Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Ipuinak

Egileak:

    T.Aguirre

Deskatalogatua

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Fondo historikoa

Hitzaurrea

SEBASTIAN GARCIA TRUJILLOREN SARRERA

0. IPUINGINTZAZ

Domingo de Agirreren ipuinak ez dira bere eleberriak bezain ezagunak, bere mailan beteagoak badira ere haiek hauek baino (edo hutsarte gutxiagokoak, norberak botila erdiari behatzen dion arabera). Beteagotze honek badu arrazoi xume bat: hemeretzigarren mendeko ipuingintza askozaz sinpleagoa da aldi bereko eleberringintza baino (1) (ez nintzateke horrenbeste, horren irmeki behintzat, esatera ausartuko hogeigarren mendeko narrazio-laburgintzaz, Julio Cortazar gaztelerazko ipuinlaririk onenetako horrek ipuinak idazterakoan aitortzen dizkigun gainditu beharreko oztopo gogorrak kontutan hartuz gero) (2).

Sinpletasun hadiago honek (euskal literaturan XXgarren medearen erdiraino luzaten den aipaturiko esparru diakroniko horretan), beti ez bada, askotan bederen, erlatiboki errazago bihurtu ohi du eleberriak baino ipuinak idaztea.

Alde ezagun batetik datorkigu ipuingintzari erraztasun delako hori: ipuinek zati berezi bat besterik ez dute errrealitatetik hautesten (gertakariari dagokiona sarriagotan pertsonaiei baino), beste errealitateko aintzin-gibelak ahaztuz) (3), ezina zaiena, elertizko kalterik gabe behintzat, eleberri-idazleari. Ipuinetarako gai nahikotzat aukera daitekeen errealitatetiko ebaketa txiki bezain labur horretatik darizkio ipuingintzari erraztasun guztiak, zeren honetara, ipuinetan erabilgarriak ohi diren tramak ugariagoak ez ezik, arinagoak ere daitezkeen eta errazkiago lor dezaketen ipuinlariek espazio-denbora narratiborekin hain lotura estua duen narrazioarekiko tensioa (4), Agirreri bere eleberrietan maiz aski erdiestezina suertatu zitzaiona, hain zuzen ere.

Teknikaren beharra, beraz, fruitu onesgarri samarrak eskuratzeko, ez bide da honen premiazkoa ipuingintzari ekiterakoan (5), eleberrigintzan jarduterakoan behar el denaren aldean.

Hortxetik datorkio Euskalerriko narraziogintza berriari (eta aurreneko urrastsetan batipat irakurle gutxidun edonongoari) (6) XIXgarren mendeko azkenengo urteez geroztik, lore jokuen beropean, alegigile sortze ugari (7): K. Echegaray, A. Arzac, P. M. Urruzuno, P. Zamarripa, G. Azkue, J. Barbier, B. Moguel, itzultzaile besterik ez bazen ere, "Kirikiño", "Mane zaundi".... zeinen euskeraz idazteko griña ez zitzaien euskal eleberririk idazteko gai bihurtzeko nahiko izan.

Hauetariko gehienek idatzi zituzten ipuinetan ez zuten literatur maila duin batetara heltzeko gogorik ez eta ahalbiderik ere erakutsi (8), estuegi lotuta agertu bait zituzten beren buruak herri literatur mugapenei (eta berarekiko erraztasunei) hala gaietan nola pertsonaia arketipikoengan edota tonu narratiboan, beren erlatuetan humore zuzena literatur baliapide bakartzat sarriegi erabiliz, orduko literaturazko aldizkarietan argitaratutako txiste edo deituriko izkirimiri ugariak lekuko.

Ez ziren agian euskal ipuingileak gaur argi dakusagun gauza batetaz konturatu: herriko gertaerak zein pertsonak (direla arruntak, direla erdi edo goi mailakoak) gaitzat aukera daitezke edozein narrazio motatarako, baina ezinbesteko baldintza hakarpean: adierazgarriak edo esangurutsuak izatea, errealitateko beste irakurketa zabalago edo eta esperienzia sakonago baten abiapuntu bilaka ahal daitezen (9). Honela ez bada (eta ez zen maizegitan gure artean honetarakoa izan) ipuin edo eleberriak idatzi beharrean ohiturazko koadrorik besterik ez ohi dute "alegigilek" pindatzen eta txarrenean ere topikoz josita (10).

Pundu honetan dakusat nik gehien bat Domingo de Aguirre ipuingintzan aurrelari. Idatzi zituen ipuin guztietan ez bada ere, horietariko onenetan behinipein badaki honek, herrikotasuna saihestu gabe, noiz edo noiz halako tragikotasun batetara ailegatzen, lirismo antzerako batetara (humore hutsean ainguratutako beste idazle garaikide askok jakin ez zutena) non eta pertsonairen min bakartia bezain babesgabekoa beste askorenaren (irakurlearena barne) egi-itxurako oihartzuntzat antzeman daitekeen.

Eta honekin Domingo de Agirreren ipuingintzaz aritzeko iritsi zaigu ordua.

1. DOMINGO DE AGIRREREN IPUINEN HAUTAKETA ETA SAILKAPENA

Bere garaiko zenbait aldizkaritan argitaratuak izan ziren Domingo de Agirreren ipuinak: Euskal-Errian'n eta Euskalzalea'n gehienetan; Idia Elizan deritzana RIEV'en plazaratu zan aurrenik; Lulu ta Mañu izenburuduna oso entzute gutxiko Irungo Esku-egundiya'n, zeinek oin ematen digun pentsatzeko, ipuin bilduma hau ahalik eta osoena burutzeko egin ditugun ahaleginak ahalegin, barreiu txikiagoko beste orduko edozein literatur aldizkaritan ezezagun zaigun beste ipuinik norbaitek topa lezakeela.

