Euskeran ere aukera duzu: El relieve
Prezioa: 87 € Erosi
SARRERA OROKORRA
MAPAK. MUGAKETA ADMINISTRATIBOA, UDALAK ETA KOMARKAK, KOMUNAK ETA KANTOIAK.
Eugenio Ruiz Urrestarazu
LURRALDE ANITZA ETA DESEGITURATUA
Euskal Herria alegiazko herria da, euskaldunen bihotzean ez bestetan existitzen dena. Egun duen artikulazio funtzionala kontuan izanik, ezin da lurralde geografikotzat hartu. Kanpoko muga natural garbirik ez du, bere lurralde-egitura zenbait area fisikotan zatikatua dago eta bere heterogenotasun ekonomikoa, soziala eta kulturala administrazio desberdinetan banatuta dagoelako ematen da.
Bere eraketa fisiografikoan sakonune tektoniko zabalak tolestadura-katea piriniarrarekin batera agertzen dira, edota alpetar erako erliebeak lautada edo mendi ertainekin. Distantzia laburrean kostaldeko klima ozeanikotik barnealdeko mediterraniarrera pasatzen da ingurune mailakatu zehatzetan zehar; hau, landaretza ugarian antzematen da eta nekazal paisaje desberdinek balioztatzen dute. Ingurugiro-mosaikoa aberastasun handikoa da. Baina ingurune fisikoan uniformetasunik ez izateak ez du esan nahi, derrigorrez, herrialde-koherentziarik ez duenik. Alderantziz baizik, lurralde askok ingurune eta baliabideen osagarritasunean oinarritzen du bere batasuna. Espazio bat artikulatzen duen faktorea, giza faktorea da; honek ematen dio koherentzia eta elkarmenpekotasun funtzionala prozesu historikoen bidez eta eraketa ekonomi, gizarte eta administrazio eraketaren bidez.
Erdi Aroko epe labur batean izan ezik, Euskal Herriko herrialdeek euren historian zehar ez dute inoiz batasun politikorik izan. Era berean, gaur ere eite politiko-administratibo honek nabarmentzen du hobekien barruko banaketa. Geopolitikak erakusten digunez lehen zatiketa eta nagusiena Espainia eta Frantzia arteko nazioarteko mugak eragiten du; izan ere, bi multzo oso desberdindutan banatzen baitu herria. Iparraldean, estatu frantses zentralistaren barruan, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa probintziek ez dute inolako ezagutza administratiborik ez batera, ez bakoitzak bere aldetik. Pirinio Atlantiarreko departamentuari dagozkio, honek hiriburua Pabeko hiri biarnotarrean ezarria duelarik. Europear Batasunetik sortutako lurralde-antolamenduko politikari jarraiki, estatu frantsesak eskualdekatze-prozesu bat burutu zuen, eta honen arabera departamentu hau Akitaniaren barruan geratzen da beste lau departamentu frantsesekin batera. Hegoaldean egoera oso bestelakoa da eta alderantzizkoa dela ere esan dezakegu, izan ere estatu espainiarrean dagoen espazio honen ezaugarria zatikatze politiko-administratiboa baita. Espainiako 1978ko Konstituzioaren ondorioz deszentralizatze-prozesua eman zen lurralde-antolamendurako erakunde autonomikoak sortuz. Alde batetik, lehendik Euskal Herriko probintziak bezala ezagutzen ziren Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiak Euskal Autonomi Elkartea osatu zuten eta, Antzinako Nafarroako Erresumako zati penintsularrak, aldiz, Nafarroako Foru Elkartea. Euskal Autonomi Elkartearen barruan, 1983an probintzialtasun sentimentu berezizaleen ondorioz sortutako Lurralde Historikoen Legeak Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia ugari Foru Aldundien esku utzi ditu, hauek probintzia hauetan historikoki sustrai sakona izan duten gobernu-organoak direlarik. Instituzio-panorama benetan konplexua da: bi estatu, hiru herrialde, departamentu bat, lau probintzia...
