Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Lurraldearen banaketa, eremua eta antolaketa. Europako testuingurua (8)

Egileak:

  • B.Andueza,
  • S.Nogués Linares,
  • D.Rebollo,
  • E.Ruiz Urrestarazu,
  • A.Sola Bueno,
  • A.Ugalde Zaratiegi

Euskeran ere aukera duzu: División, modelo y ordenación territorial. El contexto europeo

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Euskal Herriko geografia

Hitzaurrea

Soledad Nogués Linares, Ana Sola Bueno eta Ana Ugalde Zaratiegui.

Lurraldean banatzen diren erregio eta eskualdeen artea, batzuk berehala bereizten dira, "geografiko" deitu ohi ditugun horiek alegia, zeren eta denbora luzean zehar irauten duten ezaugarri komunak baitituzte. Tradizioan oinarritutako erregio eta eskualdeak dira, iragan historiko berezia, ezaugarri geografiko eta ekonomia eta kultura propioak dituztenak, eta biztanleek ere bertako izatearen sentimendu sustraitua dutenak, bizi diren espazioarekiko identitate sentimendua hain justu. Euskal Herria, Europaren mendebaldeko beste erregio batzuekin batera (Bretainia, Adigio Garaia, Korsika) erraz antzematen diren erregio "homogeneo" horien lekuko ona dugu. Neurri txikiagoko lurralde unitateak ere badira, bai eskualde mailakoak bai herri mailakoak, erraz antzematen baitira, eta herrian zeharo sustraiturik baitaude, esaterako Enkartazioak, Durangaldea, Iruñeko Arroa eta Lizarraldea (eta hauek bezalaxe Ampurdan, Alcarria edota Hurdeak ere); historian zehar itxuratutako eskualdeak dira, eta bertan oso ezaugarri berezi eta zehaztuak dira, bai paisajean edo ohituretan, bai jarduera ekonomikoan.

Hiri nagusi baten inguruan lurralde kohesionatu gisa diharduten espazioak ere badira, iragan historiko komuna duten ala ez kontuan hartu beharri gabe. Izan ere, industrializazio eta tertziarizazio prozesuak eta azpiegitura sareak oinarri funtsezko izaki, hainbat hirigune zuzentzaile finkatu da, eta hauen eraginak inguruko lurralde bat hartzen du, muga garbiez batzuetan, lausoagoez beste batzuetan. Esate baterako Euskal Herrian Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Baiona eta beste hirigune ez horren garrantzitsu batzuek eragin eremuak antolatu dituzte bere inguruan, gune zuzentzailearen garrantziaren araberako hedaduraz inolaz ere.

Baina espazioak ez dira bakarrik erregio eta eskualde homogeneo eta funtzionaletan antolatzen. Lurraldeak ere banatzen dituzte muga politiko administratiboek, baitira azpimarratzeko modukoak, zeren eta entitate instituzional eta operatiboak baitira; hauen mugaketa, nahiz eta irizpide geografiko eta historikoak gogoan izan, estatuen lurralde antolaketako beharrek zeharo baldintzatzen dute.

Lurralde banaketek, azken batean, errealitate konplexu bat itxuratzen dute, eta bertan biltzen zaizkigu oso alderdi desberdinak, pentsamendu zientifikoaren korronteetatik hasiz bilakaera sozio ekonomikoraino helduz, biztanleen sentimenduaz, edo erabaki politikoez osaturik, besteak beste. Eta oso gai interesgarria dira zientzia askorentzat, Geografiarentzat batez ere, eginkizun behinenetakoen artean baitu espazio entitateak identifikatzea, mugatzea eta ezaugarriztatzea.

Erregioak eta eskualdeak definitzea, alabaina, ez da eginkizun samurra, bi arrazoi nagusi direla tarteko. Lehen lehenik, lurralde eremu homogeneo edo funtzionalak ez direlako beti argi definituta egoten espazioan. Batzuetan, erregioak eta eskualdeak desitxuratu egin dira bere jatorrizko ezaugarriak galdurik. Beste batzuetan, batez ere landa inguru deprimituenetan edo desartikulatu samarretan, ez da inolako gune nagusirik hurrean. Are gehiago, zenbaitetan espazioak aurkitzen ditugu, inolako ezaugarri uniformerik zein lotura historikorik gabeak, eta bertako biztanleen ere lurralde horretako izatearen inolako sentimendurik ez dutenak. Eta bigarrenik, lurralde banaketaren prozesuaren inguruan dagoen kontzeptu eta metodo anbiguotasunak berak eraginda, argi eta garbi agertzen baita halako helburu zehatz batzuetarako egindako erregio, eskualde eta toki mailako mugaketa zein proposamen askotarikoetan.

Hurrengo orrialdeotan ikuspegi orokorra jasoko dugu Euskal Herriko lurralde banaketei buruz; izan ere, lurralde honetan ñabardura pila bat eta konplexutasun apartekoa du banaketa horrek. Hasteko banaketa zabalenak aztertuko ditugu, erregio mailakoak alegia, eta gero maila txikiagoei helduko diegu, eskualde eta toki mailei hain zuzen.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003