Hauezaz gain, bere eleberrietan ere lehendabizikoz agertu ziren ipuinen batzu idatzi zituen Agirrek, bai eta ohiturazko zenbait koadro. Lehenengoak oro eta azkenengoetako batzu batu ditut bilduma honetan.

(Ez nuke, aurrerago joan baino lehen, irakurlea nahaztu nahi: ohiturazko koadroak ipuinak bezela hartu ditut bilduma honetan, zentzu zabalean ipuintzat konsideratuak izaten bait dira; bereiztekotan ere, mataza edo bilakaera gisarako bat nabarikiago eska lekieke ipuinei koadroei baino, halaz guztiz, muga mehea oso izanik ere sarriegitan).

Agirreren eleberrietatik hautetsi ditudan erlatuak aburu biren arabera aukeratu ditut: beren argudio (ahula izanda ere) edo azpikeriaren (gazteleraz `intriga') balioagaitik edo eta, ohiturazko koadroak direnetan, hauen protagonistak eta eleberrienak berdinak ez izateagaitik (nolabaiteko testu autonomoak, beraz) (11).

Badakit, honetara, norbaiten iritziz aukeratzekoak izan zitezkeen testuak (Auñamendiko Lorea'ko: Il gaua..., Kresala'ko: Atseden orduak..., Jardun-etxeak, Lazka-matasak..., Garoa'ko: Baserria...) bilduma honetaz landa geratzen direna. Baina muga nonbait jarri beharra dago eta kanpoan utzitako testuok, nere ustez bederen, protagonisten historia osoaren barruan (eleberrietan, beraz) soilik eskura dezakete beren esanahirik beteena.

Aburuak aburu (12), hauexek dira Domingo de Agirrek idatzi zituen artetik bildu ditudan ipuinak, argitara irten arau diakronikoki ordenatuak:

Ipuia (1890) Buruazurra (1890) AntonBetozko (1897) Mainton Itzontzi (1897) Izkirimiriak (1) (1897) Izkirimiriak (II) (1897) Izkirimiriak (III) (1897) Izkirimiriak (IV) (1897) Izkirimiriak (V) (1898) Iru eresi (1898) Ekatxa (1901) Lenbiziko samiña(1902) Aterpean (1902) Arrañ saltzalleak (1902) Kitolis (1902) Joanes artzaia (1907) Axeri ta Otsoko (1908) Azoka ta dema (1908) Lulu ta Mañu (1910) Itxaromendi (1911) Pedro Migel Azkarraga (1912) Idia Elizan (1918)

Bi sailetan koka daitezke habe horretako Agirreren ipuinok (Izkirimiriak edo txisteak bazterrean utzita) (13): Erlijioarekiko Saila: Buruazurra, Anton Betozko, Lenbiziko samiña, Kitolis, Lulu ta Mañu eta Ohiturazko Saila: Mainton Itzontzi, Iru eresi, Ekatxa, Aterpean, Arrañ saltzalleak, Joanes artzaia, Azoka ta lema, Itxaromendi, Pedro Migel Azkarraga, Idia Elizan. Ipuia eta Axeri ta Otsoko lehen multsoan zein bestean koka daitezke ezdabai izpirik ere gabe; nik, aurki ikusiko dugunez, arrazoia formalengaitik lehena erligiorekikoekin elkartu dut eta ohiturazkoekin bigarrena.

Ipuinon sailkapen hau, singlea izanik ere, argigarri dakiguke Agirrek ipuinetan zituen gaiekiko finkapen (erderaz: fijación) esangurutsuak ezagutarazteko: Bi adarretako ipuinlari dugu Domingo de Agirre: "Jaungoikoa eta ohitura (Lege) zarrak" direlako gaiez ipuinlari prezeski.

2. DOMINGO DE AGIRREREN IPUINEN URKULKETA SEMIOTIKOA

2.1. Erlijioarekiko ipuinak

2.1.1. Adieraziaren maila

Agirrek behin eta behin narrazio eskema berberaz baliatu zen bere erlijioarekiko ipuin guztietan; ezin konta ahaleko idazlek eta literatura orotako idazkitan mendeetan zehar ahozko narrazio tradizionaletik zuzenean ekarririko eskema, hain zuzen: bitasunarena edo dualismoa.

Lehendar banaketa honek anitz aisatzen digu lana erlatuen azkenengo esanahaiaren bila jarduterakoan, zeren delako bitasun hori definizioaz binarioa ere den testuetako (eta edozein hizkuntzatako, antzean) adiearaziaren azpiegitura sakonari ondoen egokitzen zaiona bait da.

Honako hauek dira, nere ustez, Agirreren erlijioarekiko ipuin bakoitzaren irakurketarik osoena koherenteen ahaltzen diguten ardatz semiologikoak:

Ipuinak Oposaketak

Ipuia garbitasuna vs. zikintasuna

Buruazurra ugaritasuna vs. urritasuna

Lenbiziko samiña ugaritasuna vs. urritasuna

Anton Betozko garbitasuna vs. zikintasuna

Kitolis zoriontasuna vs. nahi~abetasuna

Lulu eta Mañu ugaritasuna vs. Urritasuna

Eskema hoietatik atara ditzakegu jadanik Agirreren erlijioarekiko ipuingintzaz lehenengo ondorioak:

a) Lehen: Horrako oposaketok burura dakarzkiguten balio kontrajarriak guztiz dira azalezkoak eta errepikakorrak. Greimas'en hitzetan esateko, erlatuen isotopia biak (semiologikoa eta semantikoa) bat baino ez dira (berbera, beraz) Agirre ren ipuinotan. Hortik datozkie ipuinoi sakuntasunik eza edo bigarren balizko irakurketa saiaezina (Cortazar'ek ipuin onetarako eskatzen zuen lehertze hura) eta, bide batez, la edonolako interpretazio sinboliko oztopa eraztea ere (14).

b) Bigarren: Nahiko ez bailitzan, ikustea baino ez dago nola goiko eskemako oposaketak batbatekoenak izateaz gain (errazenak, beraz) erabat dauden ideologizaturik, errealitatean berezkoak diren anbiguetatea, ñabardurak, argilunak, gazigezak, erdibideko jarrerak... ez bait dituzte ametitzen (15).

c) Hirugarren: Balore moralez bakarrik betetzen ditu Agirrek erlijioarekiko testuetan oposaketeen bi muturrak (ugaritasuna/urritasuna eta zoriontasuna/nahigabetasuna, azkenean ez dira ontasun/gaizkotasunaren sari soilak besterik) binarioa den adieraziaren oinarrizko eskema teoriko hura oso manikeo bihurtuz.

