Euskeran ere aukera duzu: DVD Pyrenæum 3.3
Prezioa: 30 € Erosi
Pirinioaurrea. Ipar isurialdea: Aspe eta Ossau haranak.
Pirinioen Iparreko isurialdea, Biarno lurralde historikoarenak diren Aspe eta Ossau haranek eratzen dute, eta Aragoi eta Nafarroa mugakide dituen Biarnoko Pirinio hauek osatzen dute Mendebaleko Pirinioetako Parke Nazionala.
{Leskun-go zirkua}
Mendebaleko Pirinioetako parke nazionalaren barruan, zerbait nabarmentzekotan, halako paisaiaren edertasun eta handitasunagatik Leskun-go zirkua aipatuko genuke. Paisaia alpino garbi eta petoa da, esanahi honen adierarik zabalenean; Alpeetako beste leku geografiko batzuk oroitarazten baititu garbi asko, Dolomitak esate baterako. Haranean barrena joanez, kanpandorre zorrotzak dituzten herrixkak azalduko zaizkigu, eta inguruan, larre guri distiratsuen gainetik jalgitzen diren kareharrizko mendi puskak.
{Leskun-go Mendiak}
Leskun-go mendien artetik silueta batzuk ezagunak egingo zaizkigu, Pirinioen beste isurialdeko mendizaleei ezagun askoak zaizkienak. Auñamendi /Anie (2.507 m) eta Countende (2.338 m). Le Billare (2.309 m). Hiru Erregeen Mahaia (2.444 m).
{Ansabereko orratzak}
Kareharrizko orratz handios multzo bat goititzen da Leskun-go zerurantz. Ia duela 100 urtez geroztik saiatu izan dira eskalatzaileak haitz guztiz bertikal hauetan, balentria galantak egiten eta Pirinio Mendietako urte liburuetara iristea ere lortuz, baina, baita hauen ondorioz batzutan heriotza ere gertuan izan dute.
{Ossau harana}
Aspe haranaren paraleloan, Ossau izeneko harana, Pirinioetako haranik pintoreskoena aurkituko dugu. Sakan, tontor, arrakala edo zulo konplexu gorabeheratsuen artean, bada bere handitasunagatik, ederresten duen edonor txunditurik uzten duen mugarri bat. Midi d’Ossau deritzana dugu, bere 2.885 m-tako garaierarekin, piriniar atlantikoko beste mendi guztien gainetik jartzen dena.
{Midi d’ Ossau tontorra}
Elezaharrak dioenez, tontor zorrotz horren itzala egunero artzaintxo baten bordako ate-ondoan jartzen omen zen... Artean inork laztandu ez zuen mendi enigmatiko ezin hartuzko horren gailurrera eskalatzeko gonbitea zen, inondik ere. Kontua da Ossau haraneko artzaintxo hark altxatzea lortu zuela behetik ederki asko ikus zitekeen harrizko mugarri bat Midi haren gainean. 1787ko uda zen, mugako igarobideak zeharkatzerakoan hainbeste saleroslek eta erromesek ikusia zuten mendiaren gaina menderaturik zegoen. Portalet-eko igarobidetik ikus daiteke Anéou-ko larreetan gaindi mendi honek goititzen duen harresi itzela.
{Pombie}
Anéou-tik ordu eta erdiko bidean ibiliz gerturatuko gara mendi aldera. Haren oinetan, bere presentziaren aurrean, ttiki sentituko gara. Muino bat zeharkatuta, 2.000 m baino gorago kokaturik dagoen Pombie-ko aterpera iritsiko gara; ibilaldi luzeak eta mendi eskaladak egin ondorenean atseden hartzeko lekura. Pombie-ko aterpea iboi baten ertzean dago, inguruko mendien irudia nola islatzen den sarritan ikusiko dugun iboi txikiaren alboan.
