Euskeran ere aukera duzu: Música, palabra e imágenes III
Prezioa: 90 € Erosi
Argitaratzailea
TESTUA ITZULI ABESTIARI
Agian, diagnostikoa ez da zuzena, edo ez da zuzena kasu guztietan eta erabat, baina uste dugu hala dela hein batean eta batzuetan. Diagnostikoa da gerta litekeela, eta gertatu ohi da, abesti bat entzuten ari garelarik, musika entzutea baina ez hitza; edo ez diogu erreparatzen, edo besterik gabe ez dugu ulertzen zer esaten duen, ondo esaten ez dutelako edo musikari egokitzeko hobeto esan ezin delako. Askotan, ulertzen dugu zer esaten den, baina ez zer esan nahi duen.
Beste batzuetan, ezin da ukatu hitza dela kantari «lotzen» gaituena eta hitzak eramaten gaituela musikara. Eta kasu horretan ere, gerta liteke hitz bakar bat izatea kantari zentzua eman diona gure intereserako eta oroimenerako; eta, agian, ez diogu arretarik jarri testuaren osotasunari, eta, agian, osotasunak izan zitzakeen guretzat beste interes eta plazer batzuk, eta agian beste zentzu batzuk, bestela ez bezalakoak.
Denoi gertatu izan zaigu batzuetan abesti bateko testu osoa buruz jakite.
Baliteke beharrezkoa ez izatea, baina liburu honen helburuetako bat da testuaren estatutua sendotzea abestian. Eta lehen aurreratutako diagnostikoan ezer zuzenik baldin bada, eta ez da harrokeria esatea, testuari buruzko arreta piztu nahi dugula esango dugu; testua abestira eta hitza musikara berriro itzultzen lagundu nahi dugu.
ALDARRIKATU HARTZAILEAREN JARRERA
Era berean, apal-apal, irakurle, ikusle, entzule hartzailearen jarrera aldarrikatu nahi dugu. Eta, goiko lerroetan bezalatsu, kontuz eta tentuz ibiliko gara honetan ere. Hartzailearen sormena nabarmendu eta indartu nahi genuke. Hartzaile eta entzule orok, ustez, obra argitaraezin eta berriak egiten baititu bere baitan: norberaren baitako santutegian sortzen diren obrak, «garrantzi gabeko» obrak, zabaltzen ez direnak, argitara ematen ez direnak, baina edozeinen sormenari eragiten diotenak.
Agerian da, ia edozein estimuluren aurrean, norberak eratzen duela bere baitan narrazioa, metatutako eskarmentuaren testuinguruarekin bateratzeko kanpoko datu hori eta zentzua emateko. Bada, hori horrela gertatzen da bereziki artearen sorkuntzan, abestietan besteak beste. Abesti bat entzunda, geure abestia ere sortzen dugu. Hori balioesteaz ari gara, esaten dugunean entzulearen jarrera sortzailea aldarrikatu nahi dugula. Gauza bera egin dugu beste batzuetan.
Eta esan dezagun bide batez barneko obra horiek ez direla materialak, euskarri sendoetan eginak, baina horrek ez du esan nahi iragankorrak direnik ere, aldagaiztasun maila handiz gorde baititzake oroimenak.
SUSTATU IRUDIMEN PLASTIKOA
Horrelaxe, bada, entzutean eta ulertzean hartzaileak sortu egiten baitu, irudimen plastikoak duen garrantzia nabarmendu nahi dugu, sortzaile horrek bere baitako bakartasunean egiten duen ekinaren irudikapena. Eta liburu hau sortzearen helburuetariko bat da harmen sortzailearen dimentsio plastikoa jorratzea.
ENTZUN, IKUSI ETA IRAKURRI
Otxoteen liburu hau Musika, hitza eta irudiak saileko lehen bi liburuetan jarraitu ziren planteamendu beren arabera egina dago. Haiek bezala, jarduera hauetako bakoitza hartzeko proposamen-eskaintza da; musika eta kantua, bakoitza berean hartuta, bere aldetik jorratzeko, eta, aldi berean, biak nahasteko proposamen-eskaintza da.