2.1.2. Adierazlearen maila

Ez zen Agirre erlijioarekiko ipuinetan adierazlearen mailan ere jarraian dakartzuedan binako eskema edo txantiloi honetako kondabideetatik atera apurrik ere:

A B C

+ -

Teorikoki Aegoeran dagoen sujeto batek C egoerara jo dezake (eta alderantziz), Claude Bremond'ek dionez (16), behin eta berriz saia daitekeen hobakuntza zein gaizkoaduraruntzako prozesu baten barrena.

Hortik ipuinlariak A edo/eta C egoerak edo batetik bestetarako aldatzea (A-B-C) deskribatu ahal izatea, aurrenekoetan fotografia edo kuadro antzeko bat itxuratuz eta bestean pelikula gisako gertakizun baten dinamismoa ageraraziz, azkenengo aldaera honek, dinamikoagoa izanik, ipuingintza azpijenero markak hobetu beteten omen ditularik.

Ipuinez ipuin, ikus dezakegu nola maneiatu zituen Agirrek erlatuen diskurtsoetan arestiko ahalbide teorikook:

Anton Betozko eta Kitolis: Ipuinotan hiru aldiak edo faseak agertuarren, B aldiak, hots, prozesua berak darama nagusitasuna; hemedik ipuinok, Agirreren onenak (17) (bigarrena hobea den baina), duten dinamismoa. Anton Betozko'n C aldia ere nahiko deskribaturik ageri da, tristuraz ipuin osoa tindatuz; Kitolis'n ostera A eta B aldiak oso gutxi daude markaturik, datu ekonomia hau ipuinerako mesedegarria suertatuz.

Buruazurra eta Lenbiziko samiña: A eta C bi aldiak dira nagusi, la bakarrak (oso lerro gutxitan aldatze prozesua deskribaturik bait dago), koadro hutsak kasik diren "ipuin" hauetan.

Ipuia eta Lulu ta Mañu: Aipatu berri dugun geldotasun hori are nabariagoa da testuetako hasieratik amaieraraino A eta C aldietan geldirik irauten duten koadro biotan.

2.1.3 Dinamismoaren giltza

Ikusgarriena da egitan Agirreren erlijioarekiko ipuingintzan zein den egoera batetik bestetara (zoriontasunetik nahigabetasunera, ugaritasunetik ugaritasunera...) igarotzeko bultzatzaileaz konturatzea: Jaungoikoa (mitentea, beraz, formalisten metalenguaian; hemendik erlijioarekiko ipuinak izatea); are zehazkiago, Jaungoikoarengandiko zigorra (zigorkada Agirren hitzez); prezeskiago ere: zigorra izugarri desorekatua, errugabekoen kalterako batzutan (Jaungoikoaren aurrean errugabekorik baldin bada).

Lenbiziko samiña'n, itsasoan supitoki itotako gizon baten emazte gazteak eta mutil koskorrak pairatu behar dute txirotasun gorria zeruko itxaropen hutsez, "negarrezko lekuan gaude"-la hobeki antzeman dezaten. Buruazurra'n arrantza ugaritik ezer ez (are eta txarragoa: giza buruezurra) arrapatzera, erdal usadioen kutsaduraz, animen egunean euskal ohitura zaharren aurka arrainetan irtetzeagaitik. On hutsa den Mañu txiro itsuari "adu txarrek, obeto esan bear det, Jaungoiko Doneak zigorkada gogorrak eman zizkion". Kitolis'ek itsas-ekaitzean semetxo bakarraren eriotzaz ordaindu behar du Salbe ez errezatutea itsasoratzekoan ahaztualdi batetan. Anton Betozko'k semetxo bakarra galdu ere egin zuen (eta handik laster emaztea ere, sofrimenduari ezin eutsiz) ezusteko itsas-aserraldi batetan beste norbaiten "erderakada ta gaiztekeri arrotzakaitik". Eta hori: "¿Beti, Anton?" galdetzen dio narratzaile harrituak. "Eztot nik orrelakorik esan, eztot nik esan beti, eztot nik ziurrean esan; baña askotan baietz, nire eritxian; beste askotan gizatxarrak ikasi daien ta ondu daitezan; da noizean bein negarrezko tokian gagozala aztu eztakigun".

Jaungoikoaren zigorrerako makurrera erraz hau ulertua izan da Agirrengan jansenismoak izan zezakeen eraginaren zeinu bezala (18) (ez litzatekeen, izatekotan ere, jansenismoak ekarri zigun eragin politikoa ezta dogmatikoa ere izango, pietate edo ohiturarekikoa baizik), nahiz eta entzute handiko J.I. Tellechea Idigoras historialaria guztiz aburu honen aurkakoa izan (19).

2.2. Ohiturazko ipuinak

2.2.1. Adieraz,earen maila

Bestelako txatiloi bat maneiatzen du Agirrek ohiturazko ipuinetan. Ipuin bakoitzaren lehenengo lerroetan tesi edo adierazkizun orokor bat botatzen du narratzaileak, aurreneko iritzi honen adibideen bitartezko egiaztazte hutsa izanik gero testuaren jarraipena edo ipuinaren mamia. (Gogorarazi nahi nioke irakurleari narrazio txantiloi hauxe dela eta, sartu dudala Axeri ta Otsoko ipuina ohiturazkoekin).

