Euskeran ere aukera duzu: Fauna del País Vasco II
Prezioa: 90 € Erosi
Ornodunen artean, hegaztiek osatzen dute ongien bereiz daitekeen taldea. Aireratzeak, hau da, hegan egin ahal izateak haien eboluzioa baldintzatu du bete-betean, eta gaitasun horrek oso ezaugarri homogeneoak izan ditzaten eragin du.
Agian, egungo hegaztiak dira orain arte hobekien ikertu den animalia-mota. Bestalde, hainbat arrazoi direla-eta, aski ongi ezagutzen dira, baita adituen ez diren artean ere: hegazti-espezie gehienek eguneko bizitza izatea (gizakiaren antzera, ikusmenaren mende daude, funtsean), batzuen txio deigarria, besteen hegalen kolore biziak, pizten duten interes zinegetikoa eta abar. Izan ere, hegaztiak anfibio edo narrastiak baino hobeki ezagutzen ditugu.
Hala, hemen ematen zaigun lekua aprobetxatuz, gogoeta orokor batzuk egingo ditugu, irudietako azalpenak eta Euskal Herrian habia egiten duten espezieen banaketa biltzen dituen koadroa modu argiagoan interpretatzen laguntzeko.
Ornodun kontinentalen espezie gehienak lurralde-muga nahiko txikien barruan jaio eta igarotzen dute bizitza. Hartara, herrialde baten berezko fauna osatzen duten espezieak katalogatzeko orduan, konpondu beharreko arazo bakarra bertakoak eta gizakiak sartu dituenak (ongi egokituta eta tokiko bizi basatian guztiz txertatuta egonik ere) bereiztean datza.
Hegaztien kasua, baina, desberdina da. Hegan egiteko gaitasunak toki batetik bestera mugitzeko erraztasuna ematen die. Gaitasun horri esker, eremu zehatz batean umatzen diren espezieak, gero, jaio diren tokietatik oso urrun dauden eremuetan aurki ditzakegu. Espezie askok bidaiak egiten dituzte aldian-aldian, eta, urte-sasoiaren arabera, mila kilometrora dauden tokietara aldatzen dira. Toki horiek, batzuetan, beste kontinente batean daude.
Adibide klasiko gisa, txirri grisa aipa dezakegu. Espezie horrek Eurasian eta Iparramerikan egiten du habia, eta migrazio-bidaia luzeak egiten ditu, ia mundua osoa, Antartida salbu, zeharkatuz.
Fenologia
Herrialde bateko hegazti-faunaz hitz egiten denean, oro har, termino horrek lurralde-eremu horretan urte-sasoiren batean ikus daitezkeen espezieen multzoa hartzen du barne.
Sedentarioak
Multzo horren barruan, eperraren edo arrano beltzaren moduko hegaztiak daude. Hegazti horiek gure artean umatu eta urte guztia igarotzen dute hemen. Lurralde handiagoan edo txikiagoan bizi daitezke, baina ez dira jatorrizko herrialdetik mugitzen; ondorioz, hegazti horiei sedentario deritze.
Udatiarra
Beste espezie batzuk, berriz, enara arrunta eta kukua kasu, udaberrian etortzen dira, gure artean umatzeko, eta uda bukatu edo udazkena hasten denean, hegoalderantz jotzen dute, negua klima epelagoko lurraldeetan igarotzeko. Hegazti horiei udatiar deritze.
Euskal Herriko kokapen geografikoa dela medio, negu nahikoa epelak ditugu, eta, horregatik, Europa erdialdean eta ipar-mendebaldean umatzen diren espezie asko gurera etortzen dira urteko sasoirik hotzena igarotzera.
Negutiarrak
Hori da, esaterako, birigarro txikiaren edo negu-txontaren kasua. Espezie horiek urritik aurrera iristen hasten dira, eta, negua igarotakoan, martxoa aldera, alde egiten dute. Hegazti-talde horri negutiar deritzo.