{Midi d’ Ossauko mendi-bidea}
Pombie-ko Aterpetik, hartxintxar-toki bat zeharkatu, eta Souzon-go lepo belartsura jotzen duen bidezidor seinalatu bat hartuko dugu. Hemendik bihurgune belartsuan gora igoko gara harkaizti alderantz. Eta hemen, ibilbidean abiatzearekin, zailtasunak hasiko dira, eskalatu beharrezko tximinia zorrotzetan barrena igo behar baita. Mendizale hasberriek soka beharko dute ibilbideari ekiteko, batez ere jaitsiera errazteko.
{Iboiak eta Peyreget Tontorra}
Midi d’ Ossau-rako ibilbide ohikoenetik abiatzeko ausardiarik ez dutenak, badute oso ibilbide erraz bat paraje honetaz gozatzeko eta bereziki, mendi honen gainetik ikusi litekeen panoramika bikaina. Pombie-ko Aterpetik Peyreget-eko iboietara igoko gara, sarrioak eta muxarrak sarri azaltzen diren iboietara. Apur bat gorago joan eta iristen da Peyreget lepoa. Leku honetatik hartzen da Midiko irudirik txundigarrienetako bat.
Lepo honetatik bidexka bat ezkerretara hartuta, harrapa dezakegu Peyreget-eko tontorra, garaieran ia 2.500 m dituena. Honen gaina harrapatuz geroz, atsedentxo bat hartu eta panoramika bikainez disfruta dezakegu eta Pirinioen alderdi honetako mendikate konplexu honek berea duen ikusmira bikaina ziurta dezakegu, gailurrek, haranek, harkaiztiek, iboiek eta abarrek eratzen dutena.
Pirinioaurreko mendiak
{Pirinioaurreko mendiak}
Jaka eta Huesca arteko lautadatan mendikate sail batek oraindik ere, Pirinioen zinezko atari modura, garaiera oso nagusi batzuk goitituko ditu. Santo Domingo, Oroel, Riglos, Loarre edo Guara mendikateak izango dira Pirinioak Ebroren sakonune handirantz igorriko duen azken samalda.
{Oroel Haitza}
Oroel Haitza, Jacetanian hondarturiko ontzi boteretsu baten antzeko azaltzen da, Pirinio aldeko mendikate gainean begiratoki ikusgarri bat eskainiz. Bere haitz gorriztak, baso trinko baten gainetik, nabarmen ageri dira ostertzean, Jacetaniako soroetatik 1.000 m-z goitik.
{Oroel Haitzaren mendi-bidea}
Jakatik Oroel-go begiratokirantz abiatuko gara. Hemendik, bidezidor ttiki bat sartzen da pinudian, eta gailurrera igoko aldapa piko batetatik. Beti irekia den bizkarretik barrena jarraituz, gailurraren koroa den gurutzera, 1.783 m-tara iristen da.
{San Joan de la Peñako mendia}
Oroel Haitzaren antzeko fisonomia duen batekin egingo dugu topo ekialderago, San Joan de la Peñako mendiarekin. Turistentzat mendi honetako gauzarik interesgarriena San Joan de la Peña monasterioa izango da. Aragoiko erresuman monasteriorik garrantzizkoena izan zen Erdi Aroan eta Grial Santuaren aterpetxe izatera heldu zela ere esaten da. X. mendean eraiki zen, antzinagotik eremutarrak bizi zireneko haitzulo handi baten babesean.
{Santo Domingo mendia}
Mendebaldera, San Joan de la Peña mendiaren saihetsetik jarraituz, Longas-eko bertikalean den Santo Domingo izeneko mendira iritsiko gara. Santo Domingoren ermita mendi hauen tontorrean bertan eraikia da, 1.500 m baino gehiagoko garaieran.
