Euskeran ere aukera duzu: Prensa, radio y televisión
Prezioa: 90 € Erosi
Bitartekoak eta xedeak
Albert Einsteinek bere garaia honela definitu zuen: “bitartekoen biperfekzioa eta xedeen nahasketa”1 .
Perfekzioa komunikabideetan
Argi dago gizakiok hirugarren milurteko honen hasieran ditugun bitartekoak duela berrogeita hamar urte bakarrik imajinatu ezin zitekeen perfekzio bat izatera iritsi direla. Lurretik milioika argi-urteetara dauden galaxietako informazio eta seinale zehatzak jasotzea, eta antipodatan bizi direnekin nahiz espazio-ontzi batetan doazen pertsonekin pantaila baten bidez elkar ikusiz hitz egitea, hala nola etxean bertan dugun ordenagailuaren bidez milioika eta milioika artxibo (testuekin, irudiekin,...) kontsultatzea edo trukatzea ahalbidetzen diguten tresnak ditu giza sistema komunikatiboak gaur egun. Komunikabideen garapen maila horrek Einsteinek horien perfekzioari buruz egindako diagnosia soberan berresten du.
Nahasketa komunikazio-prozesuaren xedeetan
Gure buruari egiten diogun galdera, hala ere, bitarteko horiek zerbitzu ematen dieten xedeei buruzkoa da. Eta, hasieran, zentzukoa da perfekzio-maila bera ez dela existitzen aitortzea. Hain zuzen ere, harrigarria bada ere, komunikabideak taldeen arteko komunikazioa errazteko nahiz inkomunikazioa probokatzeko erabili daitezke, egiazko informazioa igortzeko eta gezurrak zabaltzeko, gerrara bultzatzeko eta adiskidetasunera deia egiteko,... Bitartekoen erabileran ematen diren joerak, beraz, oso kontraesankorrak dira, eta, hain zuzen ere, horiek aztertzen dituena nahastea eragiten dute.
Komunikazioaren subjektuak eta edukiak
Definizioz, komunikabide bat are eta perfektuagoa izango da komunikazio-prozesuaren helburuak geroz eta hobekien asebetez. Xede horiek ezin dira komunikabidean bertan aurkitu, komunikazio-prozesu bakoitzean parte hartzen duten subjektuetan eta beren harremanetarako ezartzen diren edukietan baizik.
Komunikabide nagusia gizaki bakoitza da. Hori horrela, erreflexibotasuna dela eta, aldi berean gure komunikazio-prozesuen xede eta bitarteko garela bereizi dezakegu gutako bakoitzean. Pertsonaren izaera kontraesankor hori gogoan edukitzea garrantzitsua da, bitarteko berrien perfekzioa subjektu bakoitzaren ahalmen edo konpetentzia komunikatiboa perfekzionatzen den neurrian bakarrik baita horrela.
Komunikabide berrien xedeei buruzko galderak
Eta, zein da gizakiaren komunikazio-sistemaren xedea? Galdera horrek, erroraino eramanda, giza existentziaren ardatz izan daitezkeen galdera nahiz erantzunen izaera naturalki irekia adierazten digu. Hori horrela, komunikabideak kontraesanean dauden helburuetarako erabili daitezke.
Giza portaera gidatzen duten galderen artean oinarrizkotzat edo errokotzat hartzen ditudan hiru nabarmendu behar dira: zertaz bizi?, zertarako bizi? eta nola bizi elkarrekin?.
D. Bell-ek2 adierazi zuen moduan, galdera horiek beren artean modu nahiko autonomoan antolatu dira mendebaldeko egungo gizarte garatuetan. Ikuspuntu hori baliagarria da egungo euskal gizartean, eta, bereziki, gugan eragina duten komunikazio-prozesuetan gertatzen dena aztertzeko.
Hemen aztertu nahi duguna da nola eragiten duten komunikabide berriek euskaldunetan eragina duten komunikazio-prozesuetako subjektu eta edukietan, giza existentzian oinarrizkoak diren hiru galderei aurre egiterakoan eta horiei erantzuterakoan: zertaz, zertarako eta nola..
"Zertaz bizi" eta komunikabide berriak
Gizakiaren historiaren globalizazio berriak dituen oinarrietako bat da on-line informazioen konektibitatea ahalbidetzen duten bitarteko zientifiko eta teknologikoak, ekoizpen-prozesu konplexuen zatiketa nahiz integrazioa sustatuz. Horrek guztiak garatutako gizarteen oinarri ekonomikoa, eta, bitartekoaren bidez, planeta osoko ekonomia sakonki eragin du.
Ezagutza aurreratua, eta hori berrikuntza teknologiko moduan aplikatzea, ekonomia berriak duen abantaila lehiakorraren funtsezko oinarrietako bat da. Eragile ekonomikoek, indibiduoak izan edo korporazioak izan, dituzten komunikabideen eta sareen kalitateak baldintzatzen du abantaila hori eskuratzea eta eguneratzea. Baina ulertzen edo konprenitzen jakitea edo egiten jakitea bezalako ezagutza ez da aurkitzen ez sareetan eta ezta bitartekoetan ere, pertsonetan, giza nodoetan, baizik.
Konfiantzan oinarritzea
Kapital soziala, memoria instituzionala, komunikazio-kultura, antolamendu-klima... Horiek guztiak egun enpresa aurreratuenetako aktibo estrategiko nagusiak dira. Kontzeptu horiek, hain zuzen ere, gehiago nabarmentzen dute eragile ekonomikoen dimentsio etiko eta nomikoa teknikoa eta instrumentala baino. Berrikuntza teknikoa ezinbestekoa da kontzeptu horiek adierazitako errealitateak garatu ahal izateko, baina ez da nahikoa.
Enpresa baren kapital soziala sortzeak eta garatzeak –eguneratzearen eta berrikuntzaren bidez- ezagutzak (egiten jakitea) eta balioak (jokatzen jakitea) kudeatzearen erronka planteatzen du. Eta hori ez da bideragarria “memoria instituzionalik” gabe, egoera berriei metatutako esperientziatik aurre egitea ahalbidetzen duen oroigarri dinamikorik gabe. Memoria hori sortzea eta mantentzea ez da zenbait protokolo jakin elkar trukatzen diren artxibo digitaletara iraultzera murrizten. Memoria instituzionala –soluzioen benetako iturri izan dadin- enpresaren historia bizia eratzen duten pertsonen arteko konfiantzatik abiatu behar da.