Arestian aipaturiko eskema hau anitzetan izan da erabilia ohizko ipuingintzan, honek duen ahozko literaturan etorkia oroituz. (20)

Mikel Zarate izan zen gure artean, nik dakidalarik, Agirren ohiturazko ipuingintzaren eskema horretaz lehen konturatu zena:

"Eskolastikuen ikasketa(ren) arrastroak behin baño sarriagotan ikus daitezke Agirreren liburuetan. Emakumeen jarduna (eta beste honelako ipuin askotan) ere gisa hortara egina dela esan genezake. "Emakumeak, biziko badira, jarduna nai ta nai ezkoa dabe". Tesis hori egiaztatzeko "argazki" mordoa jartzen du gero, iturrian, enparantzan, nasan, kalean, arrekan, elizpean, goizean, arratsaldean, gauez... ataratakoak... ") (21).

Ez zaigu bat ere gaitz honelako narrazio egitura hau irudikatzen:

Tesia Espazioa

Denbora

Tesia labur zein luze (bietariko bait daude) botata, baliabide bi, onenean ere nahas daitezkeenak, erabili ohi zituen Agirrek narrazio hariari jarraitzeko: espazioa zein denbora, kanpokoak biak, zeren barruko pertsonaien sikologi prozesu korapilatsua ez bait zuen inoiz Agirrek gaitzat aukeratu.

Lehendabizikoaz, "zineko kamara batez hartuta bezala" (22) idazten ditu gehien bat, aldika aktore, aldika lekuko den narratzaileak: Mainton Itzontzi, Aterpean, Arrañ saltzalleak, Joanes artzaia, Idia Elizan... Bigarrenez, anakroniarik gabeko denbora naturalaren arabera (23) (goizetik gauerarte, haurtzarotik zahartzarorarte) kondatzen dizkigu Agirrek istorioon sekuentziak: Axeri ta Otsoko, Azoka ta dema, Itxaromendi, Pedro Migel Azkarraga...

2.2.2 Adieraziaren maila

Goiko eskema honek ez du lehendabizi ikusi dugunak (2.1.2), bezain aise bederen, kontrajarpen logikarik sortarazten, egoera batetik bestetara ez bait du derrigorrez igaro behar oraingoan ipuinlariak; honetarako ipuinak istorio single edo pertsona tipiko baten azalpen diakroniko zein espazial hutsa (konparaketa zuzenik gabe) baino ez dira usu izaten.

Kontrajarpenik ez honek ez du esan nahi irakurri ahala inolako oposaketarik sortarazten ez duenik ipuinak, zeren hain loriosoak izan ohi diran pertsona zein leku edo espazio protagonisten goramenak non irakurleak bulkaturik dagoen pentsatzen ez dagola beste horrelakorik inoiz ere munduan izaterik.

Forma aproposa honetaz baliatuz, euskal 'Buen Salvaje'ren ohiturak (24), itsasoko zein mendikoak, xehe askorekin gainera, kondatu dizkigu Agirrek, ipuinon adierazi sakona edo interpretatzaile orokorra den ideologia argitara emanez bidenabar.

Euskaldun biztanle jatorrak bi balore dituzte (Jaungoiko eta Lege zarrak'ren betiko leloa) galdu behar ez dituztenak, nahiz eta geroago eta arrisku biziagoan egon baloreok urteak igaro heinean:

a) Zintzotasun kristaua: Holakoxeak nolakoak ziren Auñamendiko Peru: Jaungoikoa lehen, Euskalerria gero, eta emaztea ondoren aldeztuten dituen padar koblakaria; edo Tramana eta Brix, "langilleak eta biotz onekoak (errosario-errezitatzaile gartsuak... eztena baño miñ zoli ta zorrotzagokoak" izanda ere); edo arrantzale zaharrak oro sekulan itsasoratzen ez direnak Agur edo Salbe esan barik; eta Axeri ta Otsoko lakoak ez diren euskaldunik jatorrenak, "gurutzearen itzalpean" bizi diranak mendietatik hur...

b) Antzinako ohiturak (eukeraren erabiltzearena tarte): zeren, azkenean, ohitularien helbururik nagusiena, Agirrerenak (Ekatxa, Joanes artzaia, Azoka ta lema, Itxaromendi, Pedro Migel Azkarraga...) nola Mesonero Romanos'enak (25) lehen eta J. Má de Pereda'renak (26) gero, gainez egiten zitzaien herriminez idatzi zituzten ipuinotan, zihoazkien ohitura zahar hauek ahalik eta indartsuen bizirik iraun zezatela zen.

3. DOMINGO DE AGIRREREN IPUINGINTZAREN BALORE ESTETIKOAK

3.1. Tensioa

Kritikalariek erlatugintzan derrigorrezkotzat jotzen duten tensio edo suspensea irakurleak ipuinaren traman geroago eta lotuago jarraitu beharrean datza, narrazioak sortarazten dituen hipotesien askatze bera nahatuz eta gibelaraziz, teknika batzu direla medio (27).

Hauetarik bi erabili zituen Agirrek gehienik: Humorea, zenbat eta ustegabeagoa eta ipuinaren amaierakoagoa izan, hainbat eta estimagarriagoa; eta heriotzaren inguru-minguruan korapilatzen diran sentipen eta gorabeherak.

Agirreren humorerako joera azpimarratua izan zan A. Aurre Jaunak:

"Kresalaren eta beriziki 'Garoaren' orrialdetan (beste idazki batzutara ere erraz zabal daiteke iritzi hau) umore nunnai nabaitzen da. Ta ez gañera nolanaikoa: umore baikorra, umore arin alaia. Itz batean, euskal umore jatorra" (28).

