Euskeran ere aukera duzu: Música, palabra e imágenes II
Prezioa: 90 € Erosi
Argitaratzailea
EDUKIA
Liburu honek honako hiru osagai hauek biltzen ditu, antropologiaren eta kulturaren arloan esanahiz beterik: musika, hitza eta irudia.
Eta hiruren bilketa horrek irakurketa anitz egiteko aukera ematen du, ez baita batere estua; irakurleari erronka gisako bat egiten diote irakurketa horiek, haren sormena bultzatzeko iradokizunak ipiniz.
LAGUNTZAILEAK
Liburua ateratzeko denborak eta espazioak izan dute eragina laguntzaileak, poetak eta narratzaileak, topatzeko orduan; batzuek ezin izan dute, denbora gutxi ematen baitzitzaien, eta beste batzuengana ez dugu iristerik izan, nahiz eta gustu handiz egingo genukeen. Ez dugu, beraz, denen nahi genuen guztien laguntzarik lortu ahal izan, euskal letretan izen handi eta ezagunak izanik. Parte hartzea aleatorioa izan da, alde batetik, baina, horretaz gain, egoerak eta ustekabeek ere izan dute zerikusirik.
Hala ere, kalitatezko multzo zabal bat ekarri nahi izan dugu lan honetara, belaunaldiak kontuan izanik, lurraldeak kontuan izanik, estiloak eta jarrerak kontuan izanik, hasi berriak eta eskarmentudunak kontuan izanik, eta halaber ezagunak eta ez hain ezagunak, argitaratu dutenak eta argitaratu ez dutenak, era guztietakoak.
Laguntzaileen bilaketa horretan Jose Luis Padronekin batera aritu naiz, bakoitzak eginiko lana zein izan den esatea zaila bada ere; hala ere, beti iritsi gara oinarrizko adostasunetara.
• Laguntza literarioak
Egileei testu laburrak eskatu genizkien, askatasunez idazteko; era askotako iruzkinak eskatu genizkien, bistan denez: estiloaren iruzkinak, kantuen inguruko oroitzapenak, hurbilketa poetikoak, birsortze pertsonalak, iradokizunak, oihartzunak, eta abar. Eta eskatutakoaren arabera erantzun du bakoitzak.
Kantu guztiek iruzkinen bat izan zezaten, laguntzaile bakoitzari hamar eskaintzen zitzaizkion, baina, nahi izanez gero, kantuen aldaketa eska zezakeen idazleak. Horrela, kantu batzuk eskatuagoak izan dira beste batzuk baino, eta iruzkin gehiago izan dituzte. Jokabide horrek bizikizun subjektibo asko biltzeko aukera ematen du, eta horrek ez du esan nahi iruzkin gutxiago izan dituzten kantuak gutxiesten direnik.
Egile guztiak, bada, proposatutakoaren eta berek aukeratutakoaren artean mugitu dira. Aurrez eskainitakoaren eta askatasunaren arteko jokabide horrek eman ditu liburu hauek, hasierako asmoari jarraiki.
KANTAK
Liburu honetan datozen kanten hautaketa liburuarekin batera datozen diskoek ezarri dute: Ametsen artean, Gabon doinuak, Euskal doinu enblematikoak y Euskal doinu zahar eta berri. Juan Carlos Irizarrek asmaturiko eta egokituriko doinuak datoz, berak jota.
• Musika-partiturak
Kantu bakoitzari eskainitako kapituluan bi partitura agertzen dira:
Batean doinua eta letra datoz, batzuetan bigarren ahotsa ere baduela, eta gitarrarako oharrekin.
Bestean Juan Carlos Irizarrek eginiko aldaera dator, pianoan jotzeko egokitua. Partitura horietako batzuk musika soilez datoz.
• Kantuen letrak
Idatzirik datozen letrak diskoetan kantatzen dira, eta nork kantatzen dituen ere adierazten da; askotan egileak berak dira kantariak.
IRUDIAK
Irudiak kantako gauzen, ideien eta gaien araberakoak dira.
Batzuetan irudia gai bihurtu eta diskurtso plastiko bat eraikitzen da, autonomoa, kantaren ideia nagusiaren inguruan, edo metafora nagusiaren inguruan, edo esanahi handiko irudi literario baten inguruan.
Argazkia, pintura nahiz eskultura erabili dira irudietan, eta bai halaber iragarki-irudiak eta komikietakoak ere. Irudi klasiko eta modernoak, folklorikoak eta jakitunenak, herri bateko etnikoak eta unibertsalak, euskal artistenak eta atzerrikoenak, figuratiboak eta abstraktuak, estilo eta garai guztietakoak, errenazimendutik hasi eta espresionismo abstrakturainokoak, tartean barrokoa eta arte deko deritzana direla, sinbolismoa eta beste zenbait «ismo» ahaztu gabe.
Ekarrien aniztasuna, garaia, estiloa, alde astotako jatorria, hori guztiak gaien iraupena eta unibertsaltasuna erakusteko erabili da, eta era berean erregistro estetiko askotarikoak erabiltzeko aukera eskaini nahi izan zaio irudimenari.
Ilustrazioak berak, ilustrazioaren estiloak, bere estetika propioa eta bere poetika errepikapenean eta antzekotasunean bilatzen ditu sarri. Bide horretatik forma eta koloreen tradizioak aurki daitezke, eta zerbait garrantzitsuagoa, hots, keinuen konstanteak, bai arrazoi kulturalengatik agertzen direnak, bai arrazoi ergonomikoengatik erabiliak, eta hortik datorkigu testuartekotasun figuratiboa edo artelan ezagun eta kanonikoen remake zenbait agertzea.
Kanta guztietan ia, irudiari buruzko iruzkin labur bat ipini dugu; ilustrazioaren zentzua eta esanahiaren giltzarria azaltzen saiatu gara.