Elkarren arteko konfiantza
Konfiantza etikoa da, pertsona bakoitzaren aktibo nagusia antolamendua osatzen duten beste pertsonekin banatzeko jarrera eta konpromisoa sortzen duen konfiantza: egiten jakitea, bakoitzak enpresan onarpen profesionala, soziala eta ekonomikoa jaso izatearen arrazoia.
Enpresa ekonomikoen hobekuntza lehiakorraren zerbitzura dauden memoria instituzionalak garatzeko egun dauden sistema eta komunikabideak modu aurreratuan erabiltzeak, ondorioz, arazo teknikoak planteatzeaz gain, proiektuetara atxikitzea birsortzeko erronka planteatzen du, ekoizpen-sare bakoitza osatzen duten pertsona guztiak inplikatuz, konpartitzen den komunikazio-eduki etikoak dituen arauen arabera.
Enpresa-proiektu bakoitzak beste enpresekiko eremu komunak ditu (geroz eta globalagoak). Hori horrela, eremu komunak eta soilak ezin dira ez batzuk besteetatik bereizita ulertu, ezta beren artean paralelo ere.
Konfiantza haustea
Mende aldaketarekin ekonomiaren munduak etikoki zitalak izan diren komunikazio-prozesuak bizi izan ditu.
Aurretik bizitako beste globalizazioen (adibidez, Mundu Berriaren aurkikuntzatik eratorritakoa) eta egungoaren artean dauden funtsezko desberdintasunetatik bat da aberastasuna sortzeko prozesu aurreratuetan ekonomikoki inplikatutako eragile guztiei informazioa ia denbora errealean eskaintzeko aukera teknikoa .
Paradoxa nagusia da aukera hori, alabaina, bezeroak eta akziodunak desinformatuta mantentzeko erabili dela. Enron, WorldCom edo Ahold-ekoak bezalako enpresa-iruzur kasuen oinarrietako bat da baliabide finantzarioak iruzurpean eskuratzeko politika, beren albistegiak Nikkei, Dow Jones edo Nasdaq indizeen bilakaeraren berri emanez irekitzen dituzten komunikazio-agentzia handien bidez publikoa desinformatuta mantenduz.
Porrot guztiak iruzurrezko komunikazio-prozesuetan oinarritzen ez badira ere, EEBBetan, 2000 eta 2002 urteen artean, teknologien sektoreko 30 enpresa adierazgarri baino gehiagok lau bilioi dolar galduz porrot egin izanak sinestarazten digu beren aurrezkiak enpresa horien esku jarri zituzten pertsonek ez zutela informazio egokia jaso.
Merkatu-ekonomiaren bihotzean bertan gertatutako porrot horien eragin sozialak, nolanahi ere, ez dira benetako sozialismoko herrialdeetako estatu-ekonomiek bizitako porrot orokortuak bezain mingarriak izan biztanleriarentzat. Enron-en porrotak ez zuen arazo larririk eragin bere bezero kopuru handiari energi hornitzerakoan, zerbitzu horretan berehala ordezkatua izan baitzen merkatuko beste enpresengatik. Ezin da baina gauza bera esan Errusiari buruz, bere sistema sozialistaren porrota aitortu zenetik urte asko igaro badira ere.
Enpresa handien eta estatuen megaporrotek ez digute ahaztarazi behar negozio txikietan ere ematen direla miniporrotak komunikazio-iruzurra dela eta.
Ez du esan nahi kasu horietan komunikazio-teknikak falta izan direnik, nagusiki etika komunikatiboak huts egin dutela baizik. Hori dela eta, prozesu ekonomikoei dagozkien arazo komunikatiboek ondoko erronka hau planteatzen digute: komunikabide berriak xede zintzoetarako balio izateko ibilgu etikoak aurkitzea.
Erronka hori berria dela esan dezakegu, alderdi berritzaileak baititu globalizazio ekonomiko berriaren testuinguruan. Hala ere, gizakiaren historiari heltzen badiogu, alderdi iraunkorra ere badu.
Behar bezala antolatutako azoka publikoa duten herrietan jaio garenok eta gaztaroaren mende erdia gainditu dugunok arazorik gabe gogora dezakegu ondoko hau zioen iragarki-oharra: “Pisu- eta neurri-sorta bat dago publikoaren eskura”. Hori zen pertsona orok salerosketaren xede ziren produktuen pisua edo neurria benetan hitzartutakoa zela frogatzeko beharrezkoa –ez nahikoa- zuen baldintzetako bat.
Baina produktu bakoitzak, forma-pisu-neurriaz gain, eduki-substantzia-dentsitatea du. Horregatik, antzinako azokei erreferentzia egin behar diet berriz ere, eta gaztelerazko aforismo ezagun bat gogorarazi behar dut: “Me las han dado con queso”(Gaztarekin eman dizkidate). Hori esan ohi dugu Aginagako izenez Frantziatik ekartzen dizkigutenean. Aipatutako atsotitzaren jatorria oso adierazgarria da. Ardandegi-jabeak ozpintzekotan zegoen ardo bat ondotik kendu nahi zuenean, bezeroari eskaintzen zion aurretik gazta min bat probarazi ondoren. Horrela, ahoak eskertu egiten zuen gazta jan gabe ezatsegina izango zen hori.
Joko-arau batzuen errespetua (pisuak eta neurriak) da, hain zuzen ere, beharrezko baldintza, baina ez da nahikoa, ezta lurreko produktuak eta ardoa bezalako produktu hain nabariez ari garenean ere. Iruzurra beti da posible, eta horregatik inoiz ez litzake mesprezatu behar prebentzio arduratsua. Hori dela eta –eta ez hain urrutiko iragan batekin amaitzeko- gomendatzen da erlojua eta bikotea fundamentuz fidatzekoa den jendearen artean eskuratzea.
Konfiantza sortzea
Konfiantza elkarren artekoa ez bada ez dago konfiantzarik. Komunean sentitu, ezagutu edo bizi daitekeena konpartitzen da. Espazio, eremu, erreferentzia, sentimendu, ezagumen et balio konpartituen sorkuntza prozesu komunikatiboen emaitza da. Beti egon dira besteak baino konfiantza gehiago merezi duten azokak, dendak, hornitzaileak edo bezeroak. Eta beti egon dira ezustekoak. Hori dela eta, konfiantza egunez egun irabazten joan beharko den errealitatea da, eta hori komunikazio-prozesuen arduradunen xede nagusia izango da.