Migratzaileak
Azkenik, espezie batzuek, antzarrak edo kurriloak kasu, gure lurraldea zeharkatu besterik ez dute egiten beren migrazioetan. Gehienez ere, geldialdi laburrak egiten dituzte Euskal Herrian, atseden hartu edo janaria bilatzeko. Espezie horiek paseko hegaztiak edo migratzaileak dira.
Aipatutako lehenengo bi kategoriek, hots, hegazti sedentarioek eta udatiarrek, osatzen dute herrialde batean habia egiten duen hegazti-fauna.
Hegaztiak zoologiaren eta geografiaren aldetik aztertzeko orduan, hegazti adierazgarrienak, lurraldeari estuki lotuta daudenak –hau da, fideltasun handiena diotenak– eta, oro har, denbora luzez geratzen direnak izan ohi dira kontuan.
Hurrengo orrietan, bada, gure zelai, baso eta hirietan bizi den hegazti-faunari buruzko ikuspegi zabala ematen saiatuko gara. Ikuspegi hori, jakina, ezin da oso zehatza izan.
Beste une batean aztertuko ditugu zehatz-mehatz hainbat talde berezi (uretako hegaztiak eta itsas hegaztiak), gure ustez morfologiaren, egokitzapenaren eta ekologiaren aldetik beste giro batzuei lotuta baitaude.
Ingurumen-eremuak
Obra honetan aztertutako eremu biogeografikoa nahiko txikia bada ere, hainbat elementu topografikok eta klimatikok bat egiten dute, eta horrek ingurumen-aniztasunari eragiten dio. Aniztasun hori, bada, hegazti-faunan ere islatzen da.
Beraz, esaterako, goi-mendietako berezko espezieak ditugu. Espezie horiek gehienak Pirinioetako eremura mugatzen badira ere, batzuk Euskal Herriko mendietaraino iristen dira. Estepako hegaztiak ere aurki ditzakegu.
Espezie horiek basamortua diruditen basorik gabeko eremuetan bizi dira.
Kantauriko eremuko hegaztiak Iberiar Penintsulako iparraldeko zerrendan soilik aurki daitezke. Klima ozeanikoko lurrak dira, eta pagadi eta hariztiak dituzte.
Azkenik, Mediterraneoko eremuan, izen bereko klima duten eskualdeetan bizi diren espezieak sartzen dira.
Aberastasun hori paisaien eta ekologia-egoeren aniztasunaren isla da. Gizakiak, dena den, aberastasun horretan esku hartu du mendeetan zehar, eta naturaren beraren egiturak murriztu ditu. Izan ere, hari leporatu behar zaizkio Euskal Herriko hegazti-faunan historian zehar izan diren aldaketak.
Migrazioa
Hegaztien migrazioak ikertzaileak eta pentsalariak harritu izan ditu modu nabarmenean, zientzia-jakintzaren sorreratik bertatik.
Urtez urte hegaztiek udazkenean alde egin eta udaberrian itzultzen zirela modu enpirikoan behatzeak jakin-nahia zuen pertsona oro akuilatu zuen fenomeno hori azal zezaketen hipotesiak egitera, Grezia klasikotik hasita. Naturalista handiek egindako hipotesietako batzuek irribarrea pizten digute gaur egun, hala nola espezieak beste espezie bihurtzen zirela edo zingiretako lokatzetan sartzen zirela negua igarotzeko, baina, garai haietan ere, ahalik eta modu arrazionalean erantzun nahi izan zieten galdera txundigarriei.
Ornitologiaren garapenak eta ikerketa-teknika egokien ekarpenak (eraztunak ipintzea, adibidez) bide eman digute aurreko zalantzei modu eraginkorrean heltzeko.
Oro har, zerk bultzatzen dituen, bidaiaren ibilbideak eta jarraibideak, negua igarotzeko eremuak edo bizirauteko eremuak ezagutzen ditugu.
Hala eta guztiz ere, eta paradoxikoa badirudi ere, zenbat eta misterio gehiago argitu, orduan eta galdera gehiago agertzen dira, eta, tamalez, aitortu behar dugu horietarako erantzunik ez dugula.