Irudikapenaren hiru elementu hauek nahasteak –musika, hitza eta irudiak– bide interesgarriak eskaintzen ditu, obra berriak sortzeko nahiz direnak birsortzeko eta nahasteko.
Liburu honetan ere, aurrekoetan bezala, gure funtzioa, eta gure eginkizuna, argitaratzaile garen aldetik, materiala biltzea izan da, eskuratzen duenak berak berriz sortu ditzan.
ETA SORTU ETA BIRSORTU
Asmoa da narrazioa doinuri eranstea, eta hartze aktiboa proposatzen dugu, nahita irekia eta arakatzailea; azken batean, hartze sortzailea. Horretarako honako hauek:
• Entzun-irudimena suspertu entzuten duenari; bizitzan entzun eta gorde duguna oroitu, antzekotasunak, aldeak aurkituz, asmamen-izpiak sortzeko.
• Irudia suspertu kontenplatzen duenari, oroimen plastikoa eta horren sormen osoa bizkortzeko.
• Prozesu arakatzaile eta sortzaile berak suspertu irakurtzen duenari.
Hitz batean esanda, norberaren baitako sormena suspertu, nork bere mundua eratzen aurrera egiten lagundu, mundu hori soilik izango baitu ezaguna, ulertuko duen bakarra, zorioneko izateko aukera eskainiko dion bakarra, gizakiak zorioneko izateko duen aukeraren araberakoa. Entzuten duena berea dela sentituko duen bakarra.
ENTZUN: MUSIKA ETA TESTUA
Abestietan, musika eta hitza nahasten dira. Testua eta musika nahastuta eskaintzen zaizkigu: doinuak ezartzen dion prosodiaz esana dago testua; eta bestera ere bai, testuaren halabeharrek baldintzatuta dago musika. Nahasketa horretan asmatzea kantarekin asmatzea da.
Abestia entzuteak musika sentitzea eskatzen du; musikaren bidez hunkitzea eta testua ulertzea, bizipenak eta sentimenduak sortzeko. Hori guztia prozesu konplexua da, non oroimena bizkortzen baita, aurreikuspena erne jarri, entzundakoaren proposamenen aurkakoak egin, esan gabekoaz ohartu, protagonisten jarduna epaitu, irtenbide alternatiboak proposatu.
Buru-jardueren uholdea eragiteko ahalegina da, buru-ekoizpenaren indar guztiak ekinean jarriko dituena, irudimen plastikoak ilustratutako barne-narrazioak artikulatzeko aukera mugagabeetara irekita.
DISKOAK
1.- Betiko kantak. Aukeraketa da, abesti- eta egile-mosaikoa, non bateratzea eta egokitzea ez baitira asko aldentzen folklorearen erreferentzietatik. Herri-musika duintzea da.
2.- Otxoteentzako abestiak, A. Madinarenak. Betiere euskal musika eta literatur tradizioaren barruan, Madina gehiago aldentzen da folklorearen erreferentzietatik, modernitate-borondatez.
3º- Lau haizetara. Otxoteen errepertorio orokor ohikoa aurkezten du, herrian arrakasta izan duten piezekin. Hautaketan, beste eskualde batzuetako eta beste joera exotikoago batzuetako kantak txertatu nahi dira, abesbatza errusiarrekiko eta beltzen espiritualekiko joerak eta antzekoak, Europako folklore ezezagunagoa adibidez (Kroaziakoa, esaterako).
4º- Lehiaketa. Otxoteen garai gorenera hurbiltzeko CDa da; armonizazioez eta interpretazioez jabetu eta gozatzeko. Birtuosismo-ariketak daude, zailtasunaren bidez eta bitartez zehaztasuna eta perfekzioa bilatzeko. 69ko otxote-lehiaketa tipiko bat jasotzen du.
