Euskeran ere aukera duzu: Artes Aplicadas I
Prezioa: 90 € Erosi
«arte apliKATUAK» KONTZEPTUA DELA ETA
Beharrezkoa dela dirudi aurretik arte aplikatuen kontzeptua berriz aztertzea, izendapen hori dekorazio –eta ornamentazio– izaerazko egiteetara mugatu baita. Gainera, museoek izen horren sailetan eskaini duten irudia oso murriztailea da, eta oso urrun dago lan honetako edukietatik.
Gure gogoetaren abiapuntua egitate bat da; alegia, badela estetikaren unibertso osoa, eta pertsona guztien eguneroko bizimodua estetikaren unibertso horretan igarotzen dela eta unibertso horrek eratzen duela norberaren bizimodua, norberak nola sumatzen duen eta nola egiten duen, eta unibertso horretako parametroak erabiliz dihardu elkarreraginean gauzekin eta beste pertsonekin. Kontziente izan edo ez, estetika-balioek jakintza eta egintza baldintzatzen dituzte, adina eta instrukzio edo heziketa akademikoaren maila eta osatzen duten kultur eremua eta gizarte-taldea edozein direlarik ere.
ARTEA ETA ARTISTIKOTASUNA
Saihestu egiten dugu eztabaida akademikoetan sartzea: artea zer den, edo gaur egun zer hartzen den artetzat, etab. Kontzeptuaren marko zabala ezarri besterik ez dugu nahi, artearen azterlanetan eskuarki lekurik ez duten gaien aniztasuna koherentziaz antolatzeko, ezin baitira murriztu teknikotasun edo erabilgarritasun hutsera.
Arte Aplikatuen eremua, beraz, gizakiaren sortze-lanen eremua da, non estetika-formaren, esanahiaren eta zentzuaren arrazoiek bat egiten baitute hainbat mailatan teknikaren arrazoiarekin.
Eremua oso zabala da, eta bizitza osoa, espazio osoa eta egunerokoaren denbora guztia hartzen du bere baitan. Estetikaren asmoa duen sortze-lana; ornamentazioaren eremu zabala; erabilgarritasuna eta edertasuna eta artistikotasuna eta teknikotasuna bateratzea. Eta esan genezake, halaber, praktikotasun atsegintzat hartzen duguna. Sormenaren eremu hori adieraz dezakegu honelako hitzak erabiltzean: gustua, ederra, harmoniatsua, ordena, etab.
Sortze-lan horiek komunikazio-funtzioak izan ditzakete, edo erabilera teknikoak bilatu; haietan forma berriak sortzen dira, eta forma horiek harmoniatsuak dira, nahita, eraginkortasunaren, errendimenduaren eta edertasunaren irizpideak hartzen dituzten tramankulu eta tresna teknikoen fabrikazioan.
Ez gara kokatuko, bada, artetzat hartzen den eremu zorrotzean, baizik eta kontzeptuaren espazio zabalagoan, artistikoan alegia. Espazio zabal horretan, gai eta jarduera desberdinetara aplikatutako hainbat estetika-irizpidetan mugatuko lirateke arloak.
Arte aplikatuen artea esanda, plural bihurtua eta adjektiboduna baita, arte deitu ez baina artistikotzat jotzen ditugun egite horietaz ari gara; artistikoak, estetikaren zama nabaria dutelako; edo ederrak direlako, nahita; edo askotan ornamentazio-izaera emateko modelatzen dituzten gauzen erabilgarritasuna gainditzen duten formak erabiltzen dituztelako; edo askotan iturburua arte-lanetan duten formak, agerraldiak, gaiak erreproduzitzen direlako; edo argi eta garbi bat egiten dutelako artearen historiako aroak identifikatzen eta aldian-aldiko bihurtzen dituzten estilo nagusiekin.
ERABILGARRITASUNA, TEKNIKOTASUNA ETA ESTETIKOTASUNA
Artea helburu praktikoetarako erabil dadin iradokitzen dute arte plastikoek. Artearen bateratasunaren ideia iradokitzen dute: erabiltzeko eginarekin bateratua, eta bateratua, artean eta haren egikaritzean dimentsio praktiko-teknikoa aurkitzearekin.
Zehaztugabetasunaren tarte horri heltzen diogu guk, gure egunerokoaren unibertsoa eratzen eta osatzen duten hamaika jardun eta sortze-lan errotulu honen pean biltzeko.
