Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Euskal Herriko paisaietan zehar (1)

Egileak:

  • M.Ainz Ibarrondo,
  • P.Arriola Aguirre,
  • R.Galds Urrutia,
  • J.Juaristi Linacero,
  • G.Meaza Rodrguez,
  • O.Ormaetxea Arenaza,
  • M.Porcal Gonzalo,
  • E.Ruiz Urrestarazu,
  • A.Ugalde Zaratiegi

Euskeran ere aukera duzu: Euskal Herria en sus paisajes

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Euskal Herriko geografia

Hitzaurrea

Zuzendaritza eta Argitarapena: Guillermo Meaza Rodriguez

Irakurle, eskuetan duzun liburu hau Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia Sailean irakasle diren batzuek landua da. Lana oraino proiektu fasean aurkitzen zenean, gogo handienez egitekoa bere gain harturik zuen pertsona horietariko baten heriotza etorri zen: Felix M. Ugarte Elorza. Obra honen eginkide denez, materiala ez baina bai morala, berari eskaini nahi diogu oparitzat, haren lankide, lagun eta adiskide izateko zoria izan genuenok.

Lanaren burutzapenean aurrera gindoazen heinean, eskuartean genuen bolumen hau "Euskal Herriko Geografia" oso baten lehen atal izatearen ideia, aurkeztearena, gorputz hartzen joan zen, ez baita txantxetakoa gure herrian egun daukagun hutsunea, bai zientziaren bai eta pedagogiaren aldetik. Argitarapen proiektu handiosoa da, hainbat aletan banaturik (2 ale Ingurune Fisikoa, 4 Giza Ingurunea eta Atlas bat) Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia Sailak burutu asmo duena, espezialista talde zabal baten lankidetzarekin, hots, euskal lurraldeko errealitate fisikoa nahiz giza errealitateaz jakitun adituen bitartez.

Lehen ale honen helburua, paisaia errepresentatiboen andana zabal baten bitartez, Euskal Herriaren orijinaltasun eta aniztasun geografikoa aurkeztea da. Alabaina, "paisaia" terminoak adiera desberdinak izan ditu eta ditu: batzuek alderdi estetikoak soilik dituzte kontutan; beste batzuek, ordea, zientziaren bidetik jotzen dute, hauen artean geografiaren adiera duena, eta paisaia orduan lurralde jakin batetan, Euskal Herria gure kasuan, ingurune fisikoa eta giza ingurunearen arteko interdependentzi sistemaren adierazpen bisual eta sintetikotzat kontsideratzen da.

Geografi paisaiaren azterlanean, esan gabe doa, ingurune fisiko nahiz giza ingurunearen osagaiak arakatzen direla. Lehena bere agerpen bisualarengatik eta sistemaren egituraketari buruzko adierazle delako. Bigarrena ezin dugulako paisaiaz ihardun gizakia, beraren onuradun izanik, eta berebat eraldatzaile, kontutan hartu gabe. Horregatik dira aztergai gertatzen, inguruneari egokitzearen eta berau eraldatzearen ikuspuntu historiko batetik hartuta, zoruari emandako erabilpen desberdinak, eta horrek erakusten du paisaiaren bilakaera ulertzeko bidea eta gisa honetan trataturiko paisaiak bere baitan dakartzan balore historikoak arduraz jasotzekoa. Dena den, gizakia ez da ingurune fisikoarekiko harremanetan soilik aztergai; aztergai dira baita, paisaiak horretarako bide ematen duenez gero, populazioan eta honen ihardueran izandako giza interdependentzia sintetizatuak ere, iharduera hau landa eta hiriaren egituran, komunikabideen azpiegituran, etab. azaltzen delarik.

Paisaia batzuk beren balore morfologikoengatik nabarmentzen dira, esaterako landaretzaren tapiza, nekazal izaera duen ala hiritar izaera, etab. Halatan bada, paisaiaren elementu artikulatzaileek nagusiki taiuketa "naturala" edo "kulturala" izan dezake hark balore multzo bat dakarte berekin eta baliabide bat, eta ondare bat, zeinaren bilakera historikoa, egungo egoera eta kudeaketarako jarraibideak ere Geografiaren ikuspuntu integratzailetik aztergai diren.

Adierazpen bisualaren aldetik eta sistema baten eskenategi sintetiko legez hartzen badugu paisaia geografikoa, metodo baliagarria da argazkien erabilera, eta ez bere interpretaziorako soilik, baita baliabide didaktiko bezala ere. Erabilpen honek sistemaren konplexutasuna erabat beteko ez duen arren, hagitz handia da jasotzen duten informazioa. Zentzu honetan aipatu beharrekoa da zeiharka airetik ateratako argazkiek, zutikakoek ez bezala, bolumenen ezaugarriak, altuera eta argitasuna, neurri handi batean, gizakiaren ikuspegiarekin ia bat etorriz, paisaia gisaz atzemateko bidea ematen dutela.

Ideia guztiokin batera, lanerako eskema bat diseinatu dugu, besteak beste, hautaturiko kokapen paisajistiko bakoitzaren berezitasun geografikoan, hiru elementu osagarri biltzen dituenak:

Irudi fotografikoa, objetibotik altuera sobera handia gabe ateratakoa. Halako eta beste halako argazki hautatzeko irizpideen artean, geografiaren aldetik adierazgarri izateari eman zaio lehentasuna eta ikusgarri izatearen gainetik eman ere; binomio bat gertatzen da funtsean, baina beronen bi alderdiak, irakurleak egiazta ahal izango duenez, derrigorrean bata ala bestea baztergarri ez izateko eran. Horregatik, zenbait kasutan, oso konbentzionalak ez diren aspektuak erakusten dituzten irudiak hautatu dira eta guztiz egiazkoak eta adierazkorrak direnak eskuartean den paisaia esparruari dagokionean.