Humoreak tensiorako laguntzen du, zeren irakurleak antsiaturik dagoen itxaroten noiz lehertuko ote duen barre egiteko unea, erlatuen azkenengo lerroetan suertatzen dena ondoenean.

Izan ere, Agirre irakurlearen aditasuna lortzeko humorez baliatu zen honako ipuin hauetan: Buruazurrean, Mainton Itzontzi, Izkirimiriak (I-VI), Arrañ saltzalleak, Azoka ta dema, Itxaromendi... Besteak baino luzeagoak diren azkenengo bi ipuinotan erabili zituen Agirrek erlatu tensiorako beste zenbait errekurtso ere: Oñati eta Abadiñoko aizkolarien arteko dema lehenengoan, Zabaletako Joanes Elgetako Austiñekin emandako elkarrizketa bitxia bigarrenean...

Heriotzaren presentziak beti sortarazten du irakuslearengan jazo ez dadin itxaropena, jakinik ere hasieratik, Anton Betosko'n bezala (Crónica de una muerte anunciada, hau ere), heriotza gertatua dena.

Harrigarria da antzematea Agirreren zenbat ipuinetan suertatzen den (ko)protagonistaren heriotza: Anton Betozko'n, Lenbiziko samiña'n, Iru eresi'n, Kitolis'en, Lulu ta Mañu'n, Axeri ta Otsoko'n) (29) eta heriotzarekiko burruka: Ekatxa eta Aterpean direlakoetan.

Errekurtso bitaz baliatzen da Agirre zenbait ipuinetan heriotzarekiko gaztazkok are hunkigarriago bihurtzeko: bata, errugabekoaren heriotza (Lenbiziko samiña, Anton Betozko, Kitolis, Lulu eta Mañu); bestea, mailaketa (gradazioa) edo are zailago'tzat dazaguna ekintza izugarrietan: Anton Betozko'n eta Kitolis'en, hain zuzen: Anton Betozko'n aita eta semea, arrantzaleak, olatuartera botata dira itsasoak ekaitz bildugarri batez; agertzen zaie txalupa bat zeinek hartuko dituen azkenez; hau poza!; hartu? Bai zera, aita geratu izan zaie; semeak bere burua botatzen du itsasora aitaren bila; aita arrapatu, lepogainean jarri, txaloperaino eraman: salbatuak!?... Aita bai, baina semea hartzeko denborarik ez txalupakoek. (30) Kitolis'en antzeko zerbait: Aita eta semea olatuartean itsasaserraldi batez; banan banan ito zaizkie lagunak; aita ahulak lepogainean hartu du igeri egiteko indarrik jadanik ez duen mutil koskorra; txaloparaino eraman eta eusteko diotso semeari azkenengo indarrez; ezina zaio umeari; aitak besarkatu, bularraren ondora ipini eta txalupari "elduten geratu zen"; lagunak ailega da.kizkienean, aita topatu zuten konorterik gabe semaren hilotzarekin besartean.

3.2. Erritmoa

Ipuinetako Agirreren hitz laua bizkorra da, zalua; esaldi laburrez taiutua. Narratzailearen begi errealista (pertsonaien manikeismoa saihetsean utzita) arinki doa xehe batetik bestetara (arruntak ere barru).

Maiteago du Aguirrek narrazioa, deskribazioa baino (31). Izan ere, oso lerro gutxitan egiten ditu, egitekotan ere, pertsonaien eta lekuen deskribaketa fisikoak, eta hauetan ere bizi dabil narratzailea saltoka pundu edo objektu batetik bestetara, protagonisten barne sikologi itzulinguruetan bere burua nahaspilatu gabe; ez du gertakizunen interpretazio zuzenik ematen, gutxitan ezean (Itxaromendi, kasu), ezta diskusio teorikoetan sartzen ere, oso bakanak izanik ipuinotan Genette'k pausa edo luzapena zeritzen denborarekiko agertaldiak.(32) Pertsonaien noizbaiteko aurkezpena labur eginda, zuzenean doa Agirre istorioen ekintza hutsak marra bipilez kondatzera, historia eta istorioren arteko denbora aldiak berdinduz eta irakurlearen aditasuna bere abiada bizkorrera moldaraziz.

Fabore egiten dio, bestaldera, erlatu prosaren arintasun honi Agirrek ipuinetarako aukeratu zituen denbora mugak. Ipuin denak (Axeri ta Otsoko eta Pedro Migel Azkarraga ezik) denbora motz batetan jazoten dira (arratsalde, gau, egun batean), litezkeen narrazioarekiko inkongruentziak erabat gutxituz, irakurketa okeratuago baten mesederako.

Agirrek eleberrietan espazio-denboraz jabetzeko zituen oztopo gaindiezinak dakizkigula, honetan dakusat Agirreren ipuinek eleberrien aldera duten abantailarik nabarmenena.

3.3. Estiloa

Agirreren hitz laua landua da; bere denborako euskal idazleen artean landuenetarikoa. Klasiko erromatarren zizelarekin taiutua gainera: pilaketak, galdera zein harridura erretorikoak, anaforak, egitura banatzaile edo distributibak, konparaketak... ugariak dira anitz.

Honetara sortzen zaio Agirreri klara bezain guztora irakurgarria den prosa ordenatua (33) eta herrikoia aldi berean. Ez zen hau Agirreren hitz lauraren meriturik makalena, euskal prosa narratiboa oinarritzen zeneko une zehatzean, bere eleberriek luzaroan izan zuten arrakastaren esplikazinorik erabakiorrena agian honetan datzelarik.

Dena dela, azpimarratu beharra dago berebat Agirreren prosa landu hau estandarizaturik samar dagola. Berdintsu erabiltzen du Agirrek idazkera sermoi edo hitzaldi, ipuin, olerki edo kronika zein itzulpen batetan. Bestela esan, la tono berbera mantentzen du edozeineratako gai orotan, direla barre, direla negar egiteko.