Uste osoa dugu pentsamendu eta asmo estetikoek giza jokabide guztiak agertzen dituztela, formari arreta emanez jarduten dugula, ez bakarrik funtzionaltasunari edo perfekzio teknikoari begira. Ekonomiaren eta erabilgarritasunaren arrazoibidea zaintzen da, eta estetikaren arrazoibidea ere bai.
paradigma dramATIKOA
Arte aplikatuen liburuki-multzoak ikuspegi itxuraz soilik heterogeneoa eskainiko du, eta horrela erakutsiko dute testuingurutzeko lan programatuek. Kokatzen direneko marko zabalak paradigma antropologikoa osatzen dute, eta horrek nabarmenduko ditu gizakiaren izaera dramatikoa eta gogoetarako, jakintzarako eta komunikaziorako haren jardun osoak eratzen duen izaera adierazgarria.
Honako hau da Arte Aplikatuen gai hau gidatzen duen programa-markoa:
Egunerokoaren eta estetikaren Unibertsoa, edo nahi izanez gero, Estetikak egunerokoaren unibertsoan.
Gizakiaren izaera dramaturgikoa
Giza jardunaren izaera irudikatzailea: gizakia bere zentzugabeko ispiluen galerian, gizartean agertzeko izaera mimetikoa eta kultur tradiziotik proposatzea ereduak.
Eszenatokia
Eguneroko eszenatokiak (ohizkoak) eta haien diseinuaren eta haietan gertatzen den ekintzaren asmo estetikoak.
Eszenatokien eremuak: giza ekosistema eta paisaia, giza kokapenaren eragina. Fluxu-sareak (ibaiak, errepideak, elektrizitate-lineak, komunikazio-dorreak) eta horiei dagozkien obra publikoak (zubiak, tunelak, presak etab.).
Hiriaren eszenatokia: hiriaren irudia: kokatze geografikoa, hiriaren planoa. Identifikazio-zedarriak. Hiri-higigarriak eta ikonoak. Dimentsio sinbolikoa eta enblematizazioa.
Etxearen eszenatokia. Etxea. Etxea paisaian eta etxeko barnealdeak; daukan funtzioaren bilakaera eta esanahia. Altzariak eta dekorazioa. Diseinua eta barne-diseinua.
Atrezzoa
Tramankuluak eta tresna tekniko ohikoak, makina eta fabrika. Produkzio-paisaiaren estetika. Industriaren arkeologia. Industri diseinua.
Drama
Ekintza dramatikoa eta errepresentazio eta arte-jarduerak. Komunikazio ekintzak. Bitartekaritza teknikoak eta artistikoak: argazkia, zinema, komikia, ziber-artea. Ikuskizunak (obra iragankorrak). Publizitatea (komunikazio gertakari berezitua, bitarteko eta teknika zenbait dituelarik).
Aktorea
Subjektua, pertsona eta haren pertsonaia. Niaren asmakizun estetikoa. Norbanakoaren aurkezpen publikoa. Gorputza: ergonomia eta apainketa. Jantziak: laneko arropa eta jantzi zibil eta folklorikoak. Esanahiak eta sinbolismoa. Moda.
Ikuslea
Ikuslea, bere buruaren errepresentazioaren ikusle.
* * *
Planteamendu hau ez da antzerkia metafora edo konparazio gisa erabiltzeko; aldiz jarrera antropologikoa da, zeinaren giltza baita aintzat hartzea gizakiak bere burua errepresentatzen duela, buruz eta bere obretan eta ekintzetan, eta horrela ezagutzen duela bere burua; ulertzeko errepresentatzen dituela inguruan dituen errealitateak; errealitatearen errepresentazioen mundua eraikita ulertzen duela bizi den mundua eta bere burua; behin eta berriz irudikatuz, ikusten duena bere buruari azalduz, gertaera bera bere buruari kontatuz historia edo autobiografia bihurtzen duen arte.
Ingurua irudikatuta ulertzen du ingurua, marraztuz, margotuz, deskribatuz eta izendatuz; alegia, natura paisaia bihurraraziz.
Gizakiak eszenatokia eraikiz ulertzen du mundua eta bere burua, eta agertoki horretan bere bizitza eta ingurukoa islatzen duten ekintza dramatikoak eta dramatizatuak gertaraziz.
Gizakiak bere burua irudikatuz ulertzen du bere burua, bere buruari bere historia kontatuz, gertaerak bilduz berari gertatzen zaionaren ahots narratzailea izanez, aktore protagonista bihurtuz, kontakizun dramatikoa eraikiz berak bere eszenatokian eta beste batzuetan, eta saio eta egokitzapen desberdinetan irudikatzeko, bere dramaren, bere bizitzako gertaeren ikusle bihurtuz.
itzuli gora