Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Geografia sinbolikoa (1)
Espazioen kultura

Egileak:

  • P.Areso,
  • J.Askasibar Zubizarreta,
  • E.Ayerbe Echebarria,
  • F.Esnaola,
  • F.Etchehandy,
  • M.Etxeberria,
  • J.Igerabide,
  • E.Kortadi,
  • J.Kortazar,
  • A.Lertxundi,
  • L.Mujika,
  • J.Quijera,
  • J.Zunzunegi

Euskeran ere aukera duzu: Geografía simbólica

Deskatalogatua

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Hitzaurrea

Espazio geografikoa berreskuratzea

Gure argitalpen jarduera luzean zehar oso garbi izan dugu beti, gure Herrira hurbiltzeko ahalegin geografiko guztiak espazioaren ezagutza bultzatu eta zabaldu behar zuela: sentsazioak in situ antzematea, pertzepzioa aberastea eta irudikapenen langintzan laguntzea. Horrek guztiak, azken finean, ezagupen hori guztia kulturalki berregitea eskatzen du, geografia pertsonalizatuan barneratzea eta espazio hori nork bere barneko munduan txertatzea. Hartara, geografia hori norbere geografia bilakatzen da eta norbere mundua mundu osoaren atal bihurtzen.

PAISAIA GURE HISTORIAREN ESZENATEGIA

Geografiaz egin dugun interpretazioaren antzekoa da, ikuspegi antropologikotik begiratuz egin duguna: historia ezagutu nahi izan dugu. Historiarako gogoa, kontzientziaren barne-muinetan historia ezagutzeaz geure historiaren ezagupena betiko zabaltzen dugula sinesteak sortzen digu. Eta gure historia, azken finean, geure kontzientziaren habe eta zutabea da; geure jabetzarik preziatuena, azkena eta ukaezina. Gure kontakizuna geroz eta kontakizun zabalagoetan sartzeak gure ni erlatibizatua gizaki osoaren kontakizun nagusian sartzea esan nahi du.

Hala, geografia eta historiak zentzumenaren beste maila batzuetaraino iristeko aukera ematen digute.

Historia eta geografiari eta gure espazio eta paisaiei buruz dugun ezagupenaz egin dugun hausnarketa labur honi bi testu erantsi dizkiogu, gure iritzian geografia sinboliko honen aurreiritziak laburtzen dituztenak. Liburu honekin, Geografia sinbolikoa, eta Leku sinbolikoen gida liburuarekin kultura irudikatzeko eremu korapilatsuan sartu gara bete-betean.

GIZONA, ANIMALI SINBOLIKOA (Cassirer)

Gizona era batera egokitzen da ingurura eta beste era batera animalia. Cassirer temati ari zaigu honakoa esaten duenean gizonagatik: “ez da bizi unibertso fisikoan bakarrik, gizona unibertso sinbolikoan ere bizi da. Hizkuntza, mitoa, artea eta erlijioa gizonaren unibertso horren osagaiak dira, sinboloen sarea ehuntzen duten hari desberdinak dira, gizakiaren esperientzia korapilatuaren bilbearen zuntzak. Pentsamendu eta esperientziaren alorreko aurrerakuntza orok ehun horren hariak findu eta indartu egiten ditu. Gizonak ezin dio errealitateari berehala aurre egin; ezin dio begiratu, esan ohi den bezala, aurrez aurre. Badirudi, errealitate fisikoak atzera egiten duela gizonaren jardun sinbolikoak aurrera egiten duen heinean. Gauzak diren bezala ikusi beharrean, nolabait, bere buruarekin egiten duen elkarrizketaren bidez ikusten ditu. Gauzen mamira iristeko, hizkuntza egiturez baliatzen da, irudi artistikoz, sinbolo mitikoz edota erlijio erritoz; hartara, ezin du ikusi ez ezagutu ezer, baliabide artifizial horren bitartekaritzarik gabe. Eta berdin jokatzen du teoriaren alorrean zein praktikaren alorrean. Egia esan, praktikaren alorrean ere ez da gauza, gauzak diren bezala edota berehalako premia eta beharren arabera ikusteko. Bizi da, bai, bizi, baina zirrara, itxaropen eta beldurren arabera, irudimenezko ilusio eta desilusioan, bere fantasia eta ametsen erreinuan”.

