Deskatalogatua
NOLA SORTU ZAN LIBURU AU
Loiola'ko San Inazio'ri buruz idatz-saio bat egiteko eskatu dit, arrenka eskatu ere, Paris'ko Fayard argitaldariak; «Douze hommes d'Eglise» liburu-sortarako bear omen*. Poza ta beldurra, biak batera, sortu dizkit onelako eskariak: baiña, baiezkora nator. Inazio da nere izena. Alaxe noski ainbeste ta ainbeste etxe ta senitartetan eta alaxe nere senide-artean ere, leen, orain eta gero ere bai apika. Nere amak, larogei t'amar urtetan gora dijoan ama nereak, bixi-bixi aipatu oi dit, nola, sei illabeteko aurra nintzala, Loiola'ra eraman ninduan nere patroi santuari aurkeztera; eta, gero-gero, andik emezortzi urtera, ni jesulagun izango nintzala zioten batzuei, baietz erantzun omen zien. Bere biotz on-zabalean, ots, onartu zuan San Inazio'k alako eskeintza, baiña ez zuan lorea burutu. Goi-babesa eman bai, ori bai. Eta zorretan nagokio.
Nolanai-ere, nere biotzeko esker on guzia liburu ontan irauli ezin baneza ere, ez da ustekabean sorturiko liburua. Amalau urte nituan, aurreneko aldiz San Inazio'ren biografia irakurri nuanean; eta andik asko-gabe, nere osaba Artetxe'tar Jose'k idatzitakoa. Ogeiren bat urte ten saiatu nintzan, beste bizpairu lagunekin batera; eta maisu aundien eskutik saiatu ere; urte aietan irakurri nituan Autobiografia eta Egunkaria eta Araudiak eta Fabro'ren Oroitzapenak eta Xabier'en kartak eta bizitzakoak eta Borja'ren idatziak... Autsak kendu ta nere eskuetan astindu ere astindu nituan Monumenta Historica Societatis Jesu izen aundiko bildumak; Lagundiko berrien arrobi jatorra, eskuera neukan Gasteiz'ko Apaizgaitegi maitean. Jesulagunen ikasle izan nintzan gero, Erroman, Gregoriar Unibertsitatean; maiz joan oi nintzan Lagundiaren Buruzaigoko KondairaIkasgura eta Bibliotekara eta Artxibora. Lagunkiro artu ninduten etxe oietan, batean ta bestean, Inazio-gaietako maisu aundiek, alanola Leturia, Villoslada, Dalmases, Iparraguirre jesulagunek... Bein ta berriz eginak ditut Gogo Jardunak; bijoazkie nere eskerrik onenak Jainkoari ta Inazio Santuari. Askotan izana naiz Loiola'n; ez aatik San Inazio'ren jai-egunetan, jendea gaiñezka biltzen danean; nik ango pakea ta otoitz-giroa maite. Senide bezela dut San Inazio eta, nere ikasbideei esker, aren garaiko gauzak ere bai noski.
Beraz, egin-gabe ezin utziko dut aren irudi-antza; ez beintzat, beiñ-ola Zuloaga aundiak emandako aitzakia emanaz: «ez baitdut bat-ere sentitzen» aitortuz, ukatu zuanean alegia.
Baiña, nere barrengo izu-laiñoak garbitzeko ez da aski guziau; ain aundia da izan-ere Loiola'ko Inazio'ren aunditasuna, etsaiek ere adi-begi batetik edo bestetik aitortzen dioten aunditasuna. «Asko jakiteak ez du anima asetzen», zion berak eta egi-egia zion. Nere aldetik, oar, nere aalgoen ttikia eta nere ausardiaren aundia ikusteko, aski dut pixkat jakitea; ara Aita Leturia bat, gai auetan lan-ta-lan bere bizi guzian jarduna, bere iker-lanen laburpena argitaratu baiño leen il zan gizaajoa. Baiña ba dira zenbait joera, eta Inazio'renak ain zuzen, nere egiteko ontara naramatenak: Azpeitia'n bere erritarrei dotriña eman nairik asi zanean, anaia bera zuan ezetz esaten ziona, ez zitzaiola-ta iñor etorriko; «bat etortzea aski dut», Iñazio'k erantzun; eta beste bein, onela omen zion: «nere barrengo eskeari jarraitu banio, oillo-lumaz jantzi-ta, larru gorrian, lokatzetan orakatua, kalez-kale ibilliko nintzan, jendeak erotzat artu nindezan». Onenbestekoa ez da nere apaltasuna; ontzat eman dezadan nere asmoa, naiz-ta eroa; bat-edoren bat etorriko zait noski, San Inazio'gana eraman dezadan. Eta nik eraman ezkero, berak egingo gaiñerakoa. Elkarrekiko joku garbia egin bear, orixe.
