Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Jarduera fisikoa, kirola eta bizitza
Ariketa fisikoaren eta kirolaren onurak, kalteak eta zentzua

Egileak:

    J.González Aramendi

Euskeran ere aukera duzu: Actividad física, deporte y vida

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Gorputza eta arima

Hitzaurrea

Egilea (José Manuel Gonzalez Aramendi)

Denok dakigu, edo intuizioak esaten digu, ariketa fisikoa erregulartasunez egitea garrantzizkoa dela osasun onari eta gaitasun funtzionalei eusteko eta sasoian egoteko. Hala ere, gure inguruan, bost biztanleetatik batek bakarrik egiten du ariketa fisikoren bat astialdian. Eta horri aurre egiten ez badiogu, gero eta ariketa gutxiago egiteko joera indartzen joango da, eta sendentarismoa egonkortzen adin guztietako herritarrengan.

John Lennon-ek esan zuen “bizitza da beste plan batzuk egiten ditugun bitartean joaten dena”. Zer zeregin garrantzitsuagok kentzen digute bada denbora? Eta osasuna galtzen badugu? Eta bizia galtzen badugu? Zer plan egingo dugu orduan?

Ekonomia garatuko gizarteetan, non elikagaiak erruz dauzkagun eta teknifikazioari esker lanik gehienak aise egiten ditugun-hala lantokian nola etxean-, sedentarismoa da gure osasunerako arriskurik handiena. Asko dago jokoan eta garrantzi handia du. Oraingo gure bizi aukerak eta edozein motatako itxaropenak gure bizitza jasaten duen gorputzaren egoeraren baitan egongo dira. Osasunak baldintzatzen du gu guztion bizitza, bai norberarena, bai familiarena, bai bizi garen erkidegoarena.

Bizirik irauteko hiru gauza bakarrik egin behar ditugu: tabakoa ekidin, modu orekatuan jan eta ariketa fisikoa egin. Egunero minutu batzuk horri eskainiz gero, askoz ere bizimodu osasuntsuagoa eta kalitatezkoagoa izango dugu, gazteei lagunduko diegu osasuntsu hazten nahiz hezten, eta urteen pilatzeak berez dakarren narriadura fisikoa geroratuko dugu. Baina ariketa fisikoa gehiegi, gogorregi edo maizegi egitea arriskutsua izan daiteke eta ondorio txarrak ekar ditzake osasunerako.

Ez da nahikoa ariketa egitea; ondo egin behar da. Horregatik da garrantzizkoa arian-arian eredu egokiak gogoratzen eta finkatzen joatea, eta alor zabal honetan ikerkuntzak eman dituen eta emango dituen emaitzak geureganatzen joatea. Jarduera fisikoaren eta kirolaren kalitate mailak, heziketak, sustapenak eta ikerkuntzak guztioi eragiten digu: guri, gure seme-alabei, gure gurasoei, gure adiskieei, bai eta ezagutzen ez dugun jendeari ere.

Itzal handiko lan honi ekarpenen bat egitea da liburu honen helburua. Interesgarri iruditzen zaizkigun gaietako batzuen azalpen laburra besterik ez da, eta albait argien, zehatzen eta laburren adierazten saiatu gara. Horretan erabat asmatu ez badugu, barkamena eskatzen dizuegu aldez aurretik.

Bost zatitan banatu dugu:

Lehenbiziko zatian- Sarrera-, gure espeziearen bilakaera biologikoa jaso dugu labur-labur; ariketa fisikoarekin, forma fisikoarekin eta osasunarekin lotuta gehien erabiltzen diren zenbait kontzeptu argitu ditugu gero; eta azkenik, jarduera fisikoaren gaineko mito batzuk deuseztu, eta laburbilduta azaldu dugu zergatik den beharrezkoa ariketa fisikoa egitea.

