Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Klima eta urak (3)

Egileak:

  • A.Ollero Ojeda,
  • O.Ormaetxea Arenaza,
  • A.Uriarte Cantolla

Euskeran ere aukera duzu: Clima y aguas

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Euskal Herriko geografia

Hitzaurrea

KLIMA

Anton Uriarte

Historia laburra Euskal Herriko metereologiaren hastapenez.

Joan den mendearen amaieraz geroztik Euskal Herriko zenbait ikastetxe eta erakunde erlijiosok neurtu izan ditu, bere kabuz eta ez oso erregularki, prezipitazioak eta tenperaturak. Bada urte haietan Bergaran, Gernikan eta Bilbon eginiko neurketen ziurtagiririk, eta 1859az geroztik Donostian, 1878az geroztik Iruñean, 1881az geroztik Tuteran, Lekarotzen eta Miarritzen eginikoenik ere bada.

Aitzindaria

Hala ere, mende honen hasiera arte itxaron behar izan zen Juan Migel Orkolaga, Zarauzko erretore beizamarraren eskutik meteorologi lan serio eta zientifikoei ekiteko. Dirulaguntzak lortzeko asko borrokatu ondoren, Orkolagak, aparteko kemena erakutsiz, Igeldoko Behatokia martxan jartzea lortu zuen; hau, ofizialki, 1905ean eraiki bazen ere, erretorearen adoreari esker lehendik ere nola edo hala funtzionatzen zegoen. Honela, mende honetako lehen herenean Bizkaiko Golkoko eta Gaskoniako itsasertz osoko, Galizatik Bretainiarainoko meteorologi behatokirik garrantzitsuena Igeldo izatea lortu zuen Orkolagak.

Orkolagaren eta Igeldoko Itsas Behatokiaren hastapenen historia Gipuzkoako Ozeanografi Elkarteko kide den Mikel Laburuk zehazki ikertu eta lan bikain batean argitaratu du. Elkarte zientifiko honek, arrantzale-kofradiekin batera, zientzi zentru honen eraiketa eta garapena bultzatu zuen Gipuzkoako eta, batik bat, Bizkaiko Diputazioaren zikoizkeria instituzionalari aurre eginez.

Euskal itsasertzeko arrantzaleak ziren Behatokiaren instalazioan interesik gehien zutenak; izan ere, urte batzuez geroztik «padre borrascas» deituriko «Zarauzko erretoreak» ematen zizkien enbata eta ekaitzei buruzko oharrez baliatzen ziren; igarpen eta komunikazio baliabide mugatuek iragarpena ahalbidetzen zutenean, jakina. Oraindik ere denen gogoan zegoen 1878ko Apirilaren 20an gertatutako trajedia, bat-bateko ekaitzak 254 arrantzale euskaldun hil zituenekoa. Baina Matxitxako baino Igeldo nahiago zuelako eta apaiz integrista zelako, sekulako irain eta oztopoak jasan eta gainditu behar izan zituen kazetari eta politiko bizkaitar eta baita gipuzkoarrengandik ere. Azkenean, Gipuzkoako Diputazioak dirulaguntza eman zion Behatokia egin zezan, oso eskuzabal jokatu ez arren.

Dena den, Orkolagak sendoki jasaten zuen bertako zikoizkeria zenbaiten laguntzari moralari esker. Hauen artean, noiz edo noiz bere instalazio apaletan bisitatzen zuten Espainiako Maria Cristina eta Alfonso XIII. errege-erreginena; Gaskoniako Ozeanografi Elkarteak Bordelen zuen bulegoarena, haren igarpenez baliatzen baitzen, eta baita astronomo ospetsu eta ezaguna zen Camile Flammarion berarena ere, Igeldora ezagutzera etorritakoa hau ere. Horiez aparte, Orkolagak bazituen harremanak Europako beste behatoki garrantzitsuetako ikertzaileekin, hala nola, Lisboakoekin, Portugalen, eta Valentiakoekin, Irlandan; berauekin telegrafoz komunikatzen zen informazioak elkartrukatzeko. Mexikora ere gonbidatu zuten meteorologi ezagupenei buruz ikastaro batzuk emateko eta zikloiak igartzeko behatokiaren instalazio-lanetan laguntzeko.

Lehenengo Behatokia

Lehen aipatu bezala, Euskal Herrian baziren beste leku batzuek, mendea bukatu aurretik, tenperatura eta prezipitazioak neurtzen zituztenak estatistika-lanetarako. Esate baterako, Gernikan fraide Agustindarrek meteorologi zentru txiki bat zuten, Zumaian Beobide apaizak zuen bezalaxe. Donostian, 1878az geroztik, hirigunean zegoen bigarren mailako irakaskuntzarako Udal Institutu Librean egiten ziren neurketak. Egoitza Madrilen zuen Meteorologi Institutu Nagusian biltzen ziren informazioak; Institutu hau, mende hasieran, Instrukzio Publikorako ministeriora pasa zen. Bilboko bigarren mailako irakaskuntzarako Institutuan ere egiten ziren neurketak.