Euskal Herri penintsularreko herrialdeei dagokienez batik bat, aipatu konplexutasun hau prozesu historiko baten ondorio da, behin eta berriro lur hauen eite sozialik ezaugarrienean eragiten duena: bere berezitasun eta barne-desartikulazioa. Lurralde kontinentalari dagokionean, Iraultzak tradiziozko instituzio sozial eta politikoen aztarna guztiak urratu zituen 1790ean Behe Pirinioetako departamentuan sartu zuenean; honek 1969an Pirinio Atlantiarrak izena hartuko zuen.
Zatikatze fisiko eta politiko honi aniztasun ekonomikoa eta lurralde-antolamenduena erantsi behar zaio. Pirinioz iparraldeko probintziek garapen ekonomiko urria izan dute eta hori era askotan adierazten da: industri oinarri eskasa, hiri handirik eza, zerbitzuen eta batik bat turismoaren betekizun nagusia, nekazal ihardueren garrantzia. Honi guztiari kontrajarriz, bere ondasunetako bat ingurune atseginak irautean datza. Bizkaia eta Gipuzkoa probintziak herrialde industrial zaharren paradigmak dira: biztanle-dentsitate handia eta hirietako kontzentrazioa, sektore-desoreka bizien herentzia baina baita ekimenen eta heziketa tekniko eta enpresarialarena ere, industri birmoldaketa prozesu gogorrak, ingurugiroaren hondamena. Hegoaldeko bi probintziatan, Araban eta Nafarroan, lehen industri iraultza gauzatu ez zenez, denboraren joanean bertako garapena baztertua geratu zen. Hirurogeigarren hamarkadako garapen-uhinak harturik, lehen aipaturiko espazioekin parekatuta, erdibideko ezaugarriak dituzte. Probintzia hauetako biztanlegoa hazi egin zen baina dentsitate apalekin jarraitzen dute, nekazal eskualde sakonetan oso txikiak baitira; hirien gorakada kantauri aldeko probintzietan baino txikiagoa da eta nezakazaritzaren pisua handiagoa, eta bere industria gazteagoa da, besteak beste.
Panorama nahasi honek bere alderdiak aniztu egiten ditu pluraltasun sozial eta kulturalaren aurrean. Oso kultura desberdinak dituzten bi mundu banatzen ditu mugak, era askotako jarrera eta portaerak ematen direlarik. Azken hamarkada hauetan izan den inmigrazioa dela eta --jubilatuak iparraldean, langileak hegoaldean--, zenbaitetan bi elkarte moduko edo antzeman dira baina hau, denbora joan ahala, modulatzen ari da. Hizkuntz aniztasunak gizarte hau aberastu egiten du. Frantsesa iparraldean eta espainiera hegoaldean, mugako marrak banaturik, gehiengoen hizkuntzak dira esparru bietan, eta banantze hori geroz eta handiagoa da ingelesak irakaskuntzako bigarren hizkuntza bezala duen lehentasunaren ondorioz. Hirugarren hizkuntzak, hau da euskarak, patrimonio berbera du mugaren bi aldeetan nahiz eta minoritarioa izateak sarritan egoera diglosikoetara eramaten duen. Heterogenotasun honen guztiaren islada aukera politiko ugarietan agertzen da, inguruko lurraldeetan baino askoz ere handiagoa baita, izan ere, estatuko alderdi politikoei zeinu desberdinetako alternatiba nazionalista eta probintzialistak erantsi behar baitzaizkie.