Krokis eskematikoa, argazki oinean, non beraren funtsezko zirriborro geografikoa zehazten den. Diseinu grafikoak erreferentzia toponimikoak eta numerikoak dakartza, errealitate desberdinen kokapena eta irakurleak arreta gehien jartzea interesa duten fenomenoak biltzen ditu.

Irazkin geografikoa, xumea izan arren aski ongi dokumentatua, egileak fotografiatu eremuaren nortasun geografikoaren ulermenerako funtsezkotzat jo dituen giltzarriak aurkezten direlarik. Testuak berak badakar erreferentzia numerikorik, arestian aipatu legez, eskema grafikoan seinalatzen diren alderdi zehatzetara igorriz. Zenbait termino zientifikoen esanahia liburuaren azkenean agertzen den glosarioan kontsultatzeko aukera ematen da testu honetan duen adiera zehatzean, eta liburua berebat kronologia geologikoaren koadro eskematiko batekin hasten da.

Edozein elkarlanetan gertatu ohi den bezalaxe, espezializazio eta inguruneari buruzko ikuspegi desberdinak tartean direnean, esan beharrik, gauza nabaria da interpretazioen aniztasuna ere. Hori, ordea, iruzkin tipologia aberastera heldu da eta enfoke nahiz eginbide eskemak ekiditera, eta aldi berean irakurleari errealitate geografikoaren berezitasun formanitzari aurre egiteko aukera ematen dio eta komenientzia. Alabaina, proiektuaren koordinaketa lana zuzendari batek hartu du bere gain, beti ere egileen autonomia errespetatzeko bidea eginez.

Lurraldearen puntu desberdinei buruzko elementu bereizgarrien azterlanak, eta berauen arteko harremanenak, ikuspegi geografiko batetik jakina, agerian ipintzen dute Euskal Herriko paisaien aniztasun itzela, eta are, hedadura hain txikiko lurraldea dela kontutan hartuz (20.000 km2 baino zerbait gehiago). Fenomeno hau bere kokapenari hertsiki loturik eta zeinu txit desberdinetako ingurune gradientetako bidagurutzean dagoelako da: atlantiarrak, mediterranearrak, kontinentalak eta goi mendikoak. Baina hauetariko bakoitzaren barrunbe espaziala azkarki baldintzaturik dugu lurraldearen taiuketa morfologikoaren ondorioz. Izan ere, mendiko lerrokapen nagusienen norabide zonalak espazioa zerrenda anbiental eta paisajistikoetan zatibanatzen du, nabarmenki paraleloak direnak, zeintzuk, iparretik hegora, liburua egituratzen den 6 eskualdetako eremuak taiutzen dituzten:

Itsasertza, Kantabriako mugatik eta Landetako lehen hareatzak bitarterainoko guztian gure kostaldeak profil gakotua marrazten du, oro har, altua eta gutxi artikulatua, horzkada eta hondartza urrikoa.

Haran eta Mendi Atlantiarrak, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako lurralderik gehienak, IM Nafarroa hezearen hein handi bat eta Arabako iparraldeko zenbait haran biltzen dituzte.

Kantauri-Mediterranear Banalerroko Mendiak, zeintzuk, mendebaldetik ekialdera, herrialdeko mendizerrarik eta gailurrik garaienak taiutzen dituzten, Nafar Pirinioaren ekialdeko muturrean, 2.400 m.ko altuera gainditzeraino.

Haran eta Mendi Azpiatlantiarrak, mediterranear isurialdean, arabar-nafar erdialdea taiutzen dutenak, non banalerroko mendien haizabehera izan arren, oraino kantauriar giroaren eragina senti ohi den.

Haran eta Mendi Azpimediterranearrak, zeintzuk lurralde burgostar eta aragoarretatik, eskualdeko eremu zabal batetan barna luzatzen diren, eta hortxe sartzen Arabako Mendi eta Haran multzorik handiena, bai eta Nafarroa Erdialdearen zatirik nagusiena ere.

Ebro Sakaneko Mediterranear Ingurunea, "Kanpoko Mendizerrak" deiturikoen hegoaldera, Nafarroako Erribera eta Arabako Errioxa hartzen dituelarik.

Halatan bada, 6 eremu geografiko hauek aski ongi biltzeko helburuarekin 73 paisaia-esparru hautatu dira. Horrek, hala ere, ez du esan nahi eskualde bakoitzeko irudi fotografikoen kopuruari buruz nahitaezko oreka bat dagoenik. Izan ere, azterlan puntuen banaketa egiterakoan kontutan izan dira lurralde zabalpenaren irizpideak, baita ere ingurune fisiko eta giza ingurunearen interes eta konplexutasun irizpideak. Esan beharrik begien bistan gertatzen direla desberdintasunak, nahiz eta neurri batean oreka bilatzeko bidea egin den, argazki-hartze batzuk altuera oso handitik burutuak baitaude eta aldi berean eskualde-ingurune bat baino gehiagoko ikuspegiekin. Premisa hauetatik abiatuz ongi uler daiteke Lurralde Historikoka egindako kokapen banaketa, Euskal Herri Kontinentala salbuetsiz, eskuarteko argitalpen honetan ez baitago sobera errepresentatua, besteak beste, airetik zeiharka ateratako argazki bilduma oparo bat izateko eragozpenaren kariaz.

Irakurleak azterlanaren puntu bakoitza egoki koka lezake ondoko mapan, bertan aurkitzen baitira fotografiaturiko 73 kokapenak. Puntu hauek, bakoitzari dagokion zenbaki batez identifikaturik, orientazio-gezi bat daramate argazkia zein angelutatik hartua dagoen jakinarazteko.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1 C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003