Orkolagak euskal klimaren ikerketari profesionalki ekiteko beharra frogatu zuen, helburu praktikoetara bideratuz, eta batik bat, itsas eguraldiaren igarpenera zuzenduz, arrantzaleek euren lana segurtasun hobeaz egin zezaten. Horretarako, gure inguruko leku desberdinetako meteorologi parametroak ezagutu eta parekatzea derrigorrezkoa zela ikusi zuen, ekaitzen sorreraren eta mugimenduaren berri izateko eta bat-bateko enbata beldurgarriak sortzeko arriskua ebaluatu ahal izateko. Telefonoa eta telegramei esker, Europan sortu berria zen behatoki-sare batean sartu zen; hauekin informazioa trukatzen zuen eta bere ondorioak ateratzen zituen. Bere bigarren lana, zenbaitetan motelago eta zailagoa, interesik zuten euskal biztanleei igarpenak komunikatzea zen.

Orkolaga hil eta 36ko gerratea heldu zen arte, Igeldoko Behatokiak dirulaguntza jasotzen jarraitu zuen geroz eta eskuzabalago azaltzen zen Gipuzkoako Diputazioarengandik. Zientzia aldetik jantziena zegoen zuzendaria, seguru asko, Mariano Doporto izan zen; behatokiko bibliotekan froga daitekeenez, 20. hamarkada inguruan, Europan eta Estatu Batuetan meteorologiari buruz argitaratzen zen guztiaren berri ba omen zuen. Doportoren garaian hasi ziren, hain zuzen ere, Igeldotik altuera-zundaketak egiten, hodeien eta goialdeko aire-korronteen ikerketarako globoak erabiltzen zituztelarik. Matematika-ezagupenak zituelako estatistika-analisi aurreratuagoak egin ahal izan zituen eta bere zenbait lan, Kantauriko eguraldi-moten kartografia esate baterako, Gipuzkoako Diputazioak argitaratu zizkion.

Gerra ostean, ministerio militar baten menpe jarri ziren behatokiak, hain zuzen Madrilen zentralizatuta zegoen Abiazioaren menpean, eta honi, gehienbat, Espainiko aireporturik garrantzitsuenen meteorologia interesatzen zitzaion; horren ondorioz, behatokietako lan zientifikoa asko murriztu zen. Meteorologi datuen bilketa, zentralizazioa eta banaketari zegokionean, Euskal Herri penintsularra bitan zatitu zen. Urak Kantaurira isurtzen dituen euskal lurraldeko datu guztiak Donostian biltzen ziren eta urak Mediterraniora isurtzen dituen euskal lurraldeko datuak, aldiz, Zaragozan biltzen ziren, Ebroko zona-zentruan. Dena den, baliabiderik ez bazuen ere Igeldok, berriz, matematikari eta meteorologo ospetsua zeukan, Carlos Santamaria. Ikerketa-grina bizirik iraunarazi zuen honek eta, egun, Jose Inazio Alvarez Usabiagaren gidaritzapean, teknikari-talde garrantzitsu batek zuzentzen du Behatokia, berau Meteorologia Institutu Nazionalaren menpe dagoelarik.

Egungo Behatoki-sarea

Gaur egun, mendea bukatzera doanean eta meteorologi informazioen beharra gero eta handiago delarik, era guztietako eskakizunei ematen diete erantzuna behatokiek: igarpenak prentsa eta partikularrentzat; klima-azterketak egiten dituzten ikertzaileek eskatzen dituzten datu estatistikoak; ingurugiroarekin loturiko ezbeharrak gertatzen direnean, aseguru-konpainiek eskatzen dituzten txostenak, e.a. Igeldoko behatokian, egun Donostiako hirian bulegoak eta beste behatoki txiki bat ere badituen horretan dago Euskal Herriko Zona-Zentrua, estatuko Meteorologia Institutu Nazionalaren menpe dagoena. Egunero bertan jasotzen dira behatoki nagusietan biltzen diren meteorologi datuak, hala nola, Sondikako aireportukoak, 1959an horra eraman baitzuten Bilboko behatokia; Foronda eta Hondarribiako aireportukoak eta, gainera, Autonomi Elkarteko hiru lurraldeetan banaturik dauden eta meteorologizale bolondresek kudeatzen dituzten beste ehun bat behatoki txikitakoak.