Honezaz gain, prosaren taiukera landu hau nabariegi dager usu aski Agirreren idazkietan (eta bere garaiko idazle askoren testu ugaritan), erlatugintzari berari dagokion protagonis moa xurgatuz, J. Cortazar'ek erlatu laburrerako zakarki arbuiatzen zuena ('de toda la retórica literaria deliberada' dio) (34), zeren ipuinen tensiori horren konbenigarri zaion premiazko hitz-laburtasuna (erderaz: concisión delakoa) zapuztuten duen osorik.

4. AMAIERA

Euskal hizkuntzan narratibaren neurri batetako sortzailea (35) zen Agirre Espainan XIX. mendeko ohitularien egitura narratibo zein idazkerariko literatur forme¡ (beren birtute gutxi eta akats nahikorekin) jarratzaile soila da, erlatugintza tradizionalaren hildotik: narratzaile orojakilea, denbora lineala, kasualitate logikoa (erlatuetako sekuentziak elkarren ondoan jartzerik -justaposiziorik- xurneena) (36), diskurtsoko egitura aldakaitza (sarrera edo tesia, non eta noiz, elkarrizketa -eszena-, ondorio morala)...

Arketipoez baliatu ohi direnez, ez dute ohitulariek, ezta Agirrek ere, matizaziorik (adjetibo ez absoluturik) maite, eta nolaz eta kanpoko irudikatzeari hobeto lotzen zaizkion barruko zein sikologi prozesuei baino, erlatu sinpleak, hala adierazi nola adierazlearen mailan, sortarazi ohi dituzte.

Orain arte seinalaturiko muga guztiak Agirreren ipuinetan agerikoak izanda ere, ez dira, horratik, bere eleberrietakoak bezain gozagaitzak izaten, irakurleek errazkiago onartzen bait dituzte "urrikeria" hauek lehenengoetan bigarrenetan baino; eta hori, nere ustez, arrazoi bigatik batipat: batetik, ametigarriagoak direlako, horren denboran laburrean gertatu ohi diren ipuin-istorioetan, bai pertsonaien bilakaezintasuna eta bai espazioaren debaluaketa, eta, bestetik, normalagotzat jotzen direlako ipuinetan, herri zein ahozko (37) kontu askotatik kutsatuta edo, esandako muga narratibo horietatik bat baino gehiago (hainbestetan aipaturiko moraltasun manikeoa esaterako, tipologiarako joera, sortzetiko didaktismoa (38)..., eta abar).

Hau guzti hau dela, Agirre nobegilearen parean hobesgarri deritzot Agirre ipuinlariari, zeren hobeki horniturik iruditzen bait zait (ez omen zaio ipuingintzari eleberrigintzari beste bagaia behar eta; gogoratu, bestela, sarrera honetako 3-6. notetan ekarritakoa) luze-zabalera laburreko erlatuetarako (ez soilik orri kopuru aldetik, M. Bajtin'ek kronotopoa deitzen zion unitate narratibo motzagoaren ikuspuntutik ere) (39), luzekoetarako baino.

Halaz ere, epai dezala gomendagarri ditudan Domingo de Agirreren bi motaotako erlatuen irakurleak, berari bait dagokio honetan ere azken hitza.

Sebastian Garcia Trujillo

Lutxana-Barakaldo 1990.ko Azaroan

OIN-OHARRAK

(1) EBERENZ R.: Semiótica y morfología del cuento naturalista, Gredos, Madrid, 8. or.: "Es sabido que el cuento... por su brevedad y su origen oral, palpable aún en los ejemplos literarios más refinados, se ha considerado como una forma particularmente simple y cercana a la esencia del discurso narrativo".

(2) CORTAZAR, J.: "El cuento breve y sus alrededores", Ultimo Round, Siglo XXI de Editores, S.A., 1. tomoa, 59-82. or.: "Algunos aspectos del cuento", Cuadernos Hispanoamericanos, Madrid, 1971, martzoa, 403-416. or.; "El camino de Damasco de Julio Cortázar", El País, 130382, ROSA MONTERO'K eginiko elkarrizketa batetan.

(3) EBERENZ, R.: Ibid., 17. or.: "...el cuento selecciona un recorte representativo de una realidad más amplia en tanto que la novela representa a esta misma. La acción de la novela puede ser multilineal, la del cuento forzosamente en una sola línea argumental; el cuento privilegia el suceso, el `caso'; la novela el personaje...".

(4) CALVINO, I.: Seis propuestas para el próximo milenio, Siruela, Madrid, 1989, 49. or.: "En Sicilia el que cuenta historias emplea una fórmula: 'lu cuntu nun metti tempu' (el cuento no lleva tiempo), cuando quiere saltar pasajes o indicar un intervalo de meses o de años. La técnica de la narración oral en la tradición popular responde a criterios de funcionalidad: descuida los detalles que no sirven..."; 62. or.: "Es difícil mantener este tipo de tensión en obras muy largas...".

(5) EBERENZ, R.: Ibid., 114. or.: "Como observa acertadamente Baquero (El cuento español en el siglo XIX, Madrid, 1949, C.S.I.C), el cuento parece superar a la novela en cuanto a flexibilidad temática... La narración épica (novela) requiere, además, un mayor dominio de los recursos técnicos que el cuento, y su asunto debe ser capaz de resistir al cansancio que amenaza producirse durante la lectura de cientos de páginas. El cuento tampoco se improvisa, por supuesto; pero su brevedad permite tratar temas de menor calado, motivos cuyo atractivo reside en la novedad, la gracia de la anécdota o en la certera captación de una situación, pero que resultarían insuficientes para una novela. Por ello puede afirmarse que la diferencia que la teoría literaria establece entre el tema general y los motivos, en cuanto aspectos parciales de una narración, se desvanece a menudo en el cuento".

