Euskeran ere aukera duzu: Artes Aplicadas II
Prezioa: 90 € Erosi
GRABATU ARTISTIKOA
Honetan, grabatu artistikoa, litografia eta abar jorratuta, aukera eta laguntza ematen digu elementuen ikuspegi osoagoa ezartzeko, planteatzen dugun historia grafikorako.
Grabatu artistikoa pinturaren eta marrazkiaren artean kokatzen da, eta bereizi egiten da informazioaren eta gaurkotasunaren zerbitzura dagoen grabatutik. Eta aukera ematen digu kartelgintzarekin aldea ezartzeko. Grabatu artistikoa, artearen eremuan, pinturaren arlotik hurbilago dago. Bestalde, aldizkari ilustratuetako grabatua informazioaren markoan kokatu behar da.
Baina, grabatuen artetik, informazio-elementu gehien dituztenak ekarri ditugu hona, edo bere garaiko eguneroko bizitzaren alderdiak islatzen dituztenak. Bistan da historiaren lekukotasun-balioa dutela artista margolari askok, eta, haietatik, estilo batzuetako zaleek gehiago, beste batzuek baino. Informazio-balioa dutelako ekarri ditugu hona grabatuak, baina, aldi berean, grabatu informatzaileen hurbilekoak direlako ere bai formaren ikuspegitik, eta zama dramatiko handiagokoak direlako egikaritzeko estiloan eta baliabide kromatiko mugatuetan (tonu griseko grabatuak pankromatikoa izan nahi du, kromatismo guztia islatu). Grabatu artistikoak badu, nolabait, karikaturaren indarra, agian, teknikak gogortasun nahitaezkoa behar duelako. Karikaturazkoa edo espresionista.
Dokumentu grafiko batek lekukotasunaren balio anizkoitza du: grafikoak testua du; eta bai grafikoak, eta bai testuak, bakoitzak forma eta edukia du. Eta formak nahiz edukiak lekukotasunezko oroitzapenak dira, gertakariena, ohitura eta sinesmenena eta gustu eta estetika-estiloena, eta moduena, eguneroko bizitzaren eremuetan.
La España negra liburuak grafismo gogorrez ematen du sentsibilitate erromantikoa dramatizatuz interpretatutako errealitateen lekukotasuna.
Urrundik liburuak, berriz, figurazio lausotua sortzen du, erbesteko nazionalismoaren gogoeta metakultural edo ideologikoan hartutako eta hautatuko euskal kulturaren alderdi batzuk irudikatzean.
Haiek kontrajarriz egindako konparazioek aberastu egiten dute balio historikoa duten lekukotasun grafikoek izan ditzaketen modalitateen panorama.
Biak dira eredu, arte grafikoa ondoan duen testuari nola egokitu behar zaion ikusteko.
Nabarmentzen saiatzen gara, gainera, irudi orori testua dagokiola, esplizitua edo inplizitua. Eta batera edo bestera egon, argia edo ulertezina izan daiteke, edo anbiguoa interpretatzerakoan, baina, nolanahi egonda ere, lekukotasunaren zama askotarikoak gordetzen dituzte beren baitan.
Kasu horietan, errepresentazio grafikoaren eta testuaren arteko egokitzapena eredugarri gertatzen da, bietan arrazoi eta modu desberdinean bada ere –azalduko dugu–biak, bi ikuspegietarako kontraste aberasgarri gisa.
GRABATU INFORMATZAILEA
Gertatu berri dena, uneko gertakaria, gertaera informatzea da aldizkari irudidunek duten funtzioa.
Gertakariaren aurrean, grabatu informatzaileak objektiboa izateko jarrera du. Errealitate formala errepresentatzen saiatzen dira, ikusten dutena kopiatzen dute, informatzea dute helburu, albisteei irudia ipintzen diote, eta irudi batzuek aldiunekoak errepresentatzen dituzte. Doitasuna bilatzen dute, errealismoaren eta naturalismoaren uhinean daude, eta argazkigintza jaioberriaren eraginpean, zeina objektibitatearen paradigmatzat hartzen baita. Errealitatea argazki bidez erreproduzitzeak zalantzan jartzen du marrazkiaren objektibitatea eta balio informatzailea.
Objektibitatearen inflexio-puntuaren une adierazgarriena eta eredugarriena «Argazkitik hartua» oharra duten grabatuetan dago. Grabatutik argazkirako transizio-gunea da, eta inprimatzeko tekniken transizio-gunea, eta, era berean, beraz, arte grafikoetan ere gertatzen den inflexio-puntua.
Eta horrelako grabatuetan, trenbidetik irtendako tren-makina errepresentatzen duena da paradigmatikoa. Argazkitik hartutako grabatu horretan, gaurkotasunezko gertakariarekiko interesa adierazten da; gaurkotasunaren albistea da, eta gainera, halabeharrezko gertaeraren gaurkotasuna. Istripua da, halabeharra, albiste bihurtzen dena, gertakari ustekabekoa eta harrigarria. Eta, gainera, gertaera horrek teknikaren alderdi negatiboa agertzen du, garaiko lorpen esanguratsuenetarikoarena trena baita. Zientziaren jakintza berrien fidagarritasuna adierazten du; akatsaren, segurtasun ezaren, mekanikaren eta teknikaren lorpen berriek duten arriskuaren albistea adierazgarria da.
