Euskeran ere aukera duzu: Eusko Lurra
Deskatalogatua
ARGITARATZAILEAREN AURKEZPENA. «Euskalerri'ko Lutelestia» ematen dugu argitara, gai ortan zegon utsunea betetzeko asmoz.
Gure Erriko lurrari dagozkion idazlanak ba-ditugu, bai; baiña zatikakoak dira: gaiaren zati batzuk bakarrik ematen dituztelako, batzuek; gure Euskalerri onen alderdi batzuk bakarrik azaltzen dituztelako, besteek.
EUSKO LURRA onek, ordea, Euskalerri osoa artzen du ta alderdi guztiak ikutzen ditu: Ego-Euskalerria ta Ipar-Euskalerria, bai mendi-lur-ibaieri dagokienez, bai ekonomiari ta giza-alderdiari dagokionez; eskualdeak, egungo arazoaz, etnografia e.a.
Zabalean naiko osoa da idazlan au, ikuspegiz orain-aldikoa, xeetasunak ematen egun-egunekoa. Gaiak erabiltzeko eran, jakintza-maillakoa ta zeatza da, erdi-maillako irakurleentzat ulergarri dalarik ere. Ez dabil, espezialista diranentzako teknika geiegiz; bestalde, arinkeri politetan ere ez dabil, ez bai-da turistentzako bide-erakusle, ta argazki-bilduma ere ez da.
EUSKO LURRA sorta onek orain artekoan izan duan arrera errikoia, ongi neurtutako oreka ortan ibiltzeari zor zaio.
EUSKO LURRA bilduma onen alderdi onik geienak –eta akatsak berak ere bai– bai egilleari dagozkionak eta bai argitaratzailleari dagozkionak, ontatik sortu dira: atalka argitaratua izatetik, zenbait atal «monografi» gisako edo gaiak banaka borobiltzen dituztenak dirala.
Ain zuzen ere orregatik, bai idazlana bera ta bai antolaketa, beti alda-gai izan dira, ikutuz, zuzenduz eta geituz: atal bakoitza zabalik egon da egillearen ikasketa berriak artzeko, irakurleen oarrak eta laguntzailleen argazkiak sartzeko. Bestalde, EUSKO LURRA argitaratu daneko aldi luzeak, gora-beera ta baldintza oso garrantzizkoak izan ditu bitarte ortan. Orrela, aalegin bereziak egin bear izan ditu une bakoitzean, legepean lortu zitekean geiena eskuratu aal izateko.
Eta aldi osoan azkar-bearraren akuilluz eragin digu, atalak epe jakiñetan atera bearrak, lan gogorra egitera beartuz. Baiña buruturik dugu lari au.
Orain bertan ere, ordea, zabalik dugu EUSKO LURRA, bere izaera bereziak alaxe eskatzen duanez. Eten gabe berrituz jarraitze onek zer-nolako bideak artuko dituan etorkizunean, aldi bakoitzeko baldintza bereziek erakutsiko digute, batez ere Euskalerri'ko egoera aldakor eta berritzaille au aurkitu ta ikus-erazi aal izateko.
itzuli gora