Konplexutasun honen aurrean, Euskal Herriko lurraldearen ideia kontzeptzio kulturalean oinarritzen da, honen funtsa nagusia euskal hizkuntza delarik. Bestalde, mugarik gabeko Europak loturak indartzeko joera du eta, ondorioz, herrialde mugakideen egituraketa bera ere bai. Euskal Herriaren kasu zehatzean badira zenbait faktore kohesio handiagoko etorkizunerako joera erakusten dutenak. Hona hemen batzuk: iharduera eta lokalizazioen osagarritasuna errazten duen aniztasun ekonomikoa; Baiona-Donostia hirikidetzaren sorrera, mugaren bi aldeetan geroz eta elkartruke handiagoa bermatzen duena; kultur sustrai amankomuna izatearen sentimendua. Arku Atlantiarraren barruan, finisterreen eta Mediterranioaren arteko erro izateko egoera onean egoteak komunikabide-azpiegituren barne eta kanpoko egituratze hobea derrigortzen du. Honek koherentzia areagotzearen mesederako izan behar du, Euroerrejio baten sorreraren apustu onuragarriaren aurrean.
Euskal Herriaren izenak
Pays Basque, Nafarroa, País Vasco, Vasconia, Euskal Herria, Euskal Probintziak, Euskadi, Kantabria, País Vasco-Navarro... Nafarroako Foru Elkartea, Euskal Autonomi Elkartea eta Pirinio Atlantiarreko departamentu frantseseko hiru probintzien egungo lurraldeak batera nolabaiteko adostasunaz har ditzakeen izenik benetan baldin bada, ziurrenik Euskal Herria izango da, beste izendapen historiko guztiak erabiltzeari aspaldi utzi baitzi-tzaion. Zalantzarik gabe zaharrena dena 1571ean agertzen da, dokumentu idatzian, lehen aldiz (Heuscal Herria grafiaz). Garai horretan Joannes Leizarragak Testamentu Berri protestantearen euskarazko itzulpena argitaratu zuen Larroxelan, era honetan erlijio berriaren sustatzaile sendoa zen Joana Albretekoa Nafarroako erreginak agindutako lana betez.
Euskal Herria izenak, hitzez hitz itzulita, «euskal hizkuntzaren lurraldea» esan nahi du. Adierazpen hau hizkuntza hori nagusia den lekuei dagokiela jotzen bada, bere hedapena historian zehar urritzen joan dela pentsatu beharko litzateke eta egun gune txikietara eta elkarrengandik bananduak daudenetara mugatuta egongo litzateke. Baina biztanleek euren ondare kultural propioaren zatitzat bederen hartzen duten eremuetara begiratzen badugu, bidezkoa dirudi lehen aipatu lurraldeei ere aplikatzea; behintzat, erabili den beste zenbait izen baino jatorrago eta garbiagoa gertatzen da.
Lur hauetako biztanleek jaso dituztenetan zaharrena «baskoi» izena da. Gure aroaren hasiera inguruan, Estrabonek Iberiar Penintsularen iparraldeko tribuak izendatzen ditu bere Geografian eta horien artean, baskoiez gain, barduliarrak, karistiarrak, autrigoiak eta beroiak aipatzen ditu, guztiak ere osotasunean edo zatika, egungo Euskal Herriaren esparruaren barruan. Behe Inperioan zehar eta baskoi hitza nagusitzen zen eran, tribu-aniztasun hau testuetatik desagertzen joan zen. Hippolytos-ek III. mendean zentzu orokorrago honetan eta eite etniko garbiaz erabiltzen du; hala ere, autrigoien presentzia mantendu egiten du, ekialdetik baskoiak eta mendebaldetik asturrak bereiziz. Nolako Paulinok, IV. mendean, aurreko leinu edo etniatik eratorritako Baskonia hitza erabil-tzen zuen lurraldea izendatzeko. Izendapen hauek ohikoak ziren bisigodoen garaian ere, nahiz eta zehatz-mehatz zein eremutarako erabiltzen ziren ez dakigun.