Meteorologia Institutu Nazionalaren sareaz gain, Diputazioek eta Iberdrolak ere badituzte bereziki helburu hidrologikoetara zuzendutako behatoki txikiz osatutako sareak. Eraginkortasunari dagokionean zera esan beharra dago, politika kontuak direla eta, gaur egun Autonomi Elkartean dagoen egoera ezohizkoa dela; izan ere, Eusko Jaurlaritzak, Meteorologiako estatutu-transferentzia iristen zaion artean, lurralde osoan zehar banatu behatoki automatikoez osatutako beste sare bat sortu eta mantentzen baitu. Zenbait behatokitatik datozen informazioak Gasteizen biltzen dira eta Arkauteko behatokia da datu-bilketarako tresna aniztasun handiena duena.

Nafarroan, Lurzorua eta Kontzentrazio Partzelarioaren Institutua da, 1984az geroztik, meteorologi zerbitzuaz arduratzen dena. Behatzaileen txostenak nafartar institutuan bertan garbitu eta sailkatzen dira berarekin elkarlanean diharduen Meteorologia Institutu Nazionalera bidali aurretik. Ehun bat behatoki daude eta horietako zazpitan, osoak deritzanetan, ia-ia parametro guztien neurketak egiten dira.

Euskal Herri osoan, behatokirik zaharrena eta garrantzitsuena Miarritzekoa da; urte askotan hiri horretako Itsas Museoan egon zen baina orain hogeiren bat urte Biarritz-Parme aireportura eraman zuten. Burokraziari dagokionean, Pabeko Météorologie Nationale zentruaren menpe dago. Lurraldeko gainerantzeko inguruetan zehar badaude beste hamarren bat behatoki datu termoplubiometrikoak biltzen dituztenak.

URAK

Alfredo Ollero Ojeda eta Orbange Ormaetxea Arenaza

Mundu guztiko lurrentzat bezala Euskal Herriko lurrentzat ere oinarrizko elementua da ura. Ura da paisajearen antolatzaile nagusia, eta urak erabakitzen ditu gizonaren kokaguneak eta iharduera ekonomikoak. Gure lur honetan, gainera, lehorretik datozen urak eta itsasokoak elkarrekin nahasten dira, Euskal Herriaren esparrua aberastasun eta oparotasunez betez.

Euskal nortasunaren sustraietariko bat da itsasoa. Itsasoak berebiziko garrantzia izan du gure herriaren historian eta eguneroko bizitzan. Kantauriko itsasaldea luzea da; kilometro askotako kostalde hori aproposa da biziguneak aukeratzeko, arrantzarako, atsedenerako, portuak egiteko, e.a.

Ibaiak izan dira ardatz nagusi herrien kokaguneak erabakitzeko, komunikabideak irekitzeko edota oraintsuago bezala industriaren garapena bideratzeko. Horren guztiaren adibiderik nabarmenena Kantaurialdeko ibarretan daukagu: erliebe konplexu eta nahasien barruan gorderik eta banaturik antolatu dira hemengo ibarrak. Baina Hegoaldeko lautadetan, ibaiak dira oinarrizko aberastasunaren iturri. Ibaiek ortuak elikatzen dituzte eta bereziki lehorra den klimagune horietako ibai-ertzak oasi bihurtzen.

Esan dezakegu Euskal Herria kontinenteko uren isurialde handi bat dela, plubiometria handiko gunea; herrialde honetan itsasoratzen diren urak gehiago direla lurrintzen direnak baino. Kantaurialdera isurtzen diren ibaiek, Aturri ibaiak izan ezik, Euskal Herriko lurrak baino ez dituzte ureztatzen, hau da, itsasora doaz zuzen-zuzenean; baina mediterraniar isurialdekoek, Euskal Herrian bertan jaio eta hazten direlarik, Errioxara, Aragoa egarritsura eta Kataluniara bideratzen dituzte beren elkartasun-urak.

Alabaina, hori horrela izateak eta oro har ibai horiek emari handikoak izateak ez du ekiditzen Euskal Herri horretan ere ur-eskasia gertatzea, eta batzuetan gainera aldi luzeetako sikatea nozitu behar izatea. Dentsitate handiko biztanleriak eta iharduera ekonomiko berriekin etorri den ur-beharrizanaren hazkundeak egoera larriak sortu dituzte, hala nola, ingurunean eragin bizia duten obra hidrauliko konplexuak eta gareztiak egin beharra. Horrekin guztiarekin bat, gainera, garai bateko gehiegikeriek sorturiko arazoak (uholde eta joairak) eta kalitate-arazoak (kontaminazioa) ere kontuan izan behar dira.

Lurraldearen antolamenduan berebiziko garrantzia duten sistema konplexutzat hartu behar ditugu ibaiak. Etorkizunera begira zehaztu behar diren lan-ildoak ondorengo helburuetarantz bideratu behar dira: baliabideak jestionatzeko eta aurrezteko sistemak garatzera, urak saneatzera, ibilgu eta ibaiertzak ekologikoki babestera; hori guztia, jakina, ahal izatezko garapenari loturik.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003