Bigarren zatian- Jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak gizarte aurreratuetan ekartzen dituen onurak-, jarduera fisikoa eta kirola erregulartasunez egiteak gorputzari eta buruari zer-nolako onurak ekartzen dizkien azaldu dugu. Ariketaren bat egiteak onura ugari sorrarazten du, eta normalean, ariketa egiten duenak elikadura ere zaindu egiten du, eta aztura toxikoak baztertzeko, uzteko edo murrizteko joera izaten du. Edonorentzat da, gainera, onuragarri: zahar eta gazteentzat, osasun ona dutenentzat edo gaixorik daudenentzat. Egoera bakoitzak du bere ariketa mota.

Haur eta gazteei, heldu gazteei, adinekoei eta emakumezkoei bereziki zer onura dakarzkien zehaztu dugu. Orobat, labur-labur aipatu dugu ariketa fisikoa erregulartasunez egiteak osasun arloan ekar dezakeen diru aurreztea. Norbanakoerentzako onurak dira guztiak, baina besterendu litezkeenak; izan ere, gure osasunak, edo osasunik ezak, gure familiei eragiten die, baita erkidegoari ere, oro har. Ardura eta elkartasuna; baina horretarako, beharrezkoa da benetan kontzientziatzea.

Hirugarren eta laugarren zatietan kirola edo ariketa egiteak izan ditzakeen arrisku eta patologia nagusiak jaso ditugu; nola antzeman, nola aurre hartu eta nola jokatu halakorik gertatuz gero. Ageriko kalteak eta oharkabean pasa litezkeenak. Azken horiek oso kontuan izan beharrekoak dira ez bakarrik kirolariek, entrenatzaile, guraso eta eskola nahiz kirol arduradunek.

Forma fisiko txarrean dagoen batek arrisku handiagoa du giharretako edo hezurretako lesioren bat izateko, edo bihotzeko arazoren bat izateko. Kirol jarduerak norbanako bakoitzaren egoerari egokituta prestatzen eta gauzatuz gero, lesiorik eta patologiarik gehienak saihestu egiten dira, istripuak barne.

“Jarduera fisikoaren eta kirolaren zentzua” izenburua jarri diogu bosgarren zatiari, sarritan ahaztu egiten dugun perspektiba zabal eta sakon hori berreskuratze aldera. Jarduera fisikoa eta kirola nola sustatu behar diren landu dugu, eta zenbait ideia bildu ditugu 2010. urtera begira Euskadiko herritarrentzat prestatu planaren baitan.

Liburuaren hondar aldera kirolaren zentzu etikoa berrikusi dugu, ezinbesteko dela uste baitugu hori gogoan izatea lehiaketetan nahiz entrenamenduetan zentzu humanista nagusituko bada. Halaber, gogorarazi nahi izan dugu kirolak eskaintzen duen aukera paregabea pertsona osoak hezteko.

Ez dugu panazeatan sinesten, baina osasunerako eta ongizaterako edabe magikorik egotekotan, hori bizimodu aktiboa da, erregulartasunez eta neurriz egindako ariketa fisikoa bere baitan duena.

Ariketa fisikoarekin eta kirolarekin lotutako alderdi oro era arrazoizkoagoan lantzeko egitasmoak diseinatu ditzakegu guztion artean. Kirolari eta ariketa fisikoari zentzu zabalagoa eta ederragoa emateko aukera daukagu: kalitatezko ariketa fisikoa eta kirola emakumezkoen eta gizonezkoen eskura.

Hezkuntza eta osasun sistema onak dauzkagu eskura, bai eta kalitatezko instalazioak nahiz gune seguruak ere. Bazter bakoitza eta guztiak edukiz betetzen jarraitu beharra daukagu, onura handiagoak lortuko baditugu, gutako bakoitzak eta gizarteak bere burua gainditzea lortuko balu eta elkarbizitza harmonikoagoa izango badugu.

Guztion artean lor dezakegu. Saia gaitezen.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003