(6) EBERENZ, R.: Ibid., 114. or.: "Los asuntos novelables suponen una lenta maduración previa a la experiencia colectiva de la humanidad. Incluso como género de discurso escrito, la novela se muestra recia a la improvisación y aparece como un producto de un proceso de cristalización más o menos largo, según prueban las dificultades para aclimatarla en ámbitos linguísticos minoritarios.

(7) MITXELENA, L.: Historia de la literatura vasca, Minotauro, Madrid, 1960, 155. or.; Toledo, A. M. Domingo Agirre: Euskal Eleberriaren sorrera, Bizkaiko Foru Aldundia, 1989, 69-94. orr.

(8) MITXELENA, L.: Ibid; 155 orr.: "Se han elaborado reiteradamente sin grandes pretensiones literarias temas populares, muchas veces con tendencia moralizadora".

(9) CORTAZAR, J.: "Algunos aspectos del cuento", 406. or.; 412. or.: "En nuestras provincias (se refiere a Argentina, pero creo válida la ampliación a casos como el vasco) existe una larga tradición de cuentos orales... que de golpe pasan por la pluma de un escritor regionalista y, en una abrumadora mayoría de casos, se convierten en pésimos cuentos... (y es que) cuando debería surgir un Homero que hiciera una Ilíada o una Odisea de esa suma de tradiciones orales, en mi país surge un señor para quien la cultura de las ciudades es signo de decadencia... y ese señor entiende... que para escribir un cuento lo único que hace falta es poner por escrito un relato tradicional, conservando todo lo posible el tono hablado, los giros campesinos, las incorrecciones gramaticales, eso que llaman el color local".

(10) Todorov, T.: Les genres du discours, Seuil, Paris, 1978, 66 or.; Eberenz, R.: Ibid, 83-85. orr.

(11) Ulergarriagoa da eleberriegintza klasikoan honelako hautaketa hau egungo egunekoan baino: Banquero Goyanes, M.: Estructuras de la novela actual, Planeta, Barcelona, 1970, 37. or.: "Si nos fijamos en nuestra literatura (Espaina'koaz ari da), es fácil comprobar cómo la mayor parte de la novelística clásica responde al esquema de la sucesión y yuxtaposición de episodios relativamente aislables..."

(12) Ipuia soil-soilik hartu dut Agirre berak erabilitako izenburuagaitik; hau aukeratzekotan zergaiti handiagoaz aukera behar genituzkeen beste ipuin antzeko zenbait olerki: Mariñela, Ichasertzian, Agure Kanta, Zarako Lorea. Izkirimiriak txisteak dira ipuinak baino hobe; alabaina ipuintzat kontsideratuak izan dira honelako bilduma motetan (Ikus Ipuiñak, AZKUE, R.M., La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbao, 1968, Onaindia'k prestatuta), ez bide bait dute sail hoberik euskal literaturan aurkitu; izenbururik gabe agertu zirenez, erromatar zenbakiak ipini dizkiet kako artean errazki bereizteko. Aterpen eta Kitolis izenburuak aukeratu ditut Kresala'ko atara ditudaneko atalenak errespetatuz. Axeri ta Otsoko, Garoa'ren IV. ataletik hartu eta holako ipuinetan protagonisten izenak izenburutzat erabiltzeko Agirreren ohitura gorde nahi izan dut.

(13) Edo honela nahita, Humore sail bat gehi genezake, izkirimiriak bost besterik ez eta guztiz laburrak izanda ere.

(14) CORTAZAR, J.: "Algunos aspectos del cuento", 407 eta 409 or.: "Un cuento es significativo cuando quiebra sus propios límites con esa explosión de energía espiritual que ilumina bruscamente algo que va mucho más allá de la pequeña y a veces miserable anécdota que cuenta... El único recurso del cuentista es trabajar en profundidad, verticalmente, sea hacia arriba o hacia abajo del espacio literario... Esa fabulosa apertura de lo pequeño hacia lo grande, de lo individual y circunscrito a la esencia misma dela condición humana". "Toda obra que deja de sugerir expira un hedor de muerte" (Mahler'en pentsakizunik?), Ikus. El País, 040390, Libros/3.

(15) OLEZA, J.: La novela del XIX, Laia, Barcelona, 1984, 232. or.: 'Nadie es malo absolutamente: se es tonto, se es envidioso, o mezquino, se carece de ideales, etc.' ; are bizikiago K. Ranher: "El hombre es siempre un mal santo y un mal criminal"; (aipu biok gizakiaz izanda ere, molda daitezke beste edozein narrazioarekiko zirkunstantziatan); eta Michelenarena: 'Bat ez da bitan banatzen, zuri eta beltzetan, askotan baizik, ezin konta ahal diren grisen graduetan", 'Patxi Altunari erantzunez", Euskal idazlan guztiak IV, Euskal Editoreen Elkartea, Zarautz, 1988, 116 or.

(16) BREMOND, C.: "La logique des possibles narratifs", Communications, 1966, 8 zb., 60-76. or.; Logique du récit, Seuil, Paris, 1973, 131 or.

(17) ARTECHE, J. de.: "Son, a mi modo de ver, (Kitolis'ez ari da) seis págnias de valor literario universal". -Villasante, L.: Historia de la Literatura Vasca, Aranzazu, 1979, 327. or.tik harturiko aipua.

(18) ARTECHE, J. de: Saint Cyran, Auñamendi, Icharopena, Zarauz, 1958, 107. or.

(19) TELLECHEA IDIGORAS, J.I.: Papeles Viejos, S.G. de Ediciones y Publicaciones, S.A., 1968, 189-192. orr.; "Del Concilio de Trento a la Ilustración"; I semana de Estudios de Historia Eclesiástica, Facultad de Teología de Vitoria, Vitoria, 1981, 119, or: "Historia de la Iglesia en el País Vasco", Euskal-Erria Historia eta Gizartea, Lan Kide Aurrezki Kutxa, Oyarzun, 1985, 344. or.