Aldatu egin dena –eta asko- gizarte aurreratuenen prozesu ekonomikoak eratzen dituen faktore-multzoa da. Objektuen, materien edo gaien ezagutzaren menpe dago prozesu ekonomiko baten konfiantza. Horrek baldintzatuko du inbertitzeko edo ez inbertitzeko erabakia, erosteko edo saltzeko erabakia, edo eskari bat formalizatzeko erabakia. Objektu, materia edo gai horiek hainbeste eraldatu dira, prozesu komunikatibo orotan behar den konfiantzaren oinarri izango diren sare komunikatiboak birsortu beharko direla.
Egun, eta batez ere ekonomia aurreratuenetan, aberastasuna sortzen duten edukiek formatu geroz eta birtualagoak dituzte, eta, gainera, edukiaren zati garrantzitsu bat ezagutza da (zientzia gisa nahiz egiten jakite gisa). Horrez gain, lanak egun duen nazioarteko dibisioak eta horren globalizazioak –geroz eta gehiago eskumen ukiezin eta subjektiboetan oinarritzen den dibisioak- inplikatutako eragileak pertsonalki ezagutzea, oraingoz, gauzatu ezin daitekeen utopia dela dirudien merkatuetan integratzen gaituzte.
Gainera, komunikazio-sistema berriek errealitate birtualak sor ditzakete, paisaian eraiki ez diren etxeak jarriz edo inbertitzeko aukera berriak eskaintzen dituzten horien buruan besterik existitzen ez diren produkzio-prozesuen bisionamendua eskainiz.
Pertsonak, etika komunikatiboaren berme
Gaur egun modan dago ezagutzaren kudeaketa. Iruditzen zait pertsona askoren buruan dagoela ezagutzaren kudeaketak (ezagutza propioak edo besteenak), ez gutxitan, besteen ignorantziaren kudeaketa barne hartzen duela. Besteek ez dakiten eta ezagutzen ez duten, baina nik badakidan, ezagutzen dudan, menderatzen dudan eta aplikatu dezakedan zerbaitez baliatzea da merkatu berdinean jarduten diren pertsona eta taldeen arteko lehiakortasun naturalaren funtsezko lege bat da.
Testuinguru honetan nahitaezkoa da arazoari buruzko posizio etikoa hartzea. Etika beren jokabideen eta beren omisioen erantzule diren subjektuekin hasten da. Eta ekonomiari dagokionez, orokorrean, hor banatzen dira bitan orientazio eta joera pertsonalak. Merkatu-ekonomien eremuan, batzuek nahiago dute erantzukizun etikoa erakunde publikoetan kokatzea (erakunde horiek arautzaile eta arbitro gisa jardungo lirateke), eta beste batzuek, berriz, prozesuan parte hartzen duten pertsonen erantzukizun indibiduala nabarmentzen dute.
Du ekonomiaren parte aktiboa gara, eta bertan objektu manipulatu baino subjektu protagonista izatea gustatuko litzaiguke. Ekonomia horren baldintza berri horietan, aurkitu al ditzakegu “pisu eta neurriak”, eta engainatuak izan ez gaitezen laguntzen diguten printzipio eta irizpide orientagarriak?
Lokalki nahiz globalki aldaketa sakonetako prozesuen barnean gaude, ez guk munduan dugun egoera pertsonal eta soziala aldatu dezaketen konmozioetatik at. Horri dagokionez Daniel Bell-ek aurkitutako kontraesan kultural eta etikoetara itzultzen naiz.
Gure harreman ekonomikoen arauak antolatzerakoan eduki erlijioso positiboko tradizio etiko komun batetara itzultzea posible ez bada ere –neurrigabekeria eta iruzurra geldiarazten delarik, lehenengo kapitalismoan bere liderren tradizio kristau-kalbinistari esker gertatu zen bezala-, gutxienez ondoko printzipio hau bezalako printzipioak operatibo bilakatzeko sareen zirkuluak ezarri beharko genituzke: engainatuak izan nahi ez badugu, ez dezagun engainatu.
Eraikitzeko saio positibo horretan komenigarria da gogoraraztea iturri etikoa ez dela araua, ez legea, ezta instantzia administratiboa ere, naturalki arduradun sozial eta indibiduala den pertsona baizik.
Geroz eta gehiago faktore subjektiboek zehazten duten gizarte batetan, nagusiki subjektibotasun horren ethos arautzailean bilatu behar da irtenbidea. Irtenbide hori, ondorioz, inoiz ezingo da prozedura mekaniko eta burokratiko-administratibo batetara murriztu, eragile ekonomikoen arteko gizarte-harremanari dagokionez baldintza publiko zehatz batzuk oso beharrezkoak izanda ere.
Pertsonalki nabarmendu nahiko nuke beharrezkoak direla erantzukizun indibiduala eta horretatik eratortzen diren ondorio guztiak beregain hartzen dituen pertsona zehatzen oinarri etikoa, eta, gainera, argitasunez ezartzea produkzio- eta merkataritza-prozesu bakoitzean eragindako eragileen arteko joko ekonomikoak eduki behar dituen baldintza publikoak (arauak).
Testuinguru horretan onartezina da askatasun indibiduala erreklamatzea eta erantzukizuna erakunde publikoetan edo organismo erregulatzaileetan eskuordetzea.
"Zertarako bizi" eta komunikabide berriak
Xede izateagatik legeztatzen diren balioetarako atxikipen pertsonalean eratzen da zehaztapen etikoa, eta xede horiek gauzatzeko pena merezi du bizitzea. Atxikipen hori tradizioz, afekzioz nahiz konbikzioz sor daiteke. Pertsona bakoitzaren errealitate indibidualean, orokorrean, zaila da hiru faktoreak bereiztea: tradizioz oinordetzan jaso dituen zenbait balio bizi dituen pertsona afektiboki lotua dago balio horietara, eta horien balioaz konbentzituta dago.
Kasu bakoitzean gertatzen dena gertatzen dela, balioetarako atxikipena modu jakin batetara sentitzen, pentsatzen eta jokatzen duen komunitate batetan integratzeko prozesuagatik gauzatzen da. Gaur egun, Joxe Migel Barandiaranek euskal gizarteaz esan zuen bezala, komunitate historikoen “sentitzeko, pentsatzeko eta jokatzeko moduetan sakontasuneko nahasmendu bat” bizi dugu.