IKUSI: IRUDIAK
Testua irudikatzeko ikus-materialak eskaini nahi dituzten irudiak dira ilustrazioak. Antzaz edo aldez, egokitasunez edo desegokitasunez, irudimenaren prozesua abiarazteko irudiak.
Kanta bakoitzean aurkezten ditugun irudiak oro har gaikako gidoia izaten dute eta jolasean dabiltza, hitz-ordenak, paralelismoak, antzekotasunak, aldeak eta abar sortzen.
Irudi heterogeneoak bildu ditugu eta askotariko jatorri eta estilokoak. Ahal den neurrian, jatorriaren erreferentzia ematen dugu: izenburua, baldin badute, eta haien testu txikia, ipuinen eta horien izenburuen ilustrazioen kasuan. Zehaztasun hau nahita egina da, askotan berezko esanahiak ez baitauka zerikusirik orain kokatzen den esanahiaren testuinguruarekin.
Baina leku eta inguru aldaketa horrek ez du esan nahi esanahia birsortu ezin denik, orain dauden testuinguru berrira egokituta. Horrela, agerian uzten da era praktikoan irudien izaera polisemikoa. Izan ere, etengabe, pentsamenduak iradokitzen digun testua ilustratzeko komeni diren irudiak ateratzen ari gara gure oroimenean biltzen diren irudien kutxa kaotikotik, une bakoitzean irudimenaren beharretara egokitutako esanahia birsortzeko oso prozesu bizkorrean.
Irudi horiek, agian, oraindik gorderik dituzte erantsita esanahiaren zamak. Baina oso neutralizatuta ere egon litezke, esanahi iraunkorrei eutsi arren.
IRAKURRI: TESTUA ETA COMENTARIOAK
Zenbait testu mota daude, abestiei laguntzeko.
Abestiak ulertzea eta arrazoitzea da liburu honen helburua. Esandakoaz gainera, hartzailea sendotzea da gure ahalegina, materiala eman ez ezik prestatu ere bai, entzuleak, irakurle kontenplatzaileak, eginkizun horietako bakoitza ondo egiteaz gainera haiek guztiak sumatze aberasgarri bakarrean bateratu ditzan. Bat-bateko hartzetik edo hartze pasibotik areago joan dadin laguntza.
Liburuan badira testuak abestia bera ulertzeko giltza ematen dutenak; izan ere, askotan, literaturaren formaltasunagatik edo zatikakotasunagatik soilik, ulergaitzak gertatzen dira eta oharkabean pasa liteke aberasgarri izan litekeen eduki bat.
TESTUAK
Honako hauek dira abesti gehienen lagungarriak:
1- Hasierako testu laburra, abestiaren zentzuaren eta edukiaren lehen berria ematen duena.
2- Abestiaren literatur testua eta haren itzulpena.
3- Iruzkin musikologikoa, oso teknikoa. Lehenengo eta bigarren CDen abestien eta gainerakoetako batzuen lagungarri. Abesti batzuek folklore-musikaren erreferentzia daukate, doinuaren partitura herri-itxuran emanda, eta, batzuetan, bibliografi aipamenak eskainiz.
4- Iruzkinak literatur ikuspegitik aztertzen du testua, esanahiak aurkitzen lagunduz.
5- Abesti askok literatur ekarpen askeak dauzkate, ospetsuek eginak, ustekabeko hemen eta orainean sortuak, egilea eta abestia topatu direneko bat-batekotasunean alegia.
LIBURU ZORROTZA
Hau ez da liburu erraza; ez dugu uste hala denik, eta asmoa ere ez da izan hori. Nolabaiteko kontzentrazioa, meditazioa, barneratzea, inplikazioa, eskatzen du.
Gainera, norberaren lana da musika eta hitzaren egokitzapena eraginkortasunez eta norberaganatuz egiteko eginkizun magikoa.
itzuli gora