(20) EBERENZ, R.: Ibid. 57-59. orr.: "...los cuentistas del siglo XIX suelen recurrir regularmente... (a) anteponer al relato una especie de tesis o sentencia que luego éste confirma o invalida... La aproximación al núcleo del relato se efectúa, pues, a través de un discurso de contenido más o menos abstracto y generalizador. Unas afirmaciones de tipo universal, un lugar común, permiten enunciar el asunto que luego se va a narrar. Estas balizas temáticas sobredeterminan hasta cierto punto la significación del cuento, ya que delimitan rigurosamente las posibles lecturas del texto".

(21) ZARATE. M.: Euskal Literatura Azterbideak Azterketak Aztergaiak, L. Zugaza, Durango, 1977, 21-30. on. Parentesi artekoak nireak dira.

(22) ZARATE, M.: Ibid., 22-23. on.

(23) Genette, G.: Figures III, Seuil, Paris, 1972, 77-121. on.

(24) Jon Juaristik Peru Abarca'z dioena, zentzu berean ekarriko nahi nuke hona: "resulta exagerado ver en... un trasunto del `Bon sauvage' de Rouseau", Literatura vasca, Taurus, Madrid, 1987, 70. or. Baita lehenago J. M Lasagabaster'ek ere; ikus. "Euskal nobelaren gizarte-kondairaren oinharriak", Euskal linguistika eta literatura: Bide berriak, Deustoko Unibertsitateko argitarazioak, Bilbo, 1981, 354. or.

(25) MONTESINOS, J.F.: Costumbrismo y novela, Castalia, Madrid, 1983, 44. or.: "dar fe de un cambio, de una revolución, de una evolución que ha transformado la faz de todo el país o de alguno de sus rincones pintorescos, entregándose al recurso, la nostalgia de todo lo desaparecido y olvidado.

(26) MONTESINOS, J. F.: Pereda a la novela idilio, El Colegio de México, México, 26. or.: "es (Pereda), al comenzar a escribir sus cuadros, un joven avejentado que ve desaparecer con tristeza realidades que sentimentalmente le son caras, que siente un terror incoercible hacia lo nuevo, a cuya invasión no puede oponerse, y que recorre a la pluma para transimitirnos la memoria de algo que no debe morir del todo". Oleza, J.: Ibid., 39-46 or.

(27) METZELTIN, MICHAEL-JAKSCHE, H.: Textsemantik. Ein Modell zur Analyse von Texten, G. Narr, Tubinga; Eberentz, R.: Ibid.¡., 213 or.; Cortazar, J.: Algunos aspectos del cuento", Ibid, 408 or. eta hun.: "La idea de'significación no puede tener sentido si no la relacionamos con las de intensidad y de tensión, que ya no se refieren solamente al tema sino al tratamiento literario de ese tema, a la técnica empleada para desarrollar el tema... No hay otra manera de que un cuento sea eficaz, haga blanco en el lector y se clave en la memoria"; Ikus ere, Quiroga, H.: "Decálogo del perfecto cuentista".

(28) ZUBICARAY, A. de: "Domingo de Aguirre. Poeta del mar y figura señera en la creación de la Academia de la Lengua Vasca", La Gran Enciclopedia Vasca, Tomo IV, Bilbao, 1976, 537. or. (Parentesi artekoa nirea da).

(29) Bilduma honetarako aukeratu ez dudan 'Ichas-ertzian' izenburudun olerkian beste antzerako istorio bat kondatzen digu: Alargun txiro baten semaren heriotza itsasoan: "¡O! seme bat eukan, seme bat kutuna!/ ¿Zelanez zatitu aman biotza?/ ¡Olatuak bultza legorrera badau/ Bere semearen gorputz illotza! !".

(30) Eszena berbera errepikatzen da Kresala'ko aurreazkenengo atalean beste protagonista batzurekin: Anjel eta bere aita: honetan, ostera, biak salbatuak ziran "ordu bi osoan (ibiliz gero gazte umankorra bere gurasoagaz zamaturik".

(31) DEL PRADO BIEZMA, F.J.: Cómo se comenta una novela, Alhambra Universidad, Madrid, 1983, 24 eta 295. orr.: "A priori, podríamos decir que dos términos como `descripción' y 'narración' son contradictorios, ya que están consagrados, en todo texto narrativo, la descripción a la creación de la espacialidad y la narración a la de la temporalidad... Por narratividad de un texto entendemos el dinamismo temporal que genera su estructura y que lleva al héroe y al lector de un momento inicial A a un momento X, separados más o menos en el tiempo".

(32) GENETTE, G.: Ibid, 122-144. orr.

(33) EBERENZ, R.: Ibid., 254. ori.: "El principio del orden, de la distinción, de la selección -herencia de la Ilustración y credo de la burguesía decimonónica...".

(34) Cortazar, J.: "Del cuento breve y sus alrededores", Ibid., 68. or.

(35) SARASOLA, l.: Historia Social de la Literatura Vasca, Akal, 1976, 146. or. Lasagabaster, J. M'.: Antología de la Narrativa Vasca actual, Edicions del Mall, Barcelona, 1986, 'Introducción', 22. or.

(36) BARTHES, R.: La aventura semiológica, Paidos Comunicación, Barcelona, 1990, 301. or.

(37) ONG, W. J.: Oralidad y escritura. Tecnologías de la palabra, Fondo de Cultura Económica, México, 1987, 43-63. on.

(38) EBERENZ, R., Ibid., 58. or.: "...recordamos por ejemplo la participación del cuento medieval en proverbio y enxiemplo... la división de la fábula clásica en relato y moraleja... En la narrativa corta del siglo XIX, el fenómeno ha sido advertido por varios críticos (Maupassant...)"

(39) Teoría y estética de la novela, Taurus, Madrid, 1989, 237. or. eta hur. Kronotopoa da denbora eta espazioa elkarren arteko eragina neurtzen den unitate narratiboa.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003