Komunitate bakoitzaren kohesio historikoa belaunaldi desberdinak eratzen direneko komunikazio-prozesuen bidez bermatzen da. Prozesu horiek oso zehaztuta eta baldintzatuta egon dira lurraldearengatik. Komunitate bakoitzaren kokaleku geoestrategikoek beste bizitza-eredu batzuekiko harreman handiagoa edo txikiagoa eragiten zuten. Nolanahi ere, zenbait balioetarako atxikipena nahitaez besteen existentziaren berri ez izateak zehazten duela zalantzan jarri behar da. Balio batzuekiko preferentzia (tradizionala, afektiboa nahiz erabakitakoa) hobeto azaltzen du pertsona batek ezagutzen dituen balio hoberenak izatearen estimazio subjektiboak.
Komunikazioa eta balioak
Komunikabide berriek, zentzu bat baino gehiagotan –eta gainera kontraesankorrak-, gizakiaren jokabidea gidatzen duten sistema nomikoen ezagutza eragiten dute.
Bitarteko horiek, alde batetik, bizitza-estiloetan nahiz balio tipikoetan homogeneizazioak eta orokortze masiboak burutzeko balio izan dute. Janzteko, abesteko, edateko, jateko eta abarrerako moda edo moduetan estandar unibertsal zehatzak sortzea ezingo litzake imajinatu ere egin komunikabide berrien laguntzarik gabe (irratia, telebista, zinea, bideoa, internet, CDR, DVD,...).
Baina komunikabide berriek, halaber, berariazko komunitateen arteko komunikazio-fluxuak sortzeko aukera eskaintzen dute. Numerikoki oso murritza den hizkuntza-komunitate batetako kideek, komunikabide berriei esker, interneten bidez oso merke eduki dezakete beren literatura osorako (ahozkoa nahiz idatzia) sarbidea.
Eztabaidaezina da bitarteko berriek jaio gineneko eta haziak izan gareneko bizimoduetatik oso urrun dauden bizitza-esperientzia eta –ereduetarako sarbide azkar eta erraza eskaintzen digutela. Hori baliagarria da gizateria osoarentzat, baina are gehiago herrialde garatuenentzat.
Euskal gizartearen kasuan, fluxu komunikatibo anitz eta kontraesankorren ekintza bizi eta zabala bizi dugu, beren diskurtsoetan eta ikuskeretan gizartea osatzen dugun pertsonak integratzeagatik lehiatuz.
Euskal gizarteak hizkuntza desberdinekiko duen atxikipena aldakorra da, balio etikoetarako atxikipena aldakorra den bezala. Eta horrela aditzera eman da Deustuko Unibertsitateko Balioen Talde Europarretik egiten etorri garen inkesta desberdinetan. Desberdintasunak daude ondasun komunitarioak sortzeko eta bizitzeko moduetan. Ondasun komunitario horiek dira, azken buruan, komunikazio-prozesuen giza errealitate biziduna. Beraz, bi komunitate edo gehiagoz hitz egin behar al da?
Komunikazioa eta identifikazioa
Gaiak behar lukeen bezala arrazoitzeko beharrezkoa den espazioa ez badugu ere, euskal gizartean eragina duten komunikabideek eratzen dituzten diskurtso ideologiko eta arauemaileak ez dira benetan euskal gizartea osatzen duten pertsonak bizi eta desio dituztenak bezain integratzaileak.3
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) nahiz Nafarroako Foru Erkidegoan (NFE) pertsonei buruz hitz egiten denean, euskal nahiz nafar baldintzaren edukiari dagokionez ulertzen dena ulertzen dela ere, indibiduoen gutxiengo batek bakarrik (%9) baztertzen du bere autoidentifikazio nazionaletik edo nortasun nazional berearen zehaztapen subjektibotik euskal edo nafar erreferentzia (1. taula). EAEn bizi direnen artean euskal erreferentzia da nagusi, eta NFEn bizi direnen artean, berriz, nafar erreferentzia. Baina erreferentzia espainiarra bietako gehiengo batek konpartitzen du maila desberdinean.
Bi alderdi
Alderdi kuantitatiboetan aurrera egin aurretik, gai horrekin lotutako bi alderdi kualitatibo nabarmendu nahi ditugu.
Lehenengoa subjektu politikoen, horien eraketaren, hala nola beren betebehar eta eskubideen baldintza indibidual eta kolektiboari buruzko eztabaidari lotua dago. Ohikoa da euskal gaiari buruzko eztabaida publikoan indibiduoa, herria, nazioa, lurraldea, estatua eta abar bezalakoak aipatzea, kategoria horietakoren bat gainerakoen gainetik egon behar duen instantzia subirano gisa absolutizatuz. Horrela, adibidez, indibiduo bakoitzaren eskubideak herri baten eskubideetara kontrajartzen direnean. Pertsona bakoitza bere ondasun sozialekin –lokalagoak nahiz globalagoak edozein delarik ere giza existentziaren eremuak (linguistikoak, ekonomikoak,...)- identifikatzen den modua ekintza indibidual nahiz komunitarioa da, indibiduo bakoitzaren aukera izanda ere komunitatean duen garapena eragiten baitu. Indibiduo eta nazio kategoriak giza dimentsio errealak ulertzeko balio dezaketen kontzeptuak dira, baina horietako inor, kategoriei dagokienez, ez da giza errealitate osoa barnean hartzeko gai. Pertsona bat unibertso osoaren zentroa izan behar duen indibiduo cartesiarraren kontzeptu modernoaren (cogito, ergo dum) neurrira murriztea, gainerakoak zerbitzu eman beharko dion aurretiaz ezarritako osotasun sozial batekin (klasea, arraza, gizateria,...) nahastea bezain artifiziala da. Indibiduoen garapen integralerako eskubidea ezin da planteatu beren nortasun komunitarioen (bizilagun-komunitateak, komunitate kulturalak, erlijiosoak,...) garapenerako eskubidea onartu gabe, biak baitira pertsona zehatzei berdin eragiten dieten alderdiak. Zentzu horretan, arazo kolektibo asko nortasun sozial desberdinak garatzea xedetzat duten pertsonen arteko desberdintasun indibidualen espresioa dira.
Bigarren alderdiak, hain zuzen ere, Baskoniako biztanleek, nafar, euskal nahiz espainiar baldintzarekiko fideltasunari buruz galdetzen zaienean, beren nortasun nazional subjektiboa zehazteko duten moduetan dauden desberdintasunen funtsari eragiten dio. Duela bi mendeetatik Baskonia Penintsularreko biztanleak unitate nazional espainiarrean integratzeagatik politika aktibo asko gauzatu badira ere, ez da lortu estatuak desio duen homogeneizazioa nazional subjektiboa. Eta Baskonian, XX. mendean zehar, kontzientzia nazional subjektibo espainiarra duten ehunka milaka inmigrante auzotu badira ere, XXI. mendearen hasieran ikusi dezakegunaren arabera ez da espero asmo homogeneizatzaile hark arrakasta izatea. Duela 25 baino gehiagotik, euskaldunen nortasun nazional subjektibo lehenetsiari buruzko inkesta kontrastatuen sortak ditugu, eta EAEn espainiar bakarrik edo espainiar euskaldun baino gehiago sentitzen den pertsona kopurua ez da %15era iristen. Berdina gertatzen da Nafarroan, bertan lehenesten den aukera nafar sentitzearena delarik.