Behe Erdi Aroan egungo probintzia penintsularren izenak historian estrainekoz agertu ahala eta erakunde politiko-lurraldekoak sendotzen zihoazen heinean, Baskonia hitza --ez ordea baskoinena-- Pirinioko ipar-isurialdera mugatua geratu zen, gerora Waskonia eta Gaskonia bihurtu zelarik. Annales Tiliani delakoan 808an aipatzen dira lehenengoz nafarrak eta iruñearrak. Laurogei bat urte beranduago, Alfonso III.aren Kronikan, «Alava» eta «Bizcaia» lurraldeei buruz hitz egiten da. Gehiago itxaron beharko da ordea 1207an Nafarroako Antso Handiaren idazlan batean «Ipuzkoa» izena ager dadin. Lapurdi probintziaren izena --Labourd frantsesez eta Labort gaztelania zaharrean-- Lapurdum-en genitibotik datorrela dirudi; izan ere erromatarrek honela izendatzen zuten egungo Baiona hiriaren ingurunean zegoen «oppidum» edo gotorlekua. Zuberoaren --Soule frantsesez eta Sola jada erabiltzen ez den gaztelaniaz-- jatorria aztertu ahal izateko ziurrenik erromatarren garaian bertan bizi ziren tribuetara jo beharko li-tzateke. Pliniok «sybillate»ak eta Zesarrek «sibuzate»ak edo «sibulate»ak aipatzen dituzte eta 635. urtean «vallis Subola» agertzen da.
Lurralde hauetako bakoitzaren eta batik bat erresuma bihurtutako Nafarroaren nortasun politiko-sozial sendoa zela eta, izendapen propioak eta bereiziak sortu ziren. Honela, XII. mendean, Aymery Picaud erromes ospetsuak bascli (euskaldunak) eta nauarri (nafarrak) bereizi zituen lurralde hauetan zehar egin zuen itxuraz zorigaiztoko bidaiaren ostean. Hizkuntza eta ohituretan antzekotasun handiak zituztela baieztatzen badu ere, lehenengoak Pirinioen iparraldean eta bigarrenak hegoaldean bizi zirelako egiten du bereizketa. Euskalduntzat euskaldun kontinentalak soilik jotze horrek, gaur harrigarria badirudi ere, joan den mendera arte iraun du.
Errenazimenduan kantabrismoaren mitotik sortutako Kantabria izendapena eransten da, euskal apologisten artean arrakasta handia izan duena. Autore hauen iritziz, Erromatar Inperioaren erasoaldian berezko independentzia eta kaparetasuna erakutsiz sutsu defendatu zen Kantabria klasikoaren barruan sartu beharko lirateke euskaldunak. Arrasaten jaiotako Esteban Garibai historialariak 1571eko Compendio Historial-ean esaten duenez, bere burua kantauriartzat jotzen du eta berak dioenez Kantabrian «antzina Pesekoroak, Menditarrak, Siloroak, Bizkaitarrak eta Barduliarrak, Gipuzkoarrak eta Gipuzkoarekin eta Frantziako Euskaldunen lurrarekin muga egiten duten Nafarroako menditarrak, denak sartzen ziren». Euskal-kantauriartasuna nolabaiteko indarrean egon zen herriaren barruan, joan den mendean erabiltzeari utzi zaion arte, nahiz eta XIX. mende bukaerako bertsolaritza foruzaleak oraindik ere mantentzen zuen. Aitzitik, jendeak mintzatzen zuen hizkuntza zela medio, herriaz kanpo mende horietan gehien erabilitako izendapena bizkaitarrena da, Bizkaia probintzian jaioak ziren ala ez kontuan hartu gabe. San Frantzisko Xabier berak bizkaiera aipatzen du ama-hizkuntzaz ari denean. Hala ere, Larramendi gipuzkoar jesuita errebelatu egin zen orokorpen honen aurka eta 1754an idatzi eta estrainekoz 1882an argitaratu zuen Corografía de Guipúzcoa lanean honela zioen: «Jasanezina da gaztelau eta beste espainiarren lelokeria nahiz ahoz nahiz idatziz euskaldun guztiak bizkaitar izendatzen dituztenean, hiru probintziei Bizkaiko jaurerriaren izen propio eta bitxia emanez; eta aragoiarren eta valentziarrena, euskaldunei nafarrak deitzen dietenean, horretatik guztitik historian zehar ehundaka gezurrezko baieztapen sortzen baitira».