Eta Cassirer-ek Epiktetoren Bizitza eskuliburua obratik hartutako aipamen honekin amaitzen du esaldia: “Gizona asaldatzen eta kezkatzen duena ez da berezko gauza, gauzei buruzko iritzi eta irudipena baizik”. Hortaz, gauzen “mamuak” dira izutzen edota liluratzen gaituztenak. Eta ikuspuntu horretatik begiratuz, gizonaren definizio klasikoa zuzendu eta zabaldu beharrean gaude. Eta gizona animalia arrazoiduna dela esaten duen definizio hori oraingoz ontzat ematekoa bada ere, horrekin –Cassirer-en hitzetan– funtsezko manamendu etikoa adierazten dugu. Eta gehitzen du hizpide dugun autoreak: “Arrazoia, egia esan, ez da hitz egokia gizonaren kultura bizitza adierazteko, eta are gutxiago hitz horren aberastasun eta aniztasuna kontuan izaten baditugu; hala ere modu horiek guztiak sinbolikoak dira. Hortaz, gizakia animalia arrazoidun hitzaz definitu beharrean, animalia sinboliko hitzaz nahiago dugu definitu”. (Ikus: Antropología filosófica (1944). Ernest Cassirer. Fondo de Cultura Económica. Madril 1983. 47-49. orrialdeak) Cassirer kulturaren azterketa modernoaren oinarriak ezarri zituen filosofoa zen eta bere aipamen luze hori jada klasikotzat jotzen da, eta oso garbia eta eragin handia izan badu ere, ez da oso ezaguna. ESPAZIOA, FORMA SINBOLIKOA (Cassirer)

Lehen maila batean, animalia mailan, alegia, espazioaren esperientzia organikoa baino ez zen izan, hau da, espazio organikoa. Maila altuagoko animalietan, espazioa modu desberdinean atzeman zen, Cassirer-ek pertzepzio espazioa deitzen dionean, alegia; eta espazio horrek jada “oso izaera korapilatsu dauka, eta esperientziaren sentimen genero desberdinen bidez harrapatzen denaz eraturik dago, hau da, ikusmenez, ukimenez, entzumenez eta zinestesiaren bidez atzemandakoaz”.

Baina ezagupenaren eta filosofia antropologikoaren teoria orokorreko ikuspuntutik begiratuz, zera esaten du Cassirer-ek:

“Pertzepzioaren eremuaren jatorria eta garapena ikertzea baino zuzenago da espazio sinbolikoa aztertzea. Eta gai hori aztertzean gizonaren eta animaliaren munduen arteko mugan gaudela konturatuko gara.”

Eta izatez gizona “ez bat-batean, baina adimen jardunaren bidez –benetan korapilatsua eta zaila– espazio abstraktua irudikatzera iristen da, eta ideia horrek irekitzen dizkio ateak ez bakarrik ezagupen alor berrietara iristeko, baita bere kultura bizitzari norabide berri bat emateko ere.” (Op. cit. 72-73. orrialdeak).

Cassirer-ekin jarraituz eta oraingoan bere Forma sinbolikoen filosofia obrari helduz, zera ikusten dugu: “Espazioaren izatea antzematea ez da geure zentzumenak elkartzearen ondorio hutsa ez eta ezagupenaren abstrakzioarena ere, sormen sinbolikoa eta gizakiaren izpiritua eraldatzeko egintza baizik”, hartara “espazioaren mundua intuiziozko mundua da, horrekin batera asmatzen duguna”.

Espazio zoriontsua eta topofilia (Bachelard)

Hona beste aipamen luze bat, geografia sinbolikoari buruzko gure saio honen arrazoi teorikoa bermatzen eta azaltzen duena. Gaston Bachelard adituak bere Espazioaren poetika liburuan (La poética del espacio. Fondo de Cultura Económica, Mexiko 1983, 27-28. orrialdeak) ematen dituen zenbait iritzi aukeratu ditugu.

Egia da Bachelardek, hizpide dugun testu honetan espazioa aipatzen duenean, berariaz, espazio txikiak aipatzen dituela, adibidez, etxearena, hots, afektiboagoak diren espazioak Baina, jada esan badugu ere, ez dator gaizki berriro gogoraraztea, gure ingurunea ez dela etxearen barrua, etxearen geografia baizik, ohikoa, sarritan erreferentziatu eta kutxuna dugun paisaia, nolabait aipatu filosofoaren esanak aplika dakizkiokeena.

Bachelardek, aipatu liburuan, “espazio zoriontsua» aztertzen du topofilia jarrera batez Honela dio espazioari buruzko bere ikerlanen xedeari buruz:

“Jabetza espazioen giza balioa zehaztu nahi dute, kontrako indarren aurka defendatzen diren espazioena, maitatuak diren espazioena. Ohiz era askotako arrazoiak tarteko eta xehetasun poetikoek adierazten dituzten desberdintasunak kontuan izanik, aztertzen ari garen espazioak gune goretsiak dira. Espazio horiek babes xedekoak dira, baina horrezaz gain badituzte geure irudimenaz eransten dizkiegun beste balio batzuk ere; azken finean balio nagusi bihurtzen direnak. Irudimenak atzemandako espazioak ezin du geometraren neurketa eta hausnarketara meneraturik dagoen espazio izaten jarraitu. Bizi dugun espazioa da. Eta bizitzeko modua, ez da bere positibotasunean bizi dugulako, irudikamenaren partzialitate guztiekin bizi dugulako baizik”.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003