Datu kualitatiboak
Behin ohar horiek eginda, zenbait datu kualitatibo emango ditugu.
Homogeneizazio nazional espainiarrera murriztuak izateari zaion errefus subjektiboak, eta Baskoniako biztanleek beren buruarentzat aldarrikatzen duten identitate nazionalean euskalduna eta/edo nafarra dena erlatiboki barne hartzeak, estatuari dagokionez berariazkotasun politiko kutsu bat duen harreman sozialen eremu bilakatzen dute lurralde hau. Baina, aldi berean, gertaera sozial bat da gehiengoak bere buruari egozten dion nortasunean erreferentzia espainiarra ere barne hartzen duela. (1. taula).
Inkestatutakoen %14,9 espainiar bakarrik sentitzen da, edo espainiarra sentitzen da euskaldun/nafar sentitzearen gainetik; %35,7 euskaldun/nafar bezain espainiar sentitzen da; eta %42,7 euskaldun/nafar sentitzen da espainiar sentitzearen gainetik, edo euskaldun/nafar bakarrik sentitzen da. Azken talde horretan dago pertsona-kopuru handiena, subjektiboki baztertuz espainiar nortasunaren erreferentzia, edo espainiar nortasun hori euskaldun/nafarraren menpe utziz. Bigarren lekuan euskaldun/nafar izaera eta izaera espainiarra bateragarri egiten dituzten pertsonen multzoa dago. Pertsona-multzo txiki batek besterik ez du nortasun espainiarra euskaldun edo nafarraren aurretik kokatzen. Nolanahi ere, euskal/nafar sentimendua inkestatuen gehiengo handi baten oinarrian kokatzen da, eta, ildo beretik, inkestatutako pertsonen %75,8 harro edo nahiko harro dago biztanle euskalduna/nafarra izateaz.
Inkestak, halaber, ondokoa galdetzen du: zein multzo geografikoren partaide zarela esango zenuke?: Herria, Autonomia Erkidegoa (Euskadi edo Nafarroa), Espainia, Mundu osoa. Inkestatutako pertsonen %51,5ek, batez ere, bizi den udalerri, herri edo hirikoa dela erantzuten du, eta %23,4k Euskadi edo Nafarroa aukeratzen du. Lehentasun horiek posizioz aldatzen dira bigarren lekuan nongoak diren galdetzen zaienean. Kasu orotan, identifikazio-lehentasunak bi identifikazio-moten artean mugitzen dira. (2. taula)
Penintsulako Baskonian eskuratutako emaitzan Espainian eta Europan eskuratutakoekin alderatuz gero, desberdintasun bat nabarmentzen da: batez ere Euskadi edo Nafarroako espazioarekin identifikatzen den portzentaia Espainiako eremu geografikoarekin lehentasunez identifikatzen den portzentaia baino altuagoa da. Ez da gauza bera gertatzen ez Espainiako estatuan eta ezta Europan ere. Hori Euskalerrian dagoen atxikipen nazionalen eztabaidaren datu adierazgarria da. Hala ere, zenbateko horietatik ezin dugu ondorioztatu aipatutako eremu horiei ematen dieten esanahiaren eduki errealetan inkestatuek duten kointzidentzia-maila.
Nongoa izatea: aldiberekotasuna eta kanporatzea
1995 eta 1999 artean ikusten diren portzentaia diferentziak (1. eta 2. taulak) handiestea gustatzen ez bazaigu ere, ikuspuntu bikoitz batetatik interpretatzera ausartzen gara:
a) Aldi berean eta positiboki toki desberdinetakoak izatearen edo autoidentifikazio pluralaren onarpen sozial handiagoa.
b) Kanporaketagatiko lehentasun erlatiboa autoafirmatzeko behar txikiagoa.
Leku batetakoa izatearen sentimenduen bateragarritasun- edo bateraezintasun-maila desberdinak multzo ugari sortzen ditu. Multzo horiek, metodologikoki, bi, hiru edo lau multzora murriztu daitezke, baina hiritarren errealitate pertsonal zehatzak biderkatu egiten ditu.
Nolanahi ere, azken hamarraldian autoidentifikazio nazionalak bizi izan duen bilakaeraren azterketatik ondorengo hau ondorioztatzen da: dauden autoidentifikazio nazionalen pluraltasunaren egonkortasuna.
Gainera, euskaldun/nafar edo espainiar bakarrik sentitzen diren guztiak ez dute zergatik izan behar, termino kuantitatibo eta kualitatiboetan, nortasun-atxikipen bera. Nazio terminoetan nortasun kolektibo zehatz batetakoa izateari ematen zaion garrantzia erlatiboa da indibiduoak, hiru galderak planteatzean eta horiei erantzutean (zertaz, zertarako eta nola bizi elkarrekin), pertenentzia eta identifikazio desberdinak azaltzen dituen une beretik.
Era berean, lehentasunez zein lurraldetakoa den zehaztean Euskadi edo Nafarroa hautatzen dituenak Espainiarekiko bazterkeria ideologiko batengatik, gertuagoko harreman-eremu batekiko afektu tradizionalagatik, edo berehalako interes pertsonalagatik (adibidez, osasun-laguntzako sistemaren arreta) izan daiteke. Horren arrazoia da galdera berak historia pertsonal desberdinetatik interpretatua izatea ahalbidetzen duela, eta, hori dela eta, erantzunak balio desberdina izan dezake kasu bakoitzean.
Hori horrela, gure iritziz, azterketa horretatik atera daitezkeen ondorioak bi dira nagusiki:
a) Identifikazio nazional mota desberdinekiko harremanari buruz jardutean, hiritar guztien identifikazio positibo komuna aurkitzea zaila dela.
b) Gertuago dauden nortasun-eremuetarako atxikipen positiboaren garrantzia –erreferente komuna euskalduna edo nafarra delarik- eta urrunago daudenen barne-hartze positibo txikiagoa ukaezina da.