Badirudi mende horretan bertan zehar hasi zela honako izen hauen hedapena: Euskal Herria, Euskal Autonomi Elkarteko hiru probintziak izendatzeko eta euskaldunak izena bertako biztanleentzat, zehazki euskaraz mintzatzen direnentzat, izendapen hauek gerora, Ilustrazioan, sekulako indarra hartuko dutelarik. Honela, Henaok, adierazpen desberdinak tartekatzen ditu: «Kantabria», «hiru Probintzi Kantauriar Euskaldunak», «hiru Herrialde Euskaldunak», edota «Hiru Probintziak» besterik gabe. Oihenartek, bere aldetik, Baskonia antzinako izen zaharra berreskuratzen du Pirinioetako bi isurialdeez ari denean. XVIII. mendean autore ugarik erabili izan du «Probintzia Euskaldunak» izendapena eta baita «Herri Euskalduna» ere.
XIX. mendean, foru-polemika bizi-bizi zegoen garaian, hartu zuen gailurra «Probintzia Euskaldunak» izendapenaren erabilerak eta horri, «Probintzia Euskaldunak eta Nafarroa» erantsi zitzaion. Baina Astarloa eta Zamakolak deitura berri bat ekarri zuten, egun eragin handia izatera iritsi dena. Berez, berria baino gehiago zera da: hegoaldeko biztanleei ere tradizioz «Frantziako Euskaldunena» zen izendapena ematea. Honela bada, gero eta gehiago erabiltzen dira «euskaldunak» hitza eta «Euskal Herria» Pays Basque edo País Vasco-Navarro-ren ordez, azken hau, foru-eskubide berak zituztelako sortutako elkartea zelarik. Azkenik, euskal ideia nazionalistak sortu eta hedatzearekin batera, Euzkadi neologismoa agertu eta zabaldu da, gerora Euskadi izango zena. Behar bada, euskal lurraldeari azken izendapen hau ematearen arrazoia zera da, Euskal Herria, bere konnotazio karlistengatik baztertu zenean, euskal nazio birtuala bere osotasunean nolabait izendatu beharra. Euskadi hitzaren esanahi politikoak direla medio, ez du harrera eta erabilera berdina izan lurralde guztietan.
Aurrekari geografikoak
Hirurogeita hamargarreneko hamarkadaren amaiera arte itxaron beharko da Euskal Herriko geografiari buruz lehen obra azal dadin, horretarako pentsatu eta burutua, bai edukin zientifikoari dagokionean, bai ikertutako lurraldeari dagokionean (AGUIRRE, 1979). Aurretiko autoreengana beti jo badezakegu ere, hain berandu agertzeak garbi erakusten du errejio-geografiek Euskal Herriko lurralde osoarengan izan duten eragin eskasa. Hau kontraesana da euskal ideia nazionalistak kontuan izanez gero, izan ere, horien lema nagusietako bat -zazpiak bat- ezagutzera ematea beharrezko eta didaktikoa litzateke, lurraldea azpimarratzen baitu hain zuzen.
