Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Ipuin Erromantikoak IV eta Websterren Ipuinak Hurbilketa analitikoa (31)
Herri kulturaren narrazioak

Egileak:

  • M.Etxeberria,
  • I.Mercero

Euskeran ere aukera duzu: Cuentos Románticos IV y Análisis de los cuentos de Webster

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Hitzaurrea

Websterren ipuinen analisiari hitzaurrea. Imanol Mercero

«Edozein garai –iragana, oraina eta geroa– da, izan da eta izango da berdina eta desberdina aldi berean». Andres Ortiz Osés, Jaungoiko Ama

Irakurle, eskuartean duzun lan honen giltzarriak azalduko dizkizut labur labur.

Lan hau Webster-ek bildutako ipuinen azterketa bat da eta lau ataletan banatuta dago:

Lehenengo atalean testuen jatorria ematen da. Bigarrenean testuinguruan jartzen dira azterketarako erabili diren irizpideak, beste ikerketa batzuei buruzko erreferentzia eginez. Hirugarren atalean, atal nagusia izaki, modu sistematiko batean eta xehe ematen dira ondorioak. Laugarren eta azken atalean bibliografia bat aurkezten da, iruzkin eta guzti, ipuin tradizionalei eta mende luzeetako eran ahozko transmisioa gaur egun bizirik iraunarazten duten ipuin-kontalariei buruzko erreferentzia eginez.

Datuak, SPSS 12.0 izeneko estatistikazko programa informatiko baten bidez tratatu dira.

Duela lau urte eskuartean duzun ikerketa honekin hasi nintzenetik ezin konta ahala ordu eman ditut liburu artean eta konputagailuaren aurrean. Hasieran jolas hutsa zena, asmo sendo bihurtu zen, euskal ipuinen deskribapen zehatz eta praktiko batera eramango ninduen azterketa sistematikora heltzea.

Ipuinak ez dira kontu hutsal eta garrantzi handirik gabeak, sarritan kultura munduan haien balioaren ezjakintasuna dela-eta halakotzat hartzen badira ere. Mundua mundu denetik gizakiak ipuinak kontatzen baditu, elkarri orain kontatzen dizkiogun hauexek berak agian, eta jarduera hori ez badu utzi, zerbaitegatik izango da.

Lagun ipuin-kontalari batek esaten duen moduan: ipuinak ongi pasatzeko dira, «analisi freudiar gehiegitxo egiten da» esaten dit, bere ustez ipuinen betebeharra jendeari atsegin ematea da. Eta ez zaio arrazoirik falta. Baina, ez da ipuinen izateko arrazoi bakarra, ez lehena eta ez garrantzizkoena ere. Norbait ipuinetara hurbiltzen denean eta haietan sakontzen duen heinean, ezkutuko eta misteriozko indar iradokitzaile izugarri bat sumatzen du.

Ipuinekin haurrek duten atxikimendua harrigarria da, entretenigarri eta atsegin hutsa baino ez izateko. Ematen du ipuinen bidez haurrek beren barne-kezkak lasaitzen dituztela. Guraso bati baino gehiagori entzun izan diodan galdera da: ea zergatik ote duen beren haurtxoak halako atxikimendua ipuin jakin batekin, ipuin bera behin eta berriz entzun nahi izateko; harik eta egun batean, ageriko arrazoirik gabe, jada ipuina nahiko entzuna duela eta aldatzeko eskatuko dien arte. Umeak ipuinetan bila ibiltzen dira. Zer? Zergatik? Egongo da erantzunen bat, arrazoiren bat.

Baina ipuinak helduentzako ere oso erakargarriak dira. Antropologo eta folklorista ospetsuenek esaten dutenez, ipuina ahozko kulturen ezinbesteko baliabidea da, ipuinen bidez sinismenak eta arauak adierazten omen dira.

Baina, idatzizko kultura batean bizi garenez, zer egiten dugu guk ipuinak kontatzen, zertarako kontatu ipuinak horretarako edukita liburuak? Gizadiaren historian milurteko askotxo pasa ditugu ahozko kulturetan murgildurik orain, bat batean, dena pikutara bidaltzeko. Nire ustez ipuina ez da moda kontu bat, behar fisiologiko bat baizik. Elkarri kontuak esatea, elkarri entzutea, gizon izateagatik gizakiari dagokiona dela dirudi. Hala ere, nik ez dut azterketa freudiarrik egin nahi, horretarako daude psikologian adituak.

Ikerlan hau egiteko estatistika erabili dut -Euskal herrian lehen aldiz-, funtsezko arrazoi batengatik, deskribatzen nuena ziurtasun osoz baieztatu nahi nuelako.

Halaxe da irakurle, hemen irakurriko dituzun baieztapenak ez dira usteak, datu fidagarriak baizik. Agian noizbait entzungo zenuen euskal ipuinetako heroiak honelakoak edo halakoak direla, baina lehen aldiz esango dira baieztapen horiek ziurtasun osoarekin.

Azkenik, ez nuke amaitu nahi niregan sinetsi duten Joxemari Carrere, Jon Kortazar eta Gilermo Etxeberriari nire eskerrik beroena eman gabe; lan hau argitara ematen arriskatu diren Etor Ostoa argitaletxekoei, oro har eta bereziki, nirekin zuzenean jardun duten Enrique Ayerbe, Begoña Goikoetxea, Yosune Izagirre eta José León Huarteri. Eskerrak baita guraso eta gainerako senideei ere eta bereziki, bihotz bihotzez, nire ondoan indarra eta maitasuna ematen egon diren Olatz eta Elorriri.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003