Hizkuntza nortasunaren erreferente gisa
Komunitate-fideltasunaren aniztasuna, era berean, testuinguru honetan interesgarria den beste galdera baten erantzunetan islatzen da: Aukeratu ahal izango bazenu, zein hiru hizkuntza jakin nahiko zenituzke? Eta zein zure seme-alabek jakitea?
Hizkuntzak, aldi berean, erremintak eta sinboloak dira, tresna erabilgarriak eta zentzu-erreferentziak, bitartekoak eta xedeak. Hizkuntza bat edo beste lehentasunez aukeratzeak esanahi hauek izan ditzake: historikoki hizkuntza horretan igorritako tradizio kultural jakin batetarako atxikipena, nahiz saltzeko edo hezteko edo hizkuntza horretan espresatzen diren pertsonak ebanjelizatzeko interesa. Eta atxikipen positiboa ukatze baten edo ukatze ugariren adierazpen sinbolikoa izan daiteke.
Baina –aukera bakoitza hautatzearen arrazoiak edozein direlarik ere- hizkuntza anitzeko espazio sozial batetan, hizkuntza komunitarioen hierarkizatze erlatiboak pertsona bakoitzak identitate kolektiboekin duen harremana eragiten du. Hori da gure kasua. (3. kasua)
%44,7k, lehenengo hizkuntza gisa, euskara hautatzen du, eta %47,7k gaztelania aukeratzen du; bigarren lekuan, %29,4k euskara aukeratzen du, %34,7k gaztelania eta %26,7k ingelesa.
Lehentasunak utziz goazen heinean esanahi desberdina izan dezaketen beste hizkuntza batzuk azaltzen dira. Izan ere, hizkuntza horiek ez baitira nortasun-prozesuaren orduan kokatzen. Kasu horretan, hizkuntza-lehentasunek leialtasun komunitario eta nazionalen eztabaida ere islatzen dute.
Aukera guztien batura kontuan hartuz gero hizkuntzarik hautatuena ingelesa dela ikusi dezakegu. Ia euskara eta gaztelania gainditzen ditu. Zentzu horretan, hiru hizkuntzek jasotzen duten legitimazio garrantzitsu bat. Hori bai, ez dira ez maila berekoak eta ezta jatorri berekoak ere. Egoera horietan, hain zuzen ere, da baliagarria hiru galderak bereiztea (zertaz, zertarako eta nola bizi elkarrekin). Hizkuntza bakoitzak posizio eta funtzio desberdinak okupatu ditzake hiru galderen eremu bakoitzean. Ingelesa ez da lehenengo nortasun-aukera, baina funtsezko aukera da komunikazio globaleko eremu batetarako sarbidea izateko bitarteko gisa (komunikazio globaleko eremu horretan ebazten da geroz eta gehiago herrialde garatuetako ekonomia). Euskararen eta gaztelaniaren kokapen soziala eta ingelesarena funtsean desberdina da. Bi hizkuntza horiek, funtsean, biztanleriaren zati garrantzitsu baten sentitzeko, pentsatzeko eta jarduteko moduen isla dira, eta, gainera, eguneroko komunikazio-funtzioa betetzen dute. Ikuspuntu nazionaletik, ezin da homogeneizazio soziala gauzatu identitate-leialtasun komun bat sortzen duen hizkuntza bakarraren bidez.
1995. eta 1999. urteen artean ez dago, datuen arabera, desberdintasun garrantzitsurik. (6. taula)
Mota orotako nortasun-atxikipenaren eta hizkuntza-aukeraren arteko harremana aztertuz gero, datuek ez dute orain arte esandakoa azpimarratu besterik egiten. Inkestatuak euskalduna/nafarra denarekin bakarrik lotzen diren inkestatuek lehentasunezko aukera orokortutzat hartzen dute euskara. Hori bai; prozesua alderantzizkoa denean eta inkestatuek beste nortasun-aukerak lehenesten dituztenean, euskara hautatzen duen pertsona-kopurua askoz ere txikiagoa da. 6. taulako datuei jarraiki, euskal-nafar nortasunean bakarrik kokatzen diren horiek %87,8an euskara aukeratzen dute; zifra hori %12ra murrizten da Espainiarekin identifikatzen diren horiek kasuan. Hala ere, inkestatu askok tarteko espazio bat okupatzen duten atxikipenak azaltzen dituzte, eta, horietan, euskara lehentasunez aukeratzen dutenek garrantzitsu bat okupatzen dute.
Atxikipen kultural komunitarioen errealitate plural horrek soziologikoki komunikabideek euskal gaiari buruz egiten dituzten diskurtsoetan azaltzen dutena baino zentraltasun handiagoa duela adierazi dugu.
Errealitate sozial bat izendatzeko modua
Gaia azaltzen asko zabaltzeko espaziorik ez badugu ere, datu batetara mugatuko gara: komunikazio-fluxu publikoen osaerako hiru egunkari garrantzitsuek errealitate sozial hori izendatzeko duten modu desberdina.
Ezin da azalpenik eman edukirik adierazi gabe eta gauzei “beren izenez” deituz. Ikuspuntu etiko eta demokratikotik askoz ere funtsezkoagoak diren kontuak alde batetara utziz, nola izendatu behar da aurreko taulatan aipatu ditugun datuak eskuratzeko egin ditugun inkesten xede den errealitate soziala? Euskalerria? Vasconia? Pueblo Vasco? País Vasco? País Vasco Navarro?, Vascongadas y Navarra? Euskadi? Euskadi y Navarra?, Comunidad Autónoma Vasca y Comunidad Foral de Navarra?...
Espresio batzuk edo besteak lehentasunez erabiltzearen bidez –eta horri dagokion bazterketaren bidez- agintari politikoek nahiz komunikabideek, horiek lurralde horietan bizi den jendearentzako desio duten etorkizun politikoari buruzko ideien arabera, espresio batzuk edo besteak hautatzen dituzte.