Lerro hauen helburua ez da, inola ere, euskal espazioari buruz egin den lan geografikoa baloratzea. Horretarako, Euskal Institutu Geografikoak (GOMEZ PIÑEIRO, 1986; GOMEZ PIÑEIRO & SAEZ, 1993) landuriko biblioteka paregabera jo daiteke. Orain hasten den bilduma honen helburua Euskal Herriko lurralde-antolamenduaren aurkezpen zientifikoa denez, beronekin pareka daitekeen aurrekaria erakusten duten ekarpenak aipatuko dira soilik. Honexegatik, argitalpen kopuru mugatua hautatu dugu, metodologia eta lurraldeari buruzko argibideak emateko baldintza bikoitza betetzen duena. Lehenik, kontuan hartzen diren geografi lanak herrialde-metodologiazkoak dira; hau da, lurraldea gai aniztasunaz eta bere osotasunean ikertzen dute, askoz ere ugariagoak diren eta sektore-ikuspegitik landuta dauden azterketa fisiko eta geodemografikoak, zein nekazaritza, hiriak eta industria analizatzen dituzten ekarpenak kontuan hartu gabe, alegia. Bigarrenik, Euskal Herria bera baino eremu handiago edo txikiagoak hartzen dituzten lanak bazter-tzu egiten dira, esate baterako, Espainia edo Frantziari buruzko geografiak edota probintzia jakin bati buruzkoak. Hala ere, lehen aipatu bezala, Euskal Herria bere osotasunean hartuz egindako lanak gutxi direnez, beste zenbait lan interesgarri aipatzea erabaki dugu, Euskal Herri penin-tsularra edo kontinentala edo Nafarroari buruzkoak; izan ere, lurralde hauetako bakoitzaren nortasun ukaezina dela eta, eurei buruzko ikerketa partikular ugari egin baita. Azkenik, oso ezagunak diren dibulgazio-lanak eta lehen edo bigarren mailako irakaskuntzari zuzendatutakoak ere ez dira kontuan hartu.
Herriaren geografia historikoa ezagutu eta espazioaren egungo antolamenduan zenbait ekintzek hartzen duten indarra ikusi ahal izateko, derrigorrezkoa da gutxienez aurreko tradizio entziklopedista jarraitzen duten XIX. mendeko Hiztegietara jotzea. Hauetan lehena Real Academia de la Historia-rena da, 1802koa. Bere izenburuak erakusten duen bezala (REAL ACADEMIA DE LA HISTORIA, 1802) «Espainiako hiztegi geografiko-historikoa» bada ere, bi liburu bakarrik argitaratu ziren, Euskal Autonomi Elkartea eta Nafarroari buruzkoak. Bere foruen aurkako interpretazio historiko eztabaidatsuak garbi erakusten du zein zen bere benetako helburua eta zergatik ez zuen jarraipenik izan. Honek ez du esan nahi dakarren informazio geografikoa zeharo interesgarria ez denik. Honako ezaugarri hauei buruzko informazioa dakar: lurralde fisikoa, biztanlegoa, nekazaritza, merkataritza eta industria, gobernu zibila eta elizarena eta lehen aipaturiko ekarpen historikoak. Bere analisia lurralde-maila desberdinei buruzkoa da: probintzia, merindade eta elkargoak eta biztanle-erakundeak. Hogeita lau urte beranduago hiztegi geografiko-estatistiko berri bati (MIÑANO, 1826-1829) ekiten zaio. Oraingoan, berau osa-tzen duten hamaika liburuek Espainia eta Portugal osorik hartzen dituzte. Tamalez, Euskal Herriari dagokionean, Real Academia-koaren kopia hutsa da eta askotan, hitzez hitzekoa.
Pascual Madoz jn.aren hiztegi ospe-tsua inprimatu baino urte batzuk lehenago Nafarroan eta bertarako bakarrik, hiztegi berriak egin ziren (YANGUAS ETA MIRANDA, 1840; OCHOA, 1842). Yanguasena historiko-historikoa da eta nafar erresuma zegoen garaiari lotua. Bigarrenak, Teodoro de Ochoak egindakoak, tratatu hauen tradizio geografiko-historikoa berreskuratzen du. Academia de la Historia-ren eta Yanguas-en Antigüedades delakoan oinarritzen da eta lehenengoaren antzeko egitura du: mugen deskribapena, kokapena, ingurune fisikoaren ezaugarriak, uztak, eskola eta eliz zerbitzuen hornikuntza, aipamen historikoak, e.a.
