Euskeran ere aukera duzu: Fauna del País Vasco IV
Prezioa: 90 € Erosi
Ibaia ekosistema zabala da, organismo eta komunitate ugari dituena. Ibaian aurrera egiten dugun heinean, alde batetik bestera egitean, ibaiaren garapen-maila handituz doala ikus dezakegu.
Sistema bizia eta dinamikoa da, beraz, eta, askotan ur-laster soil bat besterik ez dela uste badugu ere, ibaien errealitate biologikoa askoz ere konplexuagoa da. Izan ere, ibaien ekosisteman bizidun ugari dago, eta haien bizitza eta garapena ibaiaren mende daude.
Urak materia organikoa eramaten du etengabe alde batetik bestera, eta inguruko lurrarekin eta airearekin duen harremana oso estua da. Ibai-ekosistemak, bestalde, energia-iturri aparta du: ur-lasterra.
Ikusiko dugu ekosistemaren konplexutasun-maila desberdina dela goi-ibarrean eta ibai-ahoan.
Ibaien sorburu diren erreka txikiak ur-laster aldakorrak dira eta ur gutxi daramate; ekosistema oso sinplea dute eta espezie gutxi bizi da han.
Urak behera egiten duen heinean sistemaren konplexutasuna handiagoa da.
Ibai-ahoan aurkitzen dugu ibai-ekosistema, ur gazikaretara iritsi baino lehen dagoena, garapen handieneko gunea da.
Ibaiaren ibilbide osoan, ibaiertzek garrantzi handiko eginkizuna dute. Izan ere, ur-bazterreko landaretzak edo galeria-basoak eta landare artean bizi den faunak etengabe babesten eta elikatzen ditu hainbat espezie. Ibaien baliabideak erabiltzen dituzte espezie horiek, eta ibai-ekosisteman bizi dira.
Uraren kalitatea, galeria-basoaren egoera, eta goi-ibarraren nahiz arroaren kontserbazio-egoera hobea den heinean, ibaia ere egoera hobean egongo da: ondo egituratutako komunitateak izango ditu eta, eskuarki, espezie ugariren bizileku izango da.
Ibaiak ur-bazterrean landaretza eskasa badu edo landaretzarik ez badu, arroa aldatu egin bazaio edo kalitate kaskarreko ura badu, espezie gutxi izango ditu. Kutsadura-maila oso handia denean ere, ibaian ez dago inolako bizirik.
Ibai-paisaiari begiratzean, lehen sentsazioa da tokiaren edertasunagatik eta uraren indarragatik txundituta geratzea, baina behatzaile zorrotzenak berehala ohartuko dira ibaiaren inguruko eremuak berezitasun batzuk dituela. Ezaugarri bereziak eta izaki bizidun bereziak ikusiko ditu, landareak nahiz animaliak, ibaiertzetik metro batzuk harantzago existitzen ez direnak.
Gainera, ibai-ekosistemaren barruan ere desberdintasun handiak egon daitezke kokapenaren arabera, hau da, ekosistema mendi aldean, lautada zabal batean edota itsasotik gertu egoteagatik, nahiz eta guztiak ibai-ekosistema osatu.
Altitude ezberdinetako inguruen ezaugarri geografiko, klimatiko eta geomorfologikoek baldintzatzen dute ibaiaren izaera eta ibilbidea, eragina baitute hainbat parametrotan:
- maldaren gorabeheran,
- ibilguaren zabaleran,
- hondoaren granulometrian
- ibaiertzeko landareen ezaugarrietan.
Aldi berean, ezaugarri horiek eragin nabarmena dute urak, ekosistemaren muinak, izango dituen berezitasun kualitatiboetan:
- ur-lasterraren abiaduran,
- uraren tenperaturan
- eta oxigenazioan eta abarretan.
Azkenik, eboluzioak eta selekzio naturalak bereizi eta hautatu ditu hainbat espezie, ibaietako goi-ibarretik ibai-ahora arte sortutako inguru eta habitat desberdinak kolonizatzeko eta ustiatzeko.
Ibaiaren ibilbidean, iturburutik ibai-ahora dauden altitude-aldaketak direla eta, hainbat sailkapen egin ohi da ibaiaren gune ezberdinak bereizteko.
- Kasu batzuetan baldintza geografikoak eta altitudea hartu dira kontuan (goialdea, erdialdea, behealdea eta estuarioa),
- beste batzuetan irizpide iktiologikoak dira oinarri (amuarrainen aldea, ziprinidoen aldea eta mugilidoen aldea)
- irizpide ekologikoak (crenon, rithron eta potamon).
Oro har, nolabaiteko paralelismoa dago sailkapen horien guztien artean, eta guztiak ere «ibaien zonifikazioa» dute helburu.
itzuli gora