{Riglos-eko Malloak}
Gállego ibai harrotutik Huescako lautadarantz jaitsiz, nahigabe ere, Riglos Malloen haitz-pilaketa erraldoien aldera desbideratzen dugu begirada. Egiazko erraldoiak hauexek, 300 metro baino gehiagoko goitasunean. Buztin hauskorrez eginak dirudite, halako indar bitxi batengatik Riglos herrixkako baserriaren gainera erortzen ez direnak. Paisaiako halako bitxitasun batek eskalada zaleak erakartzen ditu batez ere, baina baita hauen sorrera eragin zuen indar geologiko izugarriak ulertzen ahaleginduz, euren buruak jasotzen dituzten bisitari ugari ere.
{Loarreko mendiak}
Riglos-eko Malloak mendilerro zabalago baten muturrean daude: Loarreko mendietan. Honen gailurreria, Gratal deritzana salbu, oso nabarmena ez bada ere, Loarreko gazteluaren monumentu-multzoa gertatuko da bidaiariarentzat deigarri. Aragoiko gaztelurik garrantzitsuena da. Nafarroako Antso III.a Gartzea Nagusiak eraikia izan zen, 1015 eta 1023. urte bitartean, musulman herriaren ahultasun aldia aprobetxatuz. Erromatarren aurrien gainean eraikia izan zen gaztelua eta 2.200 metro karratu zituen gotorleku baten zati zen, Huescako Hoya deituaren zaintza ahalbidetzen zuena.
{Guarako mendiak}
Hemen deigarrienak ez dira paisaiaren garaierak, bestela baizik, oraingo honetan, inola ere, sakanak edo amildegiak dira arroatan barrena jaitsiera zaleak erakartzen dituena.
{Sakanetatik jaitsiz}
Arroiletatiko jaitsiera “kirol-abentura” deitu jarduera-multzoaren barruan sartuko litzateke. Ibai bati bere ibilbidea eratzen dion sakan edo haitzarte batetik barrena jaistea da helburua. Jarduera honetan ibiltzeko ezinbestekoa da janzkera egokia. Batzuetan ibaiaren gorabeherak salta litezkeenak dira. Beti ere saltoaren altura zentzuzkoa denean eta beheko putzuaren sakonera saltorako adinakoa. Besteetan gorabeherak rapel teknikaren bidez jaisten dira, sokaz baliaturik.
Riglos-ko Malloak
[Hitzaurrea] Riglos-eko nekazari herri ttikiaren gainetik penintsulako monolito multzo pilaketarik ikusgarriena goititzen da; sona handiko Riglos-eko Malloak. Gállego ibaiaren ibar gainean ezin gehiagozko bertikaltasunean, zutik, biziki erakartzen ditu eskalatzaileak, mendizaleak edo turista soilak, eta ez ditu miresmenik gabe utziko, herriko baserriaren gainera erori nahiko balute bezala, makurtutako horma hauen edertasunak, gorri-nabar koloreko mutur meheek eta monolito zorrotzek.
Haitz mokor handi borobilduak, bolo deritzatenak, zementu buztintsu batez elkarri lotuak daude, harrizko eta buztinezko “krokantizko” jelatu erraldoiak bailiran. Multzoa berak oso sendo antzik ez izanagatik, horma historiko, eta Espainia mailan zailtasuneko eskaladaren benetako kabi horien berri, eskalatzaileek ongi emana dute.
Herriaren gainean, Pison Mallo makurtua da puskarik harrigarrien eta nabarmenena. Honi atxikita, Purua deritzan silueta mehea azalduko da, Pison hormatik apurtxo bat bereizirik dagoen 60 metrotako monolito bakana. Ezkerretara El Fire, harri mokor zorabiagarri eta izugarri bat ikus daiteke, zutarri titaniko baten pare. Hunkigarritasun gutxiagokoak ez diren hormak ere badira Riglos mendigunean.
[Historia] Riglosen egindako lehenbiziko eskalada Jean Arlaud-ek eta Piero Ghiglione-k 1929an Fire Malloan burututakoa izan zen, Fireko Buzoi Tontorra deiturikoa garaitu eta han bertan igoeraren marka utzirik.