1845 eta 1850 bitarteko bost urte horietan zehar agertu ziren Madoz iruñearraren lan itzelaren hamasei liburuak. Nola bere deskribapen geografikoak hala bere datu estatistikoak eta errefentzi historikoak gaur ere oso garrantzitsuak dira oraintsuko iragana ezagutu ahal izateko (MADOZ, 1845-1850). Garai horretan Nafarroan zeharreko «Itinerario» argitaratzen da Iruñean (RAMIREZ ARCAS, 1848) baina dakartzan komunikabideei buruzko informazioa eta mapa salbu, ez da aurrekoa bezain interesgarria. Mendea bukatu aurretik beste hiztegi bat ere argitaratzen da, Espainia osokoa (RIERA ETA SANS, 1881), egilearen ustez, Madoz geroztik prozesu desamortizatzaileek eragindako aldaketa sakonak zirela eta beharrezko zen lana.
Tradizio entziklopedista honek bizirik dirau egun ere. Espainian demokrazia ezarri eta gutxira, Auñamendi argitaletxeak oraindik amaitzeko dagoen «Diccionario Enciclopédico Vasco» lanari ekin zion, «Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco»ren barruan sorturiko proiekturik latzena. Hamar urte beranduago, lehengoez gain beste hiztegi entziklopediko berri bat agertzen da (ABERASTURI, 1985-96). Azken bi lan hauek Euskal Herriari buruzko informazio osoa jasotzen dute; geografiaz gain, historia, biografia, euskal lexikoa e.a. Begibistakoa denez, herrialde-geografiari buruzkoak ez badira ere, gai geografikoez arduratzen diren guztiek erabili beharrekoak dira. Hauen antzeko azken lana «La Gran Enciclopedia Navarra» da (URANGA, 1990). Geografi kalitate handiko sarrerak ditu eta «Gran Atlas de Navarra»tik (FLORISTAN, 1986) harturiko kartografia bikaina dakar.
Zati kontinentala salbu, Herrialdeari buruz egin zen lehen geografia nagusia Carreras Candi jn.ak zuzendu zuen, eta Kataluniarako argitaratu zuenaren antzekoa izan zen. Bizkaiari dedikaturiko aleak (CARRERAS CANDI, 1911-1925) sortu zizkion eragozpen eta luzapen ugari medio, argitalpen-lanek hamalau urte eraman zizkioten. Garai hartako zientzi eta kultur alorreko jende ospetsu ugarik hartu zuen parte; besteak beste: Ramon Adan de Yarza, Telesforo Aranzadi, Arturo Campion, Juan Carlos Guerra, A. Federiko Gredilla, Vicente Laffite, Julio Lazurtegi, Serapio Mugica, Carmelo Echegaray, Teofilo Guiard, Julio Altadill eta Vicente Vera. Bilduma osatzen duten sei liburuetan lehenak ingurune fisikoko gai ugari jorratzen ditu: antropologia, hizkuntza, heraldika, arkeologia eta iharduera ekonomikoei buruzko beste hainbat, betiere «Euskal-Nafar Herria» bere osotasunean hartuz, nahiz eta artikulu batzuk euskal probintzietara mugatzen diren. Beste bost liburuek elkarren antzeko egitura geografiko errejional klasikoa dute, bakoitzak probintzia bat hartzen duelarik Nafarroa salbu, honek bi liburu baititu.
Gaur nahiko atzeratuta dagoen izenburua daraman honako liburu honek, Les modes de vie dans les Pyrénées Atlantiques Orientales (LEFEBVRE, 1933), euskal lurraldeari buruzko informazio eta interpretazio geografiko zeharo baliotsuak dakartza. Derrigorrezko erreferentzi bibliografikoa da bigarren iraultza industrialak eragin zuen aldaketa sakonaren aurreko egoera sozio-ekonomikoa eta espaziala ezagutu nahi duenarentzat. Ez du Euskal Herria osoa hartzen, izan ere bere ikerlana, hegoaldean, Tafallako paraleloan bukatzen baita, Nafarroako Erribera kanpoan utziz. Aldiz, Biarno, Aragoi eta Kantabriako zenbait eskualde mugakide hartzen ditu.