Egokitzapen-sistema
Eboluzioaren aldetik, migrazioa egokitzapen-sistema bat da. Lurreko zerrenda epeletan elikadura-baliabideek urte-sasoien arabera dituzten gorabeherei aurre egiteko sortu dute sistema hori.
Udaberria-uda-udazkena-negua zikloen ondorioz, sasoi batzuk ez dira landare-ekoizpenerako egokiak. Hartara, hegaztiak eremu horietan geratuko balira, zailtasunak izango lituzkete biziraun eta elikatzeko.
Badirudi hegaztiek migraziorako duten joerak oinarri genetikoa duela. Dena den, ingurumen-egoerak determinismo hori baldintza dezake.
Migrazioa hegaztiek soilik egiten ez badute ere, hegaztiek muturreraino garatu dute, hegan egiteko gaitasunak mugitzeko ematen dien erraztasunari esker, noski.
Ehunka milioi hegazti umatzen dira Mendebaldeko Paleartikoa deritzon eskualde biogeografikoan, eta, gero, urtero, Europa epelera, Mediterraneo aldera edo Saharaz Hegoaldeko Afrikara abiatzen dira negua igarotzera.
Negua azken eremu horretan igarotzen duten espezieak «ibilbide luzeko migratzaileak» dira;
Mediterraneoan geratzen direnak, berriz, «ibilbide laburrekoak» dira.
Espezie beraren barruan, hegazti migratzaileak eta sedentarioak egon daitezke. Horiei «migratzaile partzial» deritze.
Bidaia gorabeheratsua
Hegaztiek oztopo fisikoak gainditu behar dituzte beren bidaietan, hala nola mendikateak edo itsasoak. Horregatik, hegazti asko korridore edo itsasarteetan pilatzen dira, bidaia errazte aldera.
Euskal Herria Pirinioetako zatirik lauenaren eta Bizkaiko Golkoaren artean kokatuta, eta garrantzi bereziko migrazio-bide baten barruan egotea dakar horrek. Euskal Herriko mendateak eta kostaldea oso leku aproposak dira, dagokion egunetan, hegazti migratzaileak ikusteko. Egun zehatz batzuetan, ikuskizun bikaina dago, eta ornitologo eta zale asko biltzen dira.
Gramo gutxi batzuk pisatzen dituzten txori txikiek milaka kilometrotako bidaiak egin ahal izateko, estrategia energetiko bereziak sortu dituzte. Estrategia horiek txundigarriak dira fisiologiaren ikuspegitik. Aste gutxi batzuetan, gantz-erreserbak metatzen dituzte. Erreserba horiek hegaztiaren guztizko pisuaren % 40 dira, eta mendiak eta herrialdeak gurutzatu eta jomugara iristeko bide ematen diete.
Espezie bakoitzak sistema bat lehenesten badu ere, hainbat metodo nahasten dituzte orientatzeko: ikaskuntza eta ikusmenezko oroimena, Lurraren eremu magnetikoa ezagutzea eta Eguzkia eta izarrak non dauden kokatuta jakitea, adibidez.
Migrazioa hegaztien biziraupena areagotzeko egokitzapen-erantzuna da. Hala eta guztiz ere, bidaia gertaera gorabeheratsua da eta asko hil egiten dira. Gizakiak paisaian egin dituen aldaketa txikiek zein handiek atsedenleku eta indarberritzeko leku gabe utzi dituzte hegaztiak. Baina, espezie horiek gizaki guztien ondare diren aldetik, munduko herrialde guztien erantzukizuna da hegazti migratzaileak zaintzea, haientzako garrantzitsuak diren biotopoak babestuz, ehiza arautuz eta ikerketa sustatuz.
Izan ere, haien presentziak gogorarazten digu naturak ez duela mugarik, eta Lurra haiekin eta beste izaki eta pertsona guztiekin partekatzen dugula.
itzuli gora