Batzuetan, oso gutxitan, irudiaren eta kantaren gaiaren artean urrutiko harremana dago, eta baliteke irudia erabili izatea irudimena lanean ipintzeko suspertzaile gisa, irakurlea testuaren aurrean jarri eta haren zentzuaz galdezka has dadin.
LANAREN BERTUTEAK
• Musika
Lana osotasun bat da, liburuz eta CD diskoz osatua. Testua eta irudia musika entzun ahala ikusteko eta irakurtzeko pentsaturik daude, edo, bestela, doinuaren eta letraren oroitzapena gogoan direla behintzat. Diskoak aukera ematen du, gainera, etxeko bakardadean karaoke edo play back bat egiteko, jatorrizko doinua entzun ahala.
Batzuetan, ahaztu egiten dugula dirudi kanta musika ere badela; liburuekin datozen diskoek kanta horien alde musikala nabarmentzen digute, eta gure arreta bereganatzen.
• Kanta
Kanta letraren aldetik hartuta, iruzkinen haritik haien harrera literarioa aberasteko aukera dugu, lan poetiko gisa entzuten baitugu hala. Liburuak, beraz, kantuaren literaturtasuna nabarmentzen du eta kantuen entzuleari poesiaren entzule ohartu bihurtzeko aukera eskaintzen dio; kantak entzutea nahiz kantatzea ekintza poetikoa da, poesia irakurleak egiten duenaren parekoa; hartzaile poetiko bihurtzen da entzule hori.
Iruzkinek gogoeta estetikoak eskaintzen dizkigute, eta beste arlo literario batzuetara hedatzeko aukerak zabaltzen, kantuaren gune poetikotik abiaturik. Horrela, kantuan barneragotzen laguntzen digute, iraganeko esperientziaren baten barne narrazioa piztuz; entzuten edo kantatzen ari garelarik, gure oroimenera ekartzen baitizkigu halako narrazioak.
• Irudia
Batzuetan, gai berean irudiak behin baino gehiagotan ageri dira, konposizioak edo koloreak aldatuz, eta orobat formak eta estiloak. Ikusi-poemak eraiki nahi izan dira; testu poetiko batean errima bilatzen den bezala, hala kontsonantea, nola asonantea, irudiek osatzen duten poema figuratiboan ere harmoniak bilatzen dira, gaien errepikapenen bidez, formen antzekotasunen bidez, koloreen berdintasunen bidez, marren paralelismoen bidez…; orrialdeetan leku egokian ipintzeak nabarmentzen ditu ikusi-harreman horiek, begiraden sintaxia eta errima plastikoak eraikiz.
Irudiek jarrera kontenplatiboa eta lasaia eskatzen dute; horrela egiten duena artearen hartzaile bihurtuko da, poesiaren eta musikaren hartzaile izatearekin batera.
Iruditeria literario oso loturik dago iruditeria plastikoarekin. Irudi askotarikoek aukera ematen dute irudimeneko irudiak aberasteko. Bestalde, aberastasun horrek behatze sistematiko batera bultzatzen gaitu, gaien eta formen antzekotasunez ohartzera, eta horrek gure hautemate-ahalmena indartu egiten du, bai kulturaren historiaren unibertsoan, bai estetikarenean.
IRUDIEN EGILEEI BURUZKO OHARRAK
• Odilón Redón
Odilón Redón barne-poetikan murgildurik aritzen da, plastizitate izugarriz adieraziz poetika hori.
• Txopitea
Txopiteak misterioaren poetika bat erakusten du, ezkutuko errealitateak, gauzen izaera ezezagunak. Haren sendotasun plastikoak erreal bihurtzen du irrealitatea, agerian ipintzen misterioa, eta irudimenari gorputza ematen.
«Sail erotikoan» darabilen marko figuratiboa marraz ez zehatzen osaturik dago, eszena «zabalik utzirik eros»aren gogoeten esku.
• Arteta eta Olave
Arteta eta Olave, sinbolismo indarrez sartzen dira etniaren alorrean, errealitate atseginaren poetikaren bidez; eszenak narrazio-indarra dute, plastikotasunaren bitartez adierazia. Artetak nolabaiteko manierismo liriko batera jotzen du gorputz-irudietan. Olave barnerakoiagoa eta soilagoa da.
• Chagall
Chagallen lan asko erabili ditugu, haren irudimen figuratibo eta kromatikoaren lirismoagatik; begirada inozo baten poetikaren zerbitzuan erabiltzen ditu, baina narrazio sakonak eskainiz.
• Munoa
Munoa ere irudi eta kolore lirikoen erregistroan mugitzen da; liburuan erabili ditugun eguberrietako eszenetan narratibitatea ageri dute irudiek, umore samur baten haritik.
• Menchu Gal
Menchu Galen paisaiak ere oso lirikoak dira, hala deskripzioetan, nola formetan eta koloreetan. Izadiko giroen oihartzun poetikoak egiteko oso pintura egokiak dira.
• Beorlegui
Lehenago ere esan dugun bezala, Beorleguiren pinturan presentzien poetika bat ageri da; hondoan paisaia bat dago, plastika sendo batea eraikia, iraunkortasunaren adierazgarri, eta haren gainean doaz oroimenaren irudiak, irudi ukiezinak, lurruntsuak, oroitzapenaren ukiezintasuna adieraziz; leku horretan noizbait bizi izandako gertakizunen oroitzapen xumeak dira. Erabili ditugun lanetan musikarien presentzia gardenak esanahi gehitze bat ematen dio arintasun plastiko horri, oroitzapenaren deuseztapen hori nabarmenduz, tronboiek doinuen dardara ere laino arinen artean desagertzen doan heinean.
itzuli gora