Eusko Lurra (AGUIRRE) 1979an argitaratu zen, eta Euskal Herri osoari buruzko lehen lan geografiko errejional-tzat har daiteke. Tradizio errejional fran-tsesak ezarritako joeretik abiatzen da eta ingurugiroko baliabide eta arazoekin loturiko alderdi berritzaileak sartzen ditu. Gaiz gaiko tratamendua euskal lurraldea bere osotasunean hartuta egiten du eta gero beste bigarren zati bat eransten dio eskualdez eskualde egina. Urte horretan bertan Geografía de Euskal Herria (GOMEZ PIÑEIRO, 1979-1982) lana hasten da heda-tzen, bere eskeman sistema probintziala berreskuratzen duelarik. Lehen lau liburuak penintsulako probintzia bakoitzari dedikatutakoak dira eta bosgarrena, hiru probintzia kontinentalei. Seigarren liburua itsasertzeko biogeografiaren azterketari buruzkoa da eta zazpigarrenak, hau da, azkenekoak, azterketa probintzialean erabilitako gidoia lurralde osoari aplikatzen dio. Gerora, egile honek beste geografia laburtu bat argitaratu zuen izenburu bera emanez (PIÑEIRO, 1985).
Geografi tratatu garbi-garbia ez bada ere, gai-entziklopedia baten antzeko egitura duen Euskal Herria lanak (INTXAUSTI, 1985) erakarpen handiko kapituluak ditu bere bi liburuetan eta, praktikan, geografia errejional berri bat osatzen dute. Beste honenbeste gertatzen da Mendiak eta Ibaiak eta Haranak (AYERBE, 1980-1985 eta 1989-1991) lanekin.
Nafarroari buruzko ekoizpen geografikoa beste lurraldeetakoa baino askoz ere handiagoa da. Metodologia errejionalean Urabayen eta Floristan nabarmentzen dira. Lehenengoa, probintzia horretako ikerlan geografikoetan aurrekari garbia izan zen eta bere dedikaziorik nagusiena giza geografia izan bazen ere, egindako zenbait idazki Nafarroako geografiari buruzko eskuliburu bezala (URABAYENM, 1931) erabil daiteke, edota erreferente gisa besteak bete habitatarekin erlazionaturiko hainbat alderdi aztertzean (URABAYEN, 1932 eta 1959). Nafarroari buruzko geografi sintesi handia agertu aurretik, badira irakurleari horren ezagupenera hurbiltzen laguntzen dioten bi lan. Lehena Conocer España bilduman probintzia honi eskainitako atal indibidualizatuaren edizio bat da (FLORISTAN, 1976), eta Lecciones sobre Geografía de Navarra (FLORISTAN, 1986) izenburupean bildutako oinarrizko geografi gaien multzoa bestea, eskuliburu didaktiko bat baitu amaiera gisa. Sarrera honetan atlasak eta bestelako kartografi argitalpenak aipatzeke utzi badira ere, ezinbestekoa da Gran Atlas de Navarra delakoa aipatzea (FLORISTAN, 1986), eskala desberdinez baliatuz Nafarroako geografia osoaren kartografia ezin ederragoa erakusten baitu. Hauen lagungarri datozen testuek, berek eta besterik gabe, eskuliburu berri bat osatzen dute.
Euskal Herri kontinentalari buruzko monografia espezifikoak Viers eta Laborde geografoen ekarpenetan laburbiltzen dira. Hauetako lehenak 1975ean argitaratu zuen hedapen handiko monografia bat, hizkuntza eta historiari buruzko gai parageografikoak ere bilduz. Liburuaren bigarren zatia probintzi eta eskualde deskripzio bat da (VIERS, 1975). Pierre Labordek, lau urte geroago, Landei eta Euskal Herri kontinentalari buruzko Estatu Tesia aurkeztu zuen (LABORDE, 1979). Honetatik atera zuen azken lurralde honi buruzko materiala, eta errejio geografia bat baili-tzan argitaratu ondoren, ikuspegi gaurkotuago batetik betiere (LABORDE, 1983).
itzuli gora