.
Li Estornes Lasa (B.), et al., Literatura, IV, Enciclopedia general del País Vasco, Auñamendi, Donostia 1978 ss.
Ma Mñhn (C.A.F.), Denkmaeler der baskische sprache..., Berlin 1857
Me Mendiague (J.), Eskualdun kantuak, Zazpiak bat, Buenos Aires 1900.
Mi Michel (F.), Le Pays Basque, sa population, sa littérature, et sa musique, F. Didot, Paris 1857
Mu Mujika (L.M.), Euskal lirika tradizionala, Kriselu, Donostia,1985.
O Oihenart (A. d'), L'Art poétique basque (1665), avec une introduction de Pierre Lafitte. Baiona 1967.
Or Oroz (Fr.J.), "Reminiscencias de una canción occitana en el cancionero vasco", Fontes Linguae Vasconum 40, 1982, 501- 502.
P-1 - Peillen (Tx.), Igela, euskaldun heterodoxoen errebista, Paris,1963,163-173.
P-2 - "Eske pertsuen bilduma", Gure Herria,1962, 74-96.
P-3 -Zuberoako itzai-argiak (Euskarazko jakilegoak), Elkar, Donostia 1988.
Ri Riezu (J.), Flor de canciones populares vascas, Sendoa, Donostia 1982.
Sa Sallaberry (J.), Chants populaires du Pays Basque, Lamaignére, Baiona 1870.
U-1 Urkizu (P.), Bertso zahar eta herri zenbaiten bilduma (1798), Durangoko Udala 1987.
U-2 - Astolasterrak. Hurbiltze saioa eta Testu Bilduma, argitaragabea.
U-3 - "Albadak, xikitoak eta erran zaharrak", Anuario de Filología Julio de Urquijo, VII,1973,104-117.
V Vinson (J.), Le folklore du Pys Basque. Les littératures populaires de toutes les nations. Maisonneuve, Paris 1883.
X Xaramela, Elkar, Donostia 1985.
Z Zavala (A), Frantziako iraultza eta Konhentzioko gerra bertsoak, Auspoa 202, Donostia 1989.
itzuli gora