Oizko biografi ederrei, jakinduriz eta argi-bidez ornituriko biografi ederrei, aurrea artuko ote diedan ametsik ez dut. Neretzat obe noski eta, Fayard'ek ez du joera ori nai; San Inazio'ren eta garai aren ertzpegi bat eskatu dit, nere biotz-ondoan ikasketak eta gogaldiek utzi duten lía astindu ondorengo ertzpegia alegia.
Egia da bai, ikasbide zeatzak dakarren lana arintzen dala era ontan, baiña besterik, beste lanik, sortzen dala ere egia da. Eta auxe aurrenekoa, berririk jakingarrienak berezi bear dirala arekiko berrien baso izugarri artatik eta gaurko adi-begientzat alderik unkigarrienak aren nortasun doai-ugari artatik. Ba da, argi ala illun, kondaira-argazki bat, San Inazio'k gizaldiz-gizaldi sorrerazi dituan senti-miñak agertzen dizkiguna. Orra, XVII'ko goralmen apain-arroen ondoren, edo-ta XIX'ko illun-itsusien ondoren, zailla da Loiola'ko Inazio bere giza-izanean aurkitzea. Bizi zalarik ere, jaso zuan txalorik; baita susmo txarrik eta aurka-erasorik ere; eta-eta muturi ugaritu zaizkio noski batzuak eta besteak, ilezkeroztik. Eztabaida aien sasitan sartu bearra dago, gogo onez ta garbiz, Loiola'ko Inazio egitazkoaren billa, mendez-mende sortu ta erantsi zaizkion argazki guziak, zuriak eta beltzak, uxatuz; egia bera bezain errotuak bait-daude gizaldiz-gizaldiko etorrian. Beren alde ona ba dute kondairagrafiek eta lekuko idazkiek, baiña baita beren alde txarra ere; okerrak zuzendu bearrean, bere artan iraun erazten bait-dituzte.
Asko ikasia zan gai auetan A. Inazio Iparraguirre eta egiaren larru-gorritze itza aipatu izan du, joan dan mendean egin dan Inazio'rekiko ikerketa nolabait aipatzeko. Bai, egiaren garbi-gorritzea; batzuen txalo-pozak sorturiko kanta apain eder-zaleak edo-ta, alaberean, beste zenbaiten uka-miñak asmaturiko aurka-idazkiak: gogo beroak edo-ta gorrotoak emaniko irudiak, danak. Eta San Inazio bera bezain aspaldikoa guzi au. II-ondore artan bertan, jesulagunek beren guzi guzizkotzat zeukatela, zion Paulo IV'k; baiña «sorkari mamutzar» bat zala, zion alderantziz Teodoro Beza Calvino'tarrak, gizaldi artako mamutzar gaiztoenetakoa, Servet eta Valdes'en ondoan. Alako irrika-azkure bat eman oi dio San Inazio'k idazle askori, fededun eta fedegabe, katoliku ta protestante, ikerlari ta ameslari, idazle askori. Eta urria ezik okerra ere izan da aien berri jasotzea; ala, jesulagunen aurkako iritzi-emanetan edan ondoren, Sortzaillearen aurka irauli oi dira aien, jesulagunen, aurkako iritziak. Alderantziz, fundatzaillearen argi-dizdiretan begiak, gaztetan burutuak ikusten dizkiote grazi-doai ugariak.
Zailla da, egia esan, Inazio alde batera jartzea eta bere Lagundia geroko geroan bestera; baiña, esan dezadan berriz-ere, San Inazio izango da nere idazlan onen gai ta elburu. «Gauzen bizkaraldea ikusi duana» omen da gizon eldua, Ortega Gasset'ek zionez. San Inazio'ren eta bere egiñen ondoren-aldea ikusten dugu guk. Baiña ikuskizun ori utzi-bearra dugu; erabat eta adi-adi gizon batengan bildu bear du kondaira-idazleak bere ikusmen guzia; bai, Loiola'ko Iñigo'rengan, gero-gero Iñigo Maisu eta Aita Inazio eta, il ta gero, San Inazio izango dan gizonarengan. Alako zenbait susmo-edo sorrerazten zuan ark bere inguruan: «zakugizon» edo-ta «Kristo'k erotua» deitzen zioten Manresa'n eta berak bere burua pekataritzat zeukan, ain pekataritzat ere; judutar edo goi-argituren bat zalakoan artu zuten Alcala'n eta Salamanka'n; eta «ikasleen zoratzailletzat» Maisu Gouvea'k Paris'en; eta santutzat eta aitatzat zeukaten zoratu aiek beren Iñigo. Gorde egin zuan ark urte askoan bere jatorrizko izena, gorde-ta euki zuan; peregrin deitura ematen zion bere buruari Autobiografian; izengabe bat izan nai zuan.