Froga gisa, nahikoa da jorratzen ari garen testuinguru horretako hiru egunkari garrantzitsuetako editorial-artikulu multzo zabal bat hartzea: DEIA, EL CORREO eta GARA.4
Argi dago editorial-idazle desberdinek guk penintsulako Baskonia izendatu dugun lurralde-edo gizarte-eremua izendatzeko Euskalerria (edo Euskal Herria), Pueblo Vasco, País Vasco, Euskadi, País Vasco eta Navarra, Euskadi Sur, Euskalerria Sur, Comunidad Autónoma Vasca eta Comunidad Foral de Navarra eta abar bezalako terminoak modu desberdinean erabiltzea autoreen posizio politikoak baldintzatzen du (kasu horretan, komunikabideetako arduradunen posizioak). (5. eta 7. taulak)
Bitarteko bakoitzean maiztasun erlatibo gehien duten bi aukerak kontuan hartzen baditugu, euskal errealitate sozialari buruzko zehaztapen ideologikoetatik at ez dauden desberdintasunak ageri dira. Guk hiru multzotan sailkatu ditugu:
- DEIAk lehentasunez Euskadi erabiltzen du (%48), nahiz eta bi adiera desberdinetan erabiltzen duen: a) Pirinioen alde bietara dauden lurraldeek osatutako Euskal Herriaren adierazpide nazional gisa. b) Euskal Autonomia Erkidego gisa (%13), Euskalerria edo Euskal Herriaren bultzatzaile ekonomiko, sozial eta kultural gisa hartzen duena.
- GARA egunkaria da aztertutako epean bere ildo editorialean Euskal Herria (%57) terminoaren erabilera erlatibo handiagoa egiten duena. Hori bat dator argi eta garbi 90eko hamarraldiaren hasieran ENAMeko zuzendaritzak euskal alorreko kontraesan nagusia adierazteko moduari buruz gauzatutako birzehaztapen ideologikoarekin: herria versus estatua, Berlingo harresia behera bota ondorengo nazioarteko testuinguru berrian.
- EL CORREOren lehentasunak País Vasco eta Euskadi espresioak dira, orokorrean Euskadiko Autonomia Erkidego gisa ulertuta.
EL CORREO egunkariak, EL CORREO ESPAÑOL-EL PUEBLO VASCO izenetik eratortzen denak, bere ildo editorialean pueblo vasco(%3) hain gutxi erabiltzeak harritu egiten gaitu. Era berean, GARAk, ENAMen kidekoa den egunkariak, eta bere ideologoek esanda Euskadi ta Askatasuna gertaera sortzaile gisa duenak, euskal gizarteaz jarduteko Euskadi ia ez erabiltzea ere deigarria da.
Euskal errealitate sozial eta politikoa adierazteko modu desberdin horiek bere etorkizuna norabide desberdinetan orientatzeko borroka nabarmentzen dute. Eta komunak ez diren proiektu horietatik hiritarren komunikazio publikoa baldintzatzen duten egunkariak, beren borondatea kontuan hartu gabe, klima edo testuinguru sozialean duen eraginarekin, aldi berean inkomunikatu egiten duten komunikabide bilakatzen dira.
Bitarteko berriak dira, dudarik gabe, pluraltasun hori integratzea bideratzeko aukera. Baina aukera hori bitarteko horiez baliatzearen erabaki etikotik bakarrik existituko da. Bitartekoek, dudarik gabe, lokala globalarekin eta globala lokalarekin konbinatzeko aukera susmagaitzak eskaintzen dituzte, bereziki hasierako nahiz jarraikako trebakuntza-sareen bidezko integrazio komunitarioen prozesuetan.
"Nola bizi elkarrekin" eta komunikabide berriak
Gizakiok geroz eta sistema, programa eta zerbitzu telematiko gehiago erabiltzen ditugu gure artean eta gure ingurune desberdinekin komunikatzeko. Horrek alor ekonomiko eta kulturalean eragina izateaz gain, gure existentzia indibidual eta kolektiboa osatzen duten harreman sozialak ere eragiten ditu. Ez da arraroa berrikuntza historiko horren garrantziari buruzko kontzientzia soziala, halaber, geroz eta handiagoa izatea.
¿Historia Versus Lurraldea?
Gertaera sozialak komunikatzen diren subjektuen arteko harreman-gertaerak dira. Giza komunikazioa espazio eta denbora batetan gertatzen da.Espazioa eta denbora ordainzka subjektu sozialen existentzi zehatzean baldintzatzen badira ere, orokorrean -gutxienez gaur egun mendebaldean dagoen tradizio menderatzailean-, prozesu sozialak identifikatzerakoan, garrantzi handiagoa ematen zaio espazioari denborari baino. Horri dagokionez, ohikoagoa da espazio sozialez (espazio ekonomiko, kultural, politikoez) jardutea denbora sozialez (espazio ekonomiko, kultural, politikoez) jardutea baino. Prozesu sozial zehatzak identifikatzeko “espazioari” “denboraren”aurretik ematen zaion lehentasunak, besteren artean, ondoko faktoreak bultzatu dituzte:
- Espaziala egonkor bilakatu duten zenbait tradizio kulturalen pisua, denbora aldakorra denarekin identifikatu den bitartean (tempus fugit).
- Espazialki urrun zeuden pertsona eta taldeen artean denbora komun bat konpartitzeko zailtasunaren giza esperientzia; denbora komuna izan da espazio berekoak ziren horientzat bakarrik, edo espazio komun horren (etxea, auzoa, herria,...) tradizio edo herentziara atxikita jarraitzen zuten horientzat. Errazagoa zen –kulturalki- espazio berean errotutako arbaso eta ondorengoen arteko lotura kontinente desberdinetan bizi ziren garaikideen artekoa baino.
- Konpartitutako denbora batetan gertatzen diren gauzei buruz hitz egiteak identifikazio lokalaren bitartez bereizketa bilatzea erraztu dezake (leku hartan edu beste horretan gertatu da).
- Ekonomia tradizionalaren lurralde-muga (garraio eta komunikazio arazoak direla eta) soziala denaren eta eduki erlijioso, linguistiko edota ludikoa duten harreman sozialen hautemate espazial horren faktore determinatzaileetako bat izan daiteke baita ere. Testuinguru horretan ulertu behar da “cuius regio eius religio” adierazpena. Horrek aditzera ematen du espazio bat okupatzeak harreman sozialak, baita izaera erlijiosoa dutenak ere, kontrolatzea bermatzen duela. Gauza bera esan daiteke hizkuntzari buruz, hots, biztanleen harreman soziolinguistikoei buruz. Horrela, Nebrijak bere egingo luke: cuius imperium, eius lingua.
- Izaera ekonomiko nahiz kulturaleko prozesu sozialen antolamendu politikoa –aginte edo botere egiturekin-, oro har, botere subirano bat lurraldearen gainean gauzatzean oinarritu da, eta, lurraldearen bidez, biztanleen ekoizpen, merkataritza, hizkuntza eta abarren harremanen gainean gauzatzean. Lurraldearen okupazioa, horrela, esku-hartze sozialera orientatutako politika ororen balizko estrategikoan bilakatu da. Espazioaren –lurraldearen- zaindariak lurralde horretako harreman sozialen edukien zaindariak ziren.
