Euskeran ere aukera duzu: Fauna del Pais Vasco V
Prezioa: 90 € Erosi
Itsasoko ekosistema
Landare eta animalia aniztasun handiz osatutako entitateak dira ekosistemak; animalia eta landare horiek harremanetan daude elkarrekin ingurune jakin batean eta entitatea bera zenbait ezaugarriren baldintzapean dago. Kasu honetan, ingurune hori itsasoa da.
Horrenbestez, antolaketa biologikoan maila gorena dira ekosistemak. Ekologia da sistema horiek ikertzen dituen zientzia.
Ekosistemek beren ezaugarriak dituzte eta horien arabera bereizi egiten dira gainerako antolaketa-mailetatik; nolanahi ere, energiaren erabilpenarekin daude loturik.
Energia hori etengabe jariatzen da ekosistemako osagaietan zehar eta, azken-azkenean, eguzkitik dator.
Kontzeptu horiek biosferako ekosistema guztietan aplika daitezke modu berean, baina aintzat hartu behar da itsasoak hainbat bereizgarri dituela eta, alde horretatik, ingurune berezia dela.
Ekologiaren ikuspegitik, Odumen arabera, bereizgarri hauek dira garrantzitsuenak:
- Itsasoa handia da. Planetaren gainazalaren %70 ozeanoek estaltzen dute.
- Itsasoa sakona da, nahiz eta bizitza batez ere azaleko geruzan dagoen eta, bereziki, kostaldean.
- Itsasoa jarraitua da. Itsaso guztiak loturik daude; organismoak han edo hemen banatzeko muga bakarrak tenperatura, gazitasuna eta sakontasuna dira.
- Itsasoa etengabe dabil hara eta hona, haizearen, Coriolis indarraren, korronteen, termohalinoen eta hondoaren egitura geologikoaren eraginez.
- Itsasoan olatuak eta mareak daude. Batez ere kostaldeko komunitateetan eragiten dute bi indar horiek.
- Itsasoa gazia da eta horrek egokitze interesgarriak eragiten ditu organismoetan ingurune horretan bizirik irauteko.
- Mantenugaien kontzentrazioa txikia da, batez ere kostaldetik urruneko eremuetan; horren ondorioz, ozeanoak, hein handi batean, basamortuak dira.
- Itsasoaren ohea etengabe ari da transformatzen.
Aipatutako ezaugarrien argitan, itsas ingurunearen gai zehatzei buruzko hainbat ikerketa egin dira. Ikerketa horiek hainbat multzotan bil daitezke: geologia, gizakiak izan duen eragina, ingurune horretan bizi diren organismoak; hala nola, ornogabeak, arrainak, planktona, etab. Itsas Ekologiaren egitekoa da horri guztiari gorputz bera ematea, gorputz horrek osotasun gisa aztertzea itsasoa; eta, sistemak huts egingo ez badu, osotasun horretan ez luke osagai bakar batek falta behar.
itzuli gora