Istoriari bizkar-aldetik begiratuz noski eta txalo-pozaren eragiñez, ots aundiko deiturak ematen zaizkio, militar-diztira dariotenak batik-bat: kapitan, buruzagi, txapeldun, gizaundi, Kristo'ren gudari, banderadun, loiolatar gudarosteen gudalburu, Patriarka, Elizaren gizaundi Atlante... Eder-pozezko irudigilleek bizkor ta garaille egiten digute, urrez ta kasulla arroz jantzi-ta apaindua, egitura azkarrekoa. Lekutan gelditu zaigu aako gizon koxkor ura, 1,60-koa doi-doian, gaizki jantzia, osasun txarrekoa, ainbeste urtetan Europan barrena bere deus-gutxian ibilli zana! Bere asierako zur garbira, bere giza-sainetre goi-zalera erakarri bear dugu aren irudia, ainbeste margo-igurtziz antz-aldaturiko irudia. Orregatik, arreta guziz, ez diogu San Inazio deitura emango; lokera-traba gutxiago izango dugu, Iñigo'ri, Loiola ta Oñaz'ko seme gazteenari jarraitzekoan; eta orobat Maisu Inazio'ri jarraitzekoan, apaiztu retik ere bere Lagunen Aita ba zanari; eta Aita Maisu Inazio'ren jarraian; eta «santu zaarrari» jarraitzekoan, deitura auxe eman baitzion Polanco idazkariak, aren il-berria kartaz ematekoan. Gudajokalari iaiotzat eman zaizkion goraipu apaiñak ere utzi ditzagun eta apalki bere bidean doanari jarrai dezaiogun. Inazio Silone'k, gure ontarako ez baiña, beiñ-ola esana datorkit gogora: «kristaukoxkor baten aukera jokua»; bal, kristau koxkor batena; alaxe izan bait-zan berrogei ta zazpi urtetaraiño, norantz jakiteke goi-esanari jarraituz santu ta fundatzaille izatera eldu zan arte, il ta andik berrogei t'amar urtera Elizak azken-itzez erabaki zuan bezela.
Liburu-sorta oni eman zaion deiturak ere, «Eliz-gizon» deiturak alegia, alako itzal-une bat ere sortu lezaiguke begietan. Ez baitdu esan-nai berdiña deitura orrek Azpeitia'ko pontean bataiatutako Iñigo'ri ematen bazaio edo-ta aldare-bidean len-pausua emandako gazteari, edo biotz-berritu-ondoren animak goi-bidean eraman nai zituanari, edo Lur Santuan bizi ta il nai zuan apaiz bortitzari edo Gon-Gotzaigoaren serbitzari leialari. Aren Eliz-sena, aren eliztartasuna, aren eliz-gogoa azitzen azitzen joan zan, urte askoan Elizaren baitan baztertu bat izan bazan ere; baztertua ta bakartia; garai artako Elizaren gora-beera larriek doi-doian ukituedo egin zuten bakarti bat. Beregan bildua, bere biotz-ondoan mur-gildua; ala ta alaxe; eta inguratzen zitzaizkionak nor-bere barrura sarrerazi nairik. Sutan Europa guzia; eta Lur Santua buruan berak amets. Orra, amets au utzi ondoren, Gon-Gotzaigoari lotuko zaionean, orduantxe burutuko zaizkio bere biotzeko eliz-gogoer loreak.