Telekomunikazio berriak eta horien eragina espazioan eta denboran
Telekomunikazioari eskeri subjektu historikoen (indibiduoak, familiak, herriak,...) komunikazio soziala saihesten eta oztopatzen zuten muga espazial batzuk gainditu ditzakegu, eta, horrekin, harreman sozialen eta elkarbizitzaren giza unibertsoa sakonki aldatzen ari da.
Espazioan (eta baita denboran ere) urrun dauden esperientzien arteko komunikazioa eguneratu ahal izatea, gaur egun arte harreman sozialak gidatu dituzten baldintzatan faktore asaldatzaile bat sartzearen baliokidea da. Denbora-unibertsoak globoaz haraindian dauden puntuetatik elikatu eta atzeraelikatu daitezke (espazio-ontzietatik etab.). Horrekin, pertenentzia espazialean oinarritutako integrazio- edo desintegrazio-prozesuek, errotze- edo deserrotze-prozesuek eragin handiak jasango dituzte.
Komunikazio telematikoek gizarte-harremanen antolamendu politikoan eragingo dituzten aldaketak oso sakonak izango dira.
Subjektu sozial batek (indibiduala edo kolektiboa) bere borondatea –kultural eta ekonomikoki- libreki gauzatzeko baldintza politikoen eskaria nagusiki espazio eskaeran zehaztu da (etxearen bortxaezintasunetik hasita lurralde zabalago edo murritzagoaren antolamendu libreraino). Telekomunikazioak dituen aukera geroz eta anitzagoek errotik aldatu dezakete espazioaren okupazioaren eta espazio horretan bizi direnek beren denbora kultural eta ekonomikoki okupatzeko baldintzen arteko harremana.
Komunikazioko baldintza berri horiek- interkomunikazioa eta inkomunikazioa-, beraz, pertsonen eta herrien garapen kultural eta ekonomikoaren baldintza politikoei buruzko eztabaida planteatzea aholkatzen dute, ez hainbeste lurralde- edo espazio-terminoetan, denbora- eta historia-terminoetan baizik.
Ziurrenik, lurralde batetarako eskubideari buruzko eztabaida, gauzatze historikorako denbora batetarako eskubideari buruzko eztabaidan, hots, eskubide historikoei buruzko eztabaidan bilakatuko da (egiteko modu bati jarraikortasuna emateko edo egiteko modu bat aldatzeko, askatasunetik etorkizuna eraikiz).
Lurraldea irabazteko eta historia galtzeko arriskua
Telekomunikazioaren aurrerapenek –espazio hain urrunetatik esku-hartzea eta interferitzea, nahiz denborak konpartitzea ahalbidetuz- funtsezko egi honen jakitunagoak egiteko balio izan digute: pertsona bati edo herri bati ez dio ezertarako balio munduko espazio guztia irabaztea, bere denbora historiko galtzen badu.
Pertsonen eta herrien arima errealitate historikoa da jaiotzen diren, hazten diren, bizitzen diren eta etorkizuna duten denboran. Giza hizkuntzen eta lengoaien bizitza soziala horiek erabiltzen edo berpizten (komunikaziorako baliabide gisa, existentziaren erreferentzia sinbolikoko unibertso estetiko eta poetiko gisa,...) dituzten pertsonen bizi-denborak baldintzatzen du. Erakundeek (ekonomikoek, erlijiosoek, politikoek,...) ere bizitza soziala dute, pertsonen eta herrien bizi-denbora baldintzatzen duten neurrian.
Testuinguru horretan telekomunikazioak induzitutako prozesu sozial berriak identifikatzeko erronka onartu behar dugu, harreman sozialeko, indibidualizazioko eta sozializazioko, bakartasuneko eta konpainiazko, askatasuneko eta mendekotasuneko, komunikazioko eta inkomunikazioko, interkomunikazioko eta antikomunikazioko prozesu berriak aurkituz.
Erronkek nahiz aukerek gizalegez kritikoa den egoera baten aurrean jartzen digute. Badakigu giza existentziaren baldintzak aldatzeko xedearekin potentzia itzeleko bitartekoak aplikatzen ari garela, gure ekintzatik eratorri daitezkeen eraginen jakitun izan gabe. Hans Jonas-ek aitortzen duen bezala, aktiboki gauzatutako eta konpartitutako erantzukizun pertsonalak bakarrik lagundu gaitzake bitarteko hain boteretsuen erabilera zitala saihesten. Bitarteko hain boteretsu horiek, zuhurki eta zintzoki erabilita, dudarik gabe, gure elkarbizitza ekonomikoa, kulturala eta politikoa askoz ere gehiago gizatiartzen lagunduko dute.
Oharrak
1 A. Einsteinek (1879-1955) ideia hori esaldi desberdinen bidez adierazi zuen: «Wir leben in einer Zeit vollkommener Mittel und verworrener Ziele» edo «Perfektion der Mittel und Konfusion der Ziele kennzeichnen meiner Ansicht nach unsere Zeit» beste batzuen artean.
2 Daniel Bell-ek “kapitalismoaren kontraesan kulturalei” buruzko azterketan kapitalismoaren egungo gizarte aurreratuetan hiru ardatz axial bereizten ditu. Formulatu ditudan hiru galderak hiru ardatz horiei dagozkie, bakoitzak arazo desberdin bat planteatzen duelarik, erantzunak linealki batetik bestera eratorri ezin daitezkeelarik.
3 Argudio horren garapen zabalagoa F. Garmendia eta X. Barandiaranen aurki daiteke: Política y valores en Vasconia, in: J.Elzo (zuzendaria) eta besteak: Los valores de los vascos y navarros ante el nuevo milenio, Deustuko Unibertsitatea, Bilbo 2002, 227-299 orrialdeak. Aipatzen dudan testuaren zati bat eta datuak hitzez hitz atera ditut artikulu horretatik.
4 Ematen ditugun datuak 1995/1/1 eta 1999/9/14 artean ondoko egunkari hauetan argitaratutako editorial-artikuluen azterketan oinarritzen dira: DEIA, EL CORREO, EL DIARIO VASCO eta GARA (edo EUSKADI INFORMACION edo EGIN) , ABC, EL MUNDO, EL PAIS, LA RAZON eta LA VANGUARDIA. Guzti horietan azaltzen da eusk..., vasc... edo aipatu ditugu lurralde historikoetakoren baten berariazko aipua.
itzuli gora