Argazkiaren irudi objektiboaren zerbitzura jartzen dira marrazkia eta grabatua, errendizio gisa, irabazlearen aurreko esklabutasun-jarrera gisa. Argazkiak zalantzan jartzen du marrazkiaren objektibitatea, eta aldaketa teknikoak ezartzen dizkie arte grafikoei. Hautatzera behartzen du irakurlea. Aukera egin beharra dauka: errepresentazio artistiko tradiziozkoaren estetika eta estetika-ohitura nahiago, edo paradigma estetiko-formal berria onartu, zeinak, aldiunekoaren bidez, aurki, unea hautemateko era berria sartuko baitu denboraren pertzepzioan ere eraginez gertakariaren une erabakigarriko mugimendua den aldetik.
GRABATUA ETA KARTELA
Haien arteko aldearen hurbilpen fenomenologikoa
Kartela grabatu artistikoari kontrajarrita dagoen errepresentazio mota bat da, alderdi batean behintzat. Grabatua ikuspegi espresionista zen, kromatismobakar hertsikoa edo gris behartukoa. Kartelak bere baitakoa du kolorismoa; kartela sentsuala eta sentibera da formaltasunean.
Baina esaten bagenuen grabatua begiratzeko modu bat zela, orain esago dugu orobat kartela esateko modu bat dela batez ere; esate adeitsua eta jarrera-harrarazlea, esate komunikatiboa, esate sinesgarria, helburu publizitarioa baitu. Entzuteko jarrera harrarazi behar du, mezua esaten uztea nahi du, eta ozartasunaren ezaugarriak ditu, berezkoa baitu esana.
Grabatua hertsatua da begiratzean, eta oinazea du adierazpenean. Grabatua ere esatea da, baina, batez ere, nork bere buruari esatea, esate sufritua, esate gordina eta krudela. Kartela, aldiz, oihua da, aldarri asebetea, adierazteagatik eta adierazteko moduagatik zoriontsua.
Grabatua intimista eta barnerakoia da; sortze-lana autoerreferentziazko jarduna da. Kartela, berriz, berritsua da, kanporakoia; sortze-lana aldakarizko jarduna da.
Grabatuak gogoeta eragin nahi du; kartelak, konbentzitu.
Grabatua monokromoa eta zorrotza da; kartela polikromoa eta bizia.
Grabatua egoera baten lekukotasuna da; kartela, ideia baten proiekzioa.
Grabatuak gurkotasunezkoari begiratzen dio, egungo egoerari, eta zerbait gaur egun nolakoa den esaten du; egoera baten kontzientziatzailea da, zerbaiten albistea; orainaren akta jasotzen du notarioak bezala; agerkaria eta galdegilea da.
Kartela etorkizuneranzko gonbidapena da, zuhurra, aurre-hartzailea; futurologo-kutsua du; igarkizun-saioa da; oparoa da, berehalako dinamismoa proposatzen du; proposatzailea eta zuzena da, eta premiazkoa gonbidapenean.
Grabatuak eta kartelak, bakoitzak bere testua du: Grabatuak izenburua du, eta hori testua; kartelak eslogana du. Irudikatzen duena identifikatzen du grabatuaren testuak; kartelaren testua informazioa eta proposamena da.
Kartela, garaiaren, zibilizazioaren eta kulturaren isla
Garai jakin betako gizartearen isla oro har baikorra da kartela.
Bereizteko, beharrezkoa da gauza batzuk zehaztea.
Gerrako kartelen mezu tragikoa ere baikorra da. Baina haien hunkiberatasuna larritasunez eta premia bereziz zamatua dago. Demandan zorrotza da, aginduzko eta agintzaile bihurtzen baita; aginduzkoaren dimentsio etikoa du.
Kartel politikoa ere berezia da; ezaugarri batzuk gerrako kartelaren berberak ditu. Eta antzekoa gertatzen da kartel asistentziazkoarekin eta erlijiozkoarekin.
Baina hori esanda, berriz esan behar da kartelak, koloreagatik soilik –eta maiztasun sekulakoa du– marrazkiaren garbitasunagatik, eta kartela definitzen duten ezaugarriengatik, horrexegatik da garai baten lekukotasuna, eta garrantzizkoa da. Aldaketa tekniko izugarria uzten du agerian, arte grafikoetan: neurri handiko euskarri-papera erabiltzea eta erreprodukzio anitz lortzea erraz eta merke.
Baina oraindik erradikalago hartuta, publizitate-funtzioa du, kartelgintzak dituen ezaugarriak ditu; kartelaren izanak berak adierazten du badela fenomeno berri bat: ondasunen produkzio industriala, baina, ondorioz, horien kontsumo masiboa behar da, eta horrek, aldi berean, publizitatearen fenomenoa garatzen du, eta, lehen esan dugunez, kartela da haren adierazpena, eta arte aplikatu garrantzitsuenetariko bat sortzen du.
Kartelgintzaren garai klasikoak teknikaren aurrerapen handiak eta kontsumo-ohituretako joerak islatzen ditu gai maizkoenetan, eta, horietaz gainera, gizartearen unean uneko balio gailenak edo azaleratzen ari direnak: energia elektrikoa argiteriarako, irratia, trena, automobila, motozikleta eta bizikleta; kirol-jarduerak eta aisialdikoak, hala nola, bidaiatzea; osasunzaintza eta farmazia, ohitura eta produktu higienezko eta kosmetikoak; janzkeraren sofistikazioa; edariak eta tabakoa; arte-jarduerak, kulturazkoak eta ikuskizunak.
Argitaratzaileak
itzuli gora