Basoan billaka bezela saiatu bear eta berezi eta zenbait irudi zaar autsi eta egia larru gorrian jarri eta egunen pausajeari jarraitu... eta-eta euskaldun bat azkenik aurrez-aurre, beregan bildua, isilla, asma-gaitza ta zailla. Ez noski, etsaiek ezartzen dizkioter barne-biur illun gordeak beregan dauzkana, bere sekretuak, bizitzako sekretuak, beretzat gorde nai dituana baizik, noizean bein argi-izpiren bat isuriko bazaio ere: Jaungoikoa alegia, eta itz onek arentzat dakarren barne-muiña, mami guzia. Mintza-eziña gaia, bai, mintza-eziña, mistiku guztiek diotenez; eta, areago, ain itzurria izanik Loiola, berez ala dalako eta isil-zale dalako. Aisa aipatzen zituan ark bere gaztetako biurrikeriak, baiña nekez, oso nekez, bere geroko Jainko-graziaren barne-ukituak; oso gutxitan eta aopean-edo aipatuko zituan geroko auek. Zelatan bezela egon oi zitzaizkion etxekoak azken-urteetan; aren oroipenetan sartu ta zerbait atera nai zioten; zenbait esaera idatziz jaso ere, jaso zioten. Onela dio Polanco'k, aren idazkari zanak, Inazio il ta andik aste batera: «isillik gorde nai izan zituan, Jainkoagandik arturiko doaimesedeak; iñorentzat goi-laguntzarako zitezkenak, aietxek bakarrik aipatzen zituan noizean bein». Beste batek, begi-erne alakoak, Ribadeneira'k, «bere birtutea isillik gorde oi zuana» dio, Aita gogoratuz. Eta Gonzalez Camara'k, ain bertatik bertara, isilikakoak ere entzun zizkionak, onako itz auek ipintzen dizkigu: «Gure Aitak, orain dala gutxi esana da, oso oker neurtuko ziola maitasuna, agerietatik bakarrik neurtzen zionak; eta berdin noski, itz leorotzetatik».
Edozein biografori lan-poza kentzeko ere ba dira itz auek. Zer besterik egin lezake-ba onek, ark nolabait isuritako argi-izpietatik barrurantz begira saiatu-ezik? Orixe, inguruko zelatarien tartean sartu eta auek nabaituriko argitara begiak eme jarri, aiek idatziriko berri-emaitzetan adi-adi irakurri eta baita Loiola'ren idatzeskuaren joera bera ere. Izan ere, Iruña'ko gazteluaren euslari bortitzak aako artan gazteluari eutsi zion bezela eusten bait-dio bere oraingo barne-gazteluari, bere sekretuari; eta atakaren bat, lela ti-llen bat, doi-doian irekitzen die, antxe ta antxe barrura sartu nairik dabiltzanei.
Geixko nai ote dudan ere, zalantza ba dut. Baiña, ots, onelako batean, «zaldiari eragin» eta Iruña'n sartu zan Loiola, eziñari aurka jokuan. Jarrai dezaiodan, ontan beintzat. Eta nongo edermen jainkesari dei egingo nik, aintziñako aien antzera? Caliope'ri, ekintza-kanturako aipa-doaia darionari? Melpomene'ri, erio-zorien kanturako olermena demanari, alako une batean ba nago-ta neroni ere? Baiña, Inazio'ren egi-tankerari jarraituz, obe dut noski egan geixko ez egin eta nere bide-lagun kutuntzat Inazio'k Azpeitia'n utzitako astotxoa artu, 1535'ko egon-aldiaren ondoren utzi zuan astotxoa. Ez zuan itzal-begirune ttikia sortu Inazio'k bere jaioterrian, illabete batzuk an egin zituanean Paris'tik itzuleran; ortik-arako miraría agian, erriko gari-soro ta zelaietan barrena nai-bezela bazkatzeko aukera opa bait-zioten astotxoari.
Aita Miguel Navarro'k, Azpeitia'ko ospitala ikusten izan zirala esaten zion San Inazio'ri, karta batean, 1552'an; eta beste au gaiñera: «antxe ikusi dugu, Zuk, Aita, orain dala amazazpi urte ospitalari utzi zenion astotxoa; etxerako laguntza ona dute; eta ba du astoak alako lege berezi bat bere alde, zera, gari-soroetan sartzen badaere barkatu egiten diote». Ala, santuari zioten begirunea, Paris'tik Azpeitia'ra ekarri zuan astoari berari opa bazioten, neri ere olako zerbait opako al zait; Pirene-mendi auetatik Paris-aldean barrena eraman nai bait-nuke aren irudi maitagarria; bai, opako al zait neri-ere alako zerbait.
Ituren (Nafarroa) 1980, Uztaillak 4
* Gai auetan oi diran arauak eta neronek eman oi ditudan aolkuak autsirik, orrialde auek izan ziran aurreneko idatzi nituanak. Itzaurre ez baiña asmo-agerpen bat lirake noski; baiña, nere lana amaitu ondoren, oizko ikusi ta ontzat eman ditugu ezartzen diet edo-ta auzi-izkera zaarretako ura: «eta bere ura onetsi ta baietsi zuan».
Ittun'en, berriz ere 1982, Uztailaren 31 San Inazio'ren egunean.
itzuli gora