1942ko abuztuan, zailtasuneko eskaladan aurrelari handia izan zen Ernesto Mallafré, katalanak, Francesc Blasi eta Joan Enric Bou lagun zituela Fireko bost muturren arteko beste batera igotzea lortuko du, egun Mallafré izena daraman haren gainera, hain zuzen. Fireko beste hiru tontorrak dira: Mateo, Montolar eta No importa. Azkenekora, 1946an Anjel Serónek ekinaldiren bat egin zuen.
Urte horretan bertan, apirilean, katalanen kordada bat, Jordi Panyella buru zuela, mendikatearen goi-lautadara iritsiko da eta Pison Malloaren gailurretik bereizten duen mendi-lepora jaitsiko. Lepo horretatik egingo dute lehen eskalada haitz bertikalaren tontorrera. Gerora Panyella berak, Jordi Casasayas lagun duela, oinarritik hasitako ibilbide oso bat irekiko du, Riglosen guztiz klasikoa dena: Pany-Haus-a. Tximia markatu eta zirraragarria igarotzen duen bide bat da, 1946ko ekainaren 26an, eskaladan zortzi ordu eman ondoren garaitu zutena.
Tentagarrienetako bat, halere, Puruaren eskalada da, baita Riglosek eskaintzen duen ederrenetako bat ere. Lehenengo saiatzearen data 1947koa da, Mariano Cored-ek lurretik 30 metrotara zegoela erorita, bizia galduko zuenekoa. 1950, Víctor Carilla-k, Ángel Seronek eta Fernando Millanek berriro erasoko diote hormari 1950ean, baina beste erorketa batean, 50 metrotatik jauzita, Carrillak bizia galduko du.
Panyella, Rosig, Hayas eta Salas katalanek osatutako kordadak berriz erasoko ditu Rigloseko haitz mokorrak 1953an, eta iritsi ere iritsiko dute Purua Pisonetik bereizten duen urkila. Halaz ere, jaitsi beharra izango dute ekiporik ez izateagatik. Ángel López "Cintero-k", Alberto Rabadá-k eta Manuel Bescos-ek gailurretik hamabost metrotara gelditu beharra izan zuten ekaitz batek derrigorturik. Beste saiatze berri batean gailurra iritsiko dute urte horretan bertan, uztailean; han bertan lo egin eta biharamunean jaitsiko dira.
Baina kordadarik gogoangarriena Alberto Rabadá eta Ernesto Navarro aragoarrek osatutakoa izan zen, Eigerren Ipar alderdiaren eskaladan hil ziren. Mendigoizale hauek izan ziren Naranjo de Bulnes-ko ipar alderdiaren lehen garaileak, Picos de Europan.
1960an irekiko dute Puruaren Iparreko Alderdia, eta hurrengo urtean, Riglos-eko biderik handienen eta sonatuena: Fireko muturra. Hargatik deitzen zaio gaur Rabadá-Navarro bidea. Eskalatzaile hauen oroimenez eta beren balentrien omenez, herriaren sarreran, oroigarrizko monumentu bat jarria da.
Pirinioak aukera edo ostertz berri batzuk erakutsi dizkigu eta bere elezaharretako historiaren ateak zabaldu. Midi d´Ossau bezalako gailur handiosen konkistatzaileak eraman zituen bentura izpiritu beraz kutsaturik, Riglos-eko Malloa bikainen aurka euren indarrak neurtzera eskalatzaile beldurtiak bultza zituen hark berak...
** ** ** ** ** ** ** ** ** ** ** ** ** ** **
Bideorako kredituak
«Mendiak» bildumaren multimedia berrargitalpena
Zuzendaritza: Enrique Ayerbe Etxebarria
Errealizazioa: Cristobal Baigorri
Gidoi literarioa: Javier Urrutia
Musika: Angel Enfedaque
Esataria: Kepa Cueto
Koordinatzailea: José León Huarte
Muntaketa: Puy San Martín
Soinuztapena: Sonora Estudioak
Produktorea: Etor